Udako Ikastaroak 2023 (UPV/EHU): V. Guggenheim Bilbao Museoa Uda Ikastaroa: "Lur-sistemarako eredu artistikoak"
UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan, Guggenheim Bilbao Museoak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan, bi eguneko nazioarteko sinposioa antolatu du, Lur-sistemarako eredu artistikoak / Art Models for the Earth System izenburupean. Foroa ekainaren 14an eta 15ean egingo da Museoko Entzungelan, eta artearen eta ikerketa zientifikoaren arteko sinergietan oinarrituko da, hainbat esparrutako adituen arteko harreman berriak ezarriko ditu gure planetaren dinamika hobeto ulertzeko, eta krisi klimatikoarentzat konponbide berritzaileak bilatuko ditu.
Kontuan izanik egungo egoera zeharo konplexua dela eta diziplina bakar batetik lantzea ezinezkoa dela, Guggenheim Bilbao Museoak sortzaileak —artistak, arkitektoak, diseinatzaileak eta komisarioak— ez ezik, Lur-sistemarekin zerikusia duten arloetako ikertzaile nabarmenak ere bilduko ditu, egun garatzen ari diren lana aurkezteko eta gure planetan eragin positiboa izan dezaketen lankidetza-moduei buruzko ideiak proposatzeko. Praktika artistiko garaikideen zeharkakotasunean oinarrituta —eta, bereziki, artearen, zientziaren, ekologiaren eta teknologiaren elkarguneetan dauden haietan oinarrituta—, ikastaroak gai konplexu bat aztertzea eta hartan sakontzea proposatzen du, baita esparru ugaritako espezialisten artean harreman berriak ezartzea ere.
Hala, nazioarteko eragile nabarmenek hainbat hitzaldi eskainiko dituzte, eta, haiekin batera, gaikako mahai-inguruak egingo dira interakzioak sustatzeko. Funtsezko arloen edo azpisistema planetarioen inguruan egituratuta —tartean Biosfera, Geosfera, Hidrosfera eta Atmosfera, baita Noosferari buruzko epilogo bat ere—, sinposioko moduluek helburu bikoitza izango dute: alde batetik, ekologiaren arloko lankidetza artistiko-zientifikoaren ardatzak indartzea eta, bestetik, ingurumenarekiko ditugun inpaktuak eta interakzioak aurreikusteko, aztertzeko eta horiei konponbidea bilatzeko aukera-esparru berriak sortzea. Inspirazioz beteriko elkarrizketen bidez, Lur-sistemarako eredu artistikoak ikastaroak konexio eta elkartze berriak bultzatzea bilatzen du eta, era horretan, metodologiak eraldatzea.
Helburuak
1. Lur-sistemarako eredu artistikoak ikastaroaren helburu nagusia da klima-aldaketarekin lotura estua duten ikerketa-eremuak aztertzea eta bai sorkuntza- bai zientzia-arloetako eragileen arteko lankidetza-gaitasuna sustatzea gure garaiko erronkei aurre egite aldera.
2. Jakintza-esparru eta praktika ezberdinen artean polinizazio gurutzatua egiteko moduak bilatzea, planetaren jasangarritasunerako eta espezie ezberdinak elkarlanean batera bizi ahal izateko moduko agertoki berritzaileak formulatzeko giltzarri moduan.
3. Nazioarteko aditu ezagunen eskutik, jakintza-arloen arteko elkarreragina jorratzea, jakintza horiek Lur-sistemako esfera eta azpiesfera moduan hartuta: Biosfera, Geosfera, Hidrosfera, Kriosfera eta Atmosfera, Noosferaren eremu espekulatiboaz gain.
4. Erabateko zeharkako bokaziotik, jasangarritasunak lotutako eremuetan diharduten profesional, ikasle, ikertzaile eta sortzaileentzat baterako ikaskuntzarako, elkarrizketarako eta transferentziarako plataforma gisa balio izatea.
5. Hiri-, landa- eta natura-ekosistemetan, giza eragileen eta giza eragileak ez direnen arteko elkarrekintzarako gako berriak proposatzen dituzten hipotesiak sortzeak duen garrantzia sustatzea modu kritikoan eta gauzak testuinguruan jarrita.
6. Guggenheim Bilbao Museoaren ingurumen-arloko jasangarritasunaren aldeko ekintzen esparruan, ikastaro honen helburu nagusia zera da, jasangarritasuna, erresilientzia eta gizartearen eraldaketa sortzailea bereizgarri dituen etorkizunerako hausnarketa-horizonte bati bide ematea zentzu ekologikoan, kulturalean zein materialean bizi dugun planeta-desoreka atzeraezinaren mehatxuaren aurrean.
Jarduera nori zuzenduta
- Publiko orokorra
- Unibertsitateko ikaslea
- Irakasleak
- Profesionalak
- Comunidad académica, estudiantes y profesionales de los ámbitos ligados a las prácticas artísticas, la innovación eco-tecnológica, la investigación científica y las políticas culturales.
Laburrean
- Mota Formakuntza
- Data 2023(e)ko ekainaren 14(e)tik 2023(e)ko ekainaren 15(e)ra
- Lekua Guggenheim Bilbao Museoa
Abandoibarra Etorbidea, 2
Bilbao - Zenbatekoa25€-tik
- Sarrerak Erosi
- HizkuntzaElebietan
- Web Guggenheim Bilbao Museoa


