Getxophoto 2023: "Rápido REM", Miguel Leacheren erakusketa
Getxophoto 2023 jaialdiaren barruan.
Rápido REM Tokioko metroan inemuri deritzona praktikatzen ari diren bidaiarien erretratu-sorta bat da. Hitz horrek “lo zelataria” esan nahi du, “presente egonda lo egitea”, eta leku publikoetan egin ohi da, bulegoan, eskolan edo garraioan. Inemuri-k osagai kultural indartsua du, batzuetan Mendebaldean ulertzea kostatzen dena. Ez da errespetu-galtze moduan hartzen, pertsona ez baitago erabat lo, bere buruak denbora tarte labur baterako bakarrik hartzen du atseden, eta, hala behar denean, jarduerara itzul daiteke.
Horrek guztiak ohitura horrek REM loarekin duen lotura aztertzera eraman zuen Miguel Leache. Loaren fase hori lo arina da, eta, amets egin arren, erne eta atseden hartuta esnatzen gara. Loaldi horretan, gorputza eta burua lasaitu egiten dira. Walker Evansen Subway Portraits lanari egiten dio aipamen garbia, New Yorkeko metroan bidaiariei, haiek jakin gabe, egin zitzaizkien erretratu ospetsuei, hain zuzen. Leache bidaiarien introspekzio- eta kalteberatasun-une horien bila dabil, zeinetan loaren intimitaterantz eramaten uzten baikaren, jendez inguratuta egon arren.
1959an Iruñan jaioa, Miguel Leache Zuzenbidean lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean, eta bere abokatu jarduna sorkuntza artistikoarekin uztartzen du, argazkigintzan zein pinturan. Museo, arte-zentro edo galerietan egin izan ditu erakusketak, banaka zein taldeka, hala nola, Gustavo de Maeztu Museoan (Lizarra), Artea2 Galerian (Zizur), Huarte Arte Garaikideko Zentroan, Mikel Armendia Galerian (Iruñea), Kalon Galerian (Tutera) edo Photographie Zentroan (Geneva). Bere lana Euskadiko Filmategian, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Arte Garaikidearen bilduman, Iruñeko Udalean eta Nafarroako Kutxa Fundazioan dago, besteak beste. 2022an bere Rápido REM argazki-liburuak ArtsLibris – Banc Sabadell saria jaso zuen Fira Internacional del Llibre D’Artistan.
Laburrean
- Mota Erakusketa
- Data 2023(e)ko ekainaren 1(e)tik 2023(e)ko ekainaren 25(e)ra
- LekuaAlgortako Kasinoa (Basagoiti 49) eta Hizkuntza Eskola (Plaza de los enanos, Areeta)
Getxo - ZenbatekoaDoan
- HizkuntzaBat ere ez


