Musikherria 2023 - Tolosako kaleko musikaren eguna

Tolosa 2023(e)ko Maiatzak 27
  • Musikherria 2023 - Tolosako kaleko musikaren eguna

Datorren maiatzaren 27an ospatuko da Musikherria, Tolosako kaleko musikaren eguna. Izenak berak ondo dioen moduan, musika herriko gune askotara eraman ohi duen festa-eguna da. Hala, goizetik dultzaina, txistu edo txaranga doinuak entzun ahal izango dira Amarotz, Izaskun, San Esteban, Iurreamendi, Iurre, Berazubi edota Larramendi auzoetan.

Aurreko urteetan musika eragile desberdin askok hartu dute parte egitasmoan, eta aurtengoan ere, ez da gutxiago izango. Maiatzaren 27an berrehundik gora izango dira parte hartuko duten musikariak, hogei bat musika-taldetan banatuta.

 

Musika protagonista Tolosako kale eta txoko guztietan

Goizeko dianak egin ostean, erdigunean zentratuko da giroa: auzoetan ibilitako taldeak Alde Zaharrera gerturatuko dira; eta hori ez ezik, beste bi gunetan geldikako kontzertuak entzuteko aukera izango da 12:00etatik aurrera: Plaza Berrian eta Lopez Mendizabal plazan.

Arratsaldea Jarauta 69 txaranga iruindar ezagunak girotuko du. Eta gauean, berriz, bi kontzertu izango dira, Plaza Berrian.

Alde batetik, Euskal Herriko musika eszenan indar handiz sartu den erritmo biziko talde bat: Goxua n’ Salsa. 60, 70 eta 80ko hamarkadako New Yorkeko, Kolonbiako eta Puerto Ricoko erritmo latino eta salsa doinuak euskarara ekarri dituen lehen orkestra da, Nafarroan sortua. Jatorriz kolonbiarrak dira taldekideetako sei, eta euskaraz ikasi dute gainerako taldekideen laguntzari esker.

Egunari amaiera, berriz, Akerbeltz erromeria taldeak emango dio. 15 urte baino gehiago daramatza oholtzaz oholtza, eta aurten ikuskizun berritzailea prestatu dute.

Bazkari herrikoia Zerkausian

Urtero moduan, parte hartzaile guztien arteko bazkaria egingo da Zerkausian, baina edonork izango du bertaratzeko aukera, ticket-a erosita. Ikatza eta Orbela tabernetan daude eskuragarri, 15 euroko salneurrian –haurren ticket-en kasuan 6 euro.

Hona hemen egitarau osoa:

10:00etan:  Larramendi, Amarotz, Izaskun, San Esteban, Iurre eta Berazubi auzoetan

Tolosako Dultzaineroak, Giro Arte dultzaina taldea eta Iraunkorrak txaranga

11:00etan: Kalez kale

Musika Taldeak:  Eduardo Mokoroa musika eskolako ikasleak, Udaberri fanfarrea, Konponezinak txaranga, Isidro Larrañaga musika eskolako ikasleak, Uztaritzeko Herri Soinua elkartea,  Laskotxaranga.

12:00etan: Alde zaharreko kaleetan

Tolosa Kantari

12:00etan: López Mendizabal plazatxoan

 Lask abesbatza

 Isidro Larrañaga Akordeoi  Orkestra

 Musika eskolako klarinete taldea

12:00etan: Plaza Berrian

 Hodeiertz abesbatza

 Garena Taldea

 Garigabeak taldea

 The Konbix taldea

14:30ean:  Zerkausian

Herri Bazkaria, Laskorain ikastolak prestatua. Irabaziak Zutani elkartearentzat izango dira. Tiketak: Orbela eta Ikatza tabernetan

18:00etan: Alde zaharreko kaleetan

Jarauta 69 txaranga

22:00etan: Plaza Berrian

Goxuan Salsa taldearen emanaldia

00:00etatik aurrera

Erromeria Akerbeltz taldearekin

tolosa.eus

Laburrean

  • Mota Jaialdia
  • Data 2023(e)ko Maiatzak 27
  • LekuaTolosa
  • ZenbatekoaDoan

Non