"Rosa de los vientos" topaketak
Ion Munduate koreografoak martxoan jarri du abian Azkuna Zentroko artista AZkide gisa, Blanca Calvo koreografoarekin batera, garatzen ari den proiektua: "Rosa de los vientos" (Haize-arrosa).
Normalean, gertakizunez pentsatzen dugunean, edo gure norabidea, gure etorkizuna proiektatzen dugunean, puntu finko batetik besteetarantz egiten dugu. Ulertzen dugu ez dela kontu bera puntu finko batetik pentsatzea eta mugimendutik pentsatzea, mugitzen egoteko eta zehaztu gabeko beste mugimendu baterantz jotzeko kontzientziaz pentsatzea.
Proiektuaren helburua da hausnarketa egitea lan-prozesuei ekiteko jarreran eta ohituran izandako aldaketez. Proiektuaren oinarria dira mugimendua, harmonia eta maitasuna ekoizpen gisa; elementuak, ideiak eta kontakizunak mugiarazten dituen faktore modura ulertuta.
Ion Munduatek, Azkuna Zentroan artista AZkide gisa egiten ari den "Haize-arrosa" ikerketa-proiektuaren ildoan, esperientzia partekatu horren jarraipena proposatzen du, topaketa-laborategi gisa. Lan-prozesuak, esperientzia kolektibo baten bidez, non bestearen beharrak eragingo duen ikaskuntza erabatekoa dela sentitzea. Asmoa da esperientzia honen berezitasuna lortzea parte-hartzaile bakoitzari esker, bere entzuteari, parte hartzeko eta esperimentatzeko gogoari esker, hegan egiteko gonbitari esker.
Laborategi hauek lau topaketatan antolatuta daude: HEGALDIAK. Haietako bakoitzean, gonbidatu bat eta lantalde espezifiko eta desberdin bat izango dugu, lan-elementuen arabera. Hegaldiak haize-arrosa batek zehaztuko ditu; eta, arrosa horretan, puntu kardinalen eta haizeen ordez, ekintza eta mugimenduaren praktikei lotutako terminoak eta kontzeptuak jarri dira. Helburua da iragaite eta migrazio desberdinak iradokitzea, hausnartzeko nola izaten diren eraldaketak, mugimenduak gauzen, pentsamenduen eta gorputzen ibilbideak zehazten dituen bitartean.
1. HEGALDIA: ION MUNDUATE ETA ITZIAR OKARIZ
Data: Apirilaren 24tik 28ra
Lehen hegaldian Itziar Okariz artistak parte hartuko du, eta abesbatzetako kideei edo lanerako tresna nagusi gisa ahotsa duten pertsonei zuzenduta dago. Inprobisazioa landuko da, denbora eta espazio gisa ulertuta, non ausazkoak, kognitiboak, sinpletasunak eta konplexutasunak, orainak eta gorputzak konexio-igarobide desberdinak gara ditzaketen.
Mugimendua beste jarrera batetik lantzen da, diafragmaren mugimendutik, arnasketatik, bibrazioetatik, gorputza eta mugimendua espazioan bilatzeko. Espazioa eremu ireki eta erabilgarritzat eta, era berean, aldatzeko moduko materialtzat hartzen da.
DEIALDIA IREKITA APIRILAREN 17RA ARTE
Zuzendua: lanerako tresna nagusia ahotsa duten pertsonei, abesbatzetako kideei eta ahotsean erabiltzen duten edo interesa duten artistei.
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, arratsaldez. 17:00etatik 20:00etara
Izena eman: info@azkunazentroa.eus<info@azkunazentroa.eus> helbidean, biografia labur bat bidalita.
---
Itziar Okariz (Donostia 1965):
Ekintza eta performancearen esparruan lan egiten du, zalantzan jarriz lengoaia erregulatzeko moduak eta definitzen gaituzten zeinuen ekoizpena. Bere obrak—ahots-performanceak, ekintzak, bideoak, instalazioak eta testu-piezak— arkitektura, lurralde, gorputz, errituala sexualitate eta semiotikaren arteko loturak aztertzen ditu. Askotan lotuta dago praktika feministekin, punk-rockarekin eta generoko eraikuntza normatiboen queer kritikarekin. Azken urteotan, bere praktika artearen transmisio moduei eta pedagogiei lotuta egon da, beste artista batzuekin elkarlanean zuzendu dituen tailer eta ikastaroen bidez; besteak beste, hauek nabarmenduko ditugu: Donostiako Kalostra proiektua, JAIn Asier Mendizabal eta Ibon Aranberrirekin egindakoa, eta Gasteizko Artium Museoarekin eta Donostiako Tabakalera arte-zentroarekin garatutakoak.
2. HEGALDIA: ION MUNDUATE ETA LAURENCE RASSEL
Data: Maiatzaren 16tik 20ra
Bigarren hegaldian Laurence Rassel izango du gonbidatu, eta bereziki zuzenduta dago parte-hartze aktiboan, pentsamenduan, zuzendaritzan edo trebakuntzan inplikatuta dauden pertsonei eta elkarrekin lan egiten duten kolektibo, elkarte eta taldeei. Identifikazio-foku desberdinen bidez baterako jarduerak egiten dituzten pertsonei.
Oro har, praktikaren ardatza izango da esperimentatzea nola mugimenduaren ideiak eta kontzientziak aukera eman dezakeen harreman-espazio berriak aurkitzeko, pentsamendurako espazio berri bat eta besteekin harremanak sortzeko modu berri bat pizteko. Urteetan zehar garatu dudan praktika hau ez dago zuzenduta gorputzarekin eta mugimenduarekin interes berezia duten pertsonei. Izan ere, egin ditudan laborategietan egiaztatu dut onura lor daitekeela mugimenduari buruzko ezagutzaren beste jarrera batetik, hausnarketa kolektibo batean aurrera egiteko.
DEIALDIA IREKITA MAIATZAREN 10ERA ARTE
Zuzendua: elkarrekin lan egiten duten talde, elkarte edo taldeen parte-hartze aktiboan, pentsamenduan, zuzendaritzan edo trebakuntzan inplikatuta dauden pertsonei. Hainbat identifikazio-fokuren bidez jarduera bateratuak egiten eta garatzen dituzten pertsonak.
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, arratsaldez. 17:00etatik 20:00etara
Izena eman: info@azkunazentroa.eus<info@azkunazentroa.eus> helbidean, biografia labur bat bidalita.
---
Laurence Rassel:
2008tik 2015era, Laurence Rassel Bartzelonako Antoni Tàpies Fundazioaren zuzendaria izan zen. Antoni Tàpies artistak sortu zuen 1984an, arte moderno eta garaikidearen azterketa eta ezagutza sustatzeko. 1997tik 2008ra, Bruselan egoitza duen Constant elkarteko partaide aktiboa izan zen Rassel. Irabazi asmorik gabeko eta diziplinarteko laborategi artistiko hori artearen, komunikabideen eta teknologiaren arloetan aritzen da (www.constantvzw.org). Gaur egun erg-eko zuzendaria da Bruselan (école de recherche graphique - école supérieure des arts) (www.erg.be).
3. HEGALDIA: ION MUNDUATE ETA IÑAKI MARTÍNEZ DE ALBENIZ
Data: Ekainaren 5etik 9ra
3. Hegaldiak Iñaki Martínez de Albeniz soziologoak parte hartuko du. Bilbon bizi diren Afrikako komunitateko pertsonei zuzenduta dago; eta, bertan, praktikatik ekingo diogu gauza xume bat aurkitzeari: gorputzaren harmonizazioari. Komunikazio-, gogoeta-, lankidetza- eta truke-beharrak ez dira kontzeptu hutsak; oinarrizko tresnak dira, mugimenduak sor dezakeen harremanari jarraiki lerratzeko, azken finean, migratzea baita mugimendua izatea eta egotea.
DEIALDIA IREKITA MAIATZAREN 29RA ARTE
Zuzendua: bilbon bizi den afrikar komunitateko pertsonei.
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, arratsaldez. 17:00etatik 20:00etara
Izena eman: info@azkunazentroa.eus<info@azkunazentroa.eus> helbidean, biografia labur bat bidalita.
---
Iñaki Martínez de Albeniz:
Soziologian doktorea eta UPV/EHUko irakasle osoa da. Gaur egun, Soziologia eta Gizarte Lan Saila zuzentzen du. Bere ikerketa-ildoak dira identitatea, zientzia-, teknologia- eta gizarte-ikasketak, kultura-berrikuntza eta sormen-industriak, eta arreta berezia eskaintzen die diseinuari, gastronomiari eta performazio-arteei, alor horietan artikulu eta liburu ugari argitaratu baititu.
4. HEGALDIA: ION MUNDUATE ETA HERVÉ DIASNAS
Data: Ekainaren 21etik 30era
Hervé Diasnas "nire mugimendu-maisua da. Bere praktikaren bidez ulertu eta sakondu nuen mugimenduaren azterketan", azaldu du Munduatek. Mugimenduaren hainbat jarrera nola zuzendu, bestelako topaketak eta egoerak pizteko eta lotzeko. Bere praktikari zor dizkiot arreta, mugimendu beraren parte izatearen konstantea eta orainaren kontzientzia.
Proiektu honetara gonbidatu dugu koreografia-ariketa zehatz bat garatzeko: El Vol Dansé. 32ª Migración. Deialdi berezi bat egingo da pertsonen talde bat osatzeko, eta horiek, praktikatuz, ikasiz eta hamar eguneko tailer batean arituz, 32. Migrazioa aurkeztuko dute ekainaren 30ean, Azkuna Zentroan.
Le Vol Dansé berezitasun koreografiko bat da, eta arrain-sardak eta txorien hegaldia hartzen ditu eredu gisa. Dantza koral konplexua da, dantzariak espazioaren zentzua izan behar du, eta bereziki garatutako gaitasuna taldeari entzuteko. Hemen, haren mugimenduak norabide orotakoak dira, eta taldearekin duen atxikimenduak multzo osoaren kohesio dotorea bermatzen du. Dantzarietako bakoitza mugimendu komunaren elementu bat da. Entitate koreografiko bat, organismo bizi baten gisakoa.
DEIALDIA IREKITA EKAINAREN 15ERA ARTE
Zuzendua: mugimenduan interesa duten eta edozein diziplinatan praktika artistikoak garatzen dituzten pertsonak.
Ordutegia: astelehenetik ostiralera goizeko ordutegian. 9:30etik 14:30era
Izena eman: info@azkunazentroa.eus<info@azkunazentroa.eus> helbidean, biografia labur bat bidalita.
---
Hervé Diasnas:
Dantzaria, koreografoa eta musikaria da. Anne Marie Porrasen jazz modernoarekin hasi zen dantzan; gero klasikoa eta garaikidea jorratu ditu forma askotan. Urte batez izan zen Mudran, Maurice Béjartek Bruselan sortutako diziplina anitzeko eskolan. Gero, dantza egin zuen Felix Blaskarekin, Elinor Ambash-en Vocalise Danse Théâtre-n, Carolyn Carlson-ekin eta François Verres-ekin.
Horren ondoren, ça-hd bere konpainiarekin aritu zen dantzan, bakarka, duoan, hirukotean, laukotean, 9 dantzari izateraino. Txotxongilo batekin dantzatu zen 25 urtez, 5 titiriterorekin ondoz ondoko elkarlanetan.
Koru-dantzei buruzko ikerketa-ildo bat garatu du, eta orain arte 31 hegaldi koreografiko ekoitzi ditu (23 dantzari ere izanda), zaleentzat eta profesionalentzat. Ikerketa koreografiko "aeroterrestrea" ere garatu du, aireko dantzaren eta lurreko dantzaren uztarketa bat, Motus Modules konpainiarekin lankidetzan, 5 sorkuntza eginez 12 urtean bere konpainiarentzat. Bere ça-hd konpainiaren errepertorioak hogeita hamar bat sorkuntza-lan biltzen ditu orain.
Bestalde, aholkulari artistikoaren zeregina betetzen du aldizka, eta beste koreografo, zuzendari eta malabarista batzuei laguntzen die.
Laburrean
- Mota Hitzaldia
- Data 2023(e)ko apirilaren 24(e)tik 2023(e)ko ekainaren 30(e)ra
- Lekua AZ Azkuna Zentroa
Arriquibar Plaza, 4
Bilbao - Web AZ Azkuna Zentroa


