"‘Gizonak Berdintasunerantz eta Maskulinitate Berriak. Jendarte berri baten aldeko irudi berriak"
Amorebieta-Etxanoko Zelaieta zentro kulturalak bi erakusketa berri jasoko ditu apirilean, eskulturara instalazioa bata eta argazkiekin osatutakoa bigarrena. Bi erakusketek, modu desberdinean bada ere, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak islatzen dituzte, egungo gizarteak bakoitzari egozten dizkion rolak salatuz eta gizarte berdinzaleago bat aldarrikatuz.
‘Gizonak Berdintasunerantz eta Maskulinitate Berriak. Jendarte berri baten aldeko irudi berriak’ (Piper txuriak berdintasunaren aldeko gizon taldea)
Argazkiak Zelaietako lehen solairuan egongo dira ikusgai apirilaren 11tik 25era bitartean. Kasu honetan, irudien bitartez, maskulinitate tradizional patriarkal eta hegemonikoari ez dagozkion rol eta jokabideak jasotzen dira, hain zuzen, maskulinitate berdinzalea erakusteko helburuz eta emakumeekiko justiziaren mesedetan; gizon aktiboa etxeko lanen erantzunkidetasunari dagokionean, emozioak adierazten dituena beste gizon batekin hizketan, beste gizon batzuekin gertutasun fisikoa bizi duena, lankidetza- eta adiskidetasun-harremanak eraikitzen dituena beste gizon batzuekin, berdintasunezko aitatasuna bultzatzen duena… Funtsean, gaur egun ‘maskulinitate berri’ gisa deritzona edo maskulinitate ez patriarkalaren ezaugarriak jasotzen dituen erakusketa da hau.
Erakusketaren bueltan, halaber, hilaren 18an eta 25ean, ‘Maskulinitate berriak’, herriko gizonezkoei zuzenduriko maskulinotasunaren inguruko hausnarketa saioak egingo dira doan, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Saio horietan tradizioaren baldintzapenaren eta gizarte rolen inguruan hausnartuko dute parte-hartzaileek horiek gainditu eta baztertzeko bideak ezagutuz.
Izen emateak HAZen edo udal webgunearen bitartez egin behar dira.
‘Inoiz haragi zati bat bezala sentitu zara?’
Bigarren eskultura instalazio hau Zelaietako erakusketa gelan bisitatu ahal izango da, apirilaren 12tik 30era bitartean. Maria Alarcon eta Alexia Randezen erakusketa honek emea jaiotzeak egungo gizartean eragiten dituen baldintzei egiten die erreferentzia, emakumearen sexualizazioa edota eme ororen esplotazioa kritikatuz. Hori horrela, erakusketa honek errealitatea modu gordinean irudikatzen du eta desberdintasunak agerian utzi eta normalizatu nahi ditu, desberdintasun horien arazoa bistaratu eta ezagutarazteko.
Laburrean
- Mota Erakusketa
- Data 2023(e)ko apirilaren 11(e)tik 2023(e)ko apirilaren 25(e)ra
- Lekua Zelaieta Zentroa
Zelaieta Parkea, z/g
Amorebieta-Etxano - ZenbatekoaDoan
- HizkuntzaBat ere ez
- Web Zelaieta Zentroa


