Tontolapiko Eguna 2023

Durango 2023(e)ko Apirilak 7
  • Tontolapiko Eguna 2023

Durangoko Udalak, San Agustin Kulturguneak eta Ganso & Cia konpainiak apirilaren 7an ospatuko den ‘Tontolapiko Eguna’ren bigarren edizioa aurkeztu dute. Ekimen honekin, hiru eragileek Aste Santuko oporretan Durangon egon ohi den klown espiritu klasikoa bizirik mantendu nahi dute, herritarrei adin guztientzako umorezko ikuskizunen maratoia eskainiz.

Jaialdiak eguerdiko 12:00etan hasi eta gaueko 22:00ak arte iraungo du Aurora Abasolo parkean eta Landako Gunearen eta Plateruena Kultur Aterpearen inguruetan.

Hitzorduaren aurkezpenean, antolatzaileek azpimarratu dute Tontolapiko Egunak arrakasta handia izan zuela duela urtebete, pandemiak eragindako konplikazioen ondorioz Topaklown jaialdia bertan behera geratu ostean. Horretarako, eta iazko bost ikuskizunetan ez bezala, aurten eskaintza handitu egingo da, adin guztietarako eta doan egingo diren zazpi ikuskizunekin. Horien artean, Los Galindos konpainia kataluniar mitikoak eskainiko duen ‘MDR' ikuskizuna nabarmentzen da.

Ikuskizun guztiak Aurora Abasolo parkean eta inguruetan ospatuko dira, doakoak izango dira eta publiko mota ezberdinei zuzenduta egongo dira

EGITARAUA:

12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara - Adrián Conde “La Petite Caravane” (Asturias) - 20 minutuko paseak.

1900. urte hasierako antzokietan girotuta, antzerki txiki honek askotariko emanaldiak har ditzake. Magia, txotxongiloak, antzerkia edo film laburrak... "La petite caravane" da antzokirik txikiena. Emanaldi bakoitzean 25 pertsonak baino ezin izango dute emanaldi bakar eta errepikaezin batez gozatu.

12:30 Parena Konpainia “Siroko” (Nafarroa)

Klown eta bufoi estiloak nahasten dituen kaleko ikuskizuna, dibertitzeko gogoa duten publiko guztientzat. Diotenez, haize batek erotu egin zituen, eta horregatik deitzen diote SIROKO.

18:00 La Nordika “Cándido” (Andaluzia)

“Candido” zirku ipuin bat da. Candido protagonistaren samurtasunetik eta sinpletasunetik kontatutako istorioa. Zirku batean lan egiten duen pertsonaia bat, bere ikuspuntu berezitik, gauzen beste aldea erakusten diguna.

19:30 TONTOLAPIKO Kabareta: Klown kabaretaren 3 pieza labur:

· Bea Egizabal (Gipuzkoa)

· Badut Taldea (Gipuzkoa)

· Noche dieguez (Aragón)

21:00 Los Galindos “MDR” (Katalunia). 12 urtetik gorakoentzat. Edukiera mugatua.

Sarrerak Aurora Abasolo parkeko informazio standean egun berean 12:00etatik aurrera.

Los Galindos konpainia Zirkuko poetika eta imaginario fantastikoak inspiratuta sortu zen 1991n. Konpainiak Premi Nacional de Cultura 2016 saria jaso du, hogeita bost urteko ibilbidearekin, eta, 2021ean, MDRren eskutik, Premi de la Crítica a mejor espectáculo de circo, Premi Zirkólika Especial del Jurat eta Valladolideko TACen Publikoaren Saria jaso ditu.

Bidegabekeria suntsitzailearen sentimenduak eta desoreka global ikaragarriak jota, justiziaren arbitrariotasuna zalantzan jarri nahi dute, eszenako pertsonaia eta zirkuko biztanle gisa.

*Ikuskizun hau San Agustin Kultur Gunearen 25. urteurreneko ekarpena da. Gainera, animazioz, musikaz (The Farra Marching Band - Araba), foodtruckez (Kemekomo - Bizkaia) eta abarrez gozatu ahal izango da egunean zehar.

durango.eus

Laburrean

  • Mota Jaialdia
  • Data 2023(e)ko Apirilak 7
  • Ordutegia12:00-22:00
  • LekuaDurango
  • ZenbatekoaDoan

Non