2023ko Aste Santuko egitaraua, Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatutako museo, gela eta eremuetan

Bilbao 2023(e)ko apirilaren 1(e)tik 2023(e)ko apirilaren 23(e)ra
  • 2023ko Aste Santuko egitaraua, Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatutako museo, gela eta eremuetan

Ehun urteak beteak dituen fabrika batean, irute-prozesu osoa ezagutzea; Muskizko San Julian elizako atean grabatutako itsasontzien ezkutuko elementuak aurkitzea; burdinarekin egiten zen lanaren erakustaldiaz gozatzea XIX. mendeko burdinola batean; Egiptorako espedizioen eta Euskal Herriko indusketen artean bidaiatzea; Erdi Aroraino atzera egitea eta teknologia primitiboak ezagutzea; zuzeneko marrazketa, dastatzeak, showcookinga, edo eskuzko ehungailuetan ehuntzen ikastea. Bizkaiko Foru Aldundiaren museoek Aste Santurako eskaintzen dituzten esperientzietako batzuk dira. Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatutako museo, gela eta eremuek jarduera harrigarri, erakargarri eta entretenigarri ugari eskaintzen dituzte Aste Santuko oporretarako, edonorentzat, lurraldeko kultura-baliabideetan. Ezinbestekoa da aurretiaz erreserba egitea, jarduera guztietan (www.bizkaikoa.bizkaia.eus)

Bizkaiko Foru Aldundiko museoek eta aretoek adin guztietako pertsonentzako jarduerez betetako egutegi anitza programatu dute Aste Santuko egunetarako. Arkeologi Museoak, Arrantzaleen Museoak, Euskal Herria Museoak, La Encartada fabrika-museoak, El Pobal burdinolak, Muñatones gazteluak, Omako Basoak, Txakolin Museoa-Txakolinguneak, Rekalde Aretoak, Ondare Aretoak eta Santimamiñek adin guztietarako jarduerak eskainiko dituzte, ordutegi bereziekin. 

Ezinbestekoa da aurretiaz erreserba egitea, jarduera guztietan (www.bizkaikoa.bizkaia.eus)

La Encartada fabrika-museoa (Balmaseda)

Aukera paregabea da Europako Industria Ondarearen bitxi paregabe honen jatorrizko makineriaren zati bat martxan ikusteko.

Museo honek Berritu eskainiko du apirilaren 1ean eta 22an, 11:30ean eta 13:00etan. Berritu fabrikako makina batzuen berreskuratze mekanikoa eta funtzionala lortzeko programa da. Bisita gidatu berezien bidez, fabrikan egiten zen iruteko eta produktuak egiteko prozesu osoa ezagutzeaz gain, prozesu horren parte diren makina batzuen funtzionamendua erakutsiko da.

Apirilaren 23an, 12:00etan, familientzako tailerra eskainiko da: Txiki-ehungailuak, non txikienek eskuzko ehungailuekin ehuntzen ikasi, eta etxera eraman ahal izango duten ehuntxo bat egingo baitute.

El Pobal burdinola (Muskiz)

El Pobaleko burdinola, Monumentu Multzo izendatua, burdinaren eta errotaren industriaren museo bizia da, martxan dagoen Bizkaiko burdinola bakarra.

Apirilaren 2an, 11:00etan, bisita monografiko bat egingo da «Muskizko San Julian elizan grabatutako itsasontziak» erakusketa ikusteko. Burdinolan egindako aldi baterako azken erakusketaren izenburua da, eta Lavalleko portua izan zenetik egindako burdinaren itsas merkataritzari lotutako iraganaz hitz egiten du,

Burdinolan, gainera, martxan ikusi ahal izango da makina hidraulikoa, apirilaren 7an (ostirala) eta 8an (larunbata). Burdinarekin egindako lanaren erakustaldia duen bisita 10:00etan, 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan izango da El Pobal burdinolan. Ostegunetik larunbatera, Aste Santuan, eta asteartetik larunbatera, Pazko-astean, bisita gidatuak eskainiko dira arratsaldez ere: 16:00, 17:00 eta 18:00etan.

Burdinolak aukera ugari eskaintzen ditu familientzat, data horietan: taloa familian egiteko tailerra, nagusientzat eta txikientzat (apirilaren 11n).  El Pobalek «Bushcraft» ingurumen-tailerra ere eskainiko du, teknologia primitiboak ezagutzeko (apirilaren 12an). Parte-hartzaileek inguruneak eskaintzen dituen baliabideak erabiltzeko ikaskuntza aktiboa landuko dute, aire zabalean eta taldean: aterpetxeak egingo dira banbu-kanaberekin; adarrezko koltxoiak, ehungailu primitiboekin; lur azpiko su-labeak, janaria prestatzeko, baita tipi bat ere.

Halaber, Pizza km 0 jarduera egingo da. Pizza egiteko fase guztiak landuko dira, eta, gero, El Pobaleko egur-labetik atera berritan dastatu ahal izango dira. Beste kultura batzuetako gastronomiak bertako produktuen sorta apartarekin bateratzen duen tailerra (apirilaren 14an) eta «Bizitza ur tanta batean» tailerra (apirilaren 13an), Barbadun ibaiaren ertzetik, ibaiaren ekosistema arakatzeko.

El Pobalen egin ahal izango den beste tailer bat da «Errementariaren etxean jolasten», zeinean sutegia familientzako burdinola-eskola bihurtzen baita (apirilaren 15ean).

Bisita bateratuak: Muñatones gaztelua eta El Pobal burdinola (Muskiz)

XIV. eta XV. mendeetan zehar eraiki zen gaztelua, bando-gerren testuinguruan, eta Bizkaiko arkitektura-ondarearen elementu nabarmenetako bat da.

Muñatones gazteluaren irekiera berezia apirilaren 7an eta 9an. Egun horietan, bi bisita gidatu egingo dira, 10:30ean eta 12:30ean, eta El Pobal burdinola ikusteko bisitarekin uztartu ahal izango dira.

Arkeologi Museoa (Bilbao)

Historiaurretik gure iragana ezagutzeko erreferentziazko zentroa da, Urbietako pezioa (XV. mendea) bezalako bitxiekin, museoko piezarik berezienetako bat.

Aste Santuko astelehenean (apirilaren 3a) 14. urte beteko dira museoa ireki zenetik, eta, astelehena izan arren, Arkeologi Museoak ate irekien jardunaldia egingo du. Langileek eta ikerlariek erabiltzeko eremuak direla eta, normalean bisitatzen ez diren eremuak ikusi ahal izango dira. Ez da beharrezkoa aurretiaz erreserba egitea.

Halaber, apirilaren 6an eta 7an, 50 minutuko bisita gidatuak egingo dira, lehen aldiz bisitatzen gaituztenei museoa ulertzeko gakoak eskaintzeko.

Horrez gainera, «Egiptorako espedizioen eta Euskal Herriko indusketen artean: XX. mendeko arkeologia ulertzeko bi modu» erakusketa ikusteko bisita gidatuaren bidez, Ekialdeko lurraldeak ezagutu ahal izango dira, duela mende bateko bidaiarien urratsei jarraituta. Apirilaren 7an, 8an, 14an eta 15ean, 18:00etan.

Eskaintza osatzeko, haurrentzako eta familientzako tailerrak eskainiko dira, adinaren arabera egokituta. Txikienak safarian joango dira apirilaren 8an eta 15ean, orain dela mila urte lur hauetan bizi izan ziren animaliak ezagutzeko. Eta Pazko-astean zehar, 6 urtetik gorakoak arkeologo eta zaharberritzaile izango dira, Historiaurrean nola pintatzen zen eta orain dela 2.000 urte nola entretenitzen ziren ikasiko dute eta gure aldi baterako erakusketan ezkutatutako Egiptoko misterioak ezagutuko dituzte.

Santimamiñe (Kortezubi)

Santimamiñeko koba, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutakoa, munduko historiaurreko artearen funtsezko mugarria da.

Ostegun Santutik Pazko-astelehenera bitartean, luzatu egingo da ekipamendu hau zabaltzeko ordutegia (10:00etatik 19:00etara egongo da zabalik), eta bisita gehiago egingo dira Santimamiñeko lehen biztanleen bizileku izan zen kobako ataria eta baselizan dagoen erreplika birtuala ikusteko. Ezinbestekoa da aurretiaz erreserba egitea.

Omako Basoa (Kortezubi)

Apirilaren 1etik aurrera, bi bisita antolatuko dira, astelehenetik ostiralera, goizez, bigarren eta azken faseko margotze-prozesua zuzenean ezagutzeko: 10:30ean, gaztelaniaz, eta 12:30ean, euskaraz. 

Ezinbestekoa da aurretiaz erreserba egitea: Margotzeko prozesuan sartuta dagoenez, Omako Basoa itxita egongo da, eta bisita gidatuen bidez baino ezin izango da ikusi; aurretiaz erreserba egin behar da, 94 465 16 57 telefonora deituta.

Arrantzaleen Museoa (Bermeo)

Bermeoko Portu Zaharraren gainean Ertzilla Dorre historikoa dago. 1943an Monumentu Nazional izendatu zuten, eta, 1948az geroztik, Arrantzaleen Museoaren aretoak aterpetzen dituzte eraikinaren hormek. Mundu osoan, euskal arrantzaleen esparrua, bizitza eta lana erakusteko museo bakanetako bat da.

Apirilaren 11, 12, 13 eta 14an, 11:00etan, txikienek hobeto ezagutu ahal izango dituzte Bermeorekin lotura duten artistak, «Bermioko artistak» tailerrean parte hartuta: Benito Barrueta, Enrique Zubia, Nestor Basterretxea... . Horretarako, bisitak antolatuko dira alde zaharrean dauden eskulturak ikusteko, eta jardueran parte hartzen dutenek beren eskultura egingo dute, buztinez, eta joko tematikoetan parte hartuko dute.

Euskal Herria Museoa (Gernika-Lumo)

Euskal Herria Museoak 1733ko Alegria Jauregi barrokoan du egoitza, Gernikako Arbolaren ondoan. 1937ko bonbardaketaren ondoren zutik dagoen eraikin historiko bakarretakoa da. Euskal kultura eta herri honetako bilakaera historikoa ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen digu XIX eta XX. mendeko artelan, maketa, dokumentu eta ikus-entzunezkoen bitartez.

Gernika-Lumon, apirilaren 11, 12, 13 eta 14an, 11:00etan, 5 eta 10 urte bitarteko haurrek aukera izango dute Erdi Arorako bidaia egiteko. Jolasen eta eskulanen bidez, garai hartako bizitza, jolasak, lanak, ohiturak... ezagutuko dituzte. Erdi Aroa nolakoa zen jakin nahi duzu? Zatoz garai hura bizitzera!

Apirilaren 16an eta 18an, 12:00etan, bisita gidatuak egingo dira bisitariek Alegria jauregiaren historia ezagut dezaten. Montefuerteko kondeen bizilekua izan zen eta Euskal Herria Museoaren gaur egungo egoitza da. 600 urte baino gehiagoko historian zehar, suteak izan ditu; Bizkaiko historiarako garrantzitsuak izan diren egoiliarrak bizi izan dira; senideen arteko auziak, ondasunen ondorioz, eta askoz gehiago. Etor zaitez eraikin barroko monumental hau eta haren sekretuak ezagutzera.

Txakolin Museoa-Txakolingunea

Bakion kokatzen den Txakolin Museoa-Txakolingunea toki aproposa da txakolinaren kulturan sakontzeko eta haren inguruko sekretu guztiak ezagutzeko.

Kasu honetan, TxaKomic ekimenak txakolina eta komikiaren mundua uztartzen ditu, zuzeneko marrazketaren, dastatzeen, showcookingaren eta haurrentzako tailerren bidez.

 Programaren barruan, adin guztietarako jarduerak daude: etxeko txikienek irudimena askatzen duten bitartean (beirateetan marrazten, biserak diseinatzen...), helduek sakonago ezagutu ahal izango dute Bizkaiko txakolina.  Horretarako, dastatzeak antolatu dira. Bertan, etiketak diseinatuko dira, sukaldaritzako erakustaldiak egingo dira, sushiarekin, eta txakolin beltza dastatuko da. Txakolina tinta gisa erabiliko da jardueran zehar gertatzen dena ilustratzeko. Programa apirilaren 15ean eta 16an gauzatuko da.

Rekalde Aretoa

Rekalde Aretoak Ismael Iglesiasen ikus-entzunezko batzuk aurkeztuko ditu. Etxe-bide lanean, artistak pantailaren ideian sakontzen du, stargate, atari, ate edo leiho gisa, ikusleari errealitatetik ihes egiteko aukera eskainiz, mugitzen ari den irudiaren bidez.

Martxoaren 30ean, osteguna, 18:30etan, topaketa egingo da Rekalde Aretoan Ismael Iglesiasekin Etxe-bide deritzon bere erakusketaren harira. Artistaren eskutik instalazioan barrena ibiliko gara eta bere filmetako irudiei forma ematen dieten edukiak, xehetasunak eta interesak ezagutuko ditugu.

Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Barriek programaren bidez, Rekalde Aretoak Zoriaren erritmo intimoa erakusketa hartu du erakusleihoan, Tunipaneako automatekin. Zoriaren erritmo intimoa 2020an hasitako ikerketa-prozesu bat da; eraikuntza mekaniko eta robotikoen bidez, ausazkotasunaren kontzeptuak soinuaren arloan eskaintzen dituen berezitasunak aztertzen ditu. Ikerketa hori soinu-instalazio automatizatu gisa aurkezten zaio publikoari, batzuetan parametro interaktiboekin.

Erritmoak tailerra [3-11 urte], apirilaren 4an eta 5ean. Haurrentzako tailerra da, artea, diseinua eta literatura ezagutzeko eta haiekin jolasteko.

Apirilaren 11n eta 12an, Easter On the Road [6-12 años] proposamena eskaintzen du aretoak. Sortzeko tailerra da, ingelesez, aretoan erakusten diren artelanen prozesu sortzaileak ezagutzeko.

4 eta 11 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat, Rekalde Aretoak tailerrak antolatu ditu apirilaren 11 eta 12rako, arte garaikidea ezagutzen laguntzeko.

Jarduera horietan parte hartzeko, ezinbestekoa da aurretiaz izena ematea, 944068532 zenbakira deituta edo mezu bat bidalita salarekalde@bizkaia.eus helbidera.

Ondare Aretoa

Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko Ondare Aretoan antolatutako Hormetan erakusketa berriak gure historia berri-berria ezagutzeko ibilbide bat eskaintzen du, gure kaleetako hormetako irudien bidez hasi eta, ondoren, mugikorretako pantailetako irudien bidez kontatuta 1975etik gaur egunera arte, kartelak une bakoitzeko errealitatera egokitu dira, eta azken lau hamarkadetan bizi izandakoaren kronista mutu bihurtu dira.

bizkaia.eus/

Laburrean

  • Mota Bestelakoa
  • Data 2023(e)ko apirilaren 1(e)tik 2023(e)ko apirilaren 23(e)ra
  • LekuaBilbao
  • ZenbatekoaDoan (izen-ematearekin)

Non