"Alpinist54. Chema Agustínen marrazkiak"
Arabako Fournier Karta Museoaren (BIBAT) egoitza den Bendaña jauregiko galerietan Alpinist54. Chema Agustínen marrazkiak erakusketa izango da ikusgai.
Erakusketan jasotzen den jatorrizko marrazki sorta alpinismoaren, eskaladaren, zortzimilakoen eta esplorazioaren historiaren bilduma bat da, eta frantses motako karta sorta bat egiteko oinarri izan dira («Alpinist54. International Ilustrated Poker Cards»). Karta sorta hori ezin hobeto egokitzen da Bendaña jauregiko hormetan, Arabako Fournier Karta Museoaren bildumaren esparruan.
Chema Agustinek («Baraja aragonesa ilustrada»ren egilea bera ere) Alpinist54-ko karta horiek gaiaren arabera bereizitako paloekin prestatu ditu: diamanteak alpinismoa, bihotzak eskalada, pikak Himalaya zaletasunari, eta, azkenik, hirustak esplorazio handiei.
Gainera, alpinismoaren, eskaladaren, abenturaren eta esplorazioaren historian balentria handiak egin dituzten hogei pertsonaia historiko irudikatu ditu, hala nola R. Messner, W. Bonatti, R. Amundsen eta J. Cousteau, eta beren ibilbideetako batzuk (Everest, K-2, Eiger, Antartida...) egin zituzten mendiak eta lekurik enblematikoenak irudikatu ditu.
Marrazki sorta hori, eta horietatik abiatuta egindako karta sortaren kartak, mendiarekin, eskaladarekin edo nabigazioarekin lotutako materialen bilduma batekin osatzen da, baita espedizioei eta mendizaletasunaren beste mugarri batzuei buruzko bost mende baino gehiagoko historia laburtzen duten informazio taulekin ere.
Marrazkien eta Alpinist54-eko karta sortaren helburua da ikuslea hurbiltzea irudikatutako pertsonaien eta horma eta mendikate handi horietan zehar igaro diren istorioen azpian dagoen espiritu erromantikora eta abentura espiritura.
Martxoaren 29tik maiatzaren 21era zabalik egongo den erakusketan, hogeita hamar bat marrazki erakutsiko dira, zenbait material bibliografiko eta teknikoz gain, baita gai bereko beste karta sorta batzuk ere.
Chema Martín
Aragoiko egileak, Zaragozako Arte Aplikatuen eta Lanbide Artistikoen Eskolan Arte Batxilergoa ikasi eta Bartzelonako Arte Ederretako Fakultatean Pintura espezialitatean lizentziatu ondoren, erakusketa kolektibo eta indibidual ugari egin ditu: pintura, marrazketa, collage eta poema bisualenak.
Chema Agustin eskalatzailea eta mendizalea ez ezik, diseinatzailea eta ilustratzailea ere bada, eta hainbat argitalpen ditu. Argitalpen horietan, naturari eta mendiari buruzko irudiak jasotzen dira gehienbat, hala nola «Ordesa. Naturaleza y cultura popular”, “Riglorámico» eta “Riglos Vertical». Hainbat edizio dituzte, eta mendi eta eskalada giroan oso ezagunak eta zabalduak dira. Estiva Ediciones eta Ediciones Desnivel argitalpenek argitaratu dituzte.
Erakusketaren osagarri, Chema Agustín artistak Alpinist54 proiektua azalduko du hitzaldi batean, arratsalde honetan bertan, 19:00etan, BIBAT auditoriumean. Sarrera librea izango du, edukiera osatu arte. Haren iturria, gaien, gailurren eta erretrataturiko pertsonen hautapena, marrazkien garapen plastikoa, karta sortaren edizioa, eta, azkenik, proiektu osoa jasotzen duen eta inprimategitik atera berri den argitalpena.
Chema Agustín egilearekin batera, Sebastián Álvaro kazetari eta abenturazaleak eta Eva Martos Desniveleko erredaktoreburuak hitz egingo dute. Gazteiz Mendi Taldeak ere parte hartu du hitzaldi hori antolatzen.
"ALPINIST54" KARTA SORTAREN FITXA TEKNIKOA,
CHEMA AGUSTINEN MARRAZKIETATIK ABIATUTA EGINA
Marrazkiak eta ilustrazioak: Chema Agustín
Diseinua eta edizioa: Estiva Estudio
Lankidetza: Andrés Malo + David Troika Delhueco
Maketazioa eta kutxaratzea: Fernando Gatón eta Estudio Ductus
Poker Karta 56 x 88 mm
Karta kopurua: 56
Gomendatutako PSP: 20 €
Laburrean
- Mota Erakusketa
- Data 2023(e)ko martxoaren 29(e)tik 2023(e)ko maiatzaren 21(e)ra
- OrdutegiaAsteartetik larunbatera: 10:00-14:00 / 16:00-18:30, Igande eta jaiegunetan: 11:00-14:00. Astelehenetan itxita (jaiegunak izan ezik)
- Lekua BIBAT. Arabako Fournier Karta Museoa
Aiztogile, 54
Vitoria-Gasteiz - HizkuntzaBat ere ez
- Web BIBAT. Arabako Fournier Karta Museoa


