Zinemagileen arteko elkarrizketak 2022-2023: Pilar Palomero + Sofía Escudé

Donostia-San Sebastián 2023(e)ko Otsailak 16
  • Zinemagileen arteko elkarrizketak 2022-2023: Pilar Palomero + Sofía Escudé

KM Kulturuneak Donostiako Zinemaldiaren urte osoko Z365 atalarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera antolatutako solasaldia, Zinemagileen arteko elkarrizketak zikloaren testuinguruan:

Pilar Palomero eta Sofia Escudé

Zinemagileen arteko elkarrizketak zikloak ikuspegi ezberdinetatik zinema-sorkuntzaren nondik norakoak ikasleei eta zinemazaleei hurbiltzea du helburu, talde-lanaren garrantzia azpimarratuz. Hurrengo topaketa honetan Pilar Palomero eta Sofia Escudé elkartuko dira euren lan moduari eta perspektibei buruz hitz egiteko, baita muntaiarekin duten harremanari buruz ere, bion elkarlanaren emaitza diren bi film abiapuntu izanik: Las niñas (2020) eta La Maternal (2022).

Pilar Palomero zuzendari eta idazleak argazki-zuzendaritza ikasi zuen ECAMen (Escuela de Cinematografía y del Audiovisual de la Comunidad de Madrid), eta ondoren master bat egin zuen zinema zuzendaritzan Béla Tarr zinemagileak zuzendutako eskolan, Film Factoryn, Sarajevon kokatuta. Zuzendaritza eta gidoigintzako bere lehen lanak ondorengo film labur hauekin egin zituen: Niño balcón (2009), Chan Chan (2012), La noche de todas las cosas (2015), Noé (2015), Horta (2017), Zimsko Sunce (2017) eta Agenda 1958 (2019). Laburmetraia hauekin Doclisboa Nazioarteko Zinema Jaialdian, San Juango Nazioarteko Zinemaldian, Varsoviako Zinemaldian, Sarajevoko Zinemaldian, Berlinale Talents jaialdian, Malagako Zinemaldian eta Huescako Nazioarteko Zinemaldian parte hartu zuen, besteak beste. 2020an bere lehen film luzea aurkeztu zuen, Las niñas —besteak beste, Berlingo Nazioarteko Zinemaldian eta Shanghaiko Nazioarteko Zinemaldian parte hartu zuelarik—, eta sari ugari jaso zituen, hala nola: Malagako Zinemaldiko Urrezko Biznaga, Feroz Sariak film dramatiko onenari, zuzendaritza onenari eta gidoi onenari, edota bi Goya sari jatorrizko gidoi onenari eta zuzendaritza berri onenari. 2022an Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialaren barnean bere bigarren film luzea estreinatu du, La Maternal, eta bere aktore nagusia, Carla Quílez, interpretazio protagonista onenaren saria jaso du. Dagoeneko beste hainbeste izendapen ditu: film onenaren, zuzendaritza onenaren eta antzeztaldeko emakumezko interpretazio onenaren Goya izendapenak, edo zuzendaritza onenaren, gidoi onenaren, bigarren mailako emakumezko aktore onenaren eta emakumezko aktore berri onenaren Gaudi izendapenak, esate baterako.

Sofía Escudé muntatzaile eta zuzendariak muntaketa ikasketak egin zituen ESCACen (Escola de cinema i audiovisuals de Catalunya), eta muntatzaile gisa parte hartu du Alejandro Marzoa Blascoren Somos buena gente (2013), Xiana Yagoren Las mujeres deciden (2017), eta Pilar Palomeroren Las niñas (2020) eta La Maternal (2022) lanetan. Besteak beste, muntaia onenaren Gaudi sarira edo muntaia onenaren Goya sarira izendatua egon da Las Niñas filmarengatik. 2017an, Liliana Torresekin batera zuzendarikide eta idazle kide gisa estreinatu zen Hayati: Mi vida filmarekin, DocsBarcelona, Malagako Zinemaldia eta Ajyal Film Festival jaialdietan parte hartu zuelarik.

Partaideak: Pilar Palomero, Sofía Escudé.

(Hizkuntza: gaztelania)


Laburrean

Non