"RICARDO TOJAREN IBILBIDE ARTISTIKOA"

Bilbao 2022(e)ko urriaren 27(e)tik 2023(e)ko otsailaren 25(e)ra
  • "RICARDO TOJAREN IBILBIDE ARTISTIKOA"

Ricardo Toja margolariaren erakusketa “geografiko-biografikoak” berrogei lan esanguratsu biltzen ditu pintura eta marrazkien artean, eta Ricardo Toja Landaluceren (Gordexola, 1932 - Plentzia, 2012) heriotzaren hamargarren urteurrena gogoratzen du.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Aretoan Gordexolakoa zen Ricardo Toja margolariaren erakusketa “geografiko-biografikoa” dago ikusgai 2023ko otsailaren 25era arte. Erakusketak artistaren obra, pintura eta marrazki oso esanguratsuak batzen ditu. Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusiak, Begoña de Ibarrak, Foru Aretoak antolatu duen aldi baterako erakusketa berria aurkeztu du, erakusketan komisario lanak egin dituzten Alicia Fernández eta Gorka Mayor Lópezekin batera.

De Ibarrak azpimarratu duenez, “Bere heriotzaren ondoren egiten den lehen erakusketa da gaur aurkezten duguna. Geografiko-Biografiko”erakusketarekin artistaren memoria berreskuratu eta balioan jarri nahi dugu, horrela, hurrengo belaunaldiek Ricardo Tojaren irakurketa didaktikoa izan dezaten. Gainera, Ricardo Toja erakusketak gure lurraldeko eta gure herrialdeko artearen historiaren zati bat berreskuratzen laguntzen duela uste dugu.”

Ricardo Toja margolariaren erakusketa “geografiko-biografikoak” berrogei lan esanguratsu biltzen ditu pintura eta marrazkien artean, eta Ricardo Toja Landaluceren (Gordexola, 1932 - Plentzia, 2012) heriotzaren hamargarren urteurrena gogorarazten du.

Ondare Aretoan ikusgai dauden lanak bilduma partikularretatik eta bilduma publikoetatik datoz, besteak beste Bilboko Arte Ederren Museoa, Eusko Jaurlaritza, Bilboko Merkataritza Ganbera eta BBK Banku Fundaziotik.

Erakusketaren inguruan bi ikus-entzunezko ekoitzi dira. “Abededario para Ricardo Toja Landaluce”, Miguel Toja Aguirrek egina. Ikus-entzunezko honek Tojak Bilboko BBK Gelan aurkeztu zuen marrazki-erakusketaren katalogorako Bernardo Atxagak 1992an idatzitako testu zabala berrinterpretatzen du. Bigarren ikus-entzunezkoan, Jesus Serranok eta Idoia Jauregik egin zutena eta 2010ean grabatu zena, artistak berak orain Ondare Aretoan egin den erakusketaren ibilbide “geografiko-biografikoa” azaltzen du.

Artistak “geografiko-biografiko” gisa definitu zuen erakusketak Ricardo Tojak bere bizi-kokapenekin lotu nahi izan zuen ibilbide artistiko baten irudi adierazgarriak aurkezten ditu: lehenengo urteak Gordexolan, gero Lutxana, Kanariak, Bilbo, Madril, egoitza artistikoa Oslon, Arabako Menagaraiko etapa eta, azkenik, Plentzia. Geografia horiek bere markatu zuten eta erakusketaren argumentu-hariari eusten diote.

Afektuen eta debozioen pintorea, bere koadro eta pinturetan ohar autobiografikoak ikusten ditugu, bai gaien aukeraketan, bai pinturari ezarritako ordena eta denboran. Ricardo Tojak zioen margoa “pintatzeko da eta, zorterik izanez gero, beste batzuek ikusteko. Eta kito”. Posizio horretatik, bere biografiari lotutako irudiekin lan egiten zuen, pintura bere oroimeneko une eta oroitzapen biziekin lotuz.

Bernardo Atxagak dioenez, “afektua bere koadroen barruan dago eta bere motiboetako bat ere ez da kasuala. Denek jaiotzako haranera, neurera, berera, askorenera eramaten dute”. Eta idazleak honako hau gehitzen du: «Tojak badu indar bat barru-barruraino eta bildura bultzatzen duena, eta badu, halaber, munduaren pisuari ihes eginez, ordenatzen eta geure baitan zerbait ordenatua sortzen lagunduko diguten paisaien bilaketa».

Erakusketa

Erakusketaren lehen gai-multzoa Gordexolari eskainita dago, Tojaren jaioterriari: Herrerías ibaiaren ondoko ibaiertzeko paisaiak, baserriak eta mendiak, Berbikizko San Joan baselizaren ingurua eta Bikirrio mendia. Gerra Zibilean Barakaldoko Lutxana auzoan bizi ondoren, familia Kanaria Handia uhartera joan zen bizitzera. Kanarietako garai hori haurtzarotik lehen gaztarora igarotzearekin batera izan zen, eta Tojak beti gogoratuko du bere bizitzako aldirik zoriontsuenetako bat bezala. Laurogeiko hamarkadaren hasieran, uhartera egindako bidaia baten ondorioz, Kanarietako gaia gaineratu zion bere pintura-lanari. Familia 1945ean itzuli zen Bilbora, eta Tojak garai hartako giro ilun eta errepresiboa pairatu zuen Bizkaiko hiriburuan. Alabaina, aldi berean, bere ibilbideari ekin zion artearen munduan, Oteiza bere lehen maisuetako bat zela, eta Juan Grisen pintura eta kubismoa bere erreferentzien artean edukita. Tojaren pinturan eraginik handiena izan zuen figuretako bat José María de Ucelay izan zen, nola motiboen aukeraketan, hala horiek irudikatzeko moduan, ikuspuntuan eta kromatismoan. Laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean, arazo batzuk zirela-eta, Toja “garai ilun” batean murgildu zen. Emozionalki asalduzko garaia izan zen hura, eta desolazioa eta sosegurik eza erakusten dituzten pinturak eta marrazkiak izan zituen emaitza. Ricardo Tojak lotura afektibo estua izan zuen Galiziarekin haurtzarotik: bere aitak gidatzen zituen itsasontzietako tripulatzaileetako asko galiziarrak ziren. 2005eko irailean Heriotzaren Itsasalderaino bidaiatu zuen Toja abizenaren jatorriaren bila. Gordexola eta Kanariar Uharteekin batera, Plentzia da Tojak marraztu zuen beste geografietako bat, hirurogeita hamarreko hamarkadan XVIII. mendeko etxetxo zahar bat erosi eta zaharberritu zuenetik herri horretako alde zaharrean. Paletek beste obra-multzo bat osatzen dute, ez hain ezagunak eta abstrakziotik hurbil daudenak, artistak bere bizitzako azken urteetan egin zituen pieza figuratiboekin uztartu baitzituen.

Artista

RICARDO TOJA LANDALUCE (Gordexola, 1932 - Plentzia, 2012) gerraosteko artisten lehen belaunaldikoa izan zen, besteak beste, Agustín Ibarrola, Iñaki García-Ergüin, Norberto Ariño de Garay, José Barceló eta Ismael Fidalgo bezala. Bilbon ekin zieten ikasketei eta ibilbideari, berrogeiko hamarkadaren amaieran eta berrogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, Amerikatik etorri berria zen Jorge Oteizaren babespean, eta Euskal Herrian geratu ziren gerraurreko artista batzuen irakaspenekin (Fernando Maidagan, Enrique Nieto Ulibarri eta Matías Álvarez Ajuria). Tojak Madrilen jarraitu zuen bere burua prestatzen, Bizkaiko Foru Aldundiaren beka jaso zuen 1964 eta 1965 bitartean, eta Oslon jarraitu zuen 1966an, Juan March Fundazioaren laguntza ekonomikoarekin. Itzuli zenean, Madrilen geratu zen, Euskadirekiko harremana galdu gabe, eta modu erregularrean erakutsi zituen lanak, banaka eta taldeka, Bilbon eta, noizean behin, Madrilen eta Donostian. 1992an Plentzian hartu zuen bizilekua.


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2022(e)ko urriaren 27(e)tik 2023(e)ko otsailaren 25(e)ra
  • OrdutegiaAstelehenetik larunbatera: 10:00-13:00 eta 17:00-20:30. Igande eta jaiegunetan: Itxita
  • Lekua Ondare Erakusketa Aretoa
    María Díaz de Haro, 11
    Bilbao
  • ZenbatekoaDoan
  • Web Ondare Erakusketa Aretoa

Non