Herri txikiak aurrera begira: Belaunaldien arteko harremana eta memoriaren transmisioa landa eremuan
AZALPENA
2020an eta 2021ean, Zerainlab elkarteak sustatu eta Kutxa Fundazioak lagunduta, "Herri txikiak aurrera begira: auzolaneko kultura eta balioetatik etorkizunera" eta "Herri txikiak aurrera begira: Nola eragin du pandemiak landa eremuko bizitza eta balio komunitarioetan?" ikastaroak egin ziren Zerainen. Uda Ikastaro hauek, bertan landutako gaiek eta topaketa hauetan sortu edota indartutako sareek piztutako interesa ikusita, egoki jotzen da 2022an ere ildo berean beste ikastaro bat eskaintzea, hain justu ere aurreko bi edizioetan plazaratu den kezka nagusi bat ardatz hartuta: belaunaldien arteko harremana eta transmisioa landa eremuko herri txikietan.
Ikastaro hauek "Auzolantzen" proiektuaren baitan kokatzen dira. Zerainlab elkarteak sustatu, eta Deustuko eta Mondragon Unibertsitateko ikertzaileak beste hainbat eragilerekin elkarlanean garatzen ari diren proiektu honetan, auzolaneko balio eta kultura komunitarioak gure herri txikietan oraindik duten presentzia eta aurrera begira izan dezaketen balioa ikertzen eta lantzen ari dira. Dimentsio inmaterialak landa eremuko auzo eta herri txikien etorkizuneko garapenerako eta bertako komunitateen bizi-baldintzetarako duen garrantzia agerian geratzen ari da proiektu honetan sortzen eta biltzen ari den ezagutzan.
2022rako proposatzen den ikastaro honetan, herri txikietako komunitate eta familietan egun belaunaldien arteko harremana nolakoa den jorratu nahi da, hainbat elementu ezberdini begiratuz: balioen transmisioa, memoria kolektiboa partekatzea, tokiko ohituren transmisioa, tokiko ezagutzaren transmisioa, etab. Bizimoduak, familiak eta herri txikietako biztanleen joan-etorriak eta dibertsitatea aldatzen ari diren garaiotan, zinez garrantzitsua da komunitate bateko kideek beren baitako identitatearen eta kulturaren garapena nola egiten duten behatzea eta horren gainean hausnartzea. Hizpide horiek ardatz hartuta, ikastaro honetan gogoeta teorikoak, kasu eta esperientzia konkretuak eta belaunaldi arteko eztabaida uztartuko dira.
HELBURUAK
Landa eremuko herri txikietan belaunaldien arteko harremanari buruz hausnartzea.
Herri txikietako komunitateen etorkizunerako balio, identitate, memoria eta kulturaren transmisioak duen paperaz eztabaidatzea.
Belaunaldien arteko harremana indartzeko herri txikietan egon daitezkeen aukera eta esperientziak aztertzea.
Laburrean
- Mota Formakuntza
- Data 2022(e)ko Irailak 16
- LekuaZeraingo eliza
Zerain - ZenbatekoaDoan (izen ematea)
- Sarrerak Erosi
- HizkuntzaElebietan
- Info Gehiago


