Laudioko San Roke Jaiak 2022 (egitaraua)
Bederatzi egunez jai giroz, ilusioz eta, batez ere, alaitasunez beteko da Laudio. Izan ere, Udalak eta hainbat jai-eragilek urte honetarako elkarrekin diseinatu duten programa adin eta gustu guztietarako jarduerez beteta dago, eta horiek herrian ondo pasatzea bermatuko dute, “eta jaietako esentzia itzuliko diote herriari”, aurreratu du Maite Cortazar Kultura eta Jaietako Zinegotziak.
Abuztuaren 14tik 17ra eta 24tik 28ra bitartean, handiek eta txikiek musika eta kaleko antzerki onenaz gozatu, Don Terencio eta Doña Tomasa erraldoiekin dantza egin, buruhandiengandik ihes egin, jarduera ludikoetan eta lehiaketa gastronomikoetan parte hartu edo entzierroetan bigantxetatik ihes egin ahal izango dute.
Jaiak hasi aurretik, abuztuaren 7an, santuaren jaitsiera klasikoa egingo da San Roke ermitatik Lamuzako San Pedro Parrokiara. Azken bi urteetan, San Roke, udaletxe plazako tenplu erlijiosoan egon da laudioarrak laguntzen eta zaintzen, baina aurten Kofradiaren Egunean, abuztuaren 28an, bere ermitara itzuliko da. “Ziur nago sanrokeek ilusioa eta poza itzultzen lagunduko digutela laudioarrei eta gure jaiez gozatzera hurbiltzen diren bisitariei, inklusiboak, irisgarriak, berdintasunezkoak, parte-hartzaileak eta, batez ere, errespetuzkoak eta toleranteak direlako nabarmentzen baitira”, adierazi du zinegotziak.
GUSTU ETA ADIN GUZTIETARAKO JARDUERAK
Ohitura denez, abuztuaren bigarren igandean, hilaren 14an, jaiak iragartzeko pregoia egingo da herrian. Aurten Jose Ignacio Goikoetxeak eta Sebastian Martinek egingo dute, 30 urte baino gehiagoz Don Terencio eta Doña Tomasa dantzarazi dituzten herritarrek, hurrenez hurren. Ekitaldia Arloteek eta San Roke Musika Elkarteak girotuko dute. Baina jaiei Javi Arteta laudioarrak emango die hasiera hurrengo egunean, udaletxeko balkoitik txupina botatzen duenean. “Aintzatespen hori Udaleko langile gisa egiten duen lanaz harago doa. Bere inplikazioarengatik, jarrera onarengatik eta lankidetzarengatik da”, gogorarazi du zinegotziak.
Abuztuaren 15ean Aire Libreko XXIV. Pintura Lehiaketa ere egingo da. Aurten, Antonio Aldama Tejada zendu berri den margolari laudioarra omenduko du. Bizilagun ospetsu horrek dohain artistiko handiak eta Laudioko paisaiak uztartu zituen bere oihaletan.
Musika emanaldien artean, aipatzekoak dira Doctor Deseo eta Chica Sobresalto (abuztuak 16), Zea Mays (abuztuak 17), Despistaos (abuztuak 24), Puro Relajo eta La Pegatina (abuztuak 25), La Oreja de Van Gogh (abuztuak 26) eta Orquesta La Fórmula (abuztuak 27). Horiez gain, Mocedades, Amak, Mariachi Zacatecas, Los Chimberos eta Korrontzi ere izango dira taula gainean, besteak beste.
Bestalde, Laudioko kuadrillek jaietako euren ohiko jarduerei ekingo diete berriro, hala nola, kalejirak eta abuztuaren 25ean, ostegunean, izango den bazkari klasikoa. Eta herriko elkarteak ere, beste behin, sanrokeetako protagonista izango dira.
Txikiek ere euren jarduerak izango dituzte. Ikuskizunez eta kale antzerkiaz gain, Laudioko txikienek diskodantza, kalejirak, dantza eta musika emanaldiak, hockey txapelketa eta umeentzako parke klasikoa izango dituzte Lamuzan abuztuaren 24an eta 25ean. Gainera, abuztuaren 24an eta 28an, “Herritarren Egunak” direla eta, barraken prezioak 1,5 eurora jaitsiko dira. Eta egunero, 18:00etatik 19:00etara, musika etengo da eta ez da argi indartsurik egongo hipersentsibilitate sentsorialak dituzten pertsonen ongizatean eraginik izan ez dezaten. Horrela, azoka-esparrua espazio inklusiboagoa bihurtuko da.
Ekintza herrikoiek ere protagonismo berezia izango dute jaietan. Hilaren 26an Baserritarraren Eguna ospatuko da eta hurrengo egunean ohiko odolkiek euren usainarekin beteko dituzte Laudioko kaleak. Era berean, ez dira faltako herri kirolekin hitzorduak, hainbat espezialitatetako lehiaketa gastronomikoak eta ohiko txapelketak.
Roketxu ere bertan izango da aurten ere. Izan ere, eta azken urteetako ohiturari jarraituz, Laudioko jaietako bederatzi egunei amaiera emango die, sugar artean. Baina hori bai, 2023ko abuztuan berriro berpiztuko dela hitz emanda.
Laburrean
- Mota Jaiak
- Data 2022(e)ko abuztuaren 15(e)tik 2022(e)ko abuztuaren 28(e)ra
- LekuaLaudio
- Info Gehiago


