Arrankudiagako jaiek badute egitaraua. Abuztuaren 14 eta 15ean abiatuko dituzte festak, eta 19tik 22ra izango du segida. Andra Mari bezperan -abuztuak 14- arratsaldetik gauera luzatuko da egitaraua.
Ohi gisa, arratsaldeko 17:00etatik aurrera kamiseta banaketa, kaljira, marmitako lehiaketa eta tortila txapelketa egingo dituzte Gizarte Etxearen inguruan. Egun horretan jaurtiko dute txupina, 20:15ean hain zuzen. Gauean, berriz, DJ Adrian arituko da musika jartzen.
Abuztuaren 15ean, aldiz, dianarekin esnatuko dute herria 10:00etan, eta meza nagusiaren ostean trikipoteoa egongo da. Arratsaldean, aldiz, herriko umeen pilota partidak izango dira nagusi, 19:00etatik aurrera frontoian. Iluntzeko antzerki emanaldiarekin bukatuko dute eguna, Trapu Zaharra konpainiaren eskutik, 20:30ean.
Bigarren txanpa ostiraletik astelehenera arte luzatuko da, hilaren 19tik 22ra. "Gaurko eta atzoko gazte eguna" antolatuko dute abuztuaren 19an horretarako, meza, mahai joko, edadetuen bazkari, erromeria, tribial, elektrotxaranga eta pintxopotearekin. Gainera, gaztetxean kontzertuak egingo dituzte, taldeak oraindik zehaztu gabe badaude ere.
Abuztuaren 20an, larunbatean, umeen eguna egingo dute. Hala, kalejira, jolas parkea eta haurren bazkaria izango dira protagonistak eguneko lehen zatian, eta 16:30ean apar festak hartuko dio lekukoa ekimenari. Horrez gain, bolo tiradak eta Xaiborren ikuskizuna egongo dira, baita kanpamentuko proiekzioa ere.
Abuztuaren 21ean, berriz, txakolin dastaketa, euskal presoen aldeko elkarretaratzea eta Kofradia Eguneko bazkariak beteko dute plaza. Kanturako tartea ere gorde dute, Joxe Mendizabal abeslariaren eskutik. Bestalde, mus txapelketa eta dantzaldia ere prestatuko dituzte.
Abuztuaren 22an bukatuko dira Arrankudiagako jaiak, Berakatz egunarekin. Astelehenean iluntzetik aurrera gozatuko dute azken trakaz, pilota partida, kale animazio eta odoloste janarekin.
Aurreratu dutenez, gainera, Los Zopilotes Txirriaus eta Beranduegi taldeen kontzertuak egongo dira 23:00etatik aurrera. 05:00etan, baina, "Berakatz zopa" banatuko dute gautxorien artean.


