San Fermin 2022: egitaraua
- San Fermin 2022: egitaraua (pdf)
- San Fermin 2022: uztailak 6ko ekitaldiak
- San Fermin 2022: uztailak 7ko ekitaldiak
- San Fermin 2022: uztailak 8ko ekitaldiak
- San Fermin 2022: uztailak 9ko ekitaldiak
- San Fermin 2022: uztailak 10eko ekitaldiak
- San Fermin 2022: uztailak 11ko ekitaldiak
- San Fermin 2022: uztailak 12ko ekitaldiak
- San Fermin 2022: uztailak 13ko ekitaldiak
- San Fermin 2022: uztailak 14ko ekitaldiak
- San Fermin 2022: esku-programa(pdf)
- San Fermin 2022: gazte eremuko egitaraua (pdf)
- San Fermin 2022: hiriko mapa
- San Fermin 2022: konpartsaren ibilbidea
Iruñeko Udalak 532 ekitaldi antolatu ditu 2022ko sanferminetarako. Bederatzi egunez kontzertu, dantzaldi, su artifizial, erakusketa, kale-animazio, haur eta familiendako jarduerak eskainiko baitira herritarren eta bisitarien gozamenerako. Era berean, ez dira faltako hitzordu tradizionalak, hala nola entzierroak, Prozesioa, Bezperak edo Zortziurrena, eta, urtero bezala, hiriak hitzordua izanen du Txupinazoarekin uztailaren 6an eta Gaixoa Niarekin uztailaren 14an.
Ohikoa denez, zenbait efemerideri eskainitako egunak ere badaude: Baionaren eta Senidetutako hirien eguna (uztailak 8); Haurren eguna (uztailak 11) eta Zaharren eguna (uztailak 13). Aurten, gainera, Sanferminetako Mahaiaren eskariz, eskaintza berri bat sortu da, Jotaren eguna; uztailaren 12an eginen da Sarasate pasealekuan eta Alde Zaharreko kaleetan.
Baina, badaude berritasun gehiago: animazioa Konpartsaren atsedenaldietan txotxongilo eta eskorga-zezenekin; Dj-saioak Gazteluko plazan “arratsalde-pasa” egiteko eta gauez; sanferminetako erreferentziek literatura unibertsalean izandako garrantziaren inguruko literatura-ibilbideak, eta kultur espazio berri bat zabaltzea sanferminetako bigarren erdialdetik aurrera Kondestable Civivoxean. Musika erdialdeko guneetara itzuliko da, baita haurrendako guneak Askatasun plazara eta Media Lunara; Foruen plazan, bere horretan diraute gazte-eremuak, eguneroko programazioarekin, eta herri-kirolak; eta berriz ere festetako ekitaldirik jendetsuenetako baten alde egiten da, hau da, Ziudadelan su artifizialen bildumen jaurtiketaren alde.
- 2022ko berritasunak
Sanferminetako Mahaiaren proposamenez, Jotaren eguna (uztailak 12) ospatuko da, eta berariazko programazioa prestatu da egun horretarako. Ospakizun horren inguruko jarduerak batez ere Sarasate pasealekuan eginen dira, eta Udalak goizez eta arratsaldez programatu ditu emanaldiak. Egunero eginen diren jota-emanaldiez gain,Nafarroako Emakume Desgaituen Elkarteak (AMUDISNA) kontzertu bat eskainiko du, hiru jota-erronda eginen dira Iruñeko jota-elkarteen eskutik, eta Nafarroako eta Errioxako jotarien topaketa bat eginen da Navarjota Elkarteak antolatuta.
Zaharren egunean (uztailak 13), El baúl de los 70 ikuskizuna programatu da Sarasate pasealekuan, Serafín Zubiri, Mikel Herzog eta Artaxoako bandaren eskutik, Sarasate pasealekuan. Kontzertu horrekin, zaharrei eskainitako musika- eta dantza-eskaintza bikoiztu da; izan ere, Gurutzeko plazako dantzaldi tradizionalei eusten zaie, eta bertan askotariko musika-generoak jotzen dituzten musika-orkestrak arituko dira.
Txikienentzat, eta egunero erraldoi eta buruhandiei lagun egiten dieten familiendako programazioa osatzeko, Udalak hainbat animazio-ikuskizun antolatu ditu 11:00etatik 12:00etara, txotxongilo eta eskorga-zezenekin, konpartsaren atsedenaldian haurrak entretenitze aldera; lehen aldiz, konpartsaren atsedenaldia aurrez ezarri da (uztailaren 7an eta 14an izan ezik, elizkizunen iraupenaren araberakoa baita) ekitaldi jendetsu horretara doazenen antolaketa eta itxaronaldia errazteko. Egunero gozatzeko aukera egonen da.
Eta eskaintza kulturalei dagokienez, sanferminetan literatura-ibilbideak estreinatuko dira. Proposamen horrek sanferminen ikuspegia eta presentzia erakutsiko digu hainbat literatura-lanetan. Iazko udan programatu ziren, bertan behera geratu ziren festei egindako keinu gisa, eta harrera ona izan zutenez, aurten programa ofizialean sartzeko hautua egin da. Gainera, 2022an, uztailaren 9tik aurrera, Kondestable Civivoxean kultur espazio berria zabalduko da arratsaldeetan. Doako musika-ikuskizunak eskainiko dira, formatu txiki eta ertainean, eta xede dute jolas-esperientzia berriak sortzea, kalean festa egiteko ohikoez bestelakoak.
Orkestrek girotutako dantzaldiak eta DJak izanen dira berriz ere protagonista Antoniuttin, non berriz ere itzuliko baitira feriako gastronomia-postuak, 19:00etatik 22:00etara eta 23:30etik 03:00etara.
Aurten festak Gainzaren Biribilketaren erritmoarekin hasiko dira, txupinazoaren ondoren La Pamplonesak eta txistulariek interpretatuko baitute Udaletxe plazan. Konposizio hori koheteak eztanda egin ondoren entzuten den aurreneko musika-pieza da, baina duela 40 urte baino gehiago Udaletxeko ezkaratzean interpretatzen da, plaza jendez beteta baitago. 2022an, musika-pieza tradizional hori kanpoan entzunen da berriz ere, jende orok goza dezan.
- Musika: DJak Gazteluko Plazan
Gazteluko plazak ere musika-programazioa berrituko du aurten. Arratsaldeetan, hiriko toki ikoniko horretan “arratsalde-pasak” egiteko ordua izanen da. 19:00etatik 20:50era, tokiko DJ sorta batek festa egiteko musika jarriko du, eta su artifizialen ondoren, nazioko DJen txanda izanen da, ‘Sound Fermin’ izeneko gunean. 23:30etik aurrera, plazan arituko dira, besteak beste, nazioko irratietan erreferentziazko musika-programetako DJak, baita beste zenbait artista ere, hala nola ELYELLA, Mickey Pavón eta Innmir, denak Espainako onenetakoak. DJak sanferminetako programazioan egotea ere Sanferminetako Mahaian onartutako puntuetako bat izan zen. Gune horretan, nabarmendu behar da Carlos Jean DJaren emanaldia, uztailaren 6an, txupinazoa bota eta ordubete ondoren.
Musika eta dantzatzeko aukerak egonen dira festetan toki askotan. Lola Índigo, La Oreja de Van Gogh, La M.O.D.A. eta Camela, besteak beste, girotuko dituzte sanferminetako gauak Foruen plazan. Bestalde, Compañía plazan, jazzaren eta munduko musiken aldeko apustua eginen da berriz ere. Askotariko herrialdetako –Estatu Batuak, Britainia Handia edo Kuba– zazpi artista daude kartelean, baita Nafarroatik gertuago dauden beste musika-ikuspegi batzuk ere, besteak beste, Omenaldia Pedro Iturralderi (2020an hildako saxo-jotzaile nafarra).
Gurutzeko plazan, goizez, 13:00etan, musika-bandak arituko dira. Baionako banda eta Nafarroako beste batzuk –Tutera, Erriberri edo Fustiñanakoak– ukitu tradizionala emanen diote gune horri, eta haiekin batera, dantzaldiak egonen dira 20:00etan eta 23:30ean.
Sarasate pasealekua izanen da aurten gure folklore tradizionalaren egoitza, askotariko jotak izanen baitira goizez (12:00etan), eta bertso-saioak eta dantzariak arratsaldez (19:00etan). Gainera, aurten berriz ere txistu- eta gaita-dantzaldiak egonen dira; gaiteroak erdiguneko kaleetan barna ibiliko dira eta girotzeko musika modalitate ezberdinei eutsiko zaie. Aurten, Sarasate pasealekura lekualdatuko da, baita ere, Iruñeko Txistularien 63. Alardea, uztailaren 10ean, igandearekin, 10:00etatik 12:00etara; aurtengo edizioaren izenburua Ibaiak da, eta ibaiek gure historian izandako garrantzia nabarmendu nahi du.
2022ko sanferminetako programak Askatasun plazako (‘Hauek Festa Hauek’), Taconerako (‘JolastuBirjolastu’) eta Media Lunako (‘Sports Kids’) haurrendako aisia-guneak berreditatu ditu, bai eta haurrendako entzierroak (goiz eta arratsaldez) eta arratsalde-gauero Karlos III.era iritsiko diren kalejira-antzerkiak. Halaber txotxongilo-ikuskizunak eginen dira euskaraz eta gaztelaniaz Askatasun plazan, egunero, 20:00etan. Gainera, zezensuzkoa aterako da egunero 21:45ean San Domingoko aldapatik.
‘Hauek Festak Hauek!’ zabalik egonen da uztailaren 6tik 14ra, goizez, 11:30etik 14:00etara (6a salbu) eta arratsaldez, 18:00etatik 21:00era, abentura-jolasekin, lantegiekin, puzgarriekin eta, oro har, 17 urtera arteko askotariko jendearendako eta adin tarteka banatuta. Taconerako parkean sanferminetan berriz ere egonen da haurrei zuzendutako programazioa. ‘JolastuBirjolastu’ berrerabiltzea eta birziklatzea sormenarekin eta irudimenarekin lotzen duen programa da, eta Larrainatik gertuen dagoen eremuan egonen da antzerki ikuskizun handi baten eszenografiarekin. Media Lunan ‘Sports Kids’ programak berriz ere eginen du Nafarroako kirol federazioekin lankidetza, eta 6 eta 14 urte bitartekoei 17 kirol modalitate ezberdinetan debutatzeko edo praktikatzeko aukera emanen die, hala nola arku-tiroa, esgrima, saskibaloia edo boleibola eta errugbia (berria aurten). Ordutegia: 11:00etatik 11:30era eta 18:00etatik 20:30era izanen da.
- Gazteak eta nerabeak
Nerabeendako dagoeneko hitzordu finkoa da eta aurten bueltan da Foruen Plazako Gazte eremua. 12 eta 17 urte bitartekoei zuzendutako aisialdiko eta hezkuntzako gune horrek lantegiak, masterklassak, puzgarriak, DJak eta gazteen emanaldiak eskainiko ditu uztailaren 7tik 14ra, 19:00etatik 22:45era. Gunearen irekiera Bocabeats Comedia bikote bilbotarraren eskutik izanen da, zeinek Stand Up Comedy formatuan inprobisazioz eta beatboxarekin –interpreteak hainbat musika-instrumenturen soinuak eta erritmoak imitatzen dituen teknika– egindako musika-parodiez osatutako ikuskizun bat eginen baitute; uztailaren 14an, itxierarako, alkoholik gabeko koktelak dastatzea, ur-jolasak eta Nakama Planet tokiko taldearen eta Ramón Mirabet artista katalanaren emanaldiak izanen dira proposamena.
Bertan, halaber, Udalak ‘Gozatu burua galdu gabe’ kanpaina bultzatuko du; mezu horrek norberaren erantzukizuna azpimarratu nahi du jaiak modu osasuntsu eta arduratsuan bizitzeko orduan, alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoa saihestuz eta sexu-harremanak izatean beharrezkoa den segurtasuna azpimarratuz.
- KONTZERTUAK
Lola Índigo, La Oreja de Van Gogh, La M.O.D.A. eta Camela, besteak beste, izanen dira sanferminetako gauak girotuko dituzte artistak Foruen plaza.
Hamabi musika-proposamenek– horien artean Espainiako artista eta talde ospetsuenak– osatuko dute Iruñeko Udalak sanferminetako gauetarako prestatu duen programa. Lola Índigok irekiko du uztailaren 6ko gauean eszenatoki hori berriz ere kontzerturik gabeko bi urteren ondoren, eta hurrengo urtera arte agur esanen du ‘Camela’ taldearen eskutik, uztailaren 13an, talde horren ibilbideko arrakasta handien soinudun errepaso batekin. Emanaldien artean nabarmentzekoak dira, halaber, La Oreja de Van Gogh talde gipuzkoarrarena ,uztailaren 10eko gauean, Fernandocostarena, biharamunean, edo La M.O.D.A. taldearena uztailaren 12an, asteartearekin. Udalak Compañía plazarako musika-programazioa ere aurkeztu du eta, berriz ere jazzaren eta munduko musiken soinuen aldeko apustua eginen du.
María García-Barberena Iruñeko Udaleko Kultura zinegotziak eta Jorge Urdánoz Alorreko zuzendariak aurkeztu dute Udalak sanferminetarakoprestatu duen musika-proposamena, jaietako bi agertoki nagusitan. Artisten eta musika-ekitaldien eskaera gehien dauden udetako bat izan arren, jaietako programazioak edukiera handiko kontzertuen kopurua bikoiztuko du Foruen Plazan, hamabi artistarekin, eta horien artean jaialdietako kartelburuak, herri-musikaren erreferenteak edo beren estiloetako aitzindariak aurki daitezke.
Lola índigok abiatuko ditu Foruen plazako gauak Txupinazoaren egunean, 23:30ean. Miriam Doblasen alter ego eta izen artistikoa 2017an ezagutzera eman zen telebista saio ezagun baten bidez. Orduz geroztik, bere ibilbidea goranzkoa izan da eta platinozko 15 disko eta urrezko 2 lortu diru, eta bere hasiera-albumak –Akelarre (2019)– Espainiako salmenta-zerrendetan 1. postua lortu zuen. 2021ean arrakasta errepikatu zen bere bigarren diskoarekin, La Niña, eta Espainiako artista onenari emandako 2019ko MTV EMAs saria eta Los40 Music Awadsen artista agertu-berri onenaren saria irabazi zituen.
Uztailaren 8an, ostiralarekin, 23:30ean Iseo & Dodosound Iruñeko taldeak irekiko du gaua, eta bere lan berria estreinakoz hiriburuan aurkeztuko du. ‘Doctor Deseo’ taldearen rockak jarraituko die, Foruen plazako agertokira igoko dena 01:00etatik aurrera. Hiru urteko geldialdiaren ostean eta musika profesionalean hiru hamarkadatik gorako ibilbidea atzean dutela, sanferminak izanen dira kontzertu handietarako bueltan eginen duten geldialdietako bat. Datozen sanferminetan bere musika Foruen plazara ekarriko duen beste izen ezagun bat, nazio eta nazioarte mailan, ‘La Oreja de Van Gogh’ taldea da. Leire, Xabi, Pablo, Haritz eta Alvaro hilaren 10ean itzuliko dira, 23: 30etik aurrera, jaietara eta Iruñera, Ipar Amerikako hainbat puntutan beren abestiekin ibili ondoren, eta behin baino gehiagotan ‘ez dago sarrerarik' kartela eskegi ostean, herrialdeko jaialdi garrantzitsuenetako batzuetan kartelburu izateaz gain.
Jaien bukaera, nazioan puntakoak diren taldeekin
Eta jaien bukaeran, egungo musikan ospetsuak diren izen eta soinuek protagonista izaten jarraituko dute. Uztailaren 11n, eta Ben Yarten kontzertuaren ondoren, Fernandocosta helduko da, Espainiako hip-hopeko egungo erreferentziazko artista. Artista horrek goranzko ibilbidea du eta bere lanek joeretan kokatzen dute egiten duen proiektu bakoitzarekin. Aurkeztuko dituen kantuen artean, maiatzean kaleratuko duen bere bigarren disko oparoko batzuk egonen dira.
Hurrengo egunean, uztailaren 12ko gauean, 23:30etatik aurrera, La M.O.D.A. taldea itzuliko da sanferminetara. Duela hamarkada bat Burgosen sortu zirenetik Iruñeaz gain bere abestiak beste hainbat tokitan jo dituzte, hala nola, Mexikon, Herbeheretan, Irlandan, Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan. Foruen plazan duten hitzorduan bere abestirik ezagunenak txandakatuko dituzte beren azken diskoko beste batzuekin. ’Nuevo cancionero burgales’ izenekoa, Gorka Urbizuk ekoiztu du eta haien herriko musika oinarri dute.
Eta 13an, Foruen Plazako musikarekin eginen den sanferminetako azken hitzordua estatuko musika panoraman ezinbestekoa den talde baten eskutik iritsiko da. ‘Camela’ taldeak 25 urte bete dituela ospatuko ditu taula gainean, eta tekno-rumbaz denek ezagutzeko moduko estiloa egitea lortu dute. 23:30etik aurrera Iruñean askotariko arrakastak entzunen dira, hala nola, ‘Cuando zarpa el amor’, ‘Lágrimas de amor’, ‘Háblame de mí’ eta ‘Nunca debí enamorarme’.
San Fermin egunean, uztailaren 7an, ostegunarekin, Foruen plazan rapa egonen da entzungai Ptazetaren eskutik, 23:30ean, eta 01:00etan Interneten bidez arrakasta jasotzen ari den artista Ms Nina izanen da oholtzan. Sanferminetako larunbat gaua ‘Nøgen’ taldearen indie folkarentzako izanen da, eta 01:00etan ‘Ciudad Jara’ taldeak lekukoa hartuko dio eta bere azken diskoa aurkeztuko du.
Munduko musikak eta jazza Compañía plazako agertokian
Compañía plazak bere bi izaera nagusiei eutsiko die sanferminetan: munduko musikak eta jazza; izan ere, horiei esker ezinbesteko lekua lortu du jaietako musika-programazioan. Programazioak bere generoetan erreferenteak barne hartzen ditu, hala nola, ‘Trojan Soundystem’–ska zigilu ikonikoena mundu mailan– eta ‘Eliades Ochoa’, egun oso gaurkotasunekoa dena ‘C. Tanganarekin’ egindako elkarlanagatik. Halaber, bertan izanen da ‘Lauer’ Europako musika elektronikoan oso modan dagoen ekoizlea eta David Murray saxofoi-jotzailea.
Compañíako gauetan, munduko toki desberdinetatik etorritako zazpi artista –esaterako, Estatu Batuak, Erresuma Batua edo Cuba– hurbileko proposamenekin batera egonen dira kartelean. Estrategia horrek xede du tokiko produktua lehen lerroan jartzea, eta aurten arratsaldeen aldeko apustuarekin indartuko da. Ehuneko ehunean tokiko programazioa izanen dute, indie, pop, eletronika, kumbia, garage, rock edo musika afro-karibetarraren tokiko artisten proiektuekin, zeinek beren lan berriak Iruñean aurkeztuko baitituzte.
‘JazzFermin’ jaialdiko proposamenen artean 2020an hil zen Pedro Iturralde saxofoi-jotzaile nafarrari egindako omenaldia nabarmentzen da. Hitzordu horretarako bereziki prestatutako kontzertua izanen da eta bertako artisten eta Dorah Carter abeslari amerikarraren laguntza izanen du, David Murray, Sean Clapis edo Harlem Gospel Travelers eta Eli Paperboy Reed taldeen emanaldiez gain.
Compañían entzunen diren beste izenetako batzuk, honako hauek izanen dira: Andrea Santiago, Javi Robles, Los Ácidos, Iratxe, Katanga Dub eta Guarimba. Baina, hiri-musikarentzako ere tokia egonen da, zeina azken urteotan gehien gailendu denetakoa baita. Uztailaren 8an, ostiralarekin, adibidez, ‘Goxua & Salsa’ taldearen doinuak helduko dira, hazkunde betean ari dena, eta dantzaz beteriko zuzenekoan latinoamerikako soinuen eraginaren potentziala erakutsiko du euskal ikuspegitik. Nabarmentzekoa da, halaber, egun bat geroago, Sara Goxuaren eta Señoraren presentzia, eszena horretako bi dj nabarmenenak Iruñan.
Kontzertuak, Foruen plazan
- Uztailak 6, asteazkena
- 23:30 Lola Índigo
- Uztailak 7, osteguna
- 23:30 Ptazeta
- 01:00 Ms. Nina
- Uztailak 8, ostirala
- 23:30 Iseo & Dodosound
- 01:00 Doctor Deseo
- Uztailak 9, larunbata
- 23:30 Nøgen
- 01:00 Ciudad Jara
- Uztailak 10, igandea
- 23:30 La Oreja de Van Gogh
- Uztailak 11, astelehena
- 23:30 Ben Yart
- 00:30 FERNANDOCOSTA
- Uztailak 12, asteazkena
- 23:30 LA M.O.D.A.
- Uztailak 13, asteazkena
- 23:30 Camela
Kontzertuak Compañia plazan
- Uztailak 6, asteazkena
- 19:00 Nicolette All Stars & Lauer
- Uztailak 7, osteguna
- 23:30 Trojan Soundsystem
- 20:00 Katanga Dub
- Uztailak 8, ostirala
- 23:30 Goxua`n Salsa
- 20:00 Guarimba
- Uztailak 9, larunbata
- 23:30 Eliades Ochoa: Star of Buenavista Social Club
- 19:00 Señora & Sara Goxua
- Uztailak 10, igandea
- 23:30 Harlem Gospel Travelers feat. Eli Paperboy Reed
- 20:00 Javi Robles
- Uztailak 11, astelehena
- 23:30 Sean Clapis Brooklyn Trio & Antonio Serrano
- 20:00 Iratxe
- Uztailak 12, asteazkena
- 23:30 Deborah Carter meets Pamplona Jazz 4t Pedro Iturralde Tribute
- 20:00 Andrea Santiago
- Uztailak 13, asteazkena
- 23:30 David Murray & Marta Sanchez
- 20:00 Los Ácidos
Laburrean
- Mota Jaiak
- Data 2022(e)ko uztailaren 6(e)tik 2022(e)ko uztailaren 14(e)ra
- LekuaPamplona/Iruña
- Info Gehiago



