ASTE NAGUSIA 2022: Kartel Lehiaketa

Bilbao 2022(e)ko maiatzaren 4(e)tik 2022(e)ko ekainaren 5(e)ra
  • ASTE NAGUSIA 2022: Kartel Lehiaketa

Abuztuaren 20an, Bilbok harrera egingo dio Marijaiari berriro ere, Arriaga Antzokiko balkoian. COVID-19agatiko bi urteko geldialdiaren ostean, Bilboko hiriburua prestatzen hasi da ja, «Aste Nagusia ezin bereziagoan murgiltzeko; ospatzeko eta gure jaiak bizitzeko gogoz gainezka gaude eta», iragarri du Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Jaietako zinegotziak.

Aste Nagusiaren 42. edizioa abuztuaren 20tik 28ra izango da, eta, lehen urrats gisa, Bilboko Udalak ohiko kartel lehiaketarako deialdia zabaldu du, Aste Nagusia 2022ko irudia hautatzeko. Aurtengoan, gainera, nobedadeak egongo dira: lehenengo aldiz, Bilboko jaiak iragartzeko lanak aurkeztu nahi dituztenek, online egin beharko dute. Sortzaileek ekainaren 5eko 23:59ra arte izango dute beren lanak aurkezteko, udal webgunean. Oinarriak ere bertan daude.

Aurreko edizioetan bezala, oraingoan ere diseinu grafikoaren profesionalek nahiz amateurrek parte hartu ahalko dute, edozein nazionalitatekoak direla ere. Gehienez ere, lan bi aurkeztu ahalko ditu bakoitzak. Lanok argitaragabeak izan beharko dute, eta titulu edo lelo bat eduki beharko dute. Dibertsitatea baloratuko da —alegia, rolak eta estereotipoak saihestea—.

Udalak baldintza gisa ezarri du kartelean honako testu hau agertzea: «ASTE NAGUSIA. BILBAO 2022. ABUZTUAK 20-28 AGOSTO».

HERRITARREK AUKERATUTAKO IRUDIA

Kartelen lehen hautaketa epaimahai batek egingo du. Bederatzi kidek osatuko dute epaimahai hori: diseinu grafikoaren eta komunikazioaren alorreko bost lagun, Udalaren hiru ordezkari, eta Bilboko Konpartsaken ordezkari bat.

Beste urte batzuetan bezala, Epaimahaiak 6 kartel hautatuko ditu, eta, ekainaren 8tik 15era bitartean, herri-bozketa egingo da. Bozketa-sistema mistoa da, errazteko herritarrek Aste Nagusia 2022ko irudia aukeratzeko prozesuan parte hartzea: batetik, herri-bozketa dago (presentziala edo udal webgunearen bidezkoa, komunikabideen laguntzarekin), eta, bestetik, Epaimahaiarena. Epaia ekainaren 20an emango da ezagutzera.

Aste Nagusia 2022ren lan finalistak 3.000 euroko saria jasoko du.

 

OINARRIAK:

Bilboko Udaleko Jai Batzordeak lehiaketa bat deitu du, 2022ko ASTE NAGUSIAREN irudia izango den kartela egiteko

  • Diseinu grafikoaren profesionalek nahiz amateurrek parte hartu dezakete, edozein nazionalitatekoak direla ere.
  • Sari bakarra egongo da, 3.000 eurokoa.
  • Kartelak testu hau eduki behar du: ASTE NAGUSIA • BILBAO 2022 • Abuztuak 20 - 28 Agosto
  • Obrak formatu bertikalean egin behar dira, neurri hauekin: 50 cm x 70 cm.
  • Kartelak originalak eta argitaratu gabeak izango dira. (Parte-hartzaile bakoitzak 2 lan aurkeztu ditzake gehienez).
  • Dibertsitatea baloratuko da generoa eta sexu-orientazioa, jatorria eta kultura, dibertsitate funtzionala, adina, klase soziala, gorputz mota eta abarrekoak irudikatzean, rolak eta estereotipoak saihestuz.
  • Egile-eskubideak. Egileak behar bezala kudeatuta eduki behar ditu kartelean agertzen diren argazki, ilustrazio eta baliabide grafiko guztiak erabiltzeko eskubideak. Beste obra baten irudirik erabili badu edo plagiorik egin badu, egilea izango da gerta litezkeen arazoen erantzule bakarra, eta obra berehala erretiratuko da.
  • Aurkezpena:
    • Lanak online aurkezteko azken eguna: 2022ko ekainaren 5a, 23:59ean
    • Parte hartzen duten pertsonek irudiak eta euren datu pertsonalak hemen jarri behar dituzte: www.bilbao.eus, esteka honetan.
    • Obrek titulu edo lema bat eduki behar dute identifikazio gisa.
    • Exekuzio-dokumentua fitxategi hauen bidez igoko da:
      • JPG fitxategia, gehienez 1 Mb. (Titulua edo lema izango da fitxategiaren izena, letra txikiz).
      • PDF fitxategia, bereizmen handikoa (300 ppp), inprimaketaren behin betiko tamainan (50 cm x 70 cm), testu bektorizatuekin eta CMYK kolore-espazioarekin. (Titulua edo lema izango da fitxategiaren izena, letra handiz)
    • Web-formularioan datu pertsonal hauek eman beharko dira:
      • Titulua edo lema
      • Kartelaren deskribapen laburra (150 berba gehienez)
      • NAN
      • Izen-abizenak / Egile bat baino gehiago
      • Gizona / Emakumea / Ez bitarra
      • Jaiotze data eta jaioterria
      • Helbidea
      • Emaila
      • Telefonoa
      • Sare sozialak: Facebook, Instagram, Twitter, Linkedin
      • Diseinuaren, publizitatearen, komunikazioaren, arte ederren alorreko profesionala: bai / ez
      • Aurkezpen laburra, bio (150 hitz gehienez)
  • Epaia:
    • Jai Batzordeak izendatuko du epaimahaia, eta 9 kide izango ditu: inguruko diseinu grafikoaren eta komunikazioaren munduko 5 pertsona; Udalbatzako 3 ordezkari (jai batzordeko presidentea barne), eta Bilboko Konpartsen ordezkari 1.
    • Kartel irabazlearen aukeraketa. Epaimahaiak 6 kartel aukeratuko ditu, Udalaren www.bilbao.eus web-orrian eta ekainaren 8an jakinaraziko den espazio publiko batean ikusgai jarriko direnak.
      • Ondoren, bozketa-aldia hasiko da, ekainaren 15era arte:
        • Herritarren bozketa presentziala (lekua, zehazteke)
        • Epaimahaiaren bozketa
        • Herritarren online bozketa www.bilbao.eus
      • Puntuazio handiena jasotzen duen kartela hautatuko da, 3 bozketa motak gehituta. Bozketa mota guztiek balio bera izango dute (% 33,3 bakoitzak).
    • Epaimahaiaren ahalmenak:
      • Epaimahaiak aukeraketa-prozesuaren edozein unetan kanporatu ahalko ditu honelako arazoak dituzten lanak:
        • 1. Zalantzazko egilea, plagioa, imitazioa, originaltasun falta.
        • 2. Pertsonen duintasunaren aurkako lanak.
      • Deskalifikazioa herri-bozketaren ondoren egiten bada, bozketak gainerako finalistekin jarraituko du.
      • Epaimahaiak, bere ahalmenak gorabehera, herri-bozketaren epean egiten zaizkion kexa edo erreklamazioak bakarrik hartuko ditu aintzat.
    • Epaimahaiaren epaia ekainaren 20an emango da jakitera, eta ezin izango da errekurritu. Hala eta guztiz ere, epaimahaiak epaia berrikusi eta ezeztatu dezake baldin eta aurreko paragrafoetan aurreikusitako inguruabarretakoren bat gertatzen bada.
    • Epaimahaiak uste badu arrazoi teknikoengatik obrak aldaketaren bat behar duela, saritutako pertsonarekin batera baloratuko da.
    • Lehiaketa hutsik geratu liteke, Kasu horretan, diseinua enkargatu egingo da.
  • Saritutako kartela:
    • Saritutako kartelaren egileei eskatu ahal zaie diseinuan erabilitako elementuak, tipografiak eta fitxategiak eman ditzatela, sustapenerako eta zabalkuntzarako behar diren euskarri, formatu eta aplikazioei egokitzeko.
    • Bilboko Udala izango da saritutako lanaren jabe legitimoa, baita obraren ustiapen-eskubideena ere. Berarenak izango dira, halaber, erreprodukzio, egokitze, banaketa, komunikazio publiko eta zabalkuntzako eskubide guztiak, oraingo eta etorkizuneko euskarri eta plataforma guztietan, inolako mugarik gabe, harik eta egile-eskubideak iraungi arte.
    • Modu berean, aurkeztutako obren erakusketa eta zabalkuntza publikorako eskubidea izango du. Hori eskubideen doako eta bakarreko lagapena izango da, 2022ko irailaren 30era arte.
    • Saritutako kartela 2022ko ASTE NAGUSIAREN irudia izango da, euskarri guztietan.
    • Lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.
    • Oinarrietan aurreikusi ez den orotan, Bilboko Udalaren eta zuzenbide publikoko bere organismo eta entitateen deialdiaren bidez dirulaguntzak emateko oinarriak arautzen dituen Ordenantza Orokorra aplikatuko da, ordezko modura. Ordenantza hori 2016ko ekainaren 30ean onartu zuen Bilboko Udalbatzarrak, eta 2016ko uztailaren 20an argitaratu zen BAOn (138. zenbakia). https://labur.eus/XBj8n

JAI BATZORDEKO PRESIDENTEA

Oinarriak deskargatu (pdf formatuan - 240 KB)

bilbao.eus

Laburrean

Non