Laudioko ohiko produktu eta artisautza azoka
Dagoeneko 131.a den edizio honetan, azokak biltzen dituen 60 postuak Herriko, Aldai eta Alberto Acero plazetan banatuta egongo dira. Izena emateko epea gaurtik martxoaren 10era bitartekoa izango da
Apirilaren 8an, Laudioko erdialdea Aiaraldea eskualdeko produktuen eta artisautzaren erakusleiho onena bihurtuko da ordu batzuez. Izan ere, aurten, laudioarrak ez dira geratuko 131. ediziora iritsi den Dolumin Bariku tradizionala ospatu gabe. Hala ere, oraingo honetan, herrian guztiok hain errotuta eta maite dugun festa hau ez da aurreko edizioetako berbera izango. Herritarren segurtasuna zaintzen jarraitzeko eta jendetzak saihesteko, Laudioko Udalak Herriko, Aldai eta Alberto Acero plazetan banatuko ditu azokak biltzen dituen 60 postuak.
Azokan produktuen eta artisautzaren erakusketarekin eta salmentarekin parte hartu nahi dutenek gaurtik, otsailaren 23tik, martxoaren 10era arte eman ahal izango dute izena Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) edo egoitza elektrikoaren bidez. Eskabidea egiteko, E.00.01 inprimakia bete beharko da, eta Tokiko Gobernu Batzarraren 2022ko otsailaren 18ko erabakian adierazitako agiriak erantsi beharko dira.
Azokaz gain, goizez musika giroa egongo da, txistulari eta trikitilariekin, eta arratsaldean, Idi-probak Udal Karrejoan, Lauzaldik antolatuta, herri kirolak, eta Nafarroako jota ikuskizuna. Jaiak gauez jarraituko du herriko gazteentzat, Akerbeltz taldearen eskutik etorriko den erromeriarekin.
Maite Cortazar Jaietako eta Herritarrekiko Harremanetarako zinegotzi arduradunak nabarmendu duenez, “beharrezkoa da etorkizun hurbilean baikortasunez pentsatzea eta gure jarduerei ekitea, aldaketak eta egokitzapenak egin arren. Gure udalerriko jaietako normaltasuna berreskuratu behar dugu, betiere osasun arloko jarraibide eta gomendio guztiak errespetatuz”.
Bestalde, Aberedunak abeltzainen elkarteak ganadu-azoka ez antolatzeko erabakia iragarri dio Udalari astelehen honetan egindako bileran. Laudioko Udalak hartutako erabakia errespetatzen du eta beste aukera batzuk bilatuko ditu.
HURRENGO JAIAK
Pandemiaren egungo bilakaeraren aurrean, eta beherako bidean jarraituko duela uste sendoa izanda, abuztuan 2022ko Sanrokeak antolatzea aurreikusten du Laudioko Udalak. Oraindik zehazteko dauden ekintzak, unean uneko egoerara egokituko dira, agintari eskudunek ezarritako gomendio guztiak errespetatuz.
Joan den otsailaren 16an, Laudioko Udalak herriko jai arloko eragileekin partekatu zuen herriko jaiak berreskuratzeko asmoa. Erantzuna positiboa izan zen, eta bigarren topaketa bat egingo da, jai arloko taldeen eta eragileen ekarpenak, ideiak eta asmoak biltzen jarraitzeko.


