"José Arrue margolariaren heriotzaren 45. urteurrena"

Laudio 2022(e)ko apirilaren 5(e)tik 2022(e)ko abenduaren 31(e)ra
  • "José Arrue margolariaren heriotzaren 45. urteurrena"

Laudio herriak urte osoan gogoratuko du José Arrue margolariaren heriotzaren 45. urteurrena

 Haren lau obra ipini ditu Udalak tren geltokiko tunelean, kale- arte legez. Jardueren egitarau joria ere diseinatu du artistaren memoria omentzeko

Gaur, 2022ko apirilak 5 dituela, 45 urte bete dira José Arrue margolaria zendu zitzaigunetik. Haren ibilbide artistiko aparta gogora ekartzeko asmoz, Laudio Udalak haren lau obra ipini ditu tren-geltokiaren ondoko tunelean, kale-arte legez, laudioar zein bisitariek horiek ikusiz goza dezaten.

José Arrue bilbotarra izan zen sortzez (Abando, 1885), baina Laudion bizi izan zituen bere azken 37 urteak. Izan ere, udal-kanposantuan dago ehortzita. Udalak ez du aspaldian haren memoria berreskuratu eta bizirik mantentzeko ekimenik egin, nahiz eta bere garaian ekimen puntualak egin ziren, hala nola, 1973an haren obrekin egindako erakusketa (Arabako Aurrezki Kutxa, 1973ko maiatzaren 31tik ekainaren 3ra), kale-izendegia erabat aldatu zenean kale bati haren izena ipintzea (Udalbatzaren Osoko Bilkurak 1981eko martxoaren 16an hartutako erabakia) eta Kepa Sojo laudioarrak Bai udal-bilduman egindako argitalpena(El reflejo de Llodio en la pintura de José Arrue, 1994). Margolariak bere obra unibertsalaren bidez Laudio udalerriaren ondareari eta identitateari egin zion ekarpena ezagutarazteko eta aitortzeko ere ezer gutxi egin izan da.

Hortaz, Laudio Udalak hainbat jarduera antolatu ditu askotariko gizarte eragile ugarirekin batera, margolaria omendu eta haren memoria bizirik mantentzeko xedearekin.

JARDUERAK

Alderantzizko ordena kronologikoan, datorren abenduaren 13an, Santa Luzia egunez, margolariaren estatua inauguratuko da Alberto Acero plazan. Lourdes Umérez eskultoreak taxutuko du eskultura, hau da, 2004an Jose Arrueren lagun min izandako Ruperto Urquijo konpositorearen estatua egin zuen artista berak. Egun horretan bertan amaituko da aste batzuk lehenago abiaraziko den margo-erakusketa. Margolari gogoangarriaren lan ugari egongo da ikusgai, tartean, orain arte plazaratu gabeko lan ezezagun batzuk. Gainera, obra horiek atzendu ez daitezen, erakusketaren katalogoa argitaratuko da. Erakusketa jantzi eta osatzeko, bertoko artista honen itzal unibertsalari buruzko hiru berbaldiko zikloa ere antolatuko da.

Halaber, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek margolariaren bizitza eta utzi zigun ondarea ezagutzeko aukera izango dute, beren-beregi prestatutako materialei esker. Ekintza hori osatzeko, umeentzako ikuskizun bat eskainiko da, artista kutunarekiko eta haren obrarekiko keinuz josia. Gainera, haren obrak landu ahalko dituzte txikienek haientzat pentsatutako tailerretan.

Hertsiki administratiboa eta instituzionala den esparruari dagokionez, José Arrue Laudioko seme kutun izendatzeko proposamena aurkeztuko da azaroko osoko bilkuran. Udalek euren biztanleei eman diezaieketen ohore gorena da hori, eta, definizioz, «titulua ematen duen udalerrian jaio gabe ere, merituengatik, gaitasunengatik edo herriaren alde eta ohorez emandako zerbitzuengatik nabarmenki gailendu diren eta esparru publikoan aintzatespen orokorra lortu duten pertsonei» baino ez zaie ematen.

Horrez gain, haren erromeria-irudietako bat hezur-haragizko laudioarren laguntzaz irudikatzeko saioa ere egingo da.

zuin.net

Laburrean

  • Mota Bestelakoa
  • Data 2022(e)ko apirilaren 5(e)tik 2022(e)ko abenduaren 31(e)ra
  • LekuaLaudio

Non