Punto de Vista 2022 - Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia
Nafarroako Gobernuak sustatu eta NICDO sozietate publikoak antolatzen duen Punto de Vista jaialdia Iruñean izanen da, martxoaren 14tik 19ra bitarte.
Punto de Vista 2022 jaialdiaren zifra garrantzitsuenak
- Guztira, 60 jarduera eta proiekzio baino gehiago antolatuko dira jaialdi osoan.
- Programazioa 7 sail nagusitan banatuko da: Sail ofiziala, Atzera begiradak, Fokuak, Lan, Kontaktuak, X Films eta Hezkuntza Programa.
- 100 film inguru proiektatuko dira sail guztietan.
- 20 nazionalitate baino gehiago bilduko dira Punto de Vista jaialdian, honako herrialde hauetatik ekarritako filmen bitartez: Japonia, Frantzia, Estatu Batuak, Espainia, Afganistan, Italia, Argentina, Bosnia, Txina, Irlanda, Filipinak edo Kamerun, besteak beste.
- Sail ofiziala osatzen duten filmen zuzendariak hamabi emakume eta hamar gizon izan dira. Horien artean, mundu mailako bi estreinaldi izanen ditugu: Ione Atenearen Los caballos mueren al amanecer eta Javier Codesalen Evangelio mayor.
- Punto de Vista 2022ko jarduerak 6 egoitzatan banatuko dira: Baluarte, Golem Zinemak, Oteiza museoa, Nafarroako Filmoteka, Civivox Condestable eta Katakrak.
Sarrerak salgai daude jada
Salgai daude jada jaialdiko saio guztietarako sarrerak, jaialdiaren webgunearen bitartez: www.puntodevistafestival.com. Sarreren prezioa, oro har, 3 euro izanen da saio bakoitzeko, salbuespen batekin: martxoaren 19an, larunbatean, Oteiza Museoan izanen den programa bikoitzak 8 euroko kostua izanen du, Baluartetik autobus zerbitzua ere sartzen baita prezioan.
Publiko guztientzako proposamenak
Edizio honetako bi atzerabegirakoei dagokienez, Marokoko zinema dokumentalaren hastapenari buruzkoa izanen da bata, eta bestea ibaiei buruzkoa, zinemaren historian agertu izan diren elementu sozial eta natural gisa. Proiekzio, aurkezpen eta solasaldiez gain, gai horiekin lotutako gonbidatu ugari izango dira, eta eztabaidarako jarduerak antolatuko dira, hala nola mahai-inguruak, hitzaldiak eta elkarrizketak. Azken alderdi hori, hausnarketarena, zinema dokumentalaren bereizgarri den aldetik, funtsezkoa da aurten aurkeztuko diren bi sail berrietan: Lan, sorkuntzako eta ekoizpeneko prozesuak ardatz izanik; eta Kontaktuak, jaialdiaren azken lau edizioetan zabaldutako bideari jarraikiz, zinema sorkuntzaren eta ezagutzaren beste diziplina batzuetara irekitzen jarraitzeko.
Horretaz guztiaz gain, bi zinemagile garaikide garrantzitsu izanen ditugu gure artean, beren filmak jaialdian aurkezteko: Sofia Bohdanowicz, Artxiboko Fikzioak fokuaren protagonista Payal Kapadia-rekin batera; Lucía Salas gure kideak programatu du. Eta Manuela Serra, Portugalgo O Movimento das Coisas (1985) film mitikoaren egilea; Portugalgo Zinematekak berriki zaharberritu duen kopia proiektatuko dira.
Nafarrak Punto de Vista 2022 jaialdian
Nafarroak ordezkaritza oso garrantzitsua izanen du aurten Jaialdiko programazioaren barruan, geure ikus-entzunezkoen industriak bizi duen sasoi onaren adierazgarri. Punto de Vistaren inaugurazioan Ione Atenea zinemagile nafarraren film luze berriaren munduko estreinaldia izanen da: Los caballos mueren al amanecer. Bestalde, Arantza Santestebanek 918 GAU aurkeztuko du Sail Ofizialean; kritikak oso harrera ona egin dio lanari, eta Lisboako eta Turingo jaialdietan Film Onenaren Sariak irabazi ditu. Gainera, San Simón 62 filmaren munduko estreinaldia ere izanen da; X Films proiektuaren azken edizioko garailea izan zen, eta urte osoan Nafarroan barrena ibili dira Irati Gorostidi eta Mirari Etxabarri filma grabatzen. Foru Erkidegoko ibaiak ere presente egonen dira Encuentro en el río (Topaketa ibaian) atzerabegirakoan, Miriam Martín zinemagile eta programatzaileak proposatuta. Martxoaren 18an, ostiralarekin, 11:00etan, bi ordu inguru iraunen duen paseo bat antolatuko da ibaian barrena: El Arga encantado (Arga, sorgindua); Santa Engrazia zubitik abiatuko da, eta edonor joan daiteke, aurrez izena eman behar izan gabe eta jaialdira joan behar izan gabe. Azkenik, Nafarroako ordezkaritza izanen da sail berri batean ere: Lan, izan ere, Paisaiaren bi saioak eta Zinema Zubiak topaketa bilduko baititu, azken hori Napardocs proiektuan bat egin duten ekoizle nafarren eskutik.
Kontziliazioaren alde
Aurten, gainera, kontziliazioaren alde egin du jaialdiak, eta Punto de Vista ludoteka sortu da: Puxika Gorria. Hortaz, bularra emateko txoko bat izateaz gain, sei hilabetetik hamabi urtera bitarteko haurrentzat gune bat ere izanen da, eta akreditatutako pertsonek ez ezik, publiko orokorrak ere baliatu ahal izanen du zerbitzua, martxoaren 17an, 18an eta 19an. Plaza erreserbatzeko aukera dago jada, gure webgunearen bitartez.
Goiburua
Estampa kolektibo artistikoa da, eta errealizatzaileak, programatzaileak eta ikertzailek biltzen dira bertan; ikus-entzunezko esperimentalaren eta ingurune digitalen esparruak lantzen dituzte, eta edizio honetako proiekzio guztien hasieran proiektatuko den goiburua egin dute.
Jaialdiaren goiburuetan Nafarroako Fototekako funtsaren estereoskopiak berreskuratu dira. Hiru dimentsioko gailuaren bitartez, pare bakoitzeko bi irudien fotogramaz fotogramako segida ikusten da, flicker batean bezala. Horrela, argazkiak bere zentzua eta forma berreskuratzen ditu. Goiburu bakar baten ordez, hainbat bertsio egiteko aukera ematen duen formatuaren alde egitea erabaki da (guztira, hemezortzi egin dira). Hartara, irudiak nondik datozen birsortzen da, artxibo bat, baita irudien bilduma izaera ere. Irudi bakoitzari berezko lilura baldin badario, multzo gisa elkarri oihartzuna egiten diote eta efektuak biderkatzen dituzte. Alboratzearen erlazio eta oihartzunak dira, dela gordeta dauden artxiboetako alboratzearenak, dela egun hauetan ikusgai dauden muntaketaren alboratzearenak.
Laguntzaileak
Aurten ere, Punto de Vistarekin elkarlanean jarduten duten kulturaren industriako nazioko eta nazioarteko erakunde eta eragileen sarea zabaltzen jarraitu du jaialdiak. Aurreko edizioetan abiarazitako elkarlanei eutsiko zaie jaialdian: ICAA, Acción Cultural Española, Uharte zentroa, Iruñeko Udala Civivox sarearen bitartez, Nafarroako Kutxa fundazioa, Radio 3, Nafarroako Filmoteka, Jorge Oteiza Museoa fundazioa, Goethe-Institut, NAPAR eta Nafarroako Ikus-entzuneko Klusterra, Cineteca, Institut Français edo Elías Querejeta Zine Eskola.
Eta, horietaz gain, bidaide berriak daude aurten, hala nola Golem, Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionala, Casa Árabe, CIMA, FCAT Afrikako Zinemaren Jaialdia, Marokoko Zentro Zinematografikoa, Nafarroako Artxiboa, Instituto Cervantes Tánger, Le Ballon Rouge, Kanadako enbaxada, Espainiako Filmategia, Zinemateka Frantsesa, Zinemateka Portugesa, Cinemateca Bologna/ The Film Foundation/ World Cinema, Antartika, Injuve edo Festival Scope plataforma.
Nabarmendu behar da, halaber, pandemiaren ondorioz sortutako elkarteetan aktiboki parte hartzen jarraitzen duela jaialdiak, hala nola Federación Pantalla, La Mesta edo Red Ibero Fest.
Punto de Vista jaialdiko Sail ofizialeko filmak 2022
1. 918 GAU, Arantza Santesteban. Espainia. 65’.
2. Baleh-Baleh, Pascale Bodet. Frantzia. 51’. Estreinaldia Espainian.
3. Charm Circle, Nira Burstein. Estatu Batuak. 78’. Estreinaldia Espainian. Lehiaz kanpo. Amaierako saioa.
4. Evangelio mayor, Javier Codesal. Espainia. 138’. Munduko estreinaldia.
5. Film balkonowy, Pawel Lozinski. Polonia. 100’. Estreinaldia Espainian.
6. Guerra, Marta Ramos eta José Oliveira. Portugal. 104’. Estreinaldia Espainian.
7. Les prières de Delphine, Rosine Mbakam. Kamerun, Belgika. 91’.
8. Los caballos mueren al amanecer, Ione Atenea. Espainia. 81’. Munduko estreinaldia. Lehiaz kanpo. Inaugurazioko saioa.
9. Mille cipressi, Luca Ferri. Italia. 13’. Estreinaldia Espainian.
10. Minamata Mandala, Kazuo Hara. Japonia. 372’. Estreinaldia Espainian. Lehiaz kanpo.
11. Narciso, Julio Fermepin. Argentina. 29’. Estreinaldia Espainian.
12. Nenad, Mladen Bundalo. Bosnia, Belgika. 22’. Estreinaldia Espainian.
13. No hay regreso a casa, Yaela Gottlieb. Peru. 71’. Estreinaldia Europan.
14. Podul de Piatrâ / Pont de Pedra, Artur-Pol Camprubí. Espainia. 18’.
15. Saturn and Beyond, Declan Clarke. Irlanda. 60’. Estreinaldia Espainian.
16. Self-Portrait: Fairy Tale in 47KM, Mengqi Zhang. Txina. 109’. Estreinaldia Espainian.
17. Soy libre, Laure Portier. Frantzia. 78’. Estreinaldia Espainian.
18. The Capacity for Adequate Anger, Vika Kirchenbauer. Alemania. 15’. Estreinaldia Espainian.
19. To Pick a Flower, Shireen Seno. Filipinak. 16’. Estreinaldia Espainian.
20. Transparent, I am, Yuri Muraoka. Japonia. 12’. Estreinaldia Espainian.
21. untitled part 9: this time, Jayce Salloum. Afganistan, Kanada. 6’. Estreinaldia Espainian.
Laburrean
- Mota Jaialdia
- Data 2022(e)ko martxoaren 14(e)tik 2022(e)ko martxoaren 19(e)ra
- LekuaPamplona/Iruña
- Sarrerak Erosi


