"Jean Dubuffet: ospakizun bizia"
Bigarren Mundu Gerra amaitutakoan, Jean Dubuffet (1901–1985) balio artistiko sustraituenak zalantzan jartzen zituzten margolanak ikusgai jartzen hasi zen, alde batera utziz edertasun klasikoaren eta lotsaren printzipioak eta trebetasun teknikoz aritzeko asmo oro. Haien ordez, ohikoari eta ezustekoari erreparatu zien, eta material arruntak eta gai prosaikoak erabili zituen lanerako, baita prestakuntza akademikoaren kanpo-zantzuak erabat baztertzen zituen estilo bat ere. Ikuspegi horrekin, Dubuffetek aurre egin zien arauei, haren ustez benetako adierazpena zaildu eta eguneroko esperientzia gutxiesten baitzuten. Hala ere, artistaren helburua ez zen soilik agerian jartzea zeinen zaharkituta zeuden konbentzio kulturalak: arauen menpe egon behar ez izateak ematen duen bizitasuna ere erakutsi nahi zuen. Honela esan zuen behin Dubuffetek: “Jendeak nire lana balio erdeinatuak indarberritzeko ahalegin gisa hartzea nahi nuke, eta [...], ez gaizki ulertu, ospakizun bizi-bizi gisa”.
Bere ibilbide osoan zehar, ospakizun-grina hori eta artistak kulturaren kritikarekiko zuen konpromisoa izan ziren Dubuffeten lanaren bereizgarri nagusiak. 1940ko eta 1950eko hamarkadetan egin zituen lanek edertasunaren kontzeptua berraztertzera bultzatzen dituzte ikusleak, eta agerian jartzen dute zeinen miresgarriak izan daitezkeen eguneroko gauzak, direla harriak, aluminio-paper zimurtua zein loditutako pintura. Hirurogeiko hamarkadatik hasi eta hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdera, Dubuffetek fantasiazko mundu batean murgiltzean zabaltzen den abentura-, sormen- eta aurkikuntza-ahalmena bistaratu zuen. Bere bizitzako azken hamarkadan, adimenaren egitura oinarrizkoenei buruzko beste kontzeptu bat sustatzen saiatu zen artista, eta aldez aurretik ikasitako kategoriek inposatzen dituzten mugetatik aske munduari aurre egiteak eskaintzen dituen aukerak ere imajinatu zituen. New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museumeko eta Veneziako Peggy Guggenheim Collectioneko funtsez osatutako erakusketa honek aztergai izango du Dubuffetek hamarkada erabakigarri haietan egindako lana, eta berretsi egingo du artistaren lanak, urteek aurrera egin ahala aldatu arren, oinarri bera mantendu zuela beti: publikoarekin ikuspegi berri eta pizgarriak partekatzea.
Komisarioa: David Horowitz.
Jean Dubuffet
Tirabira (La mésentente), 1978ko martxoaren 12a
Akrilikoa paper gainean, mihise gainean muntatua
139,4 × 241,9 cm
Solomon R. Guggenheim Museum, New York,
Trukez (86.3405)
© Jean Dubuffet, VEGAP, Bilbao, 2022
Laburrean
- Mota Erakusketa
- Data 2022(e)ko otsailaren 25(e)tik 2022(e)ko abuztuaren 21(e)ra
- OrdutegiaAsteartetik igandera 10:00-20:00. Uztaila eta abuztuan, astelehenetik igandera: 10:00-20:00
- Lekua Guggenheim Bilbao Museoa
Abandoibarra Etorbidea, 2
Bilbao - HizkuntzaBat ere ez
- Web Guggenheim Bilbao Museoa


