BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA: "Sua piztuz"
Bilboko Udal Txistulari Bandaren denboraldi honetako proiektu eta emanaldien artean, “Sua Piztuz” izenekoa nabarmentzen da, ikuskizunaren erakargarritasunagatik. Zirkozaurre bilbotar konpainiak eta Txistulari Bandak euskal musika, zirkua eta sustraiak uztartzen dituen ikuskizuna taularatuko dute datorren astelehenean, urtarrilaren 31n, arratsaldeko 19:00etan, Bilboko Euskalduna Jauregian.
Ekitaldi honekin, zirkuz eta kolorez tindatuko dute Jauregiko 0B aretoa. “Sua piztuz” izenburupean, Txistulari Bandak ohiko errepertorioko pieza batzuk eskainiko ditu, zehaztasunez interpretatuak Garikoitz Mendizabalen gidaritzapean. Tartean, Zirkozaurreko artistek beren magia ekarriko dute zirkuko zertzelada sotilekin. Ikuskizunean koreografiatutako eta sinkronizatutako malabare saio bat egongo da, baita aireko akrobazia delikatu eta ikusgarriak ere. Hala, ikusleek indarrez eta sentsibilitatez betetako proposamen batez gozatzeko aukera izango dute.
Bigarren kontzertu honetarako sarrerak Euskalduna Jauregiko leihatiletan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabankeko kutxazainetan eros daitezke. 2 euroko prezioa dute, gehi kudeaketa-gastuak (1,50 euro), publiko orokorrarentzat.
Era berean, gogoratu behar da, egungo osasun-egoera dela eta, baldintza hauek bete beharko dira Euskalduna Jauregiko ikuskizunetara sartzeko:
- 12 urtetik gorako pertsonei Covid pasaportea eta NANa eskatuko zaizkie.
- Covid pasaportea ez badute, bi agiri ofizial hauetako bat aurkeztu ahal izango dute: errekuperazio-ziurtagiria (PCR positiboaren ondorengo 11 egunetik 180 egunera bitarteko epean gaixotasuna igaro badu, 6 hilabeteko baliozkotasuna) edo proba negatiboaren ziurtagiria, 48 ordu lehenago antigenoen probari dagokionez eta 72 ordu lehenago PCR probari dagokionez.
Nahitaezkoa izango da musukoa erabiltzea bertaratzen diren guztientzat, 3 urtetik gorako umeak barne. Musuko higieniko, kirurgiko edo FFP2 homologatuekin sartu beharko dute. Ziurtagirien kontrolaren ondorioz sortuko den ikus-entzuleen fluxua dela eta aretora arinago sartzeko behar besteko aurrerapenarekin etortzea gomendatzen da.
Ikuskizun honen ondoren, txistulari boskotea otsailaren 9an itzuliko da oholtzara ‘Ilargi malkoak’ emanaldiarekin. Oraingo honetan, Bilboko Udal Txitulari Bandak txistu errepertorio tradizional batera hurbilduko gaitu, proiektatutako irudien laguntzaz, atmosfera intimo eta sentsualago batean murgilduz. Kontzertu honetan Xabier Zabalak (teklatua, akordeoia eta konposizioak) eta Miren Fernandezek (abeslaria) parte hartuko dute.
ZIRKOZAURRE KONPAINIA
Zirkozaurre Bilboko Zorrozaurre auzoan kokatutako zirku arteen gunea da. Zirkua sortzeko, praktikatzeko, irakasteko, ikasteko eta profesionalizatzeko grina duena. Gauza horiengatik eta beste batzuengatik 10 urte daramatzate lanean. Irabazi-asmorik gabeko elkartea da, zirkuarekin eta bere jarduera gunearen ingurunearekin konprometitua.
Zirku diziplina desberdinak irakasten dituzte euren eskolan, taldean dituzten irakasle espezializatu eta jatorren jakinduriarekin. Ikuskizun propioak sortzen dituzte eta beraien instalazioetan hainbat proiektu jasotzeko prest daude, zirkuaren berezitasunetara egokituta. Hango eta hemengo artistek sormen prozesuetan aurrera egiteko behar duten egoitza artistikoak aurkitzen dituzte Zirkozaurren.
Gainera, neurrira diseinatutako tailerrak, ekitaldiak eta jaialdiak antolatzen dituzte, erakunde publikoekin eta pribatuekin elkarlanean arituz sektorearen alde. www.zirkozaurre.com
BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA
Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina. Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.
Bandak baditu zazpi disko eta DVD bat kaleratuak: “Bilboko Udal Txistu Banda” (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin “Harizko Txistua”(2006); “Hala ere” (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; “Bihurrikeritan” (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; “Kantari Gabonetan” (2010) Leioako Kantika Koralarekin; “Plazan” (2014) erromerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; Xabier Zabalarekin “Gogoeta” eta azkena, “X Urte, hamaika lagun” (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.
Laburrean
- Mota Kontzertua
- Data 2022(e)ko Urtarrilak 31
- Ordutegia19:00
- Lekua Euskalduna Jauregia
Abandoibarra Etorbidea, 4
Bilbao - Sarrerak Erosi
- Web Euskalduna Jauregia



