Bilboko Udal Txistulari Bandaren Gabonetako kontzertua: "Elur malutak"

Bilbao 2021(e)ko Abenduak 20
  • Bilboko Udal Txistulari Bandaren Gabonetako kontzertua: "Elur malutak"

Bilboko Udal Txistulari Bandaren Gabonetako kontzertua ekitaldi berezi eta ezberdina da. Oraingo honetan, "Elur malutak" izenburupean, Txistulari boskoteak Bilboko Udal Musika Eskolako bi abesbatzen ahotsak izango ditu lagun, Miren Bernaolak zuzendutako “Ahotsak” abesbatza eta Fernando Latorrek zuzendutako “Lux Kodex Taldea”.

Normalean, berpizkunde garaian egiten zen musikan oinarritzen dira beraien emanaldiak, baina oraingo honetan, Gorka Aginaga pianistak lagunduta, Europako Errenazimentu garaiko obrak interpretatuko dira, hala nola Juan de Anchietaren “Con amores, la mi madre” eta “Din di rin din”, Josquin Desprezen “El grillo”, Pierre Passerauren “Il est bel et bon” eta Thomas Morleyren “Now is the month of maying”; eta gabon garaiko obra ezagunak ere interpretatuko dira, “Aurtxoa seaskan”, “Mariaren semea”, “Jubilate Deo”, “Elurra teilatuan”, “Din, Dan, Don” eta “Olentzero”, besteak beste.

Hitzordua datorren astelehenean izango da, abenduaren 20an, Euskalduna Jauregiko 0B aretoan. Kontzerturako sarrerak Euskalduna Jauregiko leihatiletan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabankeko kutxazainetan eros daitezke. 2 euroko prezioa dute, gehi kudeaketa-gastuak (1,50 euro), publiko orokorrarentzat.

Bi egun beranduago, abenduaren 22an, asteazkena, txistulari taldeak agur esango dio 2021ari, Bilboko Udal Musika Bandak Euskalduna Jauregiko Auditorioan eskainiko duen Gabonetako kontzertu berezian ("Gabonak gertu") parte hartuz, Bilbao Musikako haur eta gazte abesbatzekin eta Gorka Hermosa Urretxuko akordeoi-jolearekin batera. Jose R. Pascual-Vilaplanak zuzenduta, publikoak Gorka Hermosaren 'Neotango', Gregory Fritzeren 'Euskal dantzak-en Botxoa’, Oscar Navarroren 'Sueños de Sal', 'Eperra' kanta herrikoia Iñaki Urkizuren moldaketekin eta Toshio Mashimaren 'Dream in the Silent Night' abestiez gozatzeko aukera izango da.

2022ko lehenengo musika hitzordua urtarrilaren 17an izango da, "Lurra terra" izeneko emanaldiaren. Oraingo honetan, Bandak Aitor Furundarena (akordeoia eta ahotsa) izango du lagun, musika tradizional, etniko edo folkaren soinuak doinu bizi eta gaurkotuekin nahastuz.

BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA

Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina.

Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.

Bandak baditu zazpi disko eta DVD bat kaleratuak: “Bilboko Udal Txistu Banda” (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin “Harizko Txistua”(2006); “Hala ere” (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; “Bihurrikeritan” (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; “Kantari Gabonetan” (2010) Leioako Kantika Koralarekin; “Plazan” (2014) erromerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; Xabier Zabalarekin “Gogoeta” eta azkena, “X Urte, hamaika lagun” (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.

“AHOTSAK” ETA “LUX KODEX TALDEA” ABESBATZAK

Bilbao Musikako “Ahotsak” Abesbatza 2004an jarri zen martxan, Bilboko Musika Eskolaren barnean, Pedro de Diegoren zuzendaritzapean eta ikasle talde batek helduen abesbatz gisa eratua. Talde-koru bezala irmotuz joango da, egun Miren Bernaolaren eskutik. Orain, 70 koralistak osatzen du taldea.

Bere jardueren artean, Galdakao, Sestao, Amurrioko “Hasperen”, Amorebieta-Etxanoko “Alaiak”, Portugaleteko “Salazar”, Santurtziko “Maitia” eta Bilboko “Sanfran Korue” abesbatzeekin topaketak ditugu, besteak beste. Bilboko udal musika Bandarekin aritu zen lanean, José R. Pascual-Vilaplanaren zuzendaritzapean, Sorozabalen “Gernika” obran; baita, udalaren txistulari Bandarekin, 2018ko Gabonetako Kontzertuan. 2019an, Azkuna Zentroan Cine invisible Nazioarteko Jaialdiaren amaierako jaialdian parte hartu zuen. Bestalde, ikasturte akademiko desberdinetan zehar, Bilbao Musikak Campos Elíseos Antzokian antolatzen dituen kontzertuetan parte hartzen du. Bere koru-formakuntzari jarraiki, Nuria Orbea abeslari liriko eta kantu irakasleak emandako Koruentzako Ahots-teknika tailerrak antolatu ditu.

“Lux Kodex Taldea” Bilboko Udal Txistulari Bandarekin aurkezten da Europako Errenazimentu garaiko bost abesti interpretatzeko.

“Flutet-Tambourin” instrumentuak XIII. mendean erabili ziren oro har, eta berpizkundean Europa osoan izan zuten arrakasta. Hala, moko-instrumentuak ahots-polifonia interpretatzeko erabili ohi ziren. Ahotsak txistuarekin, silbotearekin eta perkusioarekin bateratzean, XV-XVI. mendeetan Europako musika polifonikoa nola entzuten zen ikus dezakegu, gutxi gorabehera.

Juan de Antxieta (Azpeitia, 1462-1523) bere garaiko euskal konpositorerik garrantzitsuena eta eraginkorrena izan zen. Bere konposizioek estilo propioa markatu zuten musika erlijioso eta profanoaren formen artean, barroko garaira sartu arte. "Amores la mi Madre" abestiarekin Jauregiko Kantutegian jasotako 4 ahotseko gabon kanta bat da. Bertan, Antxietak maisuki uztartzen ditu teknika profanoa eta sakratua. Espainiako musika polifonikoaren adierazgarria den eta Errege-erregina Katolikoen erregealdian jaso zen kantutegi honetatik ere "Din di rin din" entzuten dugu, konpositore ezezagunaren gabon-kanta, kutsu herrikoiagoa duena eta hiribilduetako biztanleek (bilauek) abesten zituzten abestietan jatorria duena, kopla eta leloz osatua. Napoliko “Montecassinoko Kantutegian” ere jasota dago.

Josquin Desprez (Frantzia, 1450-1521) Europako konpositore errenazentistarik adierazgarrienetako bat izan zen T. Luis de Victoria, Dufay eta Palestrinarekin batera eta Franko-Flamenkoko eskolako figura nagusienetako bat. “Kilkerra” da bere “Frottola” ezagunena. Italiar generoa madrigalaren antzekoa da, baina ezaugarri alaiak ditu, testura sinplea eta estribillo itxi eta homofonikoen forma. Abesti hau bere lagun Carlo Grillori eskainita dago eta zentzu bikoitzez beteriko testu barregarri eta jostari bat erakusten du.

Pierre Passerau (Frantzia, 1509? -1547), C. Janequinekin batera, “Chanson Parisinako” konpositore ezagunenetako bat izan zen. Bere abestien izaera ludikoa da, zentzu bikoitzeko eta lizunkeriatik gertuko testuekin. “Il est Bel et Bon”, alaitasunez eta axolagabekeriaz betetako abestia da, Italiako Frottola (Frottola) izenekotik gertu dagoena. Bertan, zentzurik gabeko silabak erabiltzen ditu, eta askotan animalien imitazio gisa. Oraingo honetan, oilaskoen kantua irudikatzen du.

Thomas Morley (Ingalaterra, 1557-1602), eskola madrigalista ingeleseko konpositore adierazgarriena izan zen. Kolore, forma eta teknika ugari erabiltzen ditu, araztua eta garaiko konpositoreak baino hobea. Bere madrigalak arinak dira, mugimendu azkarrekoak eta erraz kantatzeko modukoak. "Now is the Month of Maying" italiar estiloarekin egindako nahasketaren adibide bat da, berak ondo jakin zuena anglikanizatzen.


Laburrean

Non