INMERSIONES 2021 - Igartzeko Arteak. Kongresua

Vitoria-Gasteiz Abenduaren 16(e)tik abenduaren 18(e)ra
  • INMERSIONES 2021 - Igartzeko Arteak. Kongresua

INMERSIONES 2021 - Igartzeko Arteak: egitaraua (pdf)

 
HITZALDI-TAILLERRA
 
2021eko abenduaren 16an. 19:30
 
Aurkezlea: Estampa

Izenburua: Adimen artifizialetarako pedagogia kritikoa

Egun, bat gatoz esatean adimen artifiziala (AI) dela makinei beren kabuz era autonomoan zeregin jakin batzuk egiteko modua ematen dieten tresnen multzo bat. Teknika zehatzak dira, berrikuntza algoritmikoaren kontakizun ponpoxoen ondoren ezkutuan geratzen direnak. Erakuspen publiko eta parte-hartzaile baten bitartez, proposatzen dugu tresna horiek geure egitea, ikusizko kulturan duten rolari buruzko gogoeta egiteko. Irudietan objektuak identifikatzen (ikusmenaren automatizazioa), irudiak sortzen (sormenaren automatizazioa) eta testuak sortzen (idazkuntzaren automatizazioa) dituzten sare neuronaletan lardaskatuz, adimen artifizialetarako pedagogia kritiko bat pentsatuko dugu.
https://tallerestampa.com/es
Estampa programatzaileen kolektibo bat da, eta ikus-entzunezko esperimentalen eta adimen artifizialeko tresnen arloan lan egiten dute. 
Estampa kolektiboaren lanek lotsagabekeria eta jokoa baliatzen dituzte irudien zentzua eraldatzeko. Haien lanek teknologiei buruzko gogoetara zirikatzen dute, eta teknologiak abian jarri zituzten mito eta utopien aztarna bilatzen dute. Hori da, hain zuzen, haien azken ekoizpenen motibazioa; bertan, zaintza eta ustiapena automatizatzeko baliatzen diren tresnek adimen artifizialetarako pedagogia kritiko bat irudikatzen dute. 
Azken urte honetan, BCN 1965-1975 erakusketa egin dute Montjuiceko Gazteluan eta, bertan, CCCBren “Marte. El espejo rojo” erakusketarako “Especies marcianas” instalazioa aurkeztu dute. 2017. urtetik, hainbat ikerketa artistiko egin dituzte Adimen Artifizialaren bitartez. Ikusmen artifizialeko, irudiak sortzeko eta automatikoki idazteko teknikekin aritu dira esperimentatzen (makina Josep Pedrals poetarekin aurrez aurre jarriz, edo Irene Solà idazlearekin gutun elkartruke bat edukiz).  
2019an, igarpenaren mitologiei buruzko gogoeta kritiko bat egin zuten, Auspicios instalazioan gauzatua (Banco Sabadell Bildumak erosi duena): orakulu bat da, igarpenak aire trafikoa behatzearen bitartez egiten dituena.

HITZALDIA

2021eko abenduaren 17an. 19:30
 
Aurkezlea: Jorge Carrión

Izenburua: Etorkizunetik idatzi: Membrana bere azken eleberrian oinarrituz

Jorge Carriónek algoritmoei buruz hitz egingo du (aurpegi biko izakitzat, atzerabegirakotzat, aurrerabegirakotzat, oroimentsutzat eta profetikotzat ditu), baita haiei buruz forma enpatiko eta hautemankorren bidez pentsatzeko beharraz ere, distopia momentuka errealitateaz jabetzen ari den garai hauetan.
Jorge Carrión idazlea, kultura-kritikaria eta korrespontsala da une honetan. Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean humanitateetako doktorea da, eta UPF-BSMko Literatura Sorkuntza Masterreko ko-zuzendaria. 
Los muertos, Los huérfanos, Los turistas eta Los difuntos eleberrien autorea da, baita fikziozkoak ez diren hainbat libururena ere, tartean aipagarri Australia. Un viaje, Teleshakespeare, Librerías, Barcelona. Libro de los pasajes, Contra Amazon, Lo viral eta Membrana. Hamabost hizkuntzatara egiten dizkiote itzulpenak. 
Hainbat hedabidetan argitaratu du, La Vanguardia egunkarian ere bai eta, duela oso gutxi arte, The New York Times egunkariko gaztelaniazko iritzi sailean. Bertatik, maiztasunez tenperatura hartu die kultura garaikideak hartzen dituen formei. Solaris, ensayos sonoros podcastaren gidoien autorea eta narratzailea da.  
Erakusketa hauexen komisarioa izan da: Todos los museos son novelas de ciencia ficción, Granadako Centro Guerreron; Las variaciones Sebald, Bartzelonako Centro de Cultura Contemporánea; eta Todas las bibliotecas del mañana, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. 
Harreman luzea du igartzeko arteekin. Urrunagora gabe, bere azken proiektuetan, era guztietako etorkizun moten inguruan egin ditu gogoetak, eta horietako batzuk bete ere egin dira; ondorioz, profeta izatearen ospea irabazi du nolabait.
 

BILTZARRA

2021eko abenduaren 18an
 

9:45 • AURKEZPENA

10:00 • Patxi Araujo • Artista gonbidatua

Ponentzia. All Prophets Are Wrong

Guztiz sendotutako bateratze fisikoak baino (adibidez, ebidentzia logikoak edo arrazionalak), unibertso segida baten ideia existitu izan zen luzaro, eta gauza batzuk besteekin, gorputz batzuk besteekin lotzen zituen indarren bidez transmititzen zen. Dena konektatuta zegoen influentziei dagokienez, eta ez zegoen ezer pasiborik edo aktiborik beste edozerekiko. All Prophets Are Wrong bitarteko zahar eta berrien instalazio-erritual bat da, elektronikoa, robotikoa, objektuala eta soinuduna, eta teknologiaren bitartekaritza duten sinkroniak azaltzen ditu. 
 

10:20 • Edurne Herrán

Ponentzia. Etorkizun perfektua [identitateak eraikitzeko eskuliburua]

Ponentzia honetan, artistak ibilaldi bat egiten du arteko, zinemako eta musikako askotariko erreferenteetatik, baita Etorkizun perfektua bere  proiektuari buruzko askotariko diziplinetako ikerketa ere (psikologian, soziologian, antropologian…); bertan, identitatearekin lotura duten nahi beste kontzeptu aztertu, aletu eta asmatzen ditu, eta gogoeta egiten du identitatearen gizarte-eraikuntzari buruz. Berak ‘esperimentuak’ deitzen duenaren bitartez (era artistikoan gorpuzten diren ekintzak) eta zenbait azti praktikaren laguntzaz, hala nola  igarmena, tarota eta kiromantzia, (etorkizuneko) hamaika kontakizun posible eraikitzen ditu.
 

10:40 • Amaia Vicente

Ponentzia. Totem Monoteknologikoa versus Gorputz Teknodibertsitatea

Teknomutazio kapitalista batean gaude, teknologian eta zientzian oinarritua, erronka globalak ezartzen dituena. Helen Hesterren iritziz, gailuen protokoloetan sartu beharko ginateke horiek barnealdetik bertatik aldatzeko. Era horretan, “kosmoteknika” homogeneo bat sortzeari aurre egin ahal izango diogu; izan ere, hark antzekotu egiten ditu bizi estiloak, Yuk Huik bere gogoetan adierazi bezala; “teknodibertsitatea”, berriz, balioetan, epistemologietan eta existentzia moduetan elkarren bestelakoak diren kosmotekniken aniztasuna da. 
 

11:00 • Alejandra Bueno

Ekintza. Performance zehaztugaberako partitura

Peformance zehaztugaberako partituraI chingaren orakuluan oinarritutako mekanismo bat ezartzen du artelan autonomo bat sortu ahal izateko eta hura artistaren borondatearen mende ez geratzeko. Mekanismo horrek sortzeko beste forma batzuez hitz egiten du, gaitasuna emanez artelanari eta orakuluarekin duen harremanari bere burua sortzeko edo suntsitzeko.  Artistak, bitarteko eta medium baten gisa, performancearen historia esploratzen duten karta batzuk jokatzen ditu; bada, era horretan sortzen duen artelanean, orakuluko igarpenek artelanaren etorkizuna erabakitzen dute.
 

11:20 • Laura MM

Ponentzia. Datu Ezkutua

Ponentzia galdera batez hasten da: bertaratu direnetatik nortzuek erabiltzen dute hauetako plataformaren bat? Facebook, Instagram, Amazon edo Google? “Datu Ezkutua” proiektuaren abiapuntua ikerketa bat da, erabiltzaile teknologiko garen aldetik sortzen ditugun datu errealen multzoari buruzkoa. Interneteko plataformetatik deskargatutako datu pertsonalen 13 Gb abiapuntutzat hartuz, zazpi artelan aurkeztuko dira, hemen erakusten diren datu ezkutu batzuei buruzko ikuslearen interesa zirikatu nahi dutenak.
 

11:40 • Luis Angel Abad

Ponentzia. Hutsaren errebolta. Ortegaren mamutasuna Covid garaietan eta artista peto-peto bihurtutako zuzendari exekutiboaren igarpena

Hutsaren errebolta La rebelión de las masasen oihartzun hauntologikoa da, konfinamenduan egina; Covid garaietan inperatibo kategoriko bihurturik, espazio publikoa hustuko delako aurreikuspen ortegarra simulatzera jostatzen da bertan, eta arrisku demokratikoaz ohartarazten du. Artelanak Kritika Artistikoaren apropiazionismo neoliberala berraztertzen du, azken ondorioetaraino eta, azkenean, ondorioztatzen du eraldaketa abangoardistaren ekimena zuzendari exekutiboarena dela.
 

11:55 • COFFEE BREAK

12:15 • Fausto Grossi & Alberto Lomas

Ponentzia-Ekintza. Hil da Morquillas, biba Morquillas

Egiten dugun jolasa da Morquillas 2069an hiltzen dela 122 urte dituenean. Fikziozko egoera hori baliatuz, erradiografia labur bat egin dugu euskal arte garaikideari buruz.
Abiapuntutzat hartu dugu Arte Eder Museorako Zugazak programatu zuen Morquillasen erakusketan sortu zen gatazka, benetako gertaera, Javier Viarren zuzendaritzapean bertan behera geratua.
Sarkasmoari helduz eta askotariko bitartekoak erabiliz, performance moduko ponentzia bat itxuratu dugu.

12:35 • Raquel F. Couto

Ponentzia. Psikomagia. Alejandro Jodorowsky

Bere tarot kontsultan, Alejandro Jodorowsky pazienteei “ekintza sinbolikoen” errezetak eskaintzen hasi da, haien ondoeza emozionalak sendatzeko gogoz.  Bide horretatik, “psikomagia” garatzen bukatu du, bertute terapeutikoak dituen arte moduko bat. Psikomagiak, bada, inkontzientearen psikologiako teorietatik edaten du, baita abangoardiako arte tekniketatik, antzerkiaren arlotik eta aspaldiko sendabideetatik ere; haietan, hain zuzen, sormena funtsezko tresna bihurtzen da, magiaren teknikak aplikatuz.
 

12:55 • Oihane Sánchez

Ponentzia. Humus moribus. Euskal Autonomia Erkidegoko sorkuntza garaikidearen etorkizunerako haziak

Euskal Autonomia Erkidegoko testuinguru artistikoa aztertzetik sortutako proposamena. Zientzialari eta pentsalari feministen gogoetek, hala nola Isabelle Stengers eta Donna Haraway, pentsatzera eman dute testuinguru artistikoa ekosistema ahuldua dela. Lurzoruko nutrienteak akitzen dituen eta egungo zein etorkizuneko kultura-formen dibertsitatea kinka gaiztoan jartzen duen kultura-arketipoaren erreprodukzioak erakusten du hurbil ditugula jada Stengersek aipatu hondamendi-garaiak.
 

13:15 • Pablo Martínez Garrido

Ekintza. Ez du batere zerikusirik hodeiekin. Denak zerikusia du tokia hotz mantentzearekin.

Bakarrik modu bat dago etorkizunean zerbait gertatzeko: ordu arte existitzen jarraitzea. Bestalde, aro digitalean bada dena mutaezin bihurtu denaren ilusio moduko bat. Bada, ezin egiatik urrunago egon. Gure oroitzapenak eta proiektuak gure etxetik urruneko gotorlekuetan biltegiratzen dira ordenagailu handietan. Makina horiek baliabideak irentsi eta beroa sortzen dute, bero handia. Etorkizuna hotzaren baitan dago.
 

13:35 • Mikel Sarmiento

Ponentzia. Objektu birtual baten izaerari buruzko oharrak

Proiektu honen bitartez, Balenciagaren kanpaina bateko bideo batekin eta, batez ere, merendero birtual batekin zerikusia duten gai batzuei erreparatzen diet. Bi objektu horiek fotogrametriari lotutako sistemen bitartez sortu dira eta, haiei buruz, askotariko hurbilpenak sortu nahi ditut, testuinguru birtualean duten kondizio zehatza argitzeko. Haien nolakotasun intrintsekoetara eta izaerara hurbildu nahi dut, kasu honetan haien irudiaren eta formaren bidez; izan ere, haien eraketa-prozesuen zuzeneko eta berezko ondorioa dira.
 

13:55 • Rubén Beca

Ponentzia. Rubén Becaren biopsia artistikoa 2021

Une honetan, nire ponentzia eskematikoki azaldu beharko nuke, baina idatzita eduki ondoren, ohartu naiz entregatuz gero ez nuela beteko biltzarraren aurtengo gaia. Proposatu diguzuen gaia Igartzeko Arteak da. Ahotan zer gai hartuko dudan zehazki esango banizue, ez litzateke igarpena izango, literala baizik. 
Badakit arriskatua dela nire laburpena ez jartzea, baina hala izanik ere, zintzoa behar dut nire printzipioekin. Bada, koadro bat zurian utziko dizuet hemen nire hitzaldia entzuten duzuen bitartean hura uste duzuen bezala laburbildu dezazuen… Aaa! Bukatzeko, eskatu didate laburpen honek 500 hitz izatea; bada, dagoeneko jarri ditudan guztiekin, bakarrik hirurehun eta hirurogei hitzetan laburbildu ahalko duzue… 

14:15 • Anat Moss

Ekintza. Aurri arteko kontzertuak

Soinu eta ikusizko kontakizun esperimental bat da, zuzenekoa; mitoak, zientzia fikziozko istorioak eta idazki ekofeministak birplanteatzen ditu, zauriturik dagoen planeta batean bizi, maitatu eta hiltzeko perspektiba berrien bila. Soinu artelan originala da, landa-laneko grabazioz eta manipulazio digitalez osatua; animazioak eta bideoak emanez, zuzenean interpretatzen da.
 

14:30 • BAZKARIA

15:45 • Javier RODRÍGUEZ Pérez-Curiel

Ekintza. AEIO:(Korea)

Artea honexetan dator bat orakulu-lengoaia batzuekin (hala nola I Ching): irudi bat aurkezten zaigunean, haren barnean sar gaitezke esanahien edo emozioen bila, eta horien gainean gogoeta egin. I Ching nola erabiltzen den ezagutzen duenari galdera egokiak egin behar zaizkio, bertako irudietan sartzean egoera posibleak deskribatzeko. Azkenean ikusleak interpretatzen baitu artelana; irudiaren esanahi bakoitza orakulu batean interpretatutako etorkizun moduko bat da.
 

16:20 • Kolectivo KarteARTE

Ekintza. Oraculum

Gure helburua da gizakiaren zentzumenez kanpoko gaitasunak nabarmentzea, asmamenerako benetako tresnak baitira, hala nola sena, irudimena eta azpikontzientea. Performance bat da gure proposamena, instalazio elkarrekintzaile edo interaktibo baten bidezkoa. Bertan, pertsona ikusleak galdera bat egingo du, eta irudi baten forma duen igarpen bat jasoko du trukean, eta ikusleak berak interpretatu beharko du, igarle baten gisa.
Fisikoki objektu bat aurkituko du, eta bideoarte bat proiektatzen. Pertsonak kontsulta bat egin behar du ozen, eta bere eskuak gainean jarriz, bideoa motelduko du, hura izoztuta geratu arte.  Era horretan, irudi finko bat eskuratuko du, haren galderari erantzungo diona.
 

CONCURSO PREDICCIONES

Virginia Lekuona • @vlekuona

Igarpenerako algoritmoa edo/eta jabetza algoritmikoa

“Zure azken bilaketen arabera, artelan hauxe duzu gure proposamena”. Google nabigatzaile bakoitzaren gustuak edo zaletasunak igartzen dituen izaki bat izango balitz bezala, egindako bilaketetan oinarritzen den artelan proposamen bat egiten da. Emaitza bideo bat da, mugikor batean bistaratua, eta algoritmoaren eskuetan gaudelako sentsazio bat pizten digu.
Oraingoan, algoritmoak, instrukzio definituen, ordenatuen eta akotatuen multzo horrek, utzi egingo dio aspergarria eta esperotakoa izateari; trukean, irakurketa dibertigarri eta ezusteko berriak proposatuko ditu.

Laburrean

Non