Komisario Berriak 2021: "Ahotsari eman / Pulsar la voz"

Vitoria-Gasteiz 2021(e)ko abenduaren 10(e)tik 2022(e)ko urtarrilaren 16(e)ra
  • Komisario Berriak 2021: "Ahotsari eman / Pulsar la voz"

Ahotsari eman erakusketa-proiektua soinua eta, zehazki, giza ahotsa interesgune izan duten praktika artistiko garaikideetara egindako hurbilketa bat da.

Soinu-pieza sorta hautatu bat aurkeztuko da erakusketan, halako eran non bisitariek lehen gune batean soinua eta irudiak izango baititu ikus- eta entzungai, hurrengoan soinua eta testua eta, azkenean, soinua besterik ez.

Azken hamarkadan egindako lanak dira gehienak, nahiz eta sorta Gary Hill artistaren Mediations (Excerpt from a Remake of Soundings) (1979-1986) pieza historikoarekin hasi. Bideo horretan, ahotsaren, hura erreproduzitzen duen bozgorailuaren irudiaren eta bozgorailua pixkanaka estaltzen duen harearen arteko elkarrekintzak aukera ematen dio artistari ahotsa eta prozesuan hark jasaten dituen aldaketak ikusarazteko. Beste grabazio historiko bat Alfred Tennyson poetaren ahotsarena da, 1890ean jasoa.

Erakusketan, besteak beste, Jörg Piringer, Aurora Minguez Garai, Rik Rue, Federico Valdez, Ana Estrada Zuñiga eta Paula Meraren ahotsak ere jasotzen dira. Ahotsari eman erakusketak, gainera, Euskal Herriko sortzaileek hainbat arlotan egindako ekarpen esperimentalak ere biltzen ditu, hala nola Maite Arroitajauregui, Ixiar Rozas, Eneritz Arzallus, Xabier Erkizia eta Maialen Lujanbiorenak edo Gargara kolektiboarenak (Ibon RG-k eta Miguel A. Garcíak osatua).

Beira-arasa batzuetan proiekturako egindako ikerketarekin lotutako dokumentuak daude, kristalean zehar entzun ahal izango diren soinu-pieza batzuk barne, eta gainera, Adán Hernández, Ibon RG eta Pía Sommerrek erakusketa irekitzean egindako soinu-ekintzetan erabilitako objektuak.

Ahotsari eman Artium Museoak 2021eko Komisario Berriak ekimenaren deialdian hautatutako proiektua da, Natalia Isla Sarrateak eta Aitor Bengoetxea Odriozolak aurkeztua.Komisario Berriak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Normalkuntza Sailak bultzatutako programa da, Artium Museoaren, Azkuna Zentroaren (Bilbo) eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren (Donostia) partaidetzarekin, eta haren helburua komisariotzaren praktika garatzea eta profesional berrien sorrera bultzatu eta sendotzea da.

Soinu-ekintzak

Abenduaren 10ean, ostirala
18:00etan: Ibon RG-ren soinu ekintza
Abenduaren 11n, larunbata
18:00etan, Adán Hernández-en  soinu-ekintza
19:00etan, Pía Sommer soinu-ekintza
Sarrera doan

Komisarioak: Natalia Isla Sarratea eta Aitor Bengoetxea Odriozola

artium.eus

Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2021(e)ko abenduaren 10(e)tik 2022(e)ko urtarrilaren 16(e)ra
  • OrdutegiaAsteartetik ostiralera: 11:00-14:00 eta 17:00-20:00. Larunbat eta igandetan: 11:00-21:00
  • Lekua Artium
    Francia, 24
    Vitoria-Gasteiz
  • Web Artium

Non