Durangoko Azoka 2021
- Durangoko Azoka 2021: Abenduak 4ko ekitaldiak
- Durangoko Azoka 2021: Abenduak 5eko ekitaldiak
- Durangoko Azoka 2021: Abenduak 6ko ekitaldiak
- Durangoko Azoka 2021: Abenduak 7ko ekitaldiak
- Durangoko Azoka 2021: Abenduak 8ko ekitaldiak
- Durangoko Azoka 2021: Erreserbak (izen-emateak)
- Durangoko Azoka 2021: Katalogoa
- Durangoko Azoka 2021: Guneen mapa
- Durangoko Azoka 2021: Erakusmahaien planoa
Kulturzaleek 990 nobedade izango dituzte eskura aurtengo Durangoko Azokan, Landako gunean egongo diren 219 erakusmahaietan (abenduaren 4tik 8ra) eta Azokako online dendan (abenduaren 3tik 7ra).
Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun-neurrietara egokituko da Durangoko Azoka. Landako Gunera eta Plateruenara sartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea. Landako Gunean 1200 bisitariko bost txanda sortuko dira egunero, ordu eta erdiko bisita egin ahal izateko. Azokako espazio guztietan maskara erabili beharko da uneoro, eta ezin izango da jan eta edan. Izen-emateak astelehenetik aurrera egin ahalko dira durangokoazoka.eus webgunean (Azokako sare sozialetan iragarriko da erreserba-sistema prest dagoenean) .
Azokan eskura egongo den kultur eskaintzari dagokionez, edizio honetan 990 kultur nobedade aurkeztuko dira: 733 liburu, 143 disko, 37 aldizkari eta 77 bestelakoak. Kultur lan horiek Landako Gunean egongo diren 219 erakusmahaietan (abenduaren 4tik 8ra) edo Azokako online dendan (abenduaren 3tik 7ra) eskuratu ahal izango dira. Azokako katalogoa Durangoko Azokako webgunean kontsulta daiteke jada.
Guztira, 165 partehartzaile izango ditu Durangoko Azokako 56. edizioak: argitaletxeak, diskoetxeak, kultur elkarteak, erakundeak, banatzaileak... Horietatik 17 autoekoizleak izango dira, 10 Durangaldekoak eta 28 lehenengo aldiz stand bat jarriko dutenak.
Durangoko Azoka abenduaren 3tik 8ra antolatuko da aurten, baina aurreko egunetan hasiko da DA! PRO egitasmoa, sortzaileak eta kultur sektoreko profesionalak harremanetan jartzeko topagunea. Abenduaren 1etik 4ra arte, Durangoko espazio ezberdinetan, aurkezpen, mahainguru eta hitzaldiak antolatuko dira.
Horrez gain, osasun-egoerak baldintzatuta, aurten ezin izango da Ikasle Goiza modu presentzialean antolatu. Horren ordez, Durangoko Azokak "portaDA!" erronka martxan jarri du Euskal Herriko ikastetxeentzat. Ikasleek euren sormena landu beharko dute euskarazko disko eta liburu baten azala erabilita. Bertan parte hartzeko epea azaroaren 30ean amaituko da.
Diziplina askotariko egitaraua
Abenduaren 4tik 8ra Durangoko gune ezberdinetan diziplina askotariko egitaraua antolatu du Durangoko Azokak. Edizio honetan bueltatuko dira Szenatokia, Irudienea, Kabi@, Ahotsenea, Saguganbara, Azoka Telebista eta Talaia izeneko gune berria, Areto Nagusiaren lekukoa hartuko duena. Guztietan ezinbestekoa izango da maskara erabiltzea uneoro, ezin izango da edan eta jan eta osasun-neurri guztiak bete beharko dira. Programazio osoa Durangoko Azokako webgunean kontsulta daiteke jada.
Szenatokia gunean arte eszenikoekin lotutako ikuskizun bat egongo da egunero, doako sarrerarekin, San Agustin kulturgunean. Bost ikuskizun, beraz, abenduaren 4tik 8ra arte, antzerkia, dantza eta poesia uztartuz: Jon Ander Urrestiren "Tribiz baserri galdua", Zestoako Formol Laborategiaren "Album" antzezlana, Galder Perezek zuzendutako "Lurrun minez" lana, Bagara konpainiaren "Interakzioa" eta Iñigo Astiz eta Mikel Ayerberen "Högeitavat" emanaldia.
Irudienean, ikus-entzunezkoen plazan, 35 film egongo dira ikusgai, Zugaza zinemetan: 12 film labur, 11 dokumental, hiru film luze, bi aurkezpen, lau estreinaldi eta hiru film haur eta gazteentzat. Inoiz baino parekideagoa izango da Irudienea, zuzendaritza eta protagonistetan emakumeak izango direlako nagusi, eta hainbat gai jorratuko dira bertan: memoria historikoa, pantailak euskaraz egoteko aldarria... Iaz Sormen Beka irabazi zuen Bañolet websaila ere Irudienean aurkeztuko da, abenduaren 5ean.
Saguganbaran familientzako tailerrak, ipuin kontalariak, liburuen aurkezpenak, jolas tailerrak, ilustratzaileak, umeei egokitutako zeinu hizkuntza tailerrak, musika ikuskizunak eta sormen tailerrak egongo dira, besteak beste. Saguganbara betiko gunean egongo da, Elkartegian, Landako parean, baina saio batzuk Landakoko Areto Nagusian ere antolatuko dira.
Kabi@, bere aldetik, Areto Nagusi barruan antolatuko da, eta programazioa hiru ataletan banatuta egongo da: "geruza digitalak" izeneko hitzaldi laburrak; sorkuntza digitalaren inguruko mahainguru bat; eta "txikientzako lantegia" izeneko jarduera. Programazioa ideia nagusi batekin lotuta egongo da: "eraldaketa digitalak balio dezake sortzaileak, sorkuntza lanak eta publikoa harremanetan jartzeko, eta, gainera, sorkuntzarako aukera ezberdinak zabal ditzake".
Ahotseneak bi esparrutan oinarrituko du bere egitaraua eta egitekoa, urtero bezala: musika eta literatura, doinua eta letrak. Plateruena barruan antolatuko diren zuzeneko kontzertuetan talde sortu berri eta ibilbide luzeko musikariak tartekatuko dira. Kasu honetan, ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea, azaroaren 29tik aurrera.
Literaturari dagokionez, espazio bitan antolatuko dira solasaldiak: Areto Nagusian eta Musika Eskolan. Bertan, eleberriak, poesia-liburuak, antzerki-bildumak, komikiak, itzulpenak... aurkeztuko dira, hainbat sortzaileren eskutik, besteak beste, Eider Rodriguez, Leire Vargas, Itziar Ugarte, Alaine Agirre, Lander Garro, Amaiur Epher, Alberto Barandiaran, Aritz Galarraga eta abar.
Euskarazko literaturaz harago, Durangoko Azokan beste argitalpen askok lekua daukate: dibulgazio liburuek, ikerketa lanek, euskal gaia lantzen duten argitalpenak… Horiek guztiak Talaia gunean batuko dira, espazio bitan: Landako guneko Areto Nagusian eta Musika Eskolan. Talaian gai oso anitzak lantzen dituzten liburu ugari aurkeztuko dira, eta hainbat mahainguru ere antolatuko dira: musika elektronikoaz, ilustrazioaren munduaz, gazte sortzaileen ikuspegiaz eta abar.
Azkenik, Azoka TBk ere Azokaren jarraipen zabala egingo du, urtero bezala. Azokako webgunean streaming kanal bi egongo dira, Plateruenan eta Areto Nagusian gertatzen ari dena zuzenean jarraitzeko. Gainera, Azoka TB eta EITBren arteko elkarlanari esker, Azoka TBk kulturaren plazaren bueltan gertatzen dena jasoko du, eguneroko saio batean.
Ahotsenea gunean 50 kontzertu eskainiko dira
Musikazale eta kontzertuzaleek eskaintza anitza izango dute Durangoko Azokako edizio honetan. Ahotsenea gunean 50 kontzertu antolatuko dira abenduaren 4tik 8ra arte, hau da, egunero hamar kontzertu eskainiko dira, goizeko 11:00etatik hasita 22:00ak arte. Sarrera doakoa izango da eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea, aforoa bete arte. Kontzertuak Plateruena espazioan antolatuko dira, Azoka egunetarako irekiko baita, bertan Ahotseneako kontzertuak antolatu daitezen.
Taldeei dagokionez, aurten ere aniztasuna izango da nagusi Azokako kontzertuetan. Musika-estilo askotariko 50 banda igoko dira Ahotseneako eszenatokira: rock, pop, folk, hip-hop, trikitixa, funk, reggatoia, flamenkoa, bakarlariak... Musikari batzuek euren lehenengo diskoa aurkeztuko dute Azokan, eta beste batzuk ibilbide luzeko taldeak izango dira, Azokan behin baino gehiagotan euren lanak aurkeztu dituztenak. Guztiek ordu erdiko tartea izango dute euren lan berria aurkezteko. Zuzeneko guztiak streaming bidez eskainiko dira zuzenean, www.durangokoazoka.eus webgunean.
Egunez eguneko egitaraua honakoa izango da:
Abenduak 4: Bulego, Eneritz Furyak, Habia, Serge, Kaserna, Katez, Rolan Garces & Bandatze, Anita Parker, Addar eta Anari.
Abenduak 5: Diabolo Kiwi, Lur Jota, Larrealde Trikitilariak, Kilimak, Skakeitan, Nikotina, Ilargi, Kai Nakai, Sueder eta Lotura.
Abenduak 6: Trigger, Jabi Patxon & Kofradia Rock, Bixente Martinez, Hibai, Iker Martinez eta Zaldi Herrenak, Bengo, McOnak, Etxekalte + Habi, Iheskide eta Jiel.
Abenduak 7: Ekiñe, Konpost, Esanezin, Willis Drummond, Vinilo Ridin' Rocket, Hegazkin, Estitxu, Wood Strings, Onki Xin eta Hipnosia.
Abenduak 8: S.A.D., Birkit, Astoturfer, Nahiak Nahi, Liher, Klak!son, Giante, Madeleine, Screamers and Sinners eta Errietan.
Musika ez ezik, Durangoko Azokak diziplina askotariko egitaraua izango du 56. edizio honetan: solasaldiak, proiekzioak, arte eszenikoak, umeentzako ikuskizunak, ekitaldiak... Egitarau osoa azaroaren 22an aurkeztuko da. Azokako egitaraua abenduaren 4tik 8ra izango da, erakusmahaiak Landako Gunean egongo diren egun berdinetan.
Online denda, bere aldetik, abenduaren 3tik 7ra egongo da martxan, www.durangokoazoka.eus webgunean.
Laburrean
- Mota Azoka
- Data 2021(e)ko abenduaren 3(e)tik 2021(e)ko abenduaren 8(e)ra
- Ordutegia10:30-20:00
- Lekua Landako Gunea
Landako Etorbidea, 6
Durango - ZenbatekoaErreserbarekin
- Sarrerak Erosi
- HizkuntzaEuskara
- Web Landako Gunea
- Info Gehiago


