Gau Zuria 2021
- Bizkaiko hiriburuko kale, plaza eta eraikin ospetsuetako fatxadetan izango dira artezko instalazioak, argiztapenean, diseinuan, arte plastikoetan eta bideo-sorkuntzan adituak diren pertsonen eskutik.
- Obra guztiak gauez gozatzekoak izango dira, baina, aurten, berritasun moduan, artelan batzuk egunez ere ikusi eta ezagutu ahal izango dira.
- Gau Zuriaren edizio berezi honetan ere tokiko kultur sektorearen alde egingo da; alabaina, nazioarteko proiektu berriak ere hasiko dira gurera hurbiltzen.
#BilbaoUdazkena2021 kultur ekimenaren barruan, Bilboko Udalak proposatu du segurtasunez berreskuratzea udazken hasi berri honetan, datozen hilabeteotan, #BilbaoKultura365 goiburuaren erritmoa. Eta, hala, asteburu honetan, urriaren 8tik 10era arteko gauetan, arratsaldeko zortzietatik aurrera, uriak Gau Zuria ospatuko du.
COVID-19aren pandemiak sortutako osasun-egoeraren ondorioz, Udalaren kultura arloko lantaldeak egokitu egin du Gau Zuria, ekainean egin ohi dena uria sortu zeneko urteurrena oroituz. Aurtengo ospakizunean, segurtasun neurriak betearaziko dira, hala nola jende kopuruen mugak, jendeak aukera izan dezan kulturaz eta arteaz gozatzeko urian zehar aire zabalean paseatuz dabilen bitartean edo eraikinen barrualdera modu ordenatuan sartuz.
Gau Zuriaren aldi berezi honetan, tokikotasun nabarmen horri eusten zaio, hala nola egin baita Udalaren kultur programazio guztian osasun krisia hasi zenetik, nahiz eta nazioarteko zenbait proiektu berri ere hasi garen ekartzen. "Gau Zuria erakusleiho bat da, tokiko, estatuko eta nazioarteko artistek beren artelanak erakusteko, edozein dela ere arloa, musika, arkitektura iragankorra, dantza nahiz bideo-artea", adierazi du Udalaren Kultura Sailak.
Bizkaiko hiriburuko kaleetan, plazetan eta eraikin ospetsuenetako fatxadetan, hala nola Arriaga Antzokia, Guggenheim Bilbao Museoa, Enkarnazio eliza, Azkuna Zentroa, Artelan Berreginen Museoa, Itsasadarra, Kasilda Iturrizar andrearen parkea, Deustuko zubia edo Abandoibarreko pasealekua, besteak beste, 25 arte-instalazio izango dira, argiztapenean, diseinuan, arte plastikoan eta bideo-sorkuntzan adituak diren pertsonenak.
Bilboko Udaletxea bera proiekzio-pantaila handi bat bihurtuko da, eta udaletxeko hormetan poza eta itxaropena opatzeko mezuak irakurri ahal izango dira, bilbotarrentzat idatziak, pandemian zehar urian non edo non entzun ahal izan den animo! uluarekin batera. #BilbaoAurrera.
Arte-jarduerak gauez gozatu ahal izango dira, baina berritasun moduan, aurtengo aldian, artelanetako batzuk egunez ere ikusi eta ezagutu ahal izango dira, hala nola "Eggs", Bizikidetasun plazan kokatua, "Hutsa Ontziratzen", Azkuna Zentroan, edo "Barraskiloen inbasioa", Arriaga Antzokian.
Laburrean
- Mota Bestelakoa
- Data 2021(e)ko urriaren 8(e)tik 2021(e)ko urriaren 10(e)ra
- LekuaBilbao


