Óscar Alzagaren dohaintza: "XVI. eta XVII. mendeetako italiar pintura"

Bilbao 2021(e)ko irailaren 29(e)tik 2021(e)ko urriaren 17(e)ra
  • Óscar Alzagaren dohaintza: "XVI. eta XVII. mendeetako italiar pintura"
    "Judit eta haren neskamea Holofernesen buruarekin" (Orazio Gentileschi)

Antzinako italiar pinturak museoan duen ordezkaritza nabarmen handitu da Espainiako Trantsizioan garrantzizkoa izan zen Óscar Alzaga Villaamil katedradun eta abokatuaren (Madril, 1942) dohaintzari esker.

Dohaintza eskuzabal horretan (gozamenaren erreserbarekin), kalitate artistiko handiko hiru lan daude, zeinak, kalitate artistikoaz gainera, interes historiko eta ikonografiko handia ere baitute. Lanetako bat oraindik identifikatu ez den XVI. mendeko egile batek margotu zuen, eta beste biak Orazio Gentileschi eta Salvator Rosa maisuek, hurrenez hurren.

Dama baten erretratua mutikoarekin (c. 1570-1580) lana, florentziar margolari batek egina seguru asko, museoan gordeta dagoen gorteko erretratuari buruzko sekuentziaren osagarri aparta da. Sekuentzia horren baitan daude Espainiako pinturaren izen handiak, hala nola Antonio Moro, Alonso Sánchez Coello, Juan Pantoja de la Cruz eta Juan Carreño de Miranda, bai eta flandestar pinturarenak ere, besteak beste, Frans Pourbus Gaztea. Horiekin bat egingo du, aurrerantzean, erretratu berezi honek, zeina beterik baitago XVI. mendearen bigarren erdialdeko espainiar eta italiar gorteetako moda zein dekorazio arteak erakusten dituzten osagaiez.

Judit eta haren neskamea Holofernesen buruarekin (c. 1605-1612) lanak berebiziko garrantzia du bildumarentzat, bai ezin hobeto egina dagoelako, bai seguru asko artistaren alaba Artemisia Gentileschi margolariarena izan izanak interes berezia ematen duelako. Gainera, bat dator Orazioaren hasierako etaparekin, Erroman bizi zen garaikoarekin, alegia. Museoak 1924. urtean eskuratu zuen Lot eta bere alabak (c. 1628) mihise izugarria. Londresen egina da, Ingalaterrako Karlos I.aren aginduz, artistaren ibilbideko geroagoko garai batean.

Azkenik, Salvator Rosaren Juda eta Tamar (c. 1660) lanaren bitartez sartu da napolitar egile ezezagun hau bilduman, modellino adierazkor honi esker. Rosa guztiz berezia da konposizioen tratamendu dramatikoari dagokionez, eta lan honetan, horrez gainera, berezia da gaiaren hautaketari dagokionez ere, pinturaren historian oso gutxitan landu izan baita Testamentu Zaharreko pasarte hori.


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2021(e)ko irailaren 29(e)tik 2021(e)ko urriaren 17(e)ra
  • OrdutegiaAsteazkenetik astelehenera: 10:00-20:00. Asteartean itxita . Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1 eta 6an itxita. Abenduaren 24 eta 31n: 10:00-14:00
  • Lekua Bilboko Arte Eder Museoa
    Museo Plaza, 2
    Bilbao
  • Sarrerak Erosi
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Bilboko Arte Eder Museoa

Non