Miguel de Unamunoren Eguna 2021
Irailaren 29an, asteazkena, 157 urte beteko dira Miguel Unamunoren jaiotzatik.
Udalak urtero lore-eskaintza bat egiten du filosofo, idazle eta pentsalari bilbotar hau bere egunean omentzeko. Hala, 2021ekoa hilaren 29an egingo da, 10:30ean, Unamuno plazan, eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea bertan egongo da.
UNAMUNOREN EGUNA BIDEBARRIETA KULTURGUNEAN
Arratsaldean, Bidebarrieta Kulturguneko udal espazioak, arratsaldeko zazpietatik aurrera, La doble muerte de Unamuno liburuaren aurkezpena hartuko du. Hitzordu horretan, liburuaren bi egileek parte hartuko dute: Luis García Jambrinak eta Manuel Menchónek.
1936ko abenduaren 31n, Miguel Unamuno bat-batean hil zen, etxean. Espainia Gerra Zibilean murgilduta zegoen, eta Salamanca Francoren armadaren prentsa eta propagandako erdigunea zen, Millán Astrayren zuzendaritzapean. Kronikaren eta gogoetaren artean, ikerketa historiko eta biografikoaren eta birkreazio literarioaren artean, La doble muerte de Unamuno pertsonaia polemiko eta liluragarri honen heriotzaren inguruabar ilunen miaketa zirraragarria da.
Palabras para un fin del mundo dokumentala egiteko burututako ikerketa xehea da abiapuntua, film hori zabaldu eta sakontzeko. Emaitza kontra-kontakizun bat da, batetik, gertakarien bertsio ofiziala gezurtatzen duena (lekuko bakarraren testigantzarekin osatu baitzen), eta, bestetik, frogatzen duena Unamunok propaganda-operazio bat pairatu zuela. Operazio haren bidez, faxistek Unamunoren figura bereganatu gura zuten, eta beraren memoria eta legatua bahitu. Haren "heriotza bikoitza" kulturaren eta adierazpen askatasunaren aldeko borrokaren sinbolo bihurtu du, basakeriaren aurrean.
Luis García Jambrinak Filologia Hispaniarra ikasi zuen Salamancako Unibertsitatean, eta bertan doktoretza egin zuen. Unibertsitate horretako irakaslea da. Gainera, literatur kritikaria da zenbait komunikabidetan, ABCn adibidez, eta saiakerak, kontakizunak eta eleberriak idazten ditu. El manuscrito de piedrarekin (2008) ezaguna egin zen: Fernando de Rojasen figurari buruzko bost liburuko seriea da, 2009an Ciudad de Zaragoza eleberri historikoaren nazioarteko sari ospetsua eskuratu zuena. Kontakizunen antologiak argitaratu ditu (Muertos S.A. eta Oposiciones a la morgue), baita eleberri poliziako bat ere, En tierra de lobos, 2013an argitaratua.
Manuel Menchón zinema-zuzendaria eta gidoilaria da. Publizitatean ere lan egiten du. Haren lanak Estatuko eta nazioarteko jaialdi garrantzitsuetarako aukeratu dituzte, eta Mar de Plata Nazioarteko Jaialdian saritu dute. RTVEren Días de Cine saria eskuratu du, besteak beste. 2016an, Miguel Unamunori buruzko lehenbiziko fikzio-filma idatzi zuen.
BIDEBARRIETA KULTURGUNEA Bidebarrietako Liburutegian kulturari eskainitako espazioa da. Haren helburuen artean kulturaren, literaturaren eta zientziaren garapena eta sustapena daude.
SEGURTASUN NEURRIAK
Ekitaldi horretara joateko, gonbidapenak eskatu behar dira nahitaez, hemen (doan dira): www.bilbaokultura.eus/bidebarrietakulturgunea.
Egungo egoeraren ondorioz segurtasun-neurriak ezarri beharrez, hitzaldi aretoko ateak 18:15ean irekiko dira: horrela, bertaratzen direnak euren jarlekuetara bideratzeko modua izango da. Bertara joan gabe ere izango da aukera ekitaldia ikusteko, www.kulturguneatb.eus web orrian, streaming bidez.
Indarrean diren babes- eta higiene-neurriak zorrotz bete beharrekoak izango dira. Era berean, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea ekitaldian zehar.
Laburrean
- Mota Bestelakoa
- Data 2021(e)ko Irailak 29
- LekuaBilbao
- ZenbatekoaDoan, gonbidapenarekin
- HizkuntzaGaztelania


