Mursego + Amorante
AMORANTE
Amorante, Iban Urizar, bera bakarrik agertokian. Aldean darama gitarra, ukelelea, tronpeta, harmoniuma, zintzarria eta perkusio tramankuluak; eta looper bat darabil soinu horiek guztiak nahastu, ordenatu, eraiki eta apurtzeko.
Amorantek iturri ugaritatik edaten du, izen artistikotik bertatik hasita. Rodrigo Amarante musikari brasildarraren eta Enrique Morente flamenko kantari izandakoaren abizenak nahasi ditu, haiei dien miresmenenaren seinale. Eta hasiz gero kantuen aldamioei erreparatzen, han ere era askotako keinuak aurkituko ditu entzuleak, direla Bixenta Mogelen koplak, direla Antonio Molina edota Pepe Marchena flamenko kantarien itzalak, direla herri musikatik hartutako oihartzunak. Baiki, tradizioak pisu handia du Amoranterentzat, baina ez tradizioa ulertuta modu sakratu eta aldaezinean, ezpada zerbait berria sortzeko ezinbesteko zimendu bezala. Hori baita Amoranteren bigarren osagaia, tradizioa bezain ezinbestekoa: inprobisazio askea. Kantua etengabe aldatzen ari den zerbait da harentzat, eta, hortaz, aurrez ezarritako gidoirik gabe aritu zale da, unean uneko jardun erabatekoan, balizko akatsek bide ematen diotelako lehendik egindakoa beste zerbaitetan transformatzeko.
Ezohiko musikaria da Amorante, bai bazterrotan behinik behin. Ezohikoa, batetik, askotariko erreferentziak batuz iruditeria oso pertsonala osatzea lortu duelako, eta, ezohikoa, bestetik, apustu zintzo bezain zirraragarria delako berea, gutxitan antzematen den benetakotasuna dariolako bere jardunari. Eta artista bati nekez eska dakioke hori baino gehiago.
MURSEGO
Maite Arroitajauregik 2009an Mursego sortu zuen, bakarkako proiektua, eta Bat diskoa argitaratu zuen. Ordutik kontzertu ugari eta beste bi disko iritsi dira: Bi eta Hiru, 2010ean eta 2013an (Bidehutsen) argitaratuak, hurrenez hurren. Dantzaren eta antzerkiaren arloan eginiko unean uneko kolaborazio batzuetatik harago, Arroitajauregik ibilbide oparo bati ekin dio ikus-entzunezkoen munduan. Hainbat film labur eta luzeren musika idatzi du. 2017an Oiondarrekin eta Oiondarrentzat disko bat grabatu zuen elkarbizitza sustatzeko asmoz: 100% Oion.
Laburrean
- Mota Kontzertua
- Data 2021(e)ko Uztailak 3
- Ordutegia19:00
- Lekua Itsas Etxea Auditoriuma
Matxin Arzu kalea, 1
Hondarribia - Zenbatekoa8 €
- Sarrerak Erosi
- HizkuntzaEuskara
- Web Itsas Etxea Auditoriuma



