Antonio Ballester Moreno-ren (Madril, 1977) proiektu hau, lehenik eta behin, ohiko erakusketa bat ez izateko planteatu eta pentsatu da, eta, bigarrenik, okupatzen duena ez den beste espazio batetik ulertu ahal izateko: plaza batetik, parke batetik, eskola bateko patio batetik edo egunero gabiltzan kaleetatik.
Plazaratu (erabilerak birpentsatu eta Barruko Plaza aktibatzeko Artium Museoak sustatutako ekimena) egitasmoaren eremu esperimentalean txertaturik, Antonio Ballester Morenok norberak egindako eraikuntzan eta jolasean oinarritutako esperientzia historiko batzuk berrikusi ditu proiektu honetan. Esperientzia horiek guztiak 60ko eta 70eko hamarkadetan sortu ziren, eta lanerako abiapuntu izango den magma teoriko-praktiko bat osatzen dute. Ikaskuntzaren eragile nagusi gisa sormena garatzea helburu duten proiektuetan inplikatuta egonik, egileak, erakusketa aparatu gisa arautzen duten ohiko arauetatik aske egongo den espazio bat ez ezik, elkarlaneko lantoki bat ere planteatzen du, non bere praktikak egiteko modu espontaneoekin solasean arituko diren.
Ballester Morenok bakarkako erakusketak egin ditu Valladolideko Patio Herreriano Museoan, Madrilgo La Casa Encendida museoan, Mexikoko Guadalajarako MAZ museoan, Leongo MUSAC museoan, Madrilgo MaisterraValbuena galerian, Lisboako Pedro Cera galerian, Santa Monicako Christopher Grimes museoan eta Berlingo zein Los Angeleseko Peres Projects museoetan. Talde-erakusketetan ere parte hartu du, hala nola Sao Pauloko 33. biurtekoan, artista eta komisario gisa, Michigango MSU Broad Museum-en, Madrilgo CA2Men, eta New York, Berlin eta Los Angeleseko galerietan, besteak beste. Bere lana bilduma hauetan dago: Reina Sofía Arte Zentro Nazionalean, MUSACen (Leon), CA2Men, Iberdrola Bilduman eta Fundación Helga de Alvear-en.
Komisariotza: Ángel Calvo Ulloa
Barrutia Ikastolarekin eta Dinamoa Azpeitiko Sormen Gunearekin elkarlanean


