Musika-Música 2021

Bilbao 2021(e)ko martxoaren 5(e)tik 2021(e)ko martxoaren 7(e)ra
  • Musika-Música 2021

Musika-Música Jaialdiaren XX. edizioa martxoaren 5ean, 6an, eta 7an egingo da.

Jaialdia, Bilboko Udalak antolatua, urian zehar ibiliko da lehen aldiz, eta Euskalduna Jauregian ez ezik, aurreko urteetan bezala, Bilboko Azkuna Zentroa-Alhondigako auditorioan, Bilboko Elkarte Filarmonikoan eta Bizkaia Aretoan (UPV/EHU) ere emango ditu kontzertuak. Vienari eskainitako Musika-Musica jaialdiak agertoki berri horietan joko du eta Vienako musikaz beteko ditu uriko beste txoko horiek.

BILBO VIENA IZANGO DA

Vienako hiria, musikaren hiriburu nagusia, aukeratu dute edizio honetako protagonista izateko. Hala, 2019an Londresekin eta New Yorkekin hasi eta 2020an Parisekin segitu zuen zikloa itxi da. Bilbo Vienaren pareko bihurtuko da eta martxoko lehen asteburuan musikaren hiriburu bilakatuko da. Mozart, Beethoven, Schubert, Haydn, Brahms eta Mahler, besteak beste, ‘egongo dira’ hirian hiru egunez, musikaren festa ospatzen.

Bilboko Udalak 36 kontzertu programatu ditu aurtengo ediziorako. Lehenengoa, irekierakoa, barikuan, martxoak 5, izango da, 19:00etan, Euskalduna Jauregiko Auditorioan, eta BOSen (Giancarlo Guerreroren zuzendaritzapean) esku egongo da, Bilboko Koral Elkartea, Miren Urbieta-Vega sopranoa, Ainhoa Zubillaga mezzosopranoa, Mikeldi Lopez tenorea eta Ainhoa Zubillaga mezzosopranoarekin batera. Interpretatuko duten obra Beethovenen 9. Sinfonia re minorrean opus 125 ‘Coral’ ospetsua izango da.

Era berean, nabarmentzekoa da martxoaren 7an, domeka, 19:30ean, Euskalduna Jauregiko Auditorioan, Mozarten Requiem re minorrean K.626 obraren emanaldia, Iker Sanchezek zuzenduko duen Bilbao Sinfonietta orkestrak interpretatuko duena, Bilboko Koral Elkartea, Vanessa Goikoetxea sopranoa, Maite Maruri mezzosopranoa, David Alegret tenorea eta Christopher Robertson baritonoarekin batera.

Bestalde, hilaren 6an eta 7an, Elkarte Filarmonikoan, Les Dissonances orkestra europarrak, David Grimalen gidaritzapean, Mozarten biolinerako kontzertuen integrala interpretatuko du eta Azkuna Zentroan, berriz, ] W [ Ensemble-k Mozart eta Beethovenen haizerako kintetoak joko ditu.

Jaialdiaren hogeigarren edizio honetako beste emanaldi aipagarri bat martxoaren 6an izango da, zapatua, 19:30ean, Gustav Mahlerren 4. Sinfonia sol maiorrean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren (OSE) eskutik, Serena Saenz sopranoarekin batera, Semyon Bychkov zuzendariaren agindupean.

Musika-Músican lehen aldiz arituko dira Trío VibrArt hirukotea eta Juan Perez Floristan pianista.

KONTSERBATORIOAK, FAMILIAK ETA ZINEA

Kontserbatorioetako kontzertuetarako toki bat ere egongo da, Barakaldoko Udal Kontserbatorio Profesionaleko Orkestraren eta Bilboko Koral Elkartea-Jesus Guridi Orkestraren eskutik, nahiz eta aurtengo segurtasun neurriak direla medio, mugatuak izango diren.

Edizio honetan familientzako emanaldietarako gune bat ere badago, alde batetik, Companyia Princep Totilau-ren eskutik, publiko guztiarentzako Mozartland ikuskizunarekin, 3 urtetik aurrera; eta, bestetik, Orthemis Orquestraren eskutik, “A tempo d’umore” obra komiko eta musikala, Mozart, Beethoven, Schubert eta J. Straussen musikarekin.

Zinemak protagonismoa izango du berriro ere jaialdian: “Vienako musika Pantaila Handian”, Kubrick, Polanski, Visconti eta Daldryren filmei buruzko elkarrizketa eta “Zineak Mozart maite du”, Austriako jenioaren musikan zehar bidaiatzen duena “Afrikako oroitzapenak (Out of Africa) ”, “Closer”, “Elvira Madigan” eta “Bizi arteko zigorra (The Shawshank Redemption)” filmen bidez.

ELENA ODRIOZOLA, KARTELAREN EGILE

Uztailean egindako prentsaurrekoan aurrreratu zenez, Musika-Música 2021 Jaialdiaren irudia Elena Odriozola ilustratzaile donostiarrak egin du. Bera da nazioartean osperik handienetakoa duen marrazkilarietako bat, ikusi besterik ez dago bere lan oparoa eta Estatuan nahiz nazioartean eman dizkioten sariak eta agertu dizkioten ezagutzak. Sarien artean, besteak beste: Literaturako Euskadi Saria, marrazkiengatik (2009, 2013), Marrazkigintzako Estatuko Saria (2015), eta Irudiztapenari buruzko Bratislavako Biurterokoaren Urrezko Sagarra (2015).

Oraingo aldi honetan, Elena Odriozolak Viena irudikatu du kartelean, eta, irudikatu ere, Austriako hiriburuan bildu zen musikazko jeinutasun guztia iradoki zuen musaren gisa.

COVID-10AREN AURREKO PROTOKOLOA

Jaialdiaren antolatzaileek zorrotz-zorrotz betearaziko dute Covid-19aren pandemiaren ondorioz izan litezkeen arriskuak eragoztearren osasun agintariek ezarriko duketen araudia, besteak beste, maskara nahitaez erabiltzea, sarreran esleitutako lekuan egotea eta langileen gomendioei uneoro jarraitzea.

SARREREN SALMENTA

Sarreren salmenta otsailaren 24an, eguaztenean, hasiko da

  • Euskalduna Jauregiko leihatilak (astelehenetik zapatura, 12:00-14:00h. / 17:00-20:00h). www.euskalduna.eus.
  • Kutxabank-eko zerbitzu anitzeko kutxazainetan.
  • Kontzertu-aretoetan, emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago. Azkuna Zentroa - Bizkaia Aretoa – Bilboko Koral Elkartea.
bilbao.eus

Laburrean

  • Mota Jaialdia
  • Data 2021(e)ko martxoaren 5(e)tik 2021(e)ko martxoaren 7(e)ra
  • LekuaEuskalduna Jauregia, Azkuna Zentroa, Bilboko Elkarte Filarmonikoa eta Bizkaia Aretoan (UPV/EHU)
    Bilbao
  • Sarrerak Erosi
  • Info Gehiago

Non