Women's legacy - emakumeek kultura-ondarean duten papera ikusarazteko Europako lehen foroa
Webinarra, interesatuei irekia, proiektuan laguntzeko gonbidapena da, kultura-ondarearen edozein kudeaketa-eremutatik: museoak eta bildumak, hedapen-kanpainak, artxiboak eta liburutegiak, unibertsitatea, etagult kanpaina.
Bertan parte hartzeko hurrengo IMPRIMAKIAN erregistratu behar da urtarrilaren 25a baino lehen . EGITARAUA
Women’s legacy Europako foroak Ingalaterra, Frantzia, Eslovenia eta Italiako ordezkariak bilduko ditu online urtarrilaren 27an Aldundiak koordinatuko duen lehen topaketan, eta irekita egongo da interesa duten pertsona eta kolektibo guztiei. Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak konpromiso irmoa du lehen topaketa honetan gauzatu eta datozen hilabeteetan jarraipena izango duen Europako proiektuarekin. Era berean, etorkizunean aliantzak eta lankidetzak zabaltzen jarraitzearen aldeko apustua egiten du, emakumeek kultura-ondarean duen papera berreskuratu eta balioesteko. Foroan izena ematea doakoa da, eta urtarrilaren 25aren aurretik egin behar da, esteka honetan: www.bizkaikoa.bizkaia.eus
Bizkaiko Foru Aldundiak Women’s legacy Europako lehen foroa zuzendu eta koordinatuko du datorren urtarrilaren 27an. Topaketa online egingo da 9:00etatik 14:00etara, eta ondarea genero-ikuspegitik interpretatzeko Europako esperientziak bilduko ditu. Foroak datozen hilabeteetan proiektuari atxikitako lau bazkideekin egingo den lanaren oinarriak ezarri nahi ditu.
Topaketak hiru bloke tematiko izango ditu. Lehenengoa Ondareari buruzko Europako Jardunaldien programari buruzkoa da, Europako Kontseiluak sustatutako Ondarearen Komunikazioaren ohiko hitzordua. Erakunde publiko eta pribatuek, elkarteek eta boluntarioek kudeatutako jarduerak aurkeztuko dira, tokiko eremutik eremu nazionalera. Bigarren blokean, garrantzi historiko, artistiko, politiko eta profesionalagatik zeharkako proiektuak osatzeko balio duten emakumeen profilak nabarmentzen dituzten ekimenak erakutsiko dira. Hirugarren eta azken blokean askotariko esperientziak erakutsiko dira, eta horien ezaugarri komuna da hezkuntza, prestakuntza eta emakumeen kultura-ondarearen sozializazioa, nazio-, eskualde- eta toki-mailako kultura-ekipamenduetan zentratuta, genero-ikuspegia funtsezko duten programak sustatzen baitituzte.
Emakumeen emaria, mugaz gaindiko proiektu baten jatorria
Women’s Legacy Europe proiektuaren jatorria 2018an egindako Ondareari buruzko Europako Jardunaldien kanpaina da: Emakumeen emaria, Ondarea, Emakumeen emaria. Ekimenaren arrakastak Bizkaiko Foru Aldundia arlo horretan sakon lan egiten jarraitzera bultzatu zuen. Europako beste herrialde batzuekin aliantzan, estrategia eta jarduera-ildo berriak garatzea eta proiektuak plataforma komun batean trukatu eta ikusaraztea proposatu zen. Proiektua Europako Kontseiluko European Heritage Days programak hautatu zuen, mugaz gaindiko programei emandako laguntzen esparruan.
Women’s Legacy Europe-k lankidetzarako eta ezagutzarako Europako sarea, komunikazio-kanal eraginkorra, ezartzearen alde egiten du, eta helburuetako bat ondarea genero-ikuspegitik ikertzeko, interpretatzeko eta zabaltzeko jardunbide egokien «liburu zuri » bat idaztea izango da.
Foroa Europako sarean parte hartzeko gonbidapena da, kultura-ondarearekin zerikusia duen edozein arlotako jardunbide egokien adibideak partekatzeko: museoak, ikerketak, zabalkunde-kanpainak, artxiboak eta liburutegiak, unibertsitatea, gizarte- eta kultura-eragileak, eta, azken batean, gizarte berdinzaleagoa, bidezkoagoa eta orekatuagoa lortzeko interesa duten pertsona guztiak.
Foroan izena ematea doakoa da, eta urtarrilaren 25aren aurretik egin behar da, esteka honetan: www.bizkaikoa.bizkaia.eus
Laburrean
- Mota Formakuntza
- Data 2021(e)ko Urtarrilak 27
- Online https://bizkaikoa.bizkaia.eus/detalleContenido.asp?t=2&id=4340


