Cortada 2020 - Gasteizko Film Laburren Jaialdia
Errealitateak agintzen du eta CORTADAren edizio hau bestelakoa izango da aurrekoen aldean. Online emanaldiak eta aurrez aurrekoak uztartuko dituen edizio baten alde egin dute, baina, betiere, distantzia egokiak gordez eta agintariek emandako argibideei jarraituz.
Horrenbestez, abenduaren 14tik 19ra Vital Fundazioaren Aretoan (Dendaraba) formatu txikiko zinema onenaz gozatzeko eta azken urteotan horrenbeste poztu gaituzten errealizadore berriei txalo egiteko aukera egongo da. Aurten, edukiera mugak izango dira, eta, horregatik, publiko birtuala ere animatu nahi dute CORTADA jaialdiaren online saioetan parte hartzera munduko edozein lekutatik.
Aurten, sailak murrizteko erabakia hartu dute, eta espero dute 2021ean jaialdiaren 25. urteurrena behar bezala ospatuko dutela. Horregatik, Sail Ofizialeko eta Gureak saileko film laburrak bakarrik lehiatuko dira, aukeratutako 35 film labur, eta Hemengoak saila eraldatu egingo dute. Lehen Arabako film laburrak hartzen zituen, baina orain Euskal Autonomia Erkidegora zabalduko dute. Sail horretan aukeratutako 21 film laburrak online emango dira eta sari propioa izango dute. Hautaketa Batzordeak guztira 56 lan aukeratu ditu jasotako film labur guztien artetik.
Espainiako Zinema Akademiaren GOYA sarietarako kalifikatzen jarraitzen du jaialdiak, jada sei urtez, baita FORQUÉ sarietarako ere, bosgarren urtez jarraian. Hortaz, film laburrei buruzko Espainiako zinemaren jaialdi ospetsuenen artean dago. Euskal Autonomia Erkidegoan sari horietarako kalifikatzen duten bi jaialdi daude bakarrik, eta CORTADA da horietako bat.
Halaber, EHUSKARABANDAren beste edizio bat egingo da, bat-bateko film laburren maratoia euskararen erabilera sustatzeko, batez ere UPV/EHUko Arabako Campusean.
Edizio hau, ageriko arrazoiengatik, bestelakoa izango da aurrekoen aldean, baina oso interesgarria izaten jarraituko du. Aurten ere munduko film laburren jaialdi garrantzitsu eta ospetsuenaren lankidetza izango dute, FESTIVAL DU COURT-MÉTRAGE DE CLERMONT-FERRAND jaialdiarena. Bertako LABO saileko film laburren aukeraketa bat emango dute, hau da, Frantziako jaialdiaren proposamen esperimentalenekoak. Gainera, horrekin batera, erakusketa bat egingo da Vital Fundazioaren Aretoan.
Laburrean
- Mota Jaialdia
- Data 2020(e)ko abenduaren 14(e)tik 2020(e)ko abenduaren 19(e)ra
- Lekua Vital Fundazioa Kulturunea
Bakea kalea, 5 - 1. solairua (Dendaraba merkataritza-gunea)
Vitoria-Gasteiz - Web Vital Fundazioa Kulturunea
- Info Gehiago


