Irungo Liburu Azoka 2020
Urriaren 15ean Emakumezko Idazleen Eguna dela-eta, liburu azoka eta beste hainbat jarduera egingo dira, Jenaro Etxeandia plazan.
Azoka lekuz aldatuko da, eta Zabaltza plazatik Jenaro Etxeandia plazara aldatuko da. Bertan, liburuak saltzeko betiko karpaz gain, bi karpa erantsi jarriko dira, aurkezpenak egin eta liburuak sinatzeko eta beste hainbat jarduera aurrera eramateko. Euskarri osagarriak, seinaleak eta apaingarriak ere sortu eta diseinatu dira, topaketa girotzeko. Adibidez, eskualdeko idazleen liburuen azalen erakusketa txiki bat jarriko da. Urriaren 15ean bertan jarriko da martxan programa, ostegunarekin, eta ostiralera arte iraungo du, 10:00etatik 13:30era bitartean goizez eta 15:30etik 20:00etara arratsaldez Elkar eta Tinta Comics liburudendekin.
Bestetik, aurten, azokaren irudia sortu da. Lorena Martínez Oronoz irundar ilustratzaileak diseinatu du, eta kartelak eta orri markatzaileak ilustratzeko erabili da. Ostegunean bertan aurkeztuko da, 11:00etan, Lorena Martínezen beraren eskutik, eta, horrela, azokaren barruko jarduerei hasiera emango zaie. Egileak sorkuntza prozesua azalduko du, eta bere lan batzuk erakutsiko ditu. Gainera, azokak irauten duen bi egunetan, azokan ikusgai egongo dira lanok, karpa erantsietan.
Aurkezpenaren ondoren, 12:00etan, Amets Arzallus bertsolari eta idazle ezaguna eta Noelia Lorenzo Pino irundar idazlea izango dira azokan, karpetan beren argitalpenak sinatzeko prest.
17:00etatik aurrera, Lupe Lekuona ipuin kontalaria 6 urtetik gorako haurrekin elkartuko da, "Itsasoko ipuinak" kontatzeko. Ordu erdiz jardungo du, baina, edukiera mugatuko denez, bi saiotan arituko da.
19:00etan, Laura Balagué nobela beltzen idazle katalanak bere obra aurkeztu eta liburuak sinatuko ditu.
Ostiral goizean, berriz, bertako idazleak izango dira azokan, beren obra aurkezten eta liburuak sinatzen: 11:00etan, Marina Koseto, eta, 12:00etan, Virginia Gil eta Itziar Sistiaga.
15:30ean, Jesús Valero eta Ainara Maia Urroz agertuko dira karpan, eta, 17:00etan, ilustrazio tailer bat egingo da, Marte Sorkuntzarekin: biniloan inprimatutako testu batean oinarrituz, parte hartzaileek irudi bat egin behako dute, eta testua eta irudia maketatzen ikasiko dute; kasu honetan, collagearen teknika erabiliz. 6-12 urteko haurrek parte hartu ahalko dute, aurrez izena ematen badute betiere, eta jarduerak ordu eta erdi iraungo du.
Azkenik, ostiralean, 19:00etan, Noelia Lorenzok bere obra aurkeztu eta aleak sinatuko ditu, Ibon Martínek lagunduta.
Horrelakoetan bete beharreko segurtasun neurriak hartuko dira: maskara erabili beharko da, edukiera mugatuko da, segurtasun distantzia gorde beharko da... eta, gainera, esan bezala, ipuin kontalariri entzuteko, aurrez eman beharko da izena.
Kontzertua Oiasso museoan
Azokari amaiera emateko, urriaren 17an, larunbatarekin, Oiasso museoan, Xabier Erkiziarekin batera, Ainara LeGardonek bere azken lana aurkeztuko du: Res-cue. The archive in the mouth. Xabier Erkiziak berak ekoitzitako disko-liburu bat da, argitalpen mugatu bat, kasete bikoitz batek, deskarga digitalak eta liburu batek osatutakoa; arkeofonia lan bat, non egilea bere artxiboarekin mintzatzen den, musikari, oroimenari eta denborari buruz hausnartzen duen eta kontatu gabekoa berrinterpretatzen duen. Kontzertua 20:00etan izango da, eta gonbidapena eskuratu beharko da, larunbatean bertan, goizean, Oiasso museoko harrera lekuan.
Azoka dinamizatzen laguntzeko, bideo batzuk prestatu dira, non azokan parte hartuko duten Oskarbiko autoreek beren liburuen pasarteak irakurtzen dituzten. Zehazki, honako hauek grabatu dituzte irakurraldiak: Bakarne Atxukarro Estombak, Itziar Sistiagak, Dory Lansorenak, Javier Gilek, Laura Balaguék eta Virginia Gilek.
CBA
Esan bezala, urriaren 15ean Emakumezko Idazleen Eguna da, eta, haren esparruan, liburutegiak beste jarduera batzuk antolatu ditu, hala nola hilaren 15ean 19:00etan liburutegian bertan egingo den saio bat: Maialen Agirresarobek irudiak jarriko ditu, eta Esther Barandiaranek musikaz lagunduko ditu.
Laburrean
- Mota Azoka
- Data 2020(e)ko urriaren 15(e)tik 2020(e)ko urriaren 16(e)ra
- LekuaJenaro Etxeandia plaza
Irun


