Bilbao Orkestra Sinfonikoa + Javier Perianes

Donostia-San Sebastián 2020(e)ko Abuztuak 21
  • Bilbao Orkestra Sinfonikoa + Javier Perianes

Donostiako Musika Hamabostaldia 2020ren barruan. 

81. Musika Hamabostaldiko musika sinfonikoko zikloak aurrera jarraitzen du Kursaal Auditorioan. Euskadiko Orkestrak berriki emandako hiru kontzertuen ondoren, beste euskal talde garrantzitsu bat izango da oraingoan gonbidatua, Bilbao Orkestra, bere zuzendari titularra den Erik Nielsenek lagunduta eta munduko pianista espainiar ezagunenetarikoa den Javier Perianesekin. Elkarrekin Wolfgang Amadeus Mozart eta Sergei Prokofieven obraz osatutako programa interpretatuko dute. Hitzordua ostiral honetan izango da, abuztuak 21, 20:00etan, Kursaalen.

Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Musika Hamabostaldiaren historian hainbestetan parte hartu duena, jaialdira itzuliko da 2016an Euskadiko Orkestrarekin Hector Berliozen “Te Deum” erraldoia interpretatu ondoren, eta 2018ko jaialdia inauguratu zuen La Fura dels Baus-en “La Creación” ikuskizunean parte hartu ostean. Gainera, 80 urte bete dira aurten BOS-ek Jesús Arámbarrik gidatuta Musika Hamabostaldian eman zuen lehen kontzertutik. 1920an sortutako talde bilbotarra bizkaiko hiriburuko bandera-ontzia da, eta Euskaldunako fosoaren arduradun izan da ABAOren hainbat emanalditan, bere kontzertuez eta ekintza pedagogikoez gain. Euskalduna Jauregian du egoitza eta bere denboraldian zehar euskal musika eta XX. eta XXI. mendeetako errepertorioa duen programazioa garatzen du.

Erik Nielsen da Bilbao Orkestraren zuzendari titularra 2015eko irailetik, eta 2016-17ko denboralditik musika zuzendari ere bada Basileako Antzokian. Musikari berezia da, zuzendari izateaz gain, oboe eta harpa interprete iaioa ere bada eta, New Yorkeko Juilliard School izenekoan ikasitakoa. Alemaniara joan zen ondoren, bertako hizkuntzan eta lengoaia musikalean trebatzeko, Berlingo Orkestra Filarmonikoan harpa laguntzaile aritu zelarik. Hortik Frankfurteko operara igaro zen, eta antzokiko Kapellmeister bezala jardun zuen, operan esperientzia garatuz. Ibilbide honi esker, orkestraren barrunbeak ongi ezagutzen dituen zuzendaria da, eta bere bertsioek beti dute harrera ona Bilbao Orkestran nahiz munduko beste hainbat orkestratan, bere sendotasun eta musikalitateagatik.

Kontzertuko hirugarren partaidea Javier Perianes izango da, zalantzarik gabe egungo artista espainiar garrantzitsuenetako bat. Huelva bere jaioterrian ikasketak hasi ondoren, Sevillan jarraitu zuen ikasten Ana Guijarro-rekin eta geroago Joseph Colom-ekin, Espainiako piano maisu handietako bat. Perianesen soinu pianistikoaren bikaintasuna laudatu izan du beti kritikak, eta mundu osoko kontzertu sail entzutetsuetan jo du, New Yorkeko Carnegie Hall, Amstedamgo Concertgebouw edo Londresko Royal Festival Hallen, besteak beste. Barenboim, Mehta, Tilson Thomas, Harding edo Yuri Temirkanov zuzendariekin lan egin du. San Petersburgoko Orkestra Filarmoniko zuzendaria den azken honekin, hain zuzen, 2015eko Musika Hamabostaldian jo zuen Perianesek, Maurice Ravel-en Kontzertua Solen interpretatuz. Iazko udan jaialdira egin zuen azken bisitan, Beethovenen bost piano kontzertuak jo zituen jarraian ospatu ziren bi gaualditan London Philharmonic Orchestrarekin eta Juanjo Mena euskal zuzendariarekin batera.

Oraingoan, Perianesek Wolfgang Amadeus Mozartek konposatutako 27 piano kontzertuetatik ziurrenik ospetsuenak diren bi kontzertuekiko duen ikuspegia aurkeztuko du. Lehenik, 20. piano kontzertua, KV 466, minorrean idatzi zituen bi kontzertuetatik lehena. Re minorrean idatzia da, gainera, Mozartentzat esanahi berezia zuen tonalitatea, harekin heriotzarekin zerikusia duten konposizio gogoangarrienak idatzi baitzituen, Don Giovanni opera edo Requiem ospetsua, besteak beste, abuztuaren 29an Musika Hamabostaldia itxiko duena Les Musiciens du Louvre taldearen eskutik. 20. pianorako kontzertua 1785ean konposatu zuen, Vienan Mozarten ospea maila gorenean zegoen unean. Arrakasta handia izan zuen estreinatu berritan eta Mozartek berak interpretatu zuen bakarlariaren zatia, orkestra teklatutik zuzenduz. XIX. mendean Mozarten pianorako kontzertuetako asko interpretatzeari utzi zitzaion arren, 20. kontzertua interpretatzen jarraitu zuten, bere pathos ia erromantikoari esker, Hummel, Beethoven, Clara Schumann, Johannes Brahms eta Ferruccio Busoni pianisten errepertorioetan jarraitu zuen eta maiz jotzeaz gain, kadentziak idatzi zituzten obrarentzat.

Ia hilabete geroago, Mozartek 21. pianorako kontzertua do maiorrean idatzi zuen, “Elvira Madigan” izenez ezaguna, izen hori duen 1967ko filmean haren bigarren mugimendua azaltzen delako. 20. kontzertu ilunarekin alderatuz, 21.a aurrekoaren antidoto komikoa da, martxa baten antzekoa den hasieratik bertatik opera bufo baten antzeko egoera ezartzen duena, tarteka agertzen diren melodia cantabileen segidagatik. Haizezko instrumentuen erabilera ere oso nabarmena da kontzertu honetan, baina “Andante” bigarren mugimenduko melodia ahaztezin eta malenkoniatsua da sorkuntza mozartiarreko orrialde ospetsu bilakatu duena.

Bi piano kontzertuen artean, Bilbao Orkestrak eta Erik Nielsenek Sergei Prokofiev konpositore errusiarraren gaztaroko obra bat joko dute. 1. sinfonia, “Klasikoa” Prokofiev-en erronka pertsonal batetik jaio zen, 25 urte zituenean: pianoa, bere instrumentua erabili gabe konposatzen ikastea. Ariketa horretarako eredu erraz samarra hartu zuen, Joseph Haydn-en sinfoniena, nahiz ezin izan zuen ekidin XX. mende hasierako musikaren ezaugarri batzuk partituran islatzea. Omenaldietatik harago, ideia melodikoen grazia eta xarma, eta ironiaz eta umorez betetako tratamendua dira Prokofieven sinfonia hau gehien programatutako sorkuntza bilakatu dutenak.


Laburrean

  • Mota Kontzertua
  • Data 2020(e)ko Abuztuak 21
  • Ordutegia20:00
  • Lekua Kursaal
    Zurriola Pasealekua, 1
    Donostia-San Sebastián
  • Zenbatekoa11 / 42 €
  • Sarrerak Erosi
  • Web Kursaal

Non