"Hitzetik Hortzera" berezia: "Plazako bidaiak"
Konfinamendu garaiko bat-bateko bertsoak ekarriko ditu maiatzaren 10eko (igandea) Hitzetik Hortzera saioak, Bertsozale Elkarteak Internetez saioak egiteko martxan jarri dituen "Plaza" eta "Bidaiak" ekimenak medio. Elkarren arteko distantzia zainduta, bertsolariak berriz oholtza berean ikusiko ditugu, 15:00etan, ETB1en.
Koronabirusak erdiz erdi gelditu du bertso plaza, eta bertsoak sarean bilatu du zirrikitua berriro pixkanaka plazara itzultzeko, "plazari bertsoa ta/ bertsoari plaza" emateko, Oihana Iguaran bertsolariak kantatu bezala.
Lau bertso ekitalditako aleak izango dira maiatzaren 10eko Hitzetik Hortzera berezian. Bertsozale Elkarteak antolatutako bi, ohiko jaialdia bata eta saio esperimentala bestea; eta Erandioko eta Abadiñoko udalek antolatu eta Bertsozale Elkartearen egoitzan Internet bidez egindako beste bi saio: Euskaraldiaren inguruan Erandiokoa, eta herriko jaietako urteroko saioa Abadiñokoa.
Oihana Iguaran, Sustrai Colina, Xabi Igoa eta Jone Uria aritu ziren Elkarteak antolatutako Plazako lehen jaialdian, Idoia Anzorandiak gidatuta. Andoni Egañak, berriz, haurtzarora eraman zituen Amets Arzallus eta Alaia Martin, Bidaiak izeneko saio esperimentalen harian.
Kike Amonarrizek gidatuta, Igor Elortza eta Onintza Enbeita aritu ziren Erandioko Euskaraldiaren inguruko saioan. Abadiñoko festetako jaialdian Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Igor Elortza eta Txaber Altube, Igor Galartzak gaiak jarrita.
Laburrean
- Mota Bertsolaritza
- Data 2020(e)ko Maiatzak 10
- Ordutegia15:00
- LekuaBilbao
- HizkuntzaEuskara


