Gernikako Lekuek festibala 2020

Gernika-Lumo 2020(e)ko martxoaren 7(e)tik 2020(e)ko martxoaren 14(e)ra
  • Gernikako Lekuek festibala 2020

Hurbil daukagu jada, Gernika-Lumon, martxoaren 7tik 14ra izango den musika astea. Zuzeneko 30 banda baino gehiagorentzat erakusleiho eta ekitaldiz beterik egongo den astea! Badator ikusminez eta irrika handiz jaso nahi den astea!

Hainbat pertsonen dedikazioari esker datorkigu berriz ere LEKUEK-en zazpigarren edizio hau, pasioz betetako talde antolaketaren bidez gauzatzen dena, non aukera ugari eta zabala proposatzen duten adin eta publiko anitzen gozamenerako.

Gaizka lnsunza izango da festibalari hasiera emango diona, Lizeo Antzokian martxoaren 7an, larunbata, 20:00etan, bere herrian hain zuzen ere, iazko udazkenean bakarka argitaratu zuen diskoa eskainiz. Sorpresaren bat edo beste egon liteke eta galdu ezin diren kontzertu bikain horietako bat eskainiko digula ziur gaude. Los Hermanos Cubero bikote akustikoak emango dio jarraipena, Aragoiko jota eta bluegrass amerikarraren nahasketa eskainiz, une dibertigarriak letra hunkigarriekin tartekatuz.

Aldi berean publiko gazteenak XSakara bermeotar talde traperoarekin gozatu ahalko du Zaplast tabernan eta Surk.O & Bihurri Dub Dj-ak Irrintzi tabernan jendea dantzan ipiniko dute.

Astran jarraituko du gauak Punk Reggae Party II arekin, Orreaga 778 punk-rock apurtzailearen eskutik eta The Offenders italo-berlindar ska taldearekin. Kontzertuak bukatuta, ondorengo DJ-ak lagundurik, Ospa tabernan P. Jauna eta Lagun tabernan Masud, primeran pasatzeko aukera izango dugu.

Martxoaren 8an, igandea, emakumeen eguna ospatuko dugu behar den eta merezi den bezala. Aukera anitz egongo dira herriko hainbat tabernetan. Arte eta disko azoka izango da, Patato & Totico, AK Dj, Highone eta Dj Jok&Jonsen emanaldiekin guztiok disfrutatu ahalko dugu, non entzungo den musika emakumeei eskainita egongo den.

Vermoutharen orduan, zuzeneko saioak izango ditugu, Garry Musutruk-en eta Irina González  musikagile kubatarra Alai-en. Ostean, arratsaldeko 20:00etan, Trinkete Antitxokoan,  Arimaren kontzertu zoragarria izango dugu.

Programazioak ez du etenik izango eta gogo handiz hartuko dugu musika, astelehenean, DUT-en liburuaren aurkezpena izango dugularik Trinkete antitxokoan, musika tailer eta proiekzioez lagunduta.

Asteartean 10, Zineklub taldeak Lizeo Antzokian "Leto" pelikularen emanaldia eskainiko du eta jarraian Arrate Estudioan Dupla taldearen kontzertuaz gorputza astindu ahalko dugu.

Asteazkena, 11, Astran emakumez osatuta dauden taldeen gida bat aurkeztuko da, hain zuzen ere, Gida Morea webgunea. Iparragirren, "Bai, bagara!" pelikularen pasarteak proiektatzen diren bitartean, Joseba B. Lenoir Gang-ek zuzeneko musika banda eskainiko digu.

Ostegunean 12, Lizeon "Amazing Grace" Aretha Franklin-en figuran oinarrituta dagoen pelikula izango dugu eta ondoren Ash Grunwald australiarraren rock-bluesaz gozatzeko aukera 21:30ean Iparragirren.

Ostiralean, martxoak 13, "Berba eta Irudia" argazki-liburuaren aurkezpenarekin solasaldi polita izango dugu Inurri Gorria liburu dendan, zeinetan Berri Txarrak taldearen azken bira erakutsiko digute Ibai Arrieta eta Eider Iturriaga egileek.

Astran, Metal Fabrikak hartuko du lekukoa, Fractality, Stained Blood, Wormed eta Dj Desenterradorrekin.

Iparragirren blues riff-ak izango dira bitartean Lomoken Hoboken eta John Duer & The Blues Freaks taldeekin. Trinkete Antitxokoan erritmo psikodelikoekin dantzatuko dugu Gambardella eta Pony Bravo andaluziarrekin. Tabernetan ekitaldi ugari izango dira aldi berean ere, esaterako, The Brontës, Gonzalo Portugal eta Larregi, Quiet G. Dj-ak besteak beste.

Larunbata 14, goizeko 11:00etatik aurrera, Kalapitaka musika-eskolak antolatuta haurrentzako rock tailerra izango da Gernikako Udal liburutegian. Jarraian kaleak berotzen hasiko dira Pasilekuan  Soundystema egongo delarik eta eguerditik aurrera Swing Poteo ibiltaria. Musutruken Marcelo Escrich eta Rafa Acevesek jazz estilora hurbilduko gaituzte.

20:00etatik aurrera gaueko kontzertuen hasiera datorkigu; Lizeoan Elena Setién-en intimismoa, Astran dantza-arrastariak diren Sua eta Urgatz, Iparragirren erabateko rockzale Mocker's eta Moonshakers. Elle Belga bikote elegantea eta Lisabören zuzeneko bortitza Trinkete Antitxokoan Eta ez da hor amaitzen, tabernetan This is not a Fugazi show, DJ Belardi Rockers, Dj Vito Cacciapaglia, Gerekid, &Der, Bor, Dk Toruxx entzuteko aukera izango da. Festibala bukatzeko txupiña, Dj Tonnah-rekin emango dugu!

Banakako sarrerak eta bonoak


Laburrean

Non