Bilboko Inauteriak 2020

Bilbao 2020(e)ko otsailaren 15(e)tik 2020(e)ko otsailaren 25(e)ra
  • Bilboko Inauteriak 2020

Berrogeita hamar ospakizun eta ekitaldi, hor nonbait, era guztietako jendeen gozagarri otsailaren 21etik 25era. Era guztietako eta publiko guztientzako jarduerak izango dira Bilboko Aratusteen egitarauan, euskaldun kutsu nabarmen batekin – kontzertu, fanfarre, umeentzako jarduera, antzerki, topaketa gastronomiko, mozorroen lehiaketa eta abar–, zortzi jai-egun bete-beteak, aspertzeko aukerarik ere barik.

Ume eta heldu, adineko, familia, kuadrilla eta abarrentzat prestatu da aurtengo egitaraua. Datorren asteburuan, gainera, atariko bat izango da, dagokion mailakoa. Otsailaren 15ean, zapatuan, Aratusteetako Koplatxoen VI. Lehiaketa ospatuko da, Bilboko Konpartsek antolatuta, eta Bizkaiko Abesbatzen Federazioaren lankidetzarekin, eta, ondoren, “Los Zopilotes Txirriaos” taldearen kontzertua. Eta domekan, berriz, otsailak 16, Aratusteetako Pontxearen eta Ogi-xerra Txikortuaren IX. Lehiaketa izango da, jai egun horretako “azukrea”, hori ere Bilboko Konpartsek antolatuta.

 

Ane Lindane aktorea (Ane Miren Hernandez) eta Joselu Angulo txistularia izan dira hautatuak, hurrenez hurren, Farolín eta Zarambolas izateko Bilboko Aratusteen 2020ko edizioan. Aire berria ekarriko diote, dudarik gabe, hiriburuko urteko jairik ausartenari, zeina 22tik 25era ospatuko baita Bilboko Uriko zoko eta auzo guztietan. Bilboko Udalak egitarau oparo bat prestatu du, umeentzako, familientzako eta helduentzako jarduerez betea..., era guztietako jendearentzat, eta euskarak ere leku nabarmena izango duelarik.

Jai Batzorde Mistoaren egitekoa da Bilboko Aratusteetako pertsonaiarik ospetsuenak aukeratzea: Farolín eta Zarambolas. Batzorde horretan, Bilboko Udaleko, Bilboko Konpartsetako, Feekor elkarteko eta Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkarteko ordezkariek parte hartzen dute.

 

OTSAILAK 21, OSTIRALA

10:30ean, Bilboko Ikastetxeen ohiko desfilearekin, hasiko da ospakizuna eta, ondoren, ohiko “geldialdia” izango da, txokolate berozko edontzi batekin indarberritzeko eta jaian aurrera egiteko Plaza Barrian ipinitako karparen pean, musikarekin eta jostetekin.

Arratsaldean izango da jardunaldiko une gorena, Farolin eta Zaranbolas atxilotu eta ondoren epaitzen direnekoa. Atxiloketa 19:00etan izango da, Udaletxean, eta epaiketa, berriz, 19:30ean, Plaza Barrian. Ondoren, Plaza Barrian hau ere, Bilboko Aratusteetako pertsonaia horiek jendaurrean laidoztatzeko ekitaldia izango da: ikuskizun hori, urtero bezala, Aratusteetako ohiko koplatxoekin batera izango da. Aurten, Jaietako Batzorde Mistoak Ane Lindane emakume aktorea eta Joselu Angulo txistularia hautatu ditu Farolin eta Zaranbolas izateko.

Gaua, berriz, Bilbao Sozial Dantza taldearekin amaituko da, aratuste-giro bete-beteko areto-dantzetako dantzariak elkartuko direlarik, 20:45ean, eta, ondoren, Asier Bilbaok hartuko duelarik txanda, “Tarada Enmascarada” izeneko emanaldia eskaintzeko, 22:30ean.

 

OTSAILAK 22, ZAPATUA

Irudimena erabiltzeko eguna izango da, kalera itxura askotako mozorroekin irteteko. Goizean goizetik, San Vicente, Ibañez de Bilbao, Zabalgunea, Colón de Larreategi eta Ledesma kaleak eta Kale Nagusia hartuko dituen jai-esparruan, kontzertuak, antzerkia, produktu gastronomikoen dastaketa eta salmenta, haurrentzako tailerrak, fanfarrea, erraldoiak eta gaita jotzaileak eta herri bazkaria izango dira, harik eta luzaroan itxarondako Aratusteetako Mozorro Lehiaketara arte.

12:00etan, Plaza Biribileko Aratuste esparrua irekiko da, eta han izango dira fanfarreak, erraldoien lasterketak eta umeentzako eta familiarentzako jarduerak.

Gainera, Zabalguneko Plaza ezinbestekoa izango da txikienentzako, zeren eta, Goloka konpainiak emango duenAstronautak” obra ibiltariaz gain, Panpotx Kultur Elkarteak ere familientzako dantzaldi bat estreinatuko baitu, zuzeneko musikarekin. Itxasoan/En el mar” antzezlanaren hiru emanaldi ere eskainiko ditu, Zabalguneko Erakinean, elkarte horrek berak. Antzerki proiektu jostagarri-hezigarri bat da, familientzako batik bat, itsasoen eta ozeanoen kutsaduraren gaiari helduko diona, ikusleak ohartarazi nahiz. Emanaldiak, beraz, 13:00etan, eta 18:30ean izango dira, euskaraz, eta 16.30ean, gaztelaniaz. Eguerdikoan, 13:00etakoan, zeinu hizkuntzako interpretatzaile bat izango da.

Hori aski ez eta, umeek, halaber, Gargantua kuttuna, zurezko jostailu klasikoak, makillajea, ile-apainketa eta umeentzako lantegiak izango dituzte Zabalguneko Plazan, egun osoan zehar.

16:30etik aurrera, Plaza Biribiletik irtenda, mozorrorik onenek kaleak hartuko dituzte, mozorro-lehiaketako kalejiran. Epaimahaia, aurreko urteetan bezala, Astarloa kaleko agertokian egongo da kokatuta, kaleetara mozorrorik onenak jantzita aterako diren talde eta konpartsa batzuen eta besteen mozorroak ikusteko eta ebaluatzeko. Gainera, 17:30etik aurrera, nahi dutenak Berastegi kalera hurbildu ahal izango dira sardinarekin ‘selfie’ bat egitera.

Gero, 19:30etik aurrera, Plaza Biribiletik Santiago Plazarainoko usadiozko jaitsialdia izango da, eta han jai esparrua ireki eta animazioa izango da Zazpi Kaleetan, harik eta, 21:00etan, luzaroan itxarondako Mozorro Lehiaketako sariak entregatuko diren arte Plaza Barrian.

Amaierako eskaintza ere Plaza Barrian izango da, La Pasarela Orkestra izango delarik, 21:30etik aurrera. 

 

OTSAILAK 23, DOMEKA

Domekan, umeen jarduerak izango dira Areatzan eta Arriaga plazanErraldoi eta buruhandiek ibilbide bat egingo dute 12:00etatik 14:00etara hiriko bi puntu horien artean, eta Arriaga plazan Gargantua izango da, ordutegi berean. Era berean, arratsaldean, 18:30etik aurrera, dantzaren txanda izango da Plaza Barrian, Beti Jai Alairen eskutik, haien “Bilbo dantzaz mozorrotzen" ikuskizunarekin.

Ohiturei jarraituz, Indaba lehiaketa izango da Plaza Barrian, eta sutegiak izango dira han eta hemen, gorputza berotzeko aukera emanez; sari banaketa 14:30ean izango da.

 

OTSAILAK 24, ASTELEHENA

Astelehenean, Aratusteetako ekitaldi utzi ezinezkoetako beste bat izango da. 12:30ean, Plaza Barrian, Bilboko Udal Bandak DJ Xaibor-ekin batera emango du kontzertu bat, parte hartzezkoa eta familientzako izango dena, eta gazteek eta nagusiek aukera izango dute musikak lagunduta kantatzeko eta dantza egiteko.

Arratsaldean, 17:00etatik 20:00etara, Plaza Barrianpuzgarriak izango dira, eta lankidetzazko jokoak eta umeentzako lantegiak.

 

OTSAILAK 25, MARTITZENA

Azkenik, martitzenean, Plaza Barriko karpan11:30etik 14:30era eta 16:30etik 18:30era, lantegiak izango dira, sormenezko ile-apainketakoak, eta 0 eta 5 urte arteko umeentzako gune berezi bat, puzgarriekin edo makillajearekin.

Aratusteei agur esateko atzenengo ekitaldia Sardina ehorzte usadiozkoa izango da. Ikuskizuna 19:30ean hasiko da, Plaza Barrian, eta prozesioan lagun egingo zaio Arriaga Plazaraino: segida horretan joateko, baina, doluzko beltzez jantzita joateko gonbita egiten zaie parte hartzera animatzen direnei. Sardina erretzea 20:00etan izango da, eta hala emango zaie amaiera aurtengo Aratusteei.

bilbao.eus

Laburrean

  • Mota Jaiak
  • Data 2020(e)ko otsailaren 15(e)tik 2020(e)ko otsailaren 25(e)ra
  • LekuaBilbao

Non