Azkenean ere helduko da Iruñera Novedades Carminharen rock fresko eta sexya. Honezkero gaztelaniaz abestutako rock and rollaren ordezkaririk nabarmenenetakoa den talde honek, hainbat eta hainbat areto bete, eta, Espainia zein Latinoamerikako dozenaka jaialditan kontzertuak eman ditu.
Lau disko bizkarrean dituztela, eta taldekide oro 30 urteak betetzeke daudela, Estatuko poparen errelebo generazional gisa agertzen direla dirudi. Bitartean, kontzertuak dantzaleku bihurtzen jarraitzen dute ikusi beharrekoa den zuzeneko izugarri batekin.
The Mani-las
Mariana Perez, Olaia Bloom eta Maika Makovskik osatzen dute The Mani-las, bere bi minutu eta erdiko erritmo amorratuko kanta eta jarrera pipertsuarekin panorama musikalean lur hartu duen rock and roll talde berri eta leherkorra. Abesteko grina sorrarazten duten melodia eta koruak, ukabilkada bat bezain kanta-sorta zuzena eta pijama-festa bateko moduko jolas-giro erauntsia dira Frankenstein berberari torlojuak saltarazi nahi lizkioken power hirukote honen osagaiak.
Taldea ia halabeharrez jaio zen 2017an, Maikak eta Olaiak Manila hirian kontzertu bat emateko topo egin zutenean. Behin handik itzulita, zuzenean Marianarengana jo eta “He´s got the power” (The Exciters taldearena jatorrian) grabatzea erabakiko dute, garaiok halako afanez eskatzen zuten power hirukotea abiatzeko. Ordutik, taldeari bere bidea egiten utzi, estudioan sartu, eta udazken honetan gozatu ahalko dugun euren estreinako bira indartsua prestatu dute.
Mariana Perez -Sonic Trash, Rubia eta Cora Bloom- eseriko da baterian; Olaia Bloom - Las Culebras eta Cora Bloom- arduratzen da gitarraz; eta Maika Makovski kantari eta aktoreak jartzen ditu baxua eta ahotsa. Hirurak batera, punk rock, rock and roll, art rock erritmoz, edo dena delakoz astinduko gaituztela agintzen dute.
Angel Stanich
“Antigua y Barbuda” Angel Stanich da bere gordinean. Ertz asko dituen diskoa, ustekabez josia, eta hainbat eta hainbat deskolokatuko dituena. Boladan dagoen artista baten etorria mamitu ez ezik, egun ia aurki ezin daitekeen zerbait dauka: estonatzeko ahalmena. Izan ere, “Antigua y Barbuda”, adimena argitu eta musika egitea jardun artistikoarekin adiskidetzen duen disko horietako bat da, bere garaiaren adierazle eta bide erakuslea. Baina, oroz gain, irautera deituriko artista bat zirrara sor dezakeen etorkizun baterantz bultzatzen duen lana da.
Azken xehetasuneraino zaindutako zuzenekoak Grateful dead, Wilco edo Van Morrison bezalako talde handien oihartzunez jantziko du Eguberri gaueko jaia.