Doktoretza: Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologia - UPV-EHU
Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologia doktorego programa Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailak aurrera eraman dituen doktorego programen tradizioan kokatzen da eta bere garaian Koldo Mitxelenak euskal hizkuntzalaritzan eta filologian hasitako ikerketa egitasmo erraldoiari eman nahi dio jarraipena.
Programak, sailak garatzen dituen ikerketa proiektu eta taldeetan oinarrituta, euskal gizarterako giltzarri diren alorretan kalitate handiko ikerketa orijinala sustatzen du: beste askoren artean, euskararen jatorria eta beraren ustezko ahaideak, euskararen egitura eta ezaugarri tipologikoak, euskal gramatikaren alor guztietako bereizgarriak, euskalkien nolakotasun eta aniztasuna, euskara batuaren sozializazioa, hizkuntza gutxitua duen gizarte elebidun eta eleaniztun batean hizkuntzaren didaktikan eta jabekuntzan dauden aurrerapen zientifikoak, euskal kultura eta literaturaren ezagutza eta zabalkundea. Bestalde, hizkuntzaren inguruko ikerketetan ohi denez, euskaratik abiatuta, bai hizkuntzalaritza eta filologia orokorrei, bai eta hizkuntzalaritza aplikatuari eta literatur teoriari ere, geure ekarpena egin nahi diegu.
Sei dira doktorego programak garatzen dituen ikerketa lerroak:
- a. Euskal dialektologia: dialektologiaren metodologia eta oinarriak euskalkien ikerketa eta deskribapenari aplikatzea
- b. Euskal gramatika: gramatika atal guztien azterketa
- c. Euskal testuen historia
- d. Euskararen historia eta aurrehistoria
- e. Euskarari aplikaturiko hizkuntzalaritza: hizkuntz jabekuntza, elebiduntasuna eta hizkuntz ukipena, soziolinguistika, hizkuntz plangintza, berbaldiaren azterketa, psikolinguistika eta neurolinguistika
- f. Euskal literatura eta literatura unibertsala: euskal literaturaren (ahozkoa, klasikoa eta garaikidea) azterketa eta beronek literatur teoriarekin eta literatura unibertsalarekin dituen harremanen azterketa
Laburrean
- Mota Prestakuntzak
- Data Irailaren 10(e)tik ekainaren 28(e)ra
- LekuaUPV/EHU. Letren Fakultatea
Vitoria-Gasteiz - HizkuntzaElebietan


