Musika-Música 2018
Europan Gerrartean (1914-1945) konposatutako musika izango da MUSIKA-MÚSICA jaialdiaren XVII. edizioko protagonista. Bilbao 700 Fundazioak Bilboko Udalaren babesarekin eta Correo, Deia eta El Corte Inglésen laguntzarekin antolatzen duen jaialdia martxoaren 1etik 4ra bitartean egingo da Euskalduna Jauregian, eta bertan parte hartuko dute 1.500dik gora musikari, profesional eta amateurrek.
Txori-begiz
Aurtengo Musika-Música jaialdiaren protagonista izango da Europako garai nahasi batean konposatu zen musika, garai bat zeinetan soinu parametroak ezarritako sistematik emantzipatu baitziren eta, askatasun irrikaz, edertasuna bilatu baitzuten konbentzioetatik urrun. Ideia berriek musikaren hizkuntza aberastu zuten eta eragin handia izan zuten garaiko kontzientzia artistikoan, helburu estetiko eta soinu-dialekto mordo bat sorraraziz.
Nola ez zegoen estilo unibertsal eta homogeneo baterako praktika komunik, aniztasuna lortu zen konposaketaren munduan; era berean, baliabide eta hedabide berriek inoiz baino entzule multzo handiago batengana zabaldu zuten musika, eta publiko horrek gogotik xurgatu zuen olatuetan heldu zitzaion musika berria. Txori-begiz begiraturik, eta disgregazioaren integratzaile bezala, garai hartan Europan sortu zen musika hura berritua, anitza eta agorrezina da.
KONTZERTUAK ETA JARDUERA PARALELOAK
MUSIKA-MÚSICA jaialdiaren helburua da musika klasikoa hedatu eta sustatzea, horretarako programatuz kontzertu-sorta zabal bat eta jarduera paralelo ugari, bertako zein nazioarteko artista ezagunen parte-hartzearekin. Musika klasikoaren maratoi bat, ordubetez goiti luzatzen ez diren eta prezio onean (4€ -12 €) entzun daitezkeen emanaldiekin osatua. MUSIKA-MÚSICA nazioartean erreferentziazkoa bihurtuta dagoen kultur hitzordu bat da, espiritu pedagogiko-dibulgatiboz jantzia.
MUSIKA-MÚSICA 2018: "AUZOZ AUZO"
Aurten ere Bilbao 700 Fundazioak Auzoz-Auzo kontzertuen programa antolatu du Musika-Música 2018 jaialdiaren atariko moduan. Zehazki, otsailaren 13tik otsailaren 24ra izango da, Bilboko auzoetan.
LEHEN KONTZERTUA, MARTXOAREN 1EAN
Martxoaren 1eko arratsaldeko 20:00etan eskainiko da lehen kontzertua BOSekin, Bilboko Koralarekin, EASO Abesbatzarekin, Johanna Russanen sopranoarekin, eta Kevin Greenlaw baritonoarekin, Erik Nielsen izango dela zuzendari. Jean Sibeliusen Kullervo opus 7 interpretatuko dute. Martxoaren 1eko kontzertu bakar horren ondoren, hilaren 2, 3 eta 4an aurrera jarraituko du “musika klasikoaren Bilboko jai handiak”.
MAHAI-INGURUA, HITZALDIA, TOPAKETA ARTISTEKIN, 'ARTEEN BESARKADA'
Mahai-ingurua:
Martxoaren 3an, 13:30ean, B Terraza aretoan:
“Konpositoreak eta boterea. Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren sorrera”. Parte-hartzaileak:
- Oriol Roch, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusia.
- Mikel Chamizo, konpositorea eta musika kritikaria.
- Juan Manuel Viana, musika kritikaria eta Radio Clásica irratiko kontzertuen aurkezlea.
Hitzaldia:
Martxoak 4, arratsaldeko 18:00etan, B Terraza aretoan: “Manuel de Falla eta gerrarteko musika” hitzaldia, Faustino Núñez musikologoak emana.
Topaketak artistekin:
- Martxoak 3, arratsaldeko 18:00etan, B Terraza aretoan: Europako Ganbera Orkestrako musikari interprete zenbaitek mahai-inguru ireki bat egingo dute, Mercedes Albainak aurkeztua.
- Eta martxoaren 4an, eguerdiko 12:00etan, B Terraza aretoan: hiru emakume artista hauek elkarrekin interpretatuko dute beren kontzertu bat: Judith Jáuregui piano-joleak, Lina Tur Bonet biolin-joleak eta Nadège Rochat biolontxelo-joleak.
Enrique Bert musika kritikari eta adituak aurkeztuko du topaketa, eta irekia izango da.
Arteen besarkada
Aurreko edizioan abiatu genuen jarduera hau, zinema eta musika uztartzen dituena. 2018an, Bilbao 700 Fundazioak literatura, dantza eta antzerkia ere gehituko dizkio “besarkada” horri. Proposamen irekia da, eta bereziki pentsatua musika entzuteko eta kultura unibertsala adierazteko beste modu bat daukaten pertsonentzat. Hala, aurten ekitaldi hauek eskainiko dira Barria Aretoan :
- Musika eta zinema, César Cocak zuzendua. Bi saio izango ditu, bata ostiralean eta bestea larunbatean. Anna Karenina, The Shining, The Elephant Man, Rashommon, Eyes Wide Shut, La pianiste eta beste hainbat filmetako zatiak ikusiko ditugu, Prokofiev, Shostakovich, Ravel edo Shönbergen musika entzunez.
- Musika eta literatura, Iagoba Fanlo biolontxelo-jolearekin eta Pablo Amorós piano-jolearekin, Faustino Núñezek zuzendurik. “27ko belaunaldiaren musika”
- Musika eta dantza Bilbao Sinfonietta Orkestrarekin eta Circle of Trust dantza urbanoko taldearekin (“Sysmophonik” ikuskizuna).
- Musika eta antzerkia, María Goricelayak zuzendurik eta Mikel Losada eta Adrián García de los Ojos interpreteen eskutik (Uccelli ikuskizuna).
- Gerrarteko txistua, Bilboko Udal Txistulari Bandarekin, zeinak Guridi, Butrón eta Intxaustiren obrak interpretatuko dituen Garikoitz Mendizabalen zuzendaritzapean.
Saio didaktikoak:
Iaz bezala, aurten ere eskaintza didaktiko bat izango dugu otsailaren 28tik martxoaren 1era, Bizkaiko Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendua. Aukera paregabea musikarekin esperimentatu, ikasi eta dibertitzeko.
SARREREN SALMENTA
Otsailaren 8tik aurrera, MUSIKA-MÚSICA 2018 jaialdirako sarrerak salgai egongo dira:
- Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan (www.ticket.kutxabank.es)
- Fundación Bilbao 700-III Millenium Fundazioan, otsailaren 8tik martxoaren 1era. Astelehenetik ostiralera 10:30etik 13:30era eta 15:00etatik 19:00etara. www.bilbao700.eus
- Euskalduna Jauregiko leihatilan, otsailaren 8tik aurrera, astelehenetik larunbatera 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. www.euskalduna.eus
- Telefono bidezko salmenta, kontzertu bererako 12 sarrera baino gehiago erosteko, edo gutxienez 50 sarrera erosteko, 94 403 51 80 telefonoan, otsailaren 8tik martxoaren 1era, goizeko 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Prezioak
- Auditorioa: 12€. Eserleku zenbakituak.
- A1 aretoa: 10 €. Eserleku zenbakituak.
- A3 aretoa: 6 €.
- A4 aretoa: 6 €.
- BARRIA ARETOA: 4 €
- B TERRAZA ARETOA:
- Mahai-ingurua, hitzaldia eta topaketa artistekin. Sarrera librea.
BILBAO: TRADIZIO MUSIKALEKO HIRIA
Jaialdia aurkezteko prentsaurrekoan, hauxe esan du Bilboko alkate eta Bilbao 700 Fundazioaren Patronatuko presidente den Juan Mari Aburtok: “Atsegin dut gogoratzea Bilbo eta musika eskutik helduta ibili direla historikoki. Tradizio musikaleko hiria gara. Eta ez diot esatearren: Bilboko Koral Elkartea 1886an sortu zen, Bilboko Filarmonika 1904an, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak 1922an eman zuen lehen kontzertua. Eta ondare paregabe hori daukagunok derrigortuta gaude dagokion eran baloratzen, eguneratzen eta etorkizunera proiektatzen. Espero dut hemendik urte askora norbaitek kontatzea nola Bilboko Musika-Música neguko musika jaialdia 2002. urtean sortu zen eta nola geroztik urtero egin den entzule askoren parte-hartzearekin eta Europako jaialdi onenen pareko kalitate estandarrak mantenduz”.
Bere aldetik, Miren Josune Ariztondo, Bilbao 700 Fundazioaren zuzendariak gogorarazi du “MUSIKA-MÚSICA jaialdiak bokazio pedagogiko eta dibulgatiboa duela. Horren erakusgarri garbia da programatu den kontzertu-sorta zabala, bertako zein nazioarteko artista ezagunek gauzatuko dutena, eta jaialdiko jarduera paralelo guztiak --mahai-inguruak, hitzaldiak, artistekin topaketak…”.
Laburrean
- Mota Jaialdia
- Data Martxoaren 1(e)tik martxoaren 4(e)ra
- Lekua Euskalduna Jauregia
Abandoibarra Etorbidea, 4
Bilbao - Sarrerak Erosi
- Web Euskalduna Jauregia


