Pre-Zinebi 2017
- Zinebi 2017 zinema jaialdia abiatu aurretik programatutako jardueren baitan.
ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak bere 59. edizioaren aurrerapena izango du azaroaren 3tik 10era, PRE-ZINEBIREN programazioarekin. Bertan, ohikoa denez, Bilboko ikus-entzunezkoen sektorea osatzen duten erakundeek, taldeek, elkarte profesionalek eta prestakuntza zentroek izango dute lekua.
Beste proposamen batzuen artean, programak ZINEBI-EXPRESS lehiaketaren beste edizio bat jasoko du, eta baita profesionalekin topaketak ere, Zoe Berriatua zuzendari eta gidoilariarekin, David Arratibel euskal zuzendariarekin, Sara Gómez egile afro-kubatarrari eskainiko zaion omenaldia ahaztu barik. Aurten ere bi saio programatu dira, 2016-2017 ikasturtean Bilboko zine eskoletan egindako film labur hoberenaren ZINEBI NEW TALENTS saria jaso dezaketen lanak ezagutarazteko. Saria 1.000 eurokoa izango da.
PROGRAMAZIOA
Euskal Herriko Gidoilarien Elkartearen lankidetzarekin, PRE-ZINEBI azaroaren 3an hasiko da, arratsaldeko 20:00etan, Campos Antzokiko Kupula Aretoan, Zoe Berriatua antzezle, gidoilari eta zinegilearekin egingo den topaketarekin, Los Héroes del mal (2015) film luzearen inguruan, ikaskide batzuen aldetik mota guztietako irain fisikoak eta psikologikoak jasotzeaz nekatuta dauden eta elkartzea eta mendeku hartzea erabakitzen duten hiru neraberi buruzko fabula beldurgarria. 2016ko Goya sarietarako 14 izendapen eta Malagako Jaialdian Emilio Palaciosentzat, bere antzezle protagonista batentzat, Aipamen Berezia jaso zituen filmak, adin txikikoek egindako krimenen tratamenduari buruzko gogoeta argia planteatzen du.
Azaroaren 4an Emakumeek Egindako Bilboko Zine Erakusketa antolatzen duen Zinemakumeak Gara! talde feministarekin elkarlanean, PRE-ZINEBIk, 1974an gaztetan hil zen eta oso gutxi ezagutu zen Sara Gómez zinegile afro-kubatar gazte eta bereziaren figurari eskainitako saioa programatu du.
Azaroaren 6an eta 8an, Kupula Aretoan baita ere, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Bilboko zine eskoletako eta ikus-entzunezko prestakuntza zentro publikoetako eta pribatuetako ikasleek 2016an eta 2017an egindako lanak erakusteko bi saio eskainiko dira. Topaketan, EHU-UPVko Gizarte Zientzia eta Komunikazio Fakultateak, Erandioko Tartanga IEFPSk, IMVALek, Ánima Eskolak eta Euskadiko Zine Eskolak (EZE) hartuko dute parte.
Hirugarren urtez jarraian, Jaialdiak ZINEBI-New Talents saria emango dio iazko ikasturtean Bilboko zine eskoletan egindako film labur hoberenari. Saria 1.000 eurokoa izango da eta Zinebiren 59. edizioaren inaugurazio ekitaldian banatuko da, azaroaren 10ean, 20:00etatik aurrera, Arriaga Antzokian.
Aurtengo edizioan ere, PREZINEBIk FAS Zine Klubaren laguntza izango du. Asteartean, azaroaren 7an, Campos antzokiko eszenatoki berean, Converso filma eskainiko da, elkarrizketen dokumentalaren formatu klasikoari ematen zaion beste buelta bat. Bertan, David Arratibel euskal zinegileak bere buruari eta bere arrebei egiten die elkarrizketa, arrebek bat-batean katoliko bilakatzeari eta fedeari buruz izan duten esperientziari eta bizipen sakon horrek euren bizitzetan eragin duen eraldaketa sakonari buruz, hain zuzen ere. Proiekzioaren aurretik musika sakro kontzertu laburra eskainiko du ganba biolez Elena Murguiak, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko biolin joleak.
PRE-ZINEBIren amaierako jaia ostiralean, azaroaren 10ean, 22:30ean izango da, Kafe Antzokia, eta bat etorriko da, beste urte batez, ZINEBI 59 jaialdiaren inaugurazio ekitaldiarekin. Oraingo honetan, jaialdiak, Caóstica Elkartearekin batera, omenaldi berezia eskainiko die 70eko eta 80ko "kinkien zineari" eta auzo pobreetako heroiei, El Jaro, El Vaquilla edo El Torete, besteak beste. Pertsonaien gaizkile ekintzen eta lapurtutako autoetan, poliziak atzean zituztela, egiten zituzten ihesaldien soinu bandak beti izaten ziren Las Grecas, Los Chichos edo Los Chunguitos taldeen rumbak. Jaiari Borja Serraren (Dj Mimoloco) eta Arturo del Arcoren (RGB Lover Dj) emanaldiekin emango zaio hasiera, eta horien ondoren El Coleta eta Jarfaiter hip-hop artistak etorriko dira. Amaitzeko, Peón Kurtz Djarituko da, Def Con Dos taldeko kide ohia.
Laburrean
- Mota Jaialdia
- Data Azaroaren 3(e)tik azaroaren 10(e)ra
- Lekua Campos Elíseos Antzokia
Bertendona, 5
Bilbao - HizkuntzaElebietan
- Web Campos Elíseos Antzokia


