"Paloma Navares. Argiztapenak 1977-2017"
Paloma Navaresek (Burgos, 1947) gorputza eta teknologia, egunerokoa eta apartekoa, historiaren memoria eta etorkizuneko ametsa edo amesgaiztoa hibridatzen dituen lengoaia bat garatu du. Bere obra aurkezteko euskarri sorta zabala erabiltzen du –instalazioak, argazkia, bideoa, performancea, eskultura, marrazkia, pintura eta abar–, haiek fabrikazio industrialeko objektu eta materialekin konbinatuta. Emaitza gisa, gero eta objektu desmaterializatuagoak ekoizten ditu, argiaren gardentasuna eta arintasuna xurgatzen dutenak; aitzitik, haren bideo-instalazioek eskulturen irmotasuna dute, eta espazioa menderatzen dute arkitektonikoki.
Navaresen obrak argiztapen eta gardenki gisa ageri dira, materia ukatzen duen hauskortasun batekin. Irudi argitsuak eta ilunantzekoak, etorkizunari buruz ironizatu eta iragana iraultzen dutenak.
Ikuspegiak eraikitzeko helburuz, Paloma Navaresek bitarteko material zeharrargiak aukeratzen ditu, hala egiturak arinduta eta inguruneak kolorearen tenperaturaren eta argi-intentsitatearen edo -gabeziaren arabera antolatuta, bisualitatearen inguruan hausnartzen duen bitartean ikuspegi kultural, psikologiko, sinboliko eta emozionaletatik abiatuta.
Gainera, Rocío de la Villa komisario duen atzera begirako honetan artistaren ibilbidearen bi alderdi nabarmentzen dira: bideoinstalazioaren arloan bete duen aitzindari rola, eta gure herrialdean 90eko hamarkadatik aurrera garatu ziren arte feministan eta genero-ikuspegiko artean betetzen duen lekua. Hamarkada horren hasieran, Navaresek proiekzio handia zuen jada Erdialdeko Europako museo eta zentro ezagunetan, eta Europan eta Europatik kanpo generoari edo feminismoari buruzko erakusketa kolektiboetan parte hartu zuen lehen artista espainiarra izan zen. 1984. urtean lehenengo Bideo Jaialdia sortu eta zuzendu ostean (bideoinstalazioak ere baziren bertan), 90eko hamarkadaren amaieran nazioarteko aintzatespena zuen bideoinstalazioaren arloan Paloma Navaresek. Horretaz gain, bost urtez izan zen magister International Summer Academy of Fine Arts Salzburg bikainean. Bertan, instalazioei buruzko ikastaro trinkoak eman zituen.
Ibilbidea
Navaresen obra hiru ataletan banatuta aurkeztuko dugu, guztira sei gai-nukleo biltzen dituztenak. Aurkezpen edo sarrera gisa, lehenengo atalean bere ibilbide osoko obrak biltzen dituen eskala txikiko lagin bat izango dugu. Areto nagusitik eginiko ibilbide zirkular batean, kulturaren historian irudikatu eta ezkutatu izan diren emakumeei buruzko kritikari eta gogoetari eskainitako serieak izango ditugu hasieran. Amaitzeko, bizitza soilari buruzko oinarri biopolitikodun dimentsio existentzial bat jorratzen duten lanak ikusiko ditugu, gizarteak bazterturikoen “gorputz besteetan” zentratuak.
Lehenengo atala
1. De uso cotidiano (Egunero erabiltzekoak).Gabinete Paloma Navares (Paloma Navares kabinetea).
Antzinako bildumen gela bat, wunderkammer edo bitxikerien gela bat izango balitz bezala, erakusketa 1. aretoan hasiko da, Paloma Navaresek egin dituen serieetako objektu onenen aukeraketa batekin. Objektu horiek "Navaresen mikrokosmos" antzeko bat eskaintzen diete bisitariei, eta formatu txikian aurreratzen diete zer gai garatuko diren ondoren ikusiko dituzten instalazio handietan.
Hautaketa saiatua izan da, serie edo aldi bakoitzean hamaika objektu egin baititu artistak ardura handiz. Zenbait kasutan, emakumeen egunerokotasuneko tresnen egokitzapenak dira; adibidez, sukaldeko tresnak, kosmetikakoak edo jostekoak. Beste batzuk collageak dira, mihiztatze txikiak, lupen azpian behatzeko marrazkiak eta gorputz zatien erretxinak: eskuak, oinak edo buruak.
Formatu txikia izanagatik balio estetiko zorrotz eta nabarmena duen ekoizpen honekin, Paloma Navaresek uko egiten dio gizonezkoen erretorika hanpatuari, eta kulturalki emakumeei egotzi zaizkien lan zehatz eta errepikakorren tradizioa nabarmentzen du. Gainera, objektu horiekin, ondoren instalazio handietara eramango dituen soluzioak zirriborratzen ditu artistak, alderdi alternatiboak garatzen ditu, edo umorezko oharrak eransten dizkio pieza handietan kritikaren edo ziurgabetasun erabatekoaren pisua hartzen duenari.
Hautaketa honetan ikusmenaren gaia da nagusi, begien irudikapenekin eta bisualitatea etengabe zalantzan jarrita.
Gainera, Circuito cerrado, circuito infinito (Zirkuitu itxia, zirkuitu amaigabea) (1985) bideoinstalazioa ere aurkituko dugu. Lan hori Bill Viola eta Mari Jo Lafontaine bezalako maila handiko nazioarteko artistekin aurkeztu zuen lehen aldiz Reina Sofia Museoa inauguratzeko antolaturiko Procesos: Cultura y Nuevas Tecnologías erakusketan, 1986. urtean. Bi urte lehenago, Navaresek lehenengo bideo-jaialdiak antolatu zituen Madrilgo Círculo de Bellas Artesen, 1984 eta 1986 artean. Bertan, honako hauek parte hartu zuten beren bideoinstalazioekin: Wolf Vostell, Dan Graham, Peter Weibel, Eugenia Balcells eta Concha Jerez.
Bigarren atala
2. Cyber, nacimiento y maternidad (Ziber, jaiotza eta amatasuna)
Areto handiaren sarreran, bisitariek aurrez aurre aurkituko dute Luz del pasado (Iraganeko argia) (1996-97) instalazioa. Horren bitartez, Paloma Navaresek gizakien jaiotzari buruzko gogoeta egitea proposatuko digu, hurbileko etorkizunean balizkotzat jotzen dugun maila ez-baldintzatu batean.
Ziborg paradigma gailendu egin da hein batean errealitatean –izan ere, bai beharragatik, bai estetikagatik, gehienok material eta mekanismo artifizialak ditugu txertatuta gorputzean– Navaresen Implantes. Elígete (Inplanteak. Aukera zaitez) (1999) instalazioan ikus dezakegunez. Bestalde, erreprodukzioari buruzko gure iruditeria ere erabat menderatzen du. Eta horrek, emakumea ama gisa ikusten duen definizio esentzialistaren desnaturalizazioa dakar berekin.
Milena, de corazón y artificio (Milena, bihotz eta artifiziozkoa) (1998) lanaren ziber bertsioak zalantza ironikoak sorrarazten ditu amatasuna gorputzetik bereiztearen alde on eta txarrei buruz. Are ironikoagoak, kontuan hartuta gaur egun amatasun subrogatuari buruzko eztabaidan murgilduta gaudela.
3. Del amor a las mujeres (Emakumeenganako maitasunari buruz)
80ko hamarkadaren amaieratik, Paloma Navaresek modu irekian kritikatu ditu Artearen Historiak emakumea irudikatzeko erabili izan dituen estereotipoak, gure herrialdean Artearen Historiari buruzko genero-ikuspegia inauguratuta. Hala, emakumeei buruzko historian patriarkatuaren nagusitasunak betetako rolari kritika gogorra egiteko, haien gorputz zatikatuak eta gauza bihurtuak baliatu ditu, Almacén de silencios (Isiltasunen biltegia) (1994-95) instalazio itzelean ikus daitekeenez.
Adan eta Evetatik hasi eta Lukrezia eta Ofelietara, Navaresek agerian uzten ditu gure arte-tradizioko genero-estereotipoak eta horien oihartzun sexualak.
Oro har, multzo honek adierazten digu tradizioak transmititu eta museoek nahiz beste gizarte erakunde batzuek berresten duten ikaskuntza baldintzatuta dagoela.
4. In Memoriam
Paloma Navaresek emakumeei eskainitako azken seriea, Otros páramos, mundos de mujer (Beste basamortu batzuk, emakume-munduak) (2004-2009), emakumeek kultura guztietan duten hizkuntza sekretuan oinarritzen da. Izan ere, emakumeen milaka urteko idazketa ezkutatu eta ahaztu egin da historian zehar. Batzuetan, debekatu egin zaienez, emakumeek berezko lengoaiak asmatu dituzte haien artean kultura transmititzeko. Hortxe daude, esaterako, duela gutxi ezagutzera eman diren Hirugarren eguneko eskutitzak, emakumeek eta emakumeentzat bakarrik idatziak nushu hizkeran. Eskutitz horiek amek helarazten zizkieten alabei ezkondu eta hiru egunetara, bakardade berri horretan laguntzeko eta aholkuak emateko.
Kultura guztietan, loreak edertasun, alaitasun, ugalkortasun, ospakizun eta eskaintzaren sinbolo dira. Navaresek kultura arteko lengoaia bat erabili du eta loreen berezko lengoaia garatu du kultura ezberdinetako emakumezko idazleak omentzeko.
Navaresen irudiek kolore distiratsuetan egiten dute eztanda. Argi-kutxa itzelek, metakrilatozko zilindroek eta turrustan diren gailuek hainbat kulturatako emakumezko idazleei esleituriko lorez beteriko errepertorio oparoa zabaltzen dute. Eskuz ukitzen dituen loreen argazkiak, zeinetan protagonistak marraztu eta haien esaldiak edo testu zatiak idazten dituen, trazu fin, ia ikusezin, baina ezabagaitzaz. “Irudi-turrusta” hauskor baina, batzuetan, monumentalen artean petaloak, hostoak, tximeletak eta irudikatutako protagonisten siluetak ere aurkituko ditugu, ia ikusezinak.
Hirugarren atala
Bi milagarren urte inguruan, Navaresek sormen-prozesu handi eta bultzagarria biziko du. Lau urte eskasetan elkarren artean osagarriak izango diren lau serie egingo ditu: Travesías, Flores sobre el océano, Stand by. Habitaciones, Desde la fragilidad del ser, Tránsito, Unidad de reposo, El color de la memoria, Unidad de sueño y memoria eta Del alma herida, izaera literariogatik aipatu berri dugun Otros páramos seriearen osagarri dena. Gainera, serie horiek bide emango diote material berrien erabilerari; esaterako, beira, baita erakusteko beste gailu batzuen erabilerari ere; esaterako, esekitako pantailak, eta eskulturagatiko eta grafiagatiko interesa berpiztuko dute.
5. Resiliencia (Erresilientzia)
Milurteko-aldaketaren aurrean, 2000. urteko lehenengo hamarkadan, Paloma Navaresek bizitzaren aurreko erresistentziaren gaia jarri zuen mahai gainean, arima sentibera askok jasan ezin duten zerbait eta beren buruaz beste egitera bultzatzen dituena. Hala, bizitza gero eta luzeagoa agintzen diguten garai honetan gero eta garrantzi handiagoa duen suizidioren tabua azaleratu zuen.
Begietako ebakuntza baten atarikoaren eta horren osteko iragate geldiaren birsortze autobiografikotik –performatiboa, ez testigantzazkoa– aurrera sormen-prozesu oso oparo bat irekiko da, ia-ia sukartsua eta askatzailea, ikonografiaren berrikuntza nabarmena ekarriko duena.
Navaresek muturrera eraman zuen lurraren lehortasunaren eta uraren energia jariakorraren arteko kontrastea. Lan batzuetan itsasoaren irudia da ardatza; esaterako, gainetik marrazturiko egunsentiko edo ilunabarreko paisaien argazkietan, Alfonsina Storniri eskainitako Mar del plata bideoan, edo Els banyets (1997) bideoan, gero Virginia Woolfi eskaini ziona, bideo-instalazio bihurtuta harri baten gainean proiektatzean.
Beste batzuetan, berriz, harriak dira protagonista. Horren adibide dira Cantos rodados, a la memoria (Errekarriak, oroimenari) (2003) bildumako argazkiak, poeta suiziden omenez margotu eta idatzitako harrienak.
6. Amnesia, sueño y locura (Amnesia, ametsa eta erotasuna)
Gizakiak errealitatearen, desiraren, oroimenaren eta loaren artean duen hauskortasuna da erakusketa honetako azken gai-nukleoaren ardatza, baita artistak besteekiko, arrazoimenaren kontrola galdu dutenekiko, sentitzen duen enpatia ere.
Hiru bideoinstalazioren bitartez, muturreko isolamendu- eta bakardade-egoeretan sentitzen den eta, aldiz, gaur egungo bizitzan ohikoa den malenkonia adierazteko hainbat soluzio eskainiko dizkigu. Navaresek normalean ezkutatu egiten den gai deseroso bat planteatuko du berriz ere.
Begoña ilundua apenas ausartuko da fokuaren argitasun zuriaren azpian mugitzen, izutik eta erabakiezintasunetik eratorritako larritasunaren ondorioz. Eta plastiko zeharrargizko errezel baten atzean, emakume zahar bat ikusiko dugu (Stand by seriea) estatiko eta ospitalearen espazioan harri eta zur. Hirugarren bideoinstalazioa Sombras de un sueño profundo (Lozorro baten itzalak) izango da, 1986an sortua. Lan horrek ilunpeen bihotza zeharkatzera behartuko gaitu, beren itxialdi hipnotikoan alde batetik bestera amaigabe dabiltzan pantera basatien artean. Buruko gaixotasun askotan paralisiaren inhibizioarekin tartekatzen diren keinu errepikakor sintomatikoen oso antzera.
Irteeran proiektaturiko bideo batean bizikletaz ibiltzen ikusiko dugu Paloma, De Oberalm a Halleim (Oberalmetik Halleimera) lanean. Izan ere, askatasun- eta gozamen-esperientzien oroitzapenak ezinbestekoak zaizkigu egunez egun etorkizuna eraikitzeko.
Paloma Navares (Burgos, 1947)
1977. urtetik Paloma Navaresek bakarkako erakusketak egin ditu honako hauetan: Museum Moderner Kunst Stiftung Ludwig, Viena; Academia, Salzburg; Alejandro Otero museoa, Caracas; CAB, Burgos; CAM, Alacant; Metrònom, Bartzelona; Rekalde, Bilbo; Fundación Telefónica Arte y Tecnología, Madril; Fundación Pilar i Joan Miró, Mallorca; Malagako Probintzia Museoa, eta beste hainbat. Horrez gain, ehundik gora erakusketa kolektibotan parte hartu du Espainiako, Europako eta Ameriketako museo, arte-zentro eta galeriatan; besteak beste: MNCARS, Madril; ARTIUM, Gasteiz; MUSAC, León; MARCO, Vigo; Es Baluard, Mallorca; MEIAC, Badajoz; Caixaforum; CAAM, Las Palmas; CEARTR, Madril; Centro de Arte Conde Duque, Madril; Fundación Miró, Bartzelona; Fundación Seoane, Coruña; MAM, Viena; Museum der Moderne, Salzburg; Palais Liechtenstein, Viena; MOCAK, Krakovia, eta abar.
Bestetik, nazioarteko bienaletan (Venezia, Mosku, Lima, Poznan…) eta azoketan (ARCO Madrid, Art Basel, Art Cologne, Vienna Fair, Art Brussels, Paris Photo, FIAC Paris, FIA Caracas, ARTBO Bogotá, MACO México, Art Chicago, Artefiera Bologna, Art Moscow, Art Toronto, EXiS Experimental Film and Video Festival Seoul, Art Fair Dubai, Art Stage Singapore …) ere parte hartu du.
Nabarmentzekoa da, baita ere, jaialdien eta bideo-zikloen komisario eta antolatzaile gisa egin duen lana. Gainera, performanceetarako eszenografia, jantzi-teknikari eta zuzendaritza-lanak egin ditu. Esku-hartzeak egin ditu hainbat gune publikotan. Eta Espainiako eta atzerriko izen handiko erakundeetan aritu da irakasle orain arte.
Jarduera paraleloak
Ohiko denez eta hezkuntza-zorroztasuneko lerroari jarraikiz, betiere artearen esparruko hezkuntza ezagutza sortzeko tresna gisa ulertuta, familiei zuzendutako jarduerak egingo dira; esaterako, familientzako lantegiak larunbatetan, 12:00etatik 13:30era, 5 eta 11 urte arteko haurrentzat.
Gainera, Kubo-kutxa aretoak doako bisita gidatuak eskainiko ditu larunbatero: 18:30ean, euskaraz, eta 19:30ean, gaztelaniaz.
Datu praktikoak
Paloma Navares.Iluminaciones
2017ko urriaren 20tik 2018ko otsailaren 4ra
Komisarioa
Rocío de la Villa
Kubo-kutxa
Zurriola 1. Kursaal.
20002 Donostia / San Sebastián
Tel.: 943 012 400
Helbide elektronikoa: kubo@kutxa.eus
Twitter / Instagram: @kubokutxa
Facebook: facebook.com/kubokutxa
#Navares
Ordutegia
Asteartetik igandera, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 21:00etara
Sarrera doakoa da
Laburrean
- Mota Erakusketa
- Data Urriaren 20(e)tik Otsailaren 4(e)ra
- OrdutegiaAsteartetik igandera: 11:30-13:30 eta 17:00-21:00
- Lekua Kubo Kutxa Aretoa
Zurriola Etorbidea, 1
Donostia-San Sebastián - ZenbatekoaDoan
- HizkuntzaBat ere ez
- Web Kubo Kutxa Aretoa







