"Ars combinatoria", Chema Madozen erakusketa

Donostia-San Sebastián Uztailaren 21(e)tik Azaroaren 5(e)ra
  • "Ars combinatoria", Chema Madozen erakusketa
  • "Ars combinatoria", Chema Madozen erakusketa
  • "Ars combinatoria", Chema Madozen erakusketa
  • "Ars combinatoria", Chema Madozen erakusketa
  • "Ars combinatoria", Chema Madozen erakusketa
  • "Ars combinatoria", Chema Madozen erakusketa
  • "Ars combinatoria", Chema Madozen erakusketa

Artea argazkilaritzaren bitartez interpretatzeko duen modu bereziagatik eta bere ikuspegi poetikoagatik arte garaikidearen sortzaile interesgarrienetako bat da Chema Madoz (Madril, 1958). Bere lanak objektuen arteko harreman ezkutua agerrarazten du eta ikusmenaren trikimailuak ikertzen ditu, mundua hobeto ulertzeko leiho bat irekiz.

Chema Madozek gertaera bera azpimarratu nahi du, eta objektuen berezko ironia nabarmendu. Objektuekin lan egiten du eta hainbat modutara egiten die aurre: objektu aurkitua, aldatu gabekoa, objektu manipulatua eta bere estudioan asmatu eta eraikitako objektua. Artistak objektuen eskultoretzat du bere burua, argazkilari baten ikuspuntutik lantzen baitu bere obra. Izan ere, bere esanetan, argazkilaritza da ideiak finkatzen laguntzen dion memoriaren erregistroa. Prozedura ugari erabiltzen ditu; hala nola kondentsazioak, asoziazioak, alboratzeak, desplazamenduak, ars combinatoria eta objektuen ustekabeko bat-egiteak, eta horietan guztietan, Madoz surrealistekin ahaidetzen da esanahi berrien, ahaidetasun berrien eta irudipena aske uzteko bide berrien bilaketan. Desplazamendu, metamorfosi, konbinazio edo objektuen arteko harremanen bilaketa horretan, halaber, badago halako arintasun bat jolasaren ideiarekin lotzen dena.

Sortzaile honen formaren desplazamendu batzuk minimoak badira ere, aparteko eraginkortasuna dute. Asoziazio bitxiak egiten ditu egunerokotasunean oinarrituta, eta horien atzean jolasa dago beti. Madozek arraroa dena arrunt bilakatzea lortzen du bere keinu eta eraikuntzekin, sandalia bat bota baten gainean jartzen duenean bezala. Gauzen aldaketa sotilak erakusten saiatzen da, harridura berezia eragiten dutenak: eranskinak edo kentzeak, desplazamenduak edo metamorfosia.

Erakusketak sakon aztertuko du Chema Madozen obra. Artistaren ibilbidea bere osotasunean hartuko du, eta bere obrak gaurdaino izan dituen askotariko faseen ikuspegi zabala eskainiko du, baita bere bilakaerarena ere. Gainera, unean-unean deigarri gertatu zaizkion objektuak ere aztertuko ditu.


Erakusketaren komisarioa: Oliva María Rubio

DOAKO BISITA GIDATUAK IGANDERO

18:30ean, euskaraz.
19:30ean, gaztelaniaz.
Ezinbestekoa da erreserba egitea, 943 00 17 30 telefonoan edo aretoan bertan.

FAMILIENTZAKO TAILERRAK
Familientzako tailerrak 5 eta 11 urte bitarteko partaideentzat, helduek lagunduta.
Igandero, 12:00etatik 13:30era.
Tarifa: 3 €
Informazioa eta erreserbak 943 00 17 30 telefonoan edo hezkuntza@kutxakulturartegunea.eus helbidean.

 

CHEMA MADOZ

Chema Madoz espainiar argazkilari ezaguna da, 2000. urtean Argazkilaritzako Sari Nazionala irabazi zuena. Ezin konta ahala erakusketa egin ditu bakarka, nola Espainian, hala atzerrian. Kritikak izugarri errespetatzen du bere obra sorta, eta, gainera, beste artista garaikide batzuentzat pentsaezina den ospea lortzen ari da.

Zuria eta beltza ditu gogoko, eta bere obrak irudimenezko jolas trebeetatik ateratako irudiak biltzen ditu: ikuspegiek eta ehundurek bilbatzen dituzte bere irudiak.

Chema Madozek denbora dezente darama zilarrezko ideiak margotzen. Bere lanaren bidez, espazio susmagaitzak irekitzen ditu, indar handiko formak. Eta hori guztia gugana iristen da, beti baitakarkigu zerbait gogora, eta mugarik gabeko gogoetara bultzatzen baikaitu.

Madozen argazkien bitartez, naturan modu errepikatuan gertatzen diren formetako eta zikloetako ezaugarri arraroak ulertzeko aurrerapausoak eman ahal izango ditugu.

Jose María Rodríguez Madoz, Chema Madoz izenez ezagunagoa, Madrilen jaio zen, 1958. urtean. 1980-1983. urteetan, Artearen Historia ikasi zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta, aldi berean, argazkigintza-ikasketak egin zituen, Irudi Eskolan. Madrilgo Real Sociedad Fotográficak jarri zuen egilearen lehenengo bakarkako erakusketa, 1985ean.

1988an, Madrilgo Círculo de Bellas Artes-eko Minerva Aretoan inauguratu zuen bere argazki-programazioa, bere lanen erakusketa bat jarrita.

Handik bi urtera, 1990ean, objektuen kontzeptua garatzen hasi zen. Eta gai hori etenik gabea izan da bere argazkigintzan, gaur egun arte.

1991. urtean, Sofia Erregina Arte Zentroaren Museo Nazionalak Cuatro direcciones: fotografía contemporánea española (Lau norabide: espainiar argazkigintza garaikidea) erakusketa jarri zuen ikusgai, hainbat herrialdetan ibili zena. Madozen argazkietako batzuk ere bazeuden erakusketa hartan. Urte berean, Kodak saria jaso zuen.

1993. urtean, Banesto Kultur Fundazioaren Arte Sorkuntzarako Poltsa jaso zuen. Madrilgo Art-Plus argitaletxeak egilearen lehenengo monografia argitaratu zuen 1995ean: Chema Madoz (1985-1995)liburua.

Hiru urte geroago, Murtziako Mestizo, A. C. argitaletxeak liburuki bat argitaratu zion artistari. Mixtos - Chema Madoz (Mistoak - Chema Madoz) izenburua zuen liburuak.

1999. urtean, Santiago de Compostelako Arte Garaikideko Centro Galegoan, ikusgai jarri zituen, bakarka, 1996-1997. urteetan egindako lanak. Urte horren amaieran, Sofia Erregina Arte Zentroaren Museo Nazionalak bakarkako erakusketa bat eskaini zion: Objetos 1990 - 1999 (Objektuak 1990 - 1999). Horixe izan zen, hain zuzen, museo horrek espainiar argazkilari bati artean bizi dela eskainitako lehenengo atzerabegirako erakusketa bakarra.

2000. urtean, madrildar argazkilariak Espainiako Argazkilaritzako Sari Nazionala jaso zuen. Urte horretan bertan, Houston Fotofest Biurtekoak "Egile Nabarmentzat" jo zuen. Argazkilari honen lanak gure mugak gainditu ditu, eta Ipar Amerikako hiri horretara ez ezik, Chateau d´Eau de Toulousera (Frantzia) ere iritsi da.

2001. urtean, aitaren heriotzari aurre egin ostean, Caracasko Arte Ederren Museoan eta Arizonako Reinvention Lisa Sette Gallery galerian jarri zuen erakusketa. Bestalde, hainbat erakusketa kolektibotan parte hartu zuen: besteak beste, ARCOn eta Musée de la Photographyie de Charleroi museoan.

Hurrengo urteetan, egile honen obra galeria eta bilduma entzutetsuetan bilduta agertu zen: Moriarty (Madril), Joan Prats (Bartzelona), Trinta (Santiago de Compostela), Buenos Airesko Arte Ederren Museoa, Cesano Maderno (Milan), International Festival of Photography (Samarana eta Togliati), Juan March Fundazioa, Madrilgo Círculo de Bellas Artes, Canal de Isabel II, Centre Pompidou, etab.

2006. urtean, Telefónica Fundazioak bere azken lanak (ehun bat argazki) bildu zituen, Chema Madoz 2000-2005 erakusketan. Urtebete geroago, Montevideoko Casa de Españatik Odenseko Museet for Fotokunst-era bidaiatu zuen, eta tartean, Kairoko Horizon One Gallery-n eta Kairoko Círculo de Bellas Artes-en ere izan zen.

2008an, Madrilgo gau zurian parte hartu zuen, Luna Gongekin. Chema Madoz: Ars Combinatoriaerakusketa ere ikusgai egon da hainbat zentrotan; esaterako, Rotterdamgo Nederlans Fotomuseum-en, Bartzelonako Catalunya-La Pedrera Fundazioan, Santiago de Compostelako Galicia Entzunaretoan, Istanbulgo Milli Reasurans Sanat Galerisi-n, Frantziako Rencontres d’Arles-en eta Salamancako Unibertsitateko Fonseca Aretoan (2010-2015). 2015ean, Chema Madoz 2008-2014. Las reglas del juego (Chema Madoz 2008-2014. Jokoaren arauak) erakusketa antolatu zen, Madrilgo Komunitateko Alcalá 31 Aretoan.

Kutxa Kultur

Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data Uztailaren 21(e)tik Azaroaren 5(e)ra
  • Lekua Kutxa Kultur Plaza
    Mandasko Dukearen Pasealekua, 52
    Donostia-San Sebastián
  • ZenbatekoaDoan
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Kutxa Kultur Plaza

Non