"Balerdi (1934-1992)"
Joan zen mendeko berrogeita hamarreko urteen bigarren erdian ezagutzera eman zen euskal margolaritzaren panoraman, gerraosteko abangoardian izen nagusietako bat da Rafael Ruiz Balerdi (Donostia, 1934 - Alacant, 1992). Marrazkilari handia eta berebiziko kolorista, haren lanak hainbat aukera estetiko egin zituen azkenean keinuaren informalismoan amaitu arte. Baina haren lanaren gune edo muin pertsonalena izan zen ikerketa formal oso ahaltsu baten abiapuntua baizik ez zen izan hori.
Bere nerabezaroan paisaia eta erretratuekin hastapen figuratiboak izan ondoren, 1955ean Eduardo Chillidarekiko adiskidetasunak nazioarteko abangoardiaren hizkuntzak ezagutzen lagundu zion, eta Kubismoaren eta Espazialismoaren eragina izan zuen lanari ekin zion. Hamarkada haren azken urteetan Goyaren pintura beltzen eta Europako Abstrakzio Lirikoaren eraginak arnas poetiko handiko eta oso egikera fin eta sentsualeko obra margotzera eraman zuen. 1960an behin-betiko haustura sortu zen haren lanean, eta erabateko informalismoak bere prozesurik orijinalenaren bidea ireki zion.
Prozesu hori keinuzko trazuen gainean eraikitako forma baten bilaketa izan zen, ondoz ondoko esku-hartze batzuetan akigarriekin, lan batzuetan ia muturreko xehaketaraino iritsi zirelarik. Horrela, esperientzia honek iraun zuen hamar urteetan, paralelotzat har daitezkeen baina benetan ondoz ondokoak diren bi bide bereizten dira: keinu eta orbanezko Informalismoaren jarraitutasunarena eta forma kristalizatuak egitearena, bigarren kasu honetan lan bat berean hasierako esku-hartze espontaneoari gainjartzen zaiona. Urte hauetan bestelako albo-esperimentuak ere izan ziren. Gero Balerdik bertan behera utzi zuen olio-pintura eta, aldi batez, ia bere arte-jarduera ere bai; herritarren errebindikaziozko esku-hartzeetan jardun zuen, eta, berehala, zortzi urte baino gehiagoko denboraldian pastel-klarionez margotu zuen paketatzeko paperaren gainean, eta horrela aberastasun formal eta kromatiko handiko ziklo bat sortu zuen, non kontraste egiten duen emaitzaren luxu adierazkorrak, iradokizunen askotarikotasunagatik deskribatzeko zaila denak, materialen kaskartasunarekin. Azkenean, 1985ean olio-pinturara itzuli zen eta horrek mugarik gabeko artearen bidea zabaldu zion, non bat egin zuten aurreko esperientzia guztiek, jasotako eragin guztiek eta gogoraturiko irudi guztiek, haien hurbiltasun, jakinduria eta askatasunak etapa zirraragarri eta irudikorra osatu zutelarik Balerdi hil arte.
Balerdiren aparteko margolaritzak bere garaikide askorengan eragin zuen eta irudiak sortzeko gaitasunean oinarrituta egon zen, bere begirada arriskatu eta sakonean, eta bere aniztasunean; izan ere, lagun izan zituen egikaritzeko gaitasun eta kolorearen sen harrigarriak, zeinahi zela ere erabilitako teknika. Baina beste informalista askori bezala, Zen artearen pentsamenduak eta egikerak eragin bazioten ere, pentsamendu hinduaren zenbait alderditan aurkitu zuen bere margolaritzarako oinarri teorikoa. Hori Aurobindo filosofoak predikatzen zuen ekintza-yogaren ideiaren inguruan izan zen -Bhagavad Gita antzinako testutik zetorren ideia zen, kontenplaziozkoa eta ahistorikoa zen yogaren aurka zegoena-, eta Balerdik margolaritzan bertan gauzatzen zuela uste izan zuen.
Rafael Ruiz Balerdi
1934. Rafael Ruiz Balerdi Donostian jaio zen maiatzaren 5ean, Easo plazako 5. zenbakian; Rafael Ruiz Maurette eta Victoria Balerdi Tolosa senar-emazteen bigarren semea zen.
1936. Aita errepublikar armadan zegoelarik eta Francoren gudarosteak berehala sartuko zirenez, ama, hirugarren semeaz haurdun, Donostiatik irten zen bi semeekin, eta lehenik Mutrikun babestu zen eta gero bere jaiotetxean Ordizian.
1937. Donostiara itzuli eta lehen ikasketak Amarako Víctor Pradera eskoletan hasi zituen Rafaelek.
1948-1949. Bi uda hauetan Continental hotelean lan egin zuen mandatu-mutil gisa.
1950-1955. Bi denboralditan (1950-1952 eta 1953-1955) Nerecán inprimategian lan egin zuen offset probak zuzentzen, eta lan hori egiteaz gain Arte eta Lanbide Eskolara joaten zen.
1953. Garai hartan Donostian arte-munduan ezagunenetakoa zen Miguel Angel Álvarez margolariaren adiskide bihurtu zen, eta haren estudiora joaten hasi zen.
1954. Chillidak, Donostiako Gabonetako V. Lehiaketako epaimahaikidea izanik, berak bakarrik botoak eman zizkion Balerdik aurkezturiko margolanari.
1955. Álvarezen bidez Chillida ezagutu zuen, eta honen heriotzara arte iraungo zuen adiskidetasuna izan zuten, Balerdiren berehalako bilakaerarako funtsezkoa izan zen harremana. Beka batek Madrilera joateko eta San Fernandoko Arte Ederren Eskolan eta gero Arte Ederren Zirkuluan ikasteko aukera eman zion. Aulkien egituraren inguruko lana hasi zuen, haren helduaroaren hasieratzat jo daitekeena.
1956. Nestor Basterretxearekin batera Tarragonako Complex Educatiu-n horma-irudi edo muralak egin zituen, euskal arte espazialistaren garapenerako garrantzitsuak, nahiz eta Balerdiren bilakaeran episodio bakartu gisa geratu diren. Chillidaren bidez Juan Huarte ezagutu zuen; honek obra erosi zion, eta gerora mezenas gisa babes handia eman zion artistari. Lehen aldiz Parisera joan zen. Haren pintura abstrakzio lirikoan sartu zen.
1958. Veneziako XXIX. Bienalean Margolari Gazteen atalean parte hartu zuen, eta Carnegie Instituteren Pittsburgh International Exhibitionen ere bai. Beste egonaldi bat Parisen.
1960. Berriro Parisen, keinuzko informalismoan sartu zen haren pintura.
1961. Lehenengo bakarkako erakusketa egin zuen Madrilgo Darro galerian.
1962. Madrilera joan zen bizitzera. Han bakarkako bigarren erakusketa egin zuen Nebli aretoan urmargo edo akuarela informalistekin.
1965-1966 aldera bere Homenaje a Tarzán I: La cazadora inconsciente filma egin zuen.
1966. Gaur taldea sortzen parte hartu zuen. Sri Aurobindo filosofo hinduaren pentsamenduarekiko interesagatik, Pondicherry-ra (India) joan zen haren eskola ezagutzera 1969an.
1972. Egungo Euskal Artearen Erakusketan parte hartu zuen Iruñeko Topaketetan.
1973. Donostiara itzuli zen. Durangoko Udalaren Kultura-aretoetan erakusketa egin zuen. Bere aktibismo didaktiko eta hiritarrari ekin zion.
1974. Atzera begirako lau erakusketa garrantzitsu egin zituenDonostia, Iruñea, Bilbo eta Madrilen. Madrilgo Kreisler Dos galerian egin zuen erakusketa. Ama hil zitzaion. Eginkizun publikoak margolaritzatik urrundu zuen aldi baterako.
1977. Beira-ateetarako zirriborroak egin zituen pastelaz enbalatzeko paperaren gainean, handik aurrerako lanaren jatorri bihurtu ziren, teknika horrekin egin baitzuen.
1977-1978. Txinara joan zen.
1978. Txinatik itzultzean, “paisaia txinatar” errealista egin zuen eta ondoren paper gaineko pastel-klarion abstraktuak.
1979. Aita hil zitzaion. Düsseldorfera joan zen eta han Joseph Beuys eta Ekialdeko Europa ezagutu zituen.
1980-1982. Klarion-erakusketa pertsonalak egin zituen Zarautz, Bilbo, Durango, Stuttgart, Donostia, Biberach, Bartzelona eta Madrilen.
1981ean Jacqueline Sánchezen etxera joan zen bizitzera, harekin topo egina zelarik 1976an Donostiako Auzo Elkarteen bileretan.
1981-1985. Bidaiak egin zituen Italia (1981), Mexiko (1982), Kanariak (1983), Menorca (1985), Brusela, Londres eta Hagara (1985). Sarri egoten zen Frankfurten, hiri hartan bizi baitzen Hilde Koch, Jacquelineren alaba. Han egin zuen John Cageren erretratua.
1985. Berriro erabili zuen olioa.
1986-1992. 1986-1987tik aurrera, eta orduan Mojácar-en (Almeria) egon zen, neguak Donostiatik kanpo eman zituen: 1987-1988koa Kanaria Handiko uhartean, 1988-1989koa Kreta eta Turkian, eta azkenik Altean (Alacanten) egon zen 1990eko lehen hilabeteetan eta 1990-1991 eta 1991-1992ko neguetan.
1992. Ezbehar bat izan zuen Alteako etxean, eta haren ondorioz hil zen Alacanten martxoaren 11n.
Laburrean
- Mota Erakusketa
- Data Ekainaren 9(e)tik Irailaren 24(e)ra
- Ordutegia11:30-13:30 eta 17:00-21:00
- Lekua Kubo Kutxa Aretoa
Zurriola Etorbidea, 1
Donostia-San Sebastián - HizkuntzaBat ere ez
- Web Kubo Aretoa








