Les Ballets de Monte-Carlo: "Romeo eta Julieta"
Otsailaren 15ean, asteazkena, 20:00etan, Les Ballets de Monte-Carlo dantza-konpainia Kursaal Auditorioan izango da, Shakespeareren Romeo eta Julieta ezagunaz Jean-Christoph Maillotek atondu duen bertsioa aurkezteko. Sergei Prokofiev errusiar konposagile handiaren musika oinarri hartuta, Maillot-ek guztiz orijinala den ikuspegitik aurkezten du Kapuletarren eta Montagutarren arteko liskarra.
Romeo eta Julietaren drama mundu guztiak ezagutzen duela abiapuntu hartuta, Jean-Chistophe Maillot-ek Shakespeareren maisulanaren parafrasia saihesten duen ikuspegi koreografikoaren aldeko hautua egin du. Amaiera tragikora arte, Kapuletarren eta Montagutarren arteko zismaren jarraipena egin beharrean, ikuspegi berezi batetik birmoldatzen du lana koreografoak: balletak anaia Lorenzoren arima oinazetura eramaten gaitu; hark, ongia egin nahian, bi maitaleen heriotza eragiten du, eta, dramaren amaieran, hara nola iritsi den galdetzen dio bere buruari. Bere barrua estututa duen elizgizon haren oroitzapena da, hain zuzen ere, Mailloten Romeo eta Julieta. Hasiera horrek oso ondo adierazten du zer sentiberatasuna duen koreografoak Romeo eta Julieta interpretatzen duenean, izan ere, ez du gizarte gatazka bat balitz bezala interpretatzen, edo ohorezko kode batek setiatutako klaseen arteko borroka bat balitz bezala; alderantziz, bi gazteren heriotza eragin duen ezusteko dramatzat hartzen du, gorroto jokoekin baino gehiago maitasun jokoekin kezkatuta dauden bi gazteren dramatzat, hain zuzen ere.
Hala, arrazoiaren gainezkatze horretan inspiratu da Maillot koreografia osatzeko. Aldatu egiten ditu dantza klasikoaren kodeak, alderdi tradizionalenetik begiratuta, baina ez du haren bultzada, energia eta grazia denboragabea galtzen. Gogoeta hori da Mailloten errepertorioaren giltzarria: hiztegi klasikoa sintaxi garaikidearekin, hainbat diziplina artistikoren elkargunean beti. Balletak zazpigarren artearen tresnak baliatzen ditu: flashbacka –anaia Lorenzoren barne azterketan sakontzeko aukera ematen diguna–, eszenak izoztea edo kamera mantsoa. Aipatzekoa da ikuskizuna ez dela inoiz aurrez aurre aurkezten; dantzariak diagonalean egiten dute aurrera, inoiz ez aurrez aurre, gogoratuz artista batek ez diola inoiz kamerari begiratzen. Azkenik, dantzari bakoitzak bere papera du (bigarrena) eta ekintza bakar baten bitartez bereiz daiteke. Pertsonaia nagusiek gogorarazten dute Maillotentzat bere Romeo eta Julieta "emakumeen ballet bat" dela, batez ere.
- Les Ballets de Monte Carlo
- Jean-Christophe Maillot, koreografia
- Sergei Prokofiev, musika


