Arautegia
InprimatuEBAZPENA, azaroaren 19koa, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordearena, zeinaren bidez argitaratzen baita Haur, Nerabe eta Familien zuzendariaren eta Gazteria eta Emantzipazioko zuzendariaren arteko kudeaketa-gomendioaren akordioa, Gazteen Behatokiak egin ditzan Haurren eta Nerabeen Behatokiaren zenbait eginkizun.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 234
- Hurrenkera-zk.: 5168
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/11/19
- Argitaratze-data: 2025/12/03
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
Haur, Nerabe eta Familien zuzendariak eta Gazteria eta Emantzipazioko zuzendariak aipatutako akordioa sinatu dute. Horrenbestez, beharrezko publizitatea emateko, hau
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 19a.
Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordea,
XABIER LEGARRETA GABILONDO.
Alde batetik, Gorka Oraá Martinez De Laño Haur, Nerabe eta Familien zuzendariak
eta, bestetik, Adrián López Sarachaga Gazteria eta Emantzipazioko zuzendariak Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailekoak biak ala biak
ADIERAZI DUTE:
Lehenengoa. Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuaren (hemendik aurrera, 320/2024 Dekretua) 15.2 artikuluaren arabera, Haurren eta Nerabeen Behatokia Haur, Nerabe eta Familia Zuzendaritzari atxikitzen zaio, eta Haur eta Nerabeen otsailaren 15eko 2/2024 Legearen 316. artikuluan jasotzen diren zereginak izango ditu.
Bigarrena. Haurren eta Nerabeen Behatokia abenduaren 4ko 219/2007 Dekretuaren bitartez sortu zen. Haur eta Nerabeen otsailaren 15eko 2/2024 Legearen 315. artikuluko definizioari jarraikiz, haur eta nerabeen arloko azterketa, ebaluazio, elkarlan eta aholkularitza teknikorako organoa da, zeinaren eginkizuna baita Euskal Autonomia Erkidegoko haur eta nerabeen errealitatea eta lege hori aplikatuz garatutako politiken eragina etengabe aztertzea.
Aipatutako legearen azken xedapenetako laugarrenak eskatzen du 219/2007 Dekretua, abenduaren 4koa, legean xedatutakora egokitu beharko dela indarrean jartzen denetik gehienez bi urteko epean. Halaber, lanpostu-zerrenda aldatzeko eskatzen du, lau urteko epean, behatoki horrek behar diren lanpostuak izan ditzan Lege horren 316. artikuluan esleitzen zaizkion eginkizunak betetze aldera.
Hirugarrena. 320/2024 Dekretuak 16. artikuluaren 1.i) paragrafoan xedatzen du Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzak gauzatzen dituela Gazteen Euskal Behatokiak esleituta dituen zereginak, bere langileak eta bitarteko materialak erabiliz. Behatoki hori Kulturako sailburuaren 1999ko abenduaren 10eko Aginduaren bitartez sortu zen, eta bere zeregin artean daude gazteriaren arloko ikerketak egitea, informazioa ematea, etengabeko dokumentazioa sortzea eta gazteriaren esparruko profesionalak trebatzea.
Laugarrena. Gazteriari buruzko martxoaren 10eko 2/2022 Legea adingabe guztiei aplikatuko zaie, aisialdiaren erabilerari eta haur-sustapenaren eremuari dagokienez.
Lege horren 2. artikuluaren arabera gazte-politika zera da: gazteek beren bizitzako esparru guztietan dituzten premiei arreta ematen dieten eragileen esku-hartze guztiak, bai eta haurrei eta nerabeei eskaintzen zaien arreta ere, aisialdiaren erabilerari eta sustapen-eremuari dagokienez.
Bosgarrena. Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordeak koordinatzen du Haur, Nerabe eta Familia Zuzendaritzak eta Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzak kudeatzen dituzten behatokien jarduketa, aipatutako urriaren 29ko 320/2024 Dekretuaren 5.j) artikulua betez.
Seigarrena. Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak 2025eko azaroaren 17ko aginduaren bitartez kudeaketa-gomendio bat baimendu du, hain zuzen ere, Haur, Nerabe eta Familia Zuzendaritzaren eta Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzaren artekoa. Horretarako, Haur, Nerabe eta Familien zuzendariak eta Gazteria eta Emantzipazioko zuzendariak kudeaketa-gomendioaren akordio hau sinatu dute. Hona hemen hitzarmenaren klausulak:
KLAUSULAK
Lehenengoa. Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Haur, Nerabe eta Familia Zuzendaritzak eta Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzak erabaki dute Gazteen Behatokiak gauzatuko dituela Haurren eta Nerabeen Behatokiaren zenbait zeregin, administrazioko efikazia eta efizientzia arrazoiak direla eta.
Bigarrena. Xedea.
Gomendio-kudeaketa honako jarduera hauetan gauzatuko da, kasu bakoitzean zehaztuko den irismenarekin:
Haur eta nerabeen arloko prestakuntza-ekintzen diseinuan parte hartzea, eta, bereziki, haien eskubideak bermatu eta babesteko ekintzetan.
Adingabeen beharrak eta bizi-baldintzak aztertzea.
Aholku ematea, informazioa ematea eta proposamenak eta gomendioak egitea haurren eta nerabeen ongizatean eta haien eskubideak egikaritzean eragina duten eremu guztietan jarduteko ildo estrategiko eta lehentasunei buruz, batez ere pertsona adingabeen kontrako indarkeria prebenitzeko eta hari aurre egiteko, babesgabetasun-egoerak prebenitzeko, eta halakoak gertatzen direnean haurrak eta nerabeak babesteko neurrien esparruan eta, orobat, zigor-legea urratzen duten jokabideak prebenitzeko eta jokabide horiek dituztenen gizarte- eta hezkuntza-arloko arreta bermatzeko neurrien esparruan.
Haur eta Nerabeentzako Erakunde arteko eta Sektore arteko Organoari eta Haur eta Nerabeentzako Euskal Kontseiluari aldian-aldian informazioa ematea, Behatokiaren beraren ekimenez edo koordinazio- eta partaidetza-organo horiek eskatuta egindako txostenak eta azterlanak igorrita eta, betiere Behatokiak garatutako jarduketei buruzko urteko txostena eginda.
Hirugarrena. Baliabide ekonomikoak.
Kudeaketa-gomendio honek ez du zuzeneko eraginik izango aurrekontuetan, ez duelako ez kreditu-dotaziorik ez funts-eskualdaketarik eragiten gomendatutako jarduketak gauzatzeko.
Gazteria Zuzendaritzak gomendatutako zereginak gauzatzeko Gazteen Behatokiari atxikitako giza baliabideak baliatuko ditu, eta ez da kanpo-kontrataziorik egingo, ezta aurrekontua gehituko ere.
Laugarrena. Indarraldia.
Akordio hau sinatzen denean jarriko da indarrean eta 2028ko abuztuaren 12rarte iraungo du. Epe hori ezarri zen Haur eta Nerabeen otsailaren 15eko 2/2024 Legearen azken xedapenetako laugarrenean Eusko Jaurlaritzak lanpostuen zerrenda aldatzeko eta beharrezko Haurren eta Nerabeen Behatokiak beharrezko lanpostuak izan ditzan Legearen 316. artikuluan esleitzen zaizkion zereginak gauzatzeko.
Aurrekoa alde batera utzi gabe, kudeaketa-gomendioaren akordio hau indarrik gabe geldituko da 2028ko abuztuaren 12ak baino lehen Eusko Jaurlaritzak lanpostuen zerrendak aldatzen baditu eta Haurren eta Nerabeen Behatokiak behar dituen lanpostuak sortzen baditu.
Halaber, akordio hau azkentzeko arrazoia izango da sinatzaileen aho bateko erabakia, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluarekin bat.
Bosgarrena. Eskumena.
Kudeaketa-gomendioak ez dakar eskumenen titularitatea lagatzerik, ez eta eskumen horiek erabiltzeko osagai funtsezkoen titularitatea lagatzerik ere, Haur, Nerabe eta Familia Zuzendaritzarenak baitira bata zein bestea.
Seigarrena. Erantzukizuna.
Haur, Nerabe eta Familia Zuzendaritzaren erantzukizuna da izaera juridikoko ebazpenak edo egintzak ematea, kudeatzeko gomendio honen xedea den jarduera material zehatzaren euskarri izan daitezen edo jarduera bera ebazpen edo egintza horietan integra dadin.
Alderdi biak agiri honen edukiarekin ados daudenez, eta horrela jasota gera dadin, kudeaketa-gomendioaren akordio hau sinatu dute Haur, Nerabe eta Familien zuzendariak eta Gazteria eta Emantzipazioko zuzendariak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 18a.
Haur, Nerabe eta Familien zuzendaria,
GORKA ORAA MARTÍNEZ DE LAÑO.
Gazteria eta Emantzipazioko zuzendaria,
ADRIÁN LÓPEZ SARACHAGA.