Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2026ko uztailaren 29koa, HABEko zuzendari nagusiarena, euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei, 2026-2027 ikasturteko euskara-ikastaroengatik, esleituko zaizkien dirulaguntzak arautzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: HABE; Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 165
  • Hurrenkera-zk.: 3740
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2026/07/29
  • Argitaratze-data: 2026/08/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, HABE erakundeak dirulaguntzak emango dizkie Erregistroan inskribaturik dauden euskaltegiei eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei, helduen euskalduntzegintzan egindako jarduera finantzatzeko. Dirulaguntza horiek HABEk ezarritako helburuak lortzera bideratuta egongo dira.

Ildo horretatik, deialdi hau bat dator indarrean dagoen Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Dirulaguntzen Urteko Planarekin eta 2025-2028 epealdiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoarekin (PES 2025-2028), zeinak helduen euskalduntzea bultzatzea ezartzen baitu hizkuntza politikaren arloko helburu estrategikoetako bat bezala, besteak beste euskaltegi pribatuei eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei zuzendutako dirulaguntzen bidez. Dirulaguntzen Plan Estrategikoa eta Dirulaguntzen Urteko Planak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren webgunean daude argitaratuta.

Bestalde, Gobernu Programak jasotzen ditu XIII. legegintzaldian herritarrekin hartutako konpromisoak betetzeko Jaurlaritzak bultzatu beharreko ekimenak. Planaren 43. konpromisoan jasotzen denez, helburu nagusietako bat da euskararen ezagutza handitzea eta haren erabilera sustatzea gizarteko esparru guztietan. Konpromiso horren bosgarren ekimenean aurreikusten da helduei euskara irakasteko sistema finantzatzeko laguntza ematea, euskaltegietarako ohiko finantzaketa-deialdien bidez, irakasleen lan-baldintzak hobetzeko xedearekin. Eusko Jaurlaritza sustatzen ari den Jauzia Gara estrategiaren barnean kokatzen da aipatutako konpromiso hau, irakasleen lan-baldintzak hobetzeak berarekin batera dakarrelako irakasleen profesionalizazioa eta lan-egonkortzea, era horretan irakaskuntzaren kalitatea hobetuz.

Ildo horretatik, deialdi hau bat dator Eusko Jaurlaritzak 2026ko martxoaren 31n onartutako 2026-2030 Euskararen Plan Estrategikoarekin, zeinak hizkuntza-politikaren plangintza estrategiko bateratua ezartzen baitu. Plan Estrategiko horrek euskararen ezagutza eta erabileran aurrerapauso kualitatiboa sustatzea du helburu, hizkuntza-eskubideen bermea eta euskararen presentzia gizarteko esparru guztietan indartzea oinarri hartuta, eta horretarako ardatz estrategiko, helburu, ekintzak eta adierazle multzo egituratu bat definitzen du.

Testuinguru horretan, helduen euskalduntzea politika publikoaren jardun-ildo nagusietako bat da, eta euskaltegiek funtsezko eginkizuna betetzen dute helburu horien garapenean. Horrenbestez, deialdi honek euskaltegien jarduera eta finantzaketa Euskararen Plan Estrategikoarekin bat ezarritako lehentasun estrategikoekin lerrokatzea du xede, hizkuntza-politikaren koherentzia eta eraginkortasuna bermatuz.

Euskaltegien jarduerak, gainera, eragin zuzena du gizartean, izan ere, hizkuntza-gaitasunaren garapena sustatzen du, aukera-berdintasuna indartzen du eta gizarte kohesioa sendotzen laguntzen du. Horregatik, euskaltegiak ezinbesteko zerbitzu publikotzat jotzen dira, eta haien finantzaketa egonkor eta egokia bermatzea funtsezkoa da sistema osoaren iraunkortasunerako.

Bidezkoa da, beraz, 2026-2027 ikasturterako dirulaguntzen deialdia egitea eta finantzaketa-moduluak ezartzea, honen bidez euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei dagozkienak finkatuz.

Horregatik, aipatu xedapenek eta otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak, HABEren egitura organikoa ezartzen duenak, ematen dizkidaten eskumenez baliatuz, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak araututakoari jarraikiz, hau

Lehenengoa. Euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei zuzendutako 2026-2027 ikasturteko dirulaguntza-deialdia egitea eta oinarriak onartzea.

Bigarrena. Jakinarazten zaie interesdunei, ebazpen honek ez duela Administrazio-bidea agortzen eta, beraz, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete horren aurka, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, urriaren 1eko 39/2015 legeari eta bertako 121 eta 122 artikuluei jarraikiz.

Donostia, 2026ko uztailaren 29a.

HABEko zuzendari nagusia,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.

OINARRIAK

  1. oinarria. Helburua eta zuzkidura ekonomikoa.

  1. Oinarri hauen helburua da 2026-2027 ikasturtean (2026ko urria eta 2027ko iraila bitartean) euskaltegi pribatuek eta autoikaskuntzarako zentro homologatuek euskara-ikastaroengatik jasoko dituzten dirulaguntzak nola esleituko diren, zein baldintzetan eta nola izapidetuko diren arautzea.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan xede horretarako HABEren urteko aurrekontuan aurreikusitako funtsen konturakoak izango dira, guztira 37.530.000 euroko zuzkidura ekonomikoarekin.

  3. Deialdi honek bi eskaera-aldi izango ditu:

    1. Deialdi honen lehen eskaera-aldirako, 36.745.000 euroko zuzkidura ekonomikoa aurreikusita dago. Diruz lagunduko diren jarduera-unitateen gehieneko kopurua II. eranskinean ezarritakoa izango da, eta muga hori ezin izango da gainditu.

    2. Bigarren eskaera-aldirako, 10.448 jarduera-unitate diruz laguntzeko 785.000 euroko zuzkidura ekonomikoa aurreikusi da. Zenbateko hori 2026-2027 ikasturtean zehar II. eranskinean aurreikusitako jarduera-unitateen % 103tik gorako kopurua gainditu eta talde-ratioa betetzen duten euskaltegiei zuzenduta dago. Bigarren eskaera-aldia lehen eskaeran onuradun izan diren euskaltegiei soilik dago zuzenduta.

  4. Bigarren eskaera-aldian aurkeztutako jarduera-unitateen eskaerak oinarri honetako 3.b. atalean zehaztutako unitate-kopurua gainditzen badu, euskaltegi bakoitzari diruz lagunduko zaion jarduera-unitateen kopurua proportzionalki esleituko da, deialdian ezarritako irizpideei jarraikiz. Halaber, oinarri honetako 3.a) atalean soberakinik balego, 3.b) atalean erabil daiteke.

  5. Hala ere, bigarren eskaerarako eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, eta bigarren esleipen-ebazpena eman baino lehen, bigarren eskaera-aldirako aurreikusitako zuzkidura ekonomikoaren % 200era arte handitu ahal izango da. Aldaketa hori HABEko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onartu beharko da eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu.

  1. oinarria. Onuradunak.

  1. Onuradun izan daitezkeen erakundeak.

    Ebazpen honen bidez deitutako dirulaguntzen onuradunak izango dira HABEren Erregistroan euskaltegi pribatuak eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak edo horiek eratutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteak, betiere oinarri honetako 2. atalean ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta ez badaude Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeretan.

    Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeretan ez egotea erantzukizunpeko aitorpen bidez egiaztatuko da.

  2. Eskatzaileek bete beharreko baldintza orokorrak.

    1. HABEren euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen Erregistroan inskribatuta egotea, eta datu guztiak egunean edukitzea.

    2. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeretan ez egotea, eta batez ere, zerga guztiak ordainduta edukitzea eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatea.

      Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du dirulaguntza eskatzen duten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela. Honetarako, aintzat hartuko da honakoa: Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa.

    3. Dirulaguntza-eskaera zuzen osatzea, deialdiaren III. eranskinean jasotako ereduaren arabera eta, eskariarekin batera 3. oinarrian eskatzen diren agiriak zuzen betetzea eta aurkeztea.

    4. Giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetzaren balioak errespetatzea. Ondorioz, dirulaguntza hauen onuradunek ezin izango dituzte agerian jarri herritarrentzat laidogarriak izan daitezkeen, erabiltzaileen duintasuna urratzen duten edo indarkeria iradokitzen duten ikurrak edo elementuak.

    5. Ezingo dira deialdi honen onuradun izan: laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen dieten legezko debekuren batean dauden erakundeak, edo zigorrik jasota duten erakundeak, kasuan kasuko epea amaitu arte, eta bereziki: sexu-bereizkeriagatik zigortutako erakundeak, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginak ezarritakoari jarraikiz.

  3. Eskatzaileek bete beharreko bestelako baldintzak.

    1. Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma (HEOC) uneoro aplikatzea, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren arabera (EHAA, 2015eko uztailaren 31a, 144. zk.).

    2. Euskaltegi eta autoikaskuntzarako zentroetako ikasleek Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean ezarritako gaitasun-mailen ziurtagiriak eskura ditzaten, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko irailaren 9ko Agindua, euskarazko komunikagaitasun-mailen ebaluazioa eta egiaztatzegintza arautu eta euskara-ikasle helduentzako dirulaguntzen deialdietarako irizpideak finkatzen dituena betetzea.

    3. Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak ezarritako hurrengo baldintzak betetzea: irakaskuntza lokalak, irakasleak eta material didaktikoa.

      Halaber, diruz lagundutako C2 mailako ikastaroetako irakasleek C2 mailako euskara-agiria edo baliokidea izan beharko dute, edo maila hori egiaztatzetik salbuetsita egon beharko dute, apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuaren eta otsailaren 26ko 28/2019 Dekretuaren arabera.

    4. Ikasleek matrikula finantza-entitate baten bitartez ordaindu beharko dute, eta gutxienez zenbateko osoaren herena, ikaslea ikastaroan hasi eta 10 laneguneko epean. Salbuespena izango dira matrikula erakunde publiko batek ordaintzen dien ikasleak.

    5. Euskaltegi pribatuek edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek ikasleen matrikulen transferentzien ordain-agiriak gorde beharko dituzte.

    6. HABEko zuzendari nagusiak 2026-2027 ikasturterako Ebazpenaren bidez ematen dituen jarraibideak osotasunean bete beharko dira. Halaber, euskaltegiek helduen euskalduntze-jardun osoaren berri eman beharko diote HABEri.

    7. Diruz lagungarria den jardueraren aldetik, deialdi honen I. eranskinean jasotzen diren irizpideak bete beharko dituzte.

    8. Euskaltegiek edo autoikaskuntzarako zentro homologatuek diruz lagungarria den jarduerari buruzko informazioa bidali beharko dute HABEra, honek adierazitako euskarri eta epeen arabera, eta bereziki, honako hauek:

      Euskaltegiaren oinarrizko informazioa, aurreko ikasturteko informazioarekiko aldaketarik egonez gero.

      Euskaltegiaren barruko karguak, aurreko ikasturteko informazioarekiko aldaketarik eman bada.

      Ikasturtean aritzen diren irakasle eta beste langile guztien jarduera, titulazioarekin batera.

      Ikasle guztiak, bakoitzaren oinarrizko datuak eta ezaugarriak: matrikula-ordainketak, ikasten emandako denbora eta aprobetxamendua. Barnetegien kasuan, ikaslea zein pentsio-motatan dagoen ere adieraziko da.

      Ikastalde bakoitzaren ezaugarriak, HABEren kudeaketa-aplikazioan (Q87) eskatzen direnak, besteak beste, maila, ordutegia eta egutegia.

  4. Bigarren eskaera-aldiarekin lotutako berezitasunak.

    1. Deialdi honen barruan bigarren eskaera-aldia aurreikusten da, jarduera-unitateen kopurua II. eranskinean ezarritakoa baino % 103tik gora burutu duten euskaltegi eta autoikaskuntzarako zentro homologatuentzat, betiere, ezarritako talde-ratioa betez gero. Bigarren eskaera-aldian parte hartu ahal izango dute lehen eskaeran dirulaguntza esleitua izan duten euskaltegi pribatu eta autoikaskuntzarako zentro homologatuek.

    2. Bigarren eskaeraren izapidetzea lehen eskaerarako ezarritako prozeduraren bidez egingo da, eta eskaerak aurkezteko epea honakoa da: 2027ko ekainaren 24tik 2027ko uztailaren 24ra arte. Barnetegi iraunkorren kasuan, epea 2027ko irailaren 1era arte zabalduko da.

    3. Oro har, bigarren eskaerarako ez da dokumentazio osagarririk aurkeztu beharko, HABEk bestelakorik eskatzen ez badu.

      1. oinarria. Eskabideen aurkezpena, epeak eta aurkeztu beharreko dokumentuak.

      1. Aurkezteko modua.

        1. Euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentro homologatuek dirulaguntza-eskabideak, izapideak eta beharrezko dokumentazioa soilik aurkeztuko dituzte Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitartez: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1045510

        2. Eskabidearen ondorengo izapideak jakinarazpenak eta justifikazioak barne Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»-ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

        3. Identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: (https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak). Era berean, izapideak ordezkari baten bidez egin daitezke elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

      2. Lehen eskaerarako epea eta dokumentuak.

        Lehen eskaerarako eskabidea eta dagokion dokumentazioa aurkezteko epea izango da: Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta 2026ko azaroaren 3ra arte. Lehen eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak honako hauek dira:

        1. Eskabidea: III. eranskinean jasotako agiria telematikoki beteta. Bertan adierazi beharko da eskatzen den jarduera-unitateen kopurua, II. eranskinean agertzen denarekin bat ez badator. Diruz lagunduko diren jarduera-unitateen gehieneko kopurua II. eranskinean ezarritakoa izango da. Esleitutako jarduera-unitateen kopurua baino gehiago eskatu nahi izanez gero, bigarren eskaera-aldian eskatu ahal izango da, baldin eta esleitutakoa baino % 103tik gorakoa bada eta talde-ratioa betetzen bada, betiere, bigarren eskaera-aldirako aurreikusitako baldintzetan.

        2. Pertsonalaren fitxa: egun osoko jarduera duen irakaslearen ordainsaria, emango dituen eskola-orduen kopurua eta antzinatasuna berezita ordainduko zaion ala ez biltzen dituen agiria («Ordainsariak 2026-2027» fitxategia egoitza elektronikoan). Euskaltegi pribatu homologatuak edo autoikaskuntzarako zentroak egun osoko jarduera baina ordainsari edota eskola-ordu kopuru desberdinak dituzten irakasleak baditu, horiek guztiak zehaztuko ditu eskabidean. Langileen zerrendak bat etorri behar du HABEren kudeaketa aplikazioan (hemendik aurrera «Q87») dagoen langileen zerrendarekin. HABEk Q87n agertzen diren pertsonak eta haien datuak baino ez ditu aintzat hartuko.

        3. 2026-2027 ikasturterako plana, euskaltegiak ikasturte horretan garatuko dituen jardueren aurreikuspenarekin.

        4. Zerga eta Gizarte Segurantza arloko betebeharren egiaztagiriak, baldin eta erakunde eskatzaileak ez badu HABEk ofizioz egiaztatzea baimentzen.

        5. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeretan ez egoteari buruzko erantzukizunpeko aitorpena, III. eranskinaren bidez.

      3. Bigarren eskaera-aldiko epea eta dokumentazioa.

        1. Bigarren eskaera-aldiko eskabideak 2027ko ekainaren 24tik uztailaren 24ra bitartean aurkeztu beharko dira. Barnetegi iraunkorren kasuan, eskaera-epea 2027ko irailaren 1era arte luzatuko da. Eskaera horiek lehen eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioan oinarrituko dira.

        2. Oro har, ez da dokumentazio berririk aurkeztu beharko, baldin eta HABEk espresuki beste agiri osagarriren bat eskatu ezean. Lehenengo eskaerako dokumentazioa baliagarria izango da.

        3. Hala ere, nahitaezkoa izango da IV. eranskina telematikoki betetzea eta aurkeztea egoitza elektronikoaren bidez, eskatutako jarduera-unitate gehigarrien kopurua adierazteko. II. eranskinean esleitutako jarduera unitateen % 103tik gorako jarduera-unitateak soilik eskatuko dira IV. eranskinean. Jarduera-unitate gehigarriak kalkulatzeko, kontuan hartuko dira:

          2027ko ekainaren 30era arte burutu eta HABEk onartutako jarduera-unitateak.

          2027ko ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean egitea aurreikusten dituen jarduera-unitateak, horien gehieneko muga izanik 2025-2026 ikasturtean epealdi berean HABEk onartu eta benetan egindako jarduera-unitateak.

        4. Barnetegi iraunkorren kasuan, jarduera-unitate gehigarriak kalkulatzeko kontuan hartuko dira:

          2027ko abuztuaren 31ra arte burutu eta HABEk onartutako jarduera-unitateak.

          2027ko irailaren 1etik irailaren 30era bitartean egitea aurreikusten dituen jarduera-unitateak, horien gehieneko muga izanik 2025-2026 ikasturtean epealdi berean HABEk onartu eta benetan egindako jarduera-unitateak.

        5. Jarduera-unitate gehigarriak onartzeko, hiru baldintza bete beharko dira:

          HABEk onartutako jarduerak izatea.

          1. eranskinean ezarritako talde-ratioa betetzea (euskaltegiaren 2026-2027 ikasturteko talde-ratio ponderatuak II. eranskineko talde-ratioa berdindu edo handiagoa izan behar du). 2026-2027 ikasturteko talde-ratio ponderatua kalkulatzeko, ikasturtea hasi eta 2026ko urriaren 31ra arteko aurrez aurreko ikastereduan onartutako taldeen eta ikasleen datuak erabiliko dira. Barnetegi iraunkorren kasuan, berriz, 2027ko abuztuaren 31ra arteko datuak erabiliko dira haien ratio-ponderatua kalkulatzeko.

            Lehenik, herri-tamainaren araberako tarte bakoitzean talde-ratioa kalkulatuko da (ikasle kopurua zati talde kopurua). Ondoren, tarte bakoitzeko ratio hori euskaltegi horrek berak herri-tarte bakoitzean duen ikasle-proportzioaren arabera ponderatuko da. Hau da, euskaltegi batek jardueraren zati handiena herri-tarte jakin batean badu, tarte horrek pisu handiagoa izango du bere azken talde-ratioan.

            Tarte bakoitzean lortutako balio ponderatuen batura izango da euskaltegi bakoitzaren talde-ratio ponderatua.

            Talde-ratioa kalkulatzeko ez dira aintzat hartuko ebazpen honetako I. eranskinean 6. eta 7. puntuetan jasotzen diren helburu zehatzetarako ikastaro bereziak.

            Onartutako hondar-taldeen jarduera-unitateak II. eranskinean euskaltegiari esleitutako aurrez aurreko eskola-orduen % 5 baino gutxiago izatea.

      4. Baldintzen onarpena.

        Eskabidea aurkezteak esan nahi du erakunde eskatzaileak berariaz eta formalki onartzen dituela deialdi honetan ezarritako baldintzak.

      5. Aurkezteko modua eta sinadura elektronikoa.

        Eskabideak eta harekin batera aurkezten diren agiriak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, eta, hala dagokionean, interesdunaren edo haren ordezkariaren nortasuna eta borondatea modu fede-emailean egiaztatzen duen sinadura elektroniko baliozkoa erabili beharko da.

        Ez dira onartuko identifikazioa, benetakotasuna, osotasuna edo aldaketarik eza bermatzen ez dituzten agiri elektronikoak.

        Ez da baliozkotzat joko sinadura guztiak formalki baliozkoak izan arren azken sinaduraren ondoren aldaketak dituen dokumentua. Halakoetan, agiria ez-aurkeztutzat edo zuzendu beharreko agiritzat joko da.

      1. oinarria. Aurkeztutako eskabidearen akatsen eta hutsuneen zuzenketa.

        Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak direla, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartaraziko zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez badu, ulertuko dela eskabidean atzera egin duela edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galdu duela, eta hala jakinaraziko zaiola aurrez, ebazpen baten bidez.

        Epe horretan zuzenketarik egiten ez bada, interesdunak bere eskaeran atzera egin duela ulertuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta horren gaineko ebazpena emango da.

      2. oinarria. Dirulaguntzen esleipen-prozedura eta organo kudeatzailea.

        1. Dirulaguntza esleipen jarraituaren prozeduraren arabera izapidetuko da. Hau da, oinarri hauetako betekizunak zein baldintzak betetzen dituzten eskabide-egile guztiek jasoko dituzte dirulaguntzak, aurrekontu-partidako zenbatekoa agortu arte.

        2. Dirulaguntzen zenbatekoa II. eranskinean jasotako jarduera-unitateen arabera zehaztuko da, eta bertan ezarritako mugen barruan emango dira.

        3. Eskabideak aurkezten diren hurrenkeraren arabera izapidetuko dira, eta deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabideei emango zaizkie laguntzak, aurreko atalean ezarritako mugen barruan.

        4. Eskabide bakoitzak dagokion erregistro-sarrera izango du; banaka aztertu eta ebatziko da, eta interesdunari banaka jakinaraziko zaio ebazpena.

        5. Deialdiak bi eskaera-aldi aurreikusten ditu. Eskaera-aldi bakoitzean aurkeztutako eskabideak bereizita izapidetuko dira.

        6. Deialdi honetan aurreikusitako kudeaketa-lanak burutzea HABEko Kudeaketa Zerbitzuko Ekonomia eta Administrazio Unitatearen eta Ikuskatzailetzaren ardura izango da.

      3. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

      1. Esleipen-irizpideak.

        Dirulaguntza-deialdi honek 2026-2027 ikasturtean (2026ko urria eta 2027ko iraila bitartean) euskara-ikastaroengatik euskaltegi pribatuei eta autoikaskuntzarako zentro homologatuei zuzendutako dirulaguntzen baldintzak arautzea du helburu, esleipen-irizpide hauen arabera:

        1. Ikasturteko ordainsaria: deialdi honetarako egun osoko jarduera duen irakaslearen erreferentziako ordainsaria 38.293,77 eurokoa izango da.

        2. Irakaslearen eskola-orduak: deialdi honetarako erreferentziazko eskola-orduak 809 izango dira.

        3. Ikasturteko eskola-orduaren kostu-koefizientea: deialdi honetarako erreferentziazko eskola-orduaren kostua (ordainsaria zati eskola-orduak) 47,33 eurokoa izango da.

          Bi parametro hauen arteko zatiketak (alegia, ordainsaria zati eskola-orduak) 2026-2027 ikasturterako koefizientea emango du. Koefiziente honek islatzen du erreferentziazko parametroen betetze-maila, eta, horixe izango da, hain zuzen ere, ordainduko den dirulaguntzaren kopuru zehatzak kalkulatzeko erabiliko dena.

          Euskaltegi bakoitzaren koefizientea jakiteko, euskaltegiak berak eskabidearekin batera aurkeztutako «Ordainsariak 2026-2027» taulan baldintzarik okerrenak dituen irakaslearen datuak izango dira kontuan. Gauzak horrela, koefizienterik txikiena duen egun osoko jardueradun irakaslearen emaitza ikasturteko koefizientearekin alderatu eta haztatuko da.

        4. Jarduera-unitatea: euskaltegiek edo autoikaskuntzarako zentroek egiten dituzten ikasteredu guztiak biltzen ditu:

          Aurrez aurreko talde-orduak (1 = 1,0 jarduera-unitate).

          Jardun biko tutoretza-orduak (1 = 1,0 jarduera-unitate).

          Autoikaskuntzako matrikulak (190 orduko matrikula 1 = 20,23 jarduera-unitate), eta iraupen gutxiagoko matrikulak proportzioan doituko dira.

          Barnetegietan egindako pentsio-egunak: egun osoz (1 = 0,4 jarduera-unitate) eta egun erdiz (1 = 0,2 jarduera-unitate).

          Barnetegi iraunkorretako egun osoz (1 = 0,5 jarduera-unitate), erdiz (1 = 0,2 jarduera-unitate) eta ikasleak familietan (1 = 0,1 jarduera-unitate) egindako pentsio-egunak.

          Onuradun bakoitzari dirulaguntzetarako abiapuntu bezala onartuko zaizkion jarduera-unitateak 2020-2021 ikasturtetik 2023-2024 ikasturtera bere ekimenez ikasteredu guztietan HABEk onartu zizkion jardueren batez bestekoak izango dira).

      2. Kopuru zehatzak.

        2026-2027 ikasturtean dirulaguntzaren kopuru zehatza kalkulatzeko, onuradun bakoitzari dagokion jarduera-unitate kopurua eta dagokion laguntza-modulu doitua biderkatuko da. Jarduera-unitateak II. eranskineko taulan jasota daude.

        Jarduera-unitate bakoitzeko laguntza-moduluak honako hauek dira:

        Gehieneko modulua: 75,18 euro, irakasleen ordainsarian antzinatasuna ordaintzen denean.

        Gehieneko modulua: 69,07 euro, irakasleen ordainsarian antzinatasuna ordaintzen ez denean.

        Gutxieneko modulua: 47,12 euro.

        Aipatutako laguntza-moduluak hurrengo irizpideak jarraituz doituko dira:

        Eskabidean aurkeztutako ordainsarien taulan (Ordainsariak 2026-2027) jasotako datuen arabera, 6.1 oinarriaren c) azpiatalean ezarritako eskola-orduaren erreferentziazko kostu-koefizientea berdindu edo gainditzen bada, dagokion gehieneko laguntza-modulua aplikatuko da. Gehieneko laguntza-modulua ezberdina izango da antzinatasuna ordaintzen den ala ez kontuan hartuta.

        2026-2027 ikasturterako 6.1 oinarriaren c) azpiatalean ezarritako koefizientera iristen ez bada, euskaltegiak ordainsarien taulan (Ordainsariak 2026-2027) aurkeztutako datuak eta erreferentziazko koefizientea alderatuko dira, eta dagokion gehieneko laguntza-modulua proportzio berean doituko da, betiere gutxieneko laguntza-modulua errespetatuta.

      3. Finantzaketa publikoa.

        Europako edo Estatuko erakundeetatik, Eusko Jaurlaritza, foru aldundietatik, udaletatik edo Administrazio Publikoaren baitako beste erakunde autonomoetatik edo zuzenbide pribatuaren menpeko erakunde publikoetatik datorrena, gehienez, diruz lagundutako jardueraren gastuaren % 75 izango da.

      1. oinarria. Dirulaguntzarako esleipen-ebazpena.

        1. HABEko zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bitartez erabakiko da onuradun bakoitzari esleitzen zaion dirulaguntzaren zenbatekoa, deialdi honetako 6. oinarrian ezarritako irizpideen arabera. Esleipen-ebazpenak ez du Administrazio-bidea agortzen eta, beraz, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete horren aurka, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, urriaren 1eko 39/2015 legeari eta bertako 121 eta 122 artikuluei jarraikiz.

        2. Lehen esleipen-ebazpena 2026ko abenduaren 22a baino lehen emango da. Epe horretan organo erabakitzaileak jakinaraziko ez balu, eskabidea ez dela onartua izan ulertuko da.

        3. Izapidetze elektronikoa denez, jakinarazpena egindakotzat joko da euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentro homologatuak hura elektronikoki sinatzen duenean. Hala ere, hamar egun natural igaro eta jakinarazpena ireki ez bada, izapidea egindakotzat joko da, eta prozedurak bere horretan aurrera egingo du.

        4. Interesdun bakoitzari egindako ebazpenaren jakinarazpenaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da emandako dirulaguntzen esleipen-ebazpena.

        5. Betiere, onuradunei dirulaguntza aitortu, eta hala badagokio, ordaindu ahal izateko, nahitaezko baldintza da amaituta egotea dirulaguntzen itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, eta baita, dagokionean, dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordainduta izatea ere, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrari.

        6. Bigarren esleipen-ebazpena 2027ko abenduaren 22a baino lehen eman beharko da. Epe horretan organo erabakitzaileak ebazpenik emango ez balu, eskabidea ez dela onartua izan ulertuko da. Bigarren eskaera-aldiko baldintzak betetzen badira, egoki zuritutako jarduera-unitate gehigarriak hartuko dira kontuan esleipena egiteko.

      2. oinarria. Beste dirulaguntzen bateragarritasuna.

        1. Deialdi honen kontura ematen diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako beste edozein entitatek eman ditzakeen laguntzekin, betiere diruz lagundutako jardueraren gehiegizko finantzaketarik gertatzen ez bada, hau da, diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen ez badute. Onuradunak konpromisoa hartzen du gainfinantzaketa ez gertatzeko, eta hori saihesteko beharrezko neurriak hartuko dituela, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak ezarritakoaren arabera.

        2. Gehiegizko finantzazioa gertatzen bada, edota finantzaketa publikoetan aurreikusitako mugak gainditzen badira, murriztu egingo da dirulaguntza, dagokion neurrira doitu arte.

      3. oinarria. Dirulaguntzen ikuskapena eta jarraipena.

        1. HABEren Ikuskatzailetza arloko langile baimenduek ikuskaritzak egin ahal izango dituzte edozein unetan, euskaltegiak eta autoikaskuntzarako zentroak berauek emandako datuak egiaztatzeko helburuarekin. Horretarako, eska diezaiekete euskaltegietako arduradunei, eskolak emateko erabiltzen diren lokalen inguruko informazioa, baita jardun, ikasle, ikastalde, irakasle, gainerako langile eta material didaktikoari buruzkoa ere.

        2. HABEk ikuskaritza-bisitak egin ahal izango ditu euskaltegietan eta autoikaskuntzako zentroetan, dirulaguntzen jarraipena eta egiaztapena egiteko. Bisita horiek laginketa bidez egingo dira, irizpide objektiboak aplikatuta, hala nola lurraldearen araberako banaketa, zentroaren tamaina edo jarduera-bolumena, edota ausazko hautaketa; beharrezkoa denean, beste irizpide batzuk ere kontuan hartu ahal izango dira.

          Bisita horietan egiaztatu ahal izango dira, besteak beste, jardueraren benetako garapena, ikastaldeen funtzionamendua, irakasleen jarduna, ikasleen presentzia eta kopurua, instalazioak eta baliabide didaktikoak, bai eta HABEri emandako informazioaren eta zentroaren jarduera errealaren arteko egokitasuna ere. Ikuskapen horiek aldez aurretik jakinarazi gabe egin ahal izango dira.

        3. Ikusketan bertan bildutako informazioa ikusketa-akta batean jasoko da, eta akta hori HABEko ikuskatzaileak eta euskaltegiaren arduradunak sinatuko dute. Ondoren, ikuskatzaileak informazio gehigarria eskatu ahal izango dio euskaltegiari, eta honek hamar laneguneko epea izango du informazio hori aurkezteko.

        4. HABEren Ikuskatzailetzak aldian-aldian egiten dituen ikusketetan jasotako informazioa euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak HABEri ematen dion informazioarekin bat ez badator, edo deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, HABEko zuzendari nagusiari helaraziko dio akta, besterik ezean, aitortutako dirulaguntzei dagozkien ondorioak erabaki ditzan.

        5. Ikusketa baten ondorioz ez-betetze bat ohartuko balitz, HABEko zuzendari nagusiak behin betiko erabakia hartu baino lehen, euskaltegiaren edo autoikaskuntzarako zentroaren arduradunari ikuskatutakoaren akta helarazi beharko dio, honek 10 laneguneko epean dagozkion alegazioak egin ahal izateko.

        6. HABEk, dirulaguntzen jarraipenaren eta ebaluazioaren barruan, diruz lagundutako talde edo ikastaroetako ikasleei gogobetetze-inkestak egitea eskatu ahal izango die euskaltegiei. Horretarako, HABEk zehaztutako eredua edo jarraibideak erabiliko dira, eta euskaltegiek beharrezko lankidetza eskaini beharko dute inkesta horiek egiteko eta emaitzak helarazteko. Inkestak anonimoak izango dira, eta datuen babeserako araudia errespetatuko dute.

      4. oinarria. Dirulaguntzen ordainketa.

      1. Lehen eskaeraren ordainketa.

        Lehen eskaerari dagokion dirulaguntza 2026ko abenduan emango den esleipen-ebazpenean zehaztuko da, eta ikasturtean zehar hiru ordainketa gauzatuko dira, ondorengo epeetan:

        1. Lehen ordainketa (% 17): dirulaguntzen esleipen-ebazpena ematen den momentuan erabakitakoaren % 17 ordainduko da, gehienez hilabeteko epean.

        2. Bigarren ordainketa (% 73): euskaltegiek lehenengo ordainketa osorik zuritu ondoren eta HABEk egiaztatu ahala, espedienteen hurrenkeraren arabera, dirulaguntzaren ebazpenean ezarritako zenbatekoaren % 73 ordainduko da.

        3. Hirugarren ordainketa (% 10): gainerako % 10a (esleitutako dirulaguntza osoaren azken zatia) 2026-2027 ikasturte akademiko osoari dagozkion diruz lagundutako jarduerekin lotura duten gastuen zuriketa egin ondoren ordainduko da, HABEk egiaztapenak egin eta dirulaguntzaren kitapena burutu ondoren, HABEko zuzendari nagusiak egingo duen kitapen-ebazpenaren araberakoa.

      2. Bigarren eskaera-aldiko ordainketa.

        Bigarren eskaera-aldian, dirulaguntzen ordainketa aparteko ebazpen baten bidez gauzatuko da. Bigarren eskaera-aldiko esleipen-ebazpena 2027ko abenduaren 22a baino lehen ordainduko da osorik, lehen eskaeraren aldiko azken ordainketarekin batera. Ordainketa % 100ean egingo da, baldin eta ebazpenean onartzen diren jarduera-unitate gehigarriak behar bezala justifikatu badira, HABEk ezarritako baldintza eta irizpideei jarraituz.

      3. Dirulaguntzak ordaintzeko baldintzak.

        1. Dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen datu-basean agertu beharko du. Alta emateko edo datuak aldatzeko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistro telematikoa erabili beharko du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

        2. Dirulaguntzaren ordainketa baldintzatuta egongo da, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitzera.

          1. oinarria. Diruz lagungarriak diren gastuak.

          1. Diruz lagungarriak diren gastuak.

            Gastuen zerrenda 2026-2027 fitxategian ageri diren honako gastu-kontzeptu hauek onartuko dira, betiere, HABEk diruz lagundutako jarduerekin lotura badute:

            1. HABEk diruz lagundutako jardueretan aritutako irakasle eta irakasle ez diren langileen gastuak: soldata gordina eta gizarte segurantza. Erakunde onuradunek diruz lagundutako jarduera gauzatzen parte hartu duten langile guztien zerrenda aurkeztu beharko dute, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen formularioaren arabera.

            2. Lokalen alokairuak: soilik euskaltegien edo autoikaskuntzarako zentroen Erregistroan jasotako lokalen alokairuak hartuko dira kontuan. Legezko gutxienekoak (BEZa barne eta Ogasunerako atxikipena jasotzen dutenak...) betetzen dituzten agiriak soilik onartuko dira. Alokatzailea erakunde publikoa denean, bankuaren ordainagiriak onartuko dira.

            3. Barnetegi iraunkorretako pentsioetarako mantenu-gastuak eta jabari publikoko emakidei dagokien tasa.

            4. Azpiegituren garbiketa-gastuak eta mantentze-lanak.

            5. Gastu didaktikoak: klaseak ematearekin zuzenki lotuta dauden gastu arruntak (material didaktikoa, liburuak, dokumentazioa, etab.).

            6. Irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko helburuarekin sortutako beste edozein gastu: irakasleen formazioan (barruko zein kanpoko formazio-jarduerak), Informazio eta Komunikaziorako Teknologietan (IKT), materialgintzan eta kudeaketaren hobekuntzan.

            7. Hirugarrenekin kontratatutako jardueren gastuak, baita kanpoko enpresa batek egindako irakaskuntza-lanak ere, baldin eta dirulaguntzaren helburuarekin zuzenean lotuta badaude eta 11.2 oinarrian ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Kasu horietan, kontratatutako jarduera eta enpresa edo pertsona kontratatuaren inguruko informazioa aurkeztu beharko da.

            8. Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31. artikuluaren arabera diruz lagungarria izan eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzenean lotuta dagoen beste edozein gastu.

              1. Hirugarrenekin kontratazioa eta kontratazio-prozeduraren baldintzak.

                1. Onuradunak aukera izango du diruz lagundutako jarduera osoa edo haren zati bat hirugarrenekin kontratatzeko. Kontratazio hori gauzatzen bada, 20/2023 Legearen 31. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

                2. Kontratazioak ez du onuradunaren erantzukizuna kentzen ez dirulaguntzaren helburuak betetzean, ezta jardueraren justifikazioan ere. Onuraduna izango da, betiere, dirulaguntzaren xede diren jardueren gauzatze egokiaren eta emaitzen arduradun bakarra.

                3. Kontratazio-prozesuek gardentasun-, lehiakortasun- eta objektibotasun-printzipioak bermatu beharko dituzte. Aurkeztutako eskaintzen artean aukeraketa eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta eskaintza onuragarriena ez dena hautatzen bada, espresuki justifikatu beharko da memoria batean.

                4. Onuradunak HABEri jakinarazi beharko dio kontratazioaren berri eta, hala eskatzen bazaio, kontratuaren kopia eta kontratazio-prozesuaren inguruko informazio osagarria aurkeztu beharko du.

                5. Ezingo dira kontratatu dirulaguntzaren xede diren jardueretan parte hartzeko gaitasunik ez duten pertsona edo entitateak, ezta dirulaguntzak jasotzeko ezgaituta daudenak ere, indarrean dagoen araudiaren arabera.

                  1. oinarria. Zuriketa.

                    Euskaltegiak zuriketarako erabili beharko ditu egoitza elektronikoan eskuragarri dauden fitxategiak: (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1045510). Fitxategi horien azken bertsioa erabili beharko da, eta ezin izango da haien egitura aldatu.

                    Diruz lagundutako jardueraren zuriketa 2026-2027 ikasturtean zehar bi alditan egingo da.

                  1. Lehen zuriketa.

                    Lehen zuriketa ikasturteko lehen ordainketaren ondoren egingo da, bigarren ordainketa egiteko oinarri gisa. Lehen zuriketan, nahikoa izango da lehen ordainketaren zenbatekoa estaltzeko adina gastu eta justifikazio-agiri aurkeztea, betiere diruz lagundutako jarduerari lotutakoak badira.

                  2. Bigarren zuriketa eta bigarren eskaera-aldiko zuriketa.

                    Bigarren zuriketa ikasturtearen amaieran egingo da, eta horren arabera egingo da dirulaguntzaren kitapena. Bigarren zuriketa horretan, lehen eskaera-aldian esleitutako dirulaguntzaren zuriketa egin beharko da bai eta, hala badagokio, bigarren eskaera-aldian esleitutakoaren dirulaguntzarena ere. Onuradunek diruz lagundutako jarduera osoa zuritu beharko dute, jarduera horri lotutako sarrera eta gastu guztiak aurkeztuz eta justifikazio-dokumentazioa HABEk ezarritako eredu normalizatuen arabera aurkeztu beharko da.

                  3. Lehen zuriketan aurkeztu beharreko dokumentuak:

                    1. Pertsonalaren fitxa: HABEk diruz lagundutako jarduerarekin lotura duten langile guztien zerrenda aurkeztea egoitza elektronikoan dagoen Ordainsariak 2026-2027 izeneko formularioari jarraikiz. Diruz lagundutako jardueretan parte hartu duten langileek HABEren kudeaketa-sistemetan (Q87) behar bezala identifikatuta eta erregistratuta egon beharko dute.

                    2. HABEk diruz lagundutako jarduerarekin lotura duten langile guztien nominak eta horiek ordaindu direla egiaztatzen duten banku-agiriak edo ordainketa-frogagiriak.

                    3. Gastuen zerrenda 2026-2027 izeneko fitxategiaren bidez, lehen ordainketaren zuriketari dagokion aldiko diruz lagundutako jarduerari lotutako gastu guztiak egiaztatu beharko ditu.

                    4. Bestelako gastuen kasuan, lehen ordainketa zuritzeko beharrezkoa balitz, dagokion faktura eta ordainketa-egiaztagiria.

                    5. Zerga eta Gizarte Segurantza arloko betebeharren egiaztagiriak, baldin eta erakunde eskatzaileak ez badu HABEk ofizioz egiaztatzea baimentzen.

                  4. Bigarren zuriketan aurkeztu beharreko dokumentuak:

                    1. Lehen zuriketan aurkeztutako dokumentuak, ikasturte osoaren datuekin osatuta.

                    2. Diruz lagundutako jarduerarekin lotura duten gastu guztiak, Gastuen zerrenda 2026-2027 izeneko fitxategiaren bidez.

                    3. Diruz lagundutako jarduera osoaren sarrera eta gastu guztiak, Gastuen zerrenda 2026-2027 fitxategian dagoen Balantzea izeneko formularioari jarraikiz.

                    4. Bestelako gastuen kasuan, beharrezkoa balitz, dagozkion fakturak eta ordainketa-egiaztagiriak.

                  5. Dokumentazioaren egiaztapena.

                    Onuradunek bermatu beharko dute dirulaguntzaren bidez finantzatutako gastuak identifikatu eta egiaztatu ahal izatea, aurkeztutako justifikazio-dokumentazioaren bidez eta horretarako HABEko zuzendari nagusiak ebazpen bidez ezarritako jarraibideen arabera. Aurkeztutako dokumentazioan hutsuneak, akatsak edo inkoherentziak atzematen direnean, HABEk dagokion zuzenketa edo osatze-eskaera egin ahal izango du. Dokumentazioa zuzentzen denean, HABEk eskatzen duen dokumentu edo fitxategi osoa berriro aurkeztu beharko da.

                    HABEk egiaztapen-lanak egin ahal izango ditu aurkeztutako dokumentazioaren gainean, osorik edo laginketa bidez. Laginketa irizpide objektibo eta orokorren arabera egin ahal izango da, eta irizpide horiek onuradun guztiei berdin aplikatuko zaizkie.

                    Hala ere, egiaztapenaren irismena eta edukia egokitu ahal izango dira euskaltegi bakoitzaren ezaugarrien, aurkeztutako dokumentazioaren egoeraren edo egiaztapen-prozesuan antzemandako gorabeheren arabera.

                    Egiaztapen horren ondorioz, HABEk onuradunari eskatu ahal izango dio dirulaguntzaren erabilera eta gastuen justifikazioa egiaztatzeko beharrezkoa den informazio eta dokumentazio osagarria. HABEk egoitzak elektronikoa erabiliz eskabidea egin diezaioke edozein euskaltegiri edo autoikaskuntzako zentrori, eta eskatzen zaion unetik 10 laneguneko epea izango du onuradunak eskatutakoa aurkezteko.

                  6. Sinadura elektronikoa.

                    Aurkezten diren agiri elektronikoek 3.5 oinarrian ezarritako sinadura elektronikoari eta dokumentuen osotasunari buruzko baldintzak bete beharko dituzte. Ez dira onartuko azken sinaduraren ondoren aldaketak izan dituzten agiriak, ez eta sinadura baliozkotzean dokumentuaren osotasuna bermatzen ez dutenak ere.

                  7. HABEren dirulaguntzen zuriketarako, honako sarrera hauek onartuko dira:

                    1. Babestutako jardueren matrikulak: ikasleek edo euren ordezkari legalek edo tutoreek matrikula kontzeptuan ordaindutako kopuruak. Atal honetan ere, herri langileen ikastaroengatik HABEk edo beste herri administrazioek zein erakunde pribatuek edo enpresek ordaindutako matrikulak sartuko dira.

                    2. Babestutako jardueren ikas-materialak: ikasleek edo euren ordezkari legalek edo tutoreek ikas-materialengatik ordaindutako kopuruak. Atal honetan ere, herri langileen ikastaroengatik HABEk edo beste herri administrazioek zein erakunde pribatuek edo enpresek ordaindutako ikas-materialak sartuko dira.

                    3. Babestutako jarduerengatik erakunde pribatuetatik, enpresetatik edo beste iturrietatik jasotako beste sarrerak.

                    4. Deialdiaren bidez HABEtik jasotako dirulaguntza.

                    5. Babestutako jarduerengatik beste herri erakundeetatik jasotako dirulaguntzak.

                    6. Dirulaguntzen Lege Orokorraren 30. artikuluaren arabera, funts-propioekin edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuekin lortutako sarrerak.

                      Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 32. artikuluarekin bat etorriz, gastuak egiaztatzeko, fakturak eta froga-balio baliokidea duten bestelako agiriak aurkeztuko dira. Horiek guztiek merkataritzako trafiko juridikoan baliodunak izan behar dute edo eraginkortasun administratiboa eduki behar dute. Auditoria-txosten baten bidez ere egiaztatu ahal izango dira gastuak.

                      1. 2026-2027 ikasturteko Memoria.

                        Euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak 2026-2027 ikasturteko Memoria aurkeztu beharko du 2027ko urriaren 15erako.

                      2. Oinarri honetan eskatutako agiriak aurkezteko epeak honakoak dira:

                        1. Lehen eskaerari dagokion lehen ordainketaren zuriketa: 2027ko urtarrilaren 15etik otsailaren 19ra arte, biak barne.

                        2. Lehen eskaerari dagokion dirulaguntza osoaren zuriketa: 2027ko irailaren 1etik urriaren 15era arte, biak barne.

                        3. Bigarren eskaera-aldiko dirulaguntza osoaren zuriketa: 2027ko urriaren 15era arte.

                        4. 2026-2027 ikasturteko Memoria: 2027ko urriaren 15era arte.

                      3. Ez-betetzea.

                        Zuriketan egindako ez-betetzeak dirulaguntzarako eskubidea galtzea eta jasotako zenbatekoa itzultzea ekarriko du, ez-betetzeak dituen gainontzeko lege-ondorioez gain.

                      1. oinarria. Esleitutako dirulaguntzaren kitapena.

                      1. Jarduera-unitateen kitapena.

                        Ikasturtearen amaieran, jarduera-unitateen kitapena egingo da, ondoren zehazten diren irizpideei jarraikiz:

                        1. Lehen eskaera-aldiko onuradunen kasuan, betetze-maila % 97 eta % 103 bitartekoa bada, esleipena mantenduko da.

                          Talde-irakaskuntzan nahiz autoikaskuntzan, ikasturtean benetan gauzatutako jarduera-unitate kopurua, behetik nahiz goitik, II. eranskineko jarduera-unitate kopuruarekiko % 3ko gorabehera-urkilaren barruan badago, esleitutako jarduera-unitate kopurua hartuko da aintzat kitapenean. Hau da, esleitutako jarduera-unitate kopuruaren % 97 eta % 103 bitartean badago, ez da doikuntza ekonomikorik egingo, eta jatorrizko esleipena mantenduko da.

                        2. Lehen eskaera-aldiko onuradunen kasuan, burutze-maila % 97tik beherakoa bada.

                          Euskaltegiak, ikasturtearen amaieran II. eranskinean esleitutako jarduera-unitateen % 97tik beherako jarduera burutu badu, lehenik eta behin, % 97ra heldu ez diren euskaltegien galeraren batez bestekoa kalkulatuko da.

                          1. Bataz besteko galera % 3 baino handiagoa bada, % 97tik beherako jarduera burutu duten euskaltegiei bataz besteko galera aplikatuko zaie, gehienez % 5eko muga ezarrita. Galeraren bataz bestekoa kalkulatzeko, % 97ra heldu ez diren euskaltegiek burutu gabe utzi dituzten jarduera-unitateen kopurua zenbatuko da (hau da, esleitutako eta benetan egindako jarduera-unitateen arteko aldea zenbatuko da). Falta izan zaizkien jarduera-unitateen batura egingo da, eta haien ehunekoa kalkulatuko da beherapena duten euskaltegiei esleitutako unitate guztiekiko.

                          2. Bataz besteko galera % 3 eta % 5 bitartekoa bada, bataz besteko galera horren barruan dauden euskaltegiei jatorrizko esleipena mantenduko zaie kitapenean. Euskaltegiak galeren bataz bestekotik behera burutu badu jarduera, % 5aren barruan badago ere, galeren bataz bestekotik beherako jarduera-unitate horiengatik epealdiko azken ordainketan murrizketa aplikatuko da. Murrizketaren zenbatekoa honela kalkulatuko da: burututako jardueraren eta galeren batezbestekoaren arteko aldea bider jarduera-unitateen laguntza-modulua.

                          3. Bataz besteko galera % 5 baino handiagoa bada, eta euskaltegia esleitutako jarduera-unitateen % 95aren barruan badago, jatorrizko esleipena mantenduko zaio kitapenean eta ez zaio doikuntzarik egingo. Euskaltegiak, aldiz, esleitutakoaren % 95etik behera jardun badu, % 95era heltzeko falta zaizkion jarduera-unitateen arabera doituko zaio dirulaguntza, hurrengo kalkuluaren arabera: burututako jardueraren eta % 95era heltzeko falta den jarduera-unitate kopurua bider dagokion jarduera-unitateen laguntza-modulua biderkatuz.

                        3. Bigarren aldiko eskabideen kasuan, dirulaguntzaren kitapena egindako zuriketaren arabera egingo da, eta ondorioz, ordainketa, ebazpen bakar baten bidez gauzatuko da. Bigarren eskaera-aldian zuritutako jarduera-unitate kopurua IV. eranskinean euskaltegiak eskatu zen kopurua baino txikiagoa bada, kitapena eta ordainketa zuritutako jarduera-unitate horien arabera egingo dira.

                      2. Barnetegi iraunkorren kasuan, jarduera-unitateen kitapena honela egingo da:

                        Ikasturtean benetan gauzatutako jarduera-unitate kopurua II. eranskinean ezarritakoaren % 97 eta % 103 bitartekoa bada, ez da doikuntza ekonomikorik egingo, eta jatorrizko esleipena mantenduko da.

                        Barnetegiek, egitura iraunkor eta egonaldi osoko zerbitzuek eragiten dituzten gastu finkoak direla eta, babes-irizpide osagarri bat izango dute % 97tik beherako betetze-mailen kasuan. Zehazki, barnetegiek egindako jarduera-unitateei 1.660 jarduera-unitate gehituko zaizkie kitapenerako oinarri modura, babes-neurri gisa.

                        Oinarri horren arabera honako kitapena egingo da:

                        Oinarri modura hartutako (egindako unitateei 1.660 unitate gehituta) kopuruarekin % 97ra heltzen bada, esleipena mantenduko da.

                        Galerak % 97 baino handiagoak balira, 13.1 atalean ezarritakoa aplikatuko zaie, hau da, b) azpiatala, % 97tik beherako burutze-mailari dagokiona.

                      3. Alderdi ekonomikoen kitapena, euskaltegi, zentro homologatu eta barnetegi iraunkorrentzat.

                        Honela egingo da deialdi honen ikasturtearen amaieran esleitutako dirulaguntzaren kitapena: ikasturtearen amaieran behin betiko jarduera-unitateak eta zuriketaren agiriak jasoko dira, 11. oinarrian zehaztutako kontzeptuen bitartez, kitapena egiteko. HABEko zuzendari nagusiak kitapen-ebazpen bat emango du, beharrezkoa balitz laguntza-kopuruak doituz. Aipatutako doikuntza era eta hurrenkera honetan egingo da:

                        Koefizientearen aplikazioa: 6. oinarrian aipatu den koefizientearen betetze-maila. Betetzen ez bada, proportzio berean doitu egingo da esleitutako dirulaguntza.

                        Euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro bati esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoak deialdi honetako 6.3. oinarrian ezarritako % 75eko dirulaguntza-muga gainditzen badu, esleitutako dirulaguntza ehuneko berean doitu egingo da, aipatutako muga errespetatzeko.

                        Lagundutako jardueraren sarrerak gastuak baino handiagoak badira, doitu egingo da esleitutako dirulaguntza aldea kenduz.

                      4. Salbuespen-egoerak.

                        1. Jardueraren exekuzioan gorabeherak gertatzen badira, bereziki grebak, ezinbesteko arrazoiak edo antzeko egoerak direla medio, eta horren ondorioz onartutako jardueren orduak ezin badira eman, egoera hori kontuan hartuko da kitapena zehazteko, egindako jardueraren arabera. Horretarako, onuradunak egoera horren berri eman beharko dio HABEri, egoitza elektronikoan 2026-2027 ikasturte hasierako Ebazpenean zehaztutako jarraibideen arabera.

                        2. Salbuespen-egoeraren bat gertatuz gero, HABEk Ebazpen honetako baldintzak egokitu ahal izango ditu ebazpen berri baten bidez, egoera horri modu egokian eta eraginkorrean erantzuteko.

                          1. oinarria. Onuradunaren betebeharrak.

                            Ebazpen honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren 14. artikuluan araututako betebehar hauek izango dituzte:

                            1. Emandako dirulaguntza onartzea.

                            2. Jarduera aurrera eramatea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

                            3. Dirulaguntza eman duen erakundearen aurrean justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eramango dela.

                            4. Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri-Kontuen Euskal Epaitegiari eskatzen duten informazio oro ematea, deialdi honen bitartez esleitutako dirulaguntzak kontrolatzeko duten eginkizuna betetzeko. Era berean, beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, baliabide ekonomikoak edo bestelakoak jaso izana jakinarazi beharko zaio HABEri. Halaber, dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoera objektibo edo subjektiboan aldaketarik geratzen bada, horren berri eman beharko zaio HABEri.

                            5. Aitortutako dirulaguntzaren izaera publikoari publizitate egokia ematea, abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen 18. artikuluari jarraikiz.

                              Horretarako, laguntza-mota honen bidez diruz lagundutako egitasmo orok HABEk emandako babesaren berri adierazi beharko du egitasmoaren argitan kaleratutako euskarri guztietan, Eusko Jaurlaritzaren eta HABEren logotipo normalizatua eta HABEk diruz lagundua esaldia agerian jarriz.

                            6. Dirulaguntza hauen onuradunek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetzaren balioak errespetatuko dituzte eta, ondorioz, ezin izango dituzte agerian eduki, horiei dagokienez, herritarrentzako laidogarriak izan daitezkeen, erabiltzaileen duintasuna urra dezaketen edo indarkeria iradokitzen duten ikurrak edo elementuak.

                          2. oinarria. Arau-hausteak eta ez-betetzeak.

                            Edozein kasutan, deialdi honetako dirulaguntzen erakunde onuradunak abenduaren 21eko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 36. eta 44. artikuluetan jasotako arau-hauste eta ez-betetzeen erregimenaren menpe daude.

                            Ez-betetze kasuetan, onuradunak jasotako diru-kopurua, bere legezko interesekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 40. eta 41. artikuluekin bat etorriz.

                          3. oinarria. Datuen tratamendua.

                            Erakunde onuradunek, dirulaguntza-deialdi honetan, HABEri bidalitako datu pertsonalak honako tratamendu-jardueretarako erabiliko dira: Euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentro homologatuen Erregistroaren kudeaketa eta Ikaslegoaren kudeaketa.

            Tratamendu hau abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamenduan (EB) ezarritakoaren arabera egingo da, ondoren zehazten diren helburuetarako:

            HABEk euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentro homologatuen finantzaziorako bideratzen dituen dirulaguntzen kudeaketa.

            HABEri atxikita dagoen euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen Erregistroa kudeaketa.

            HABEk egingo duen euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleen kudeaketarako: ikas-prozesua, euskara-mailaren egiaztapena eta dirulaguntzen proposamena.

            HABEko zuzendari nagusia izango da tratamenduaren administrazio-organo arduraduna.

            Tratamendua beharrezkoa da legez ezarritako betebeharrak gauzatzeko eta interes publikokoa den jarduera sustatzeko.

            Interesdunak bere datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea izango du, baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

            Halaber, bere datuen tratamenduari buruzko informazio osagarria eskura dezake helbide honetan: https://www.habe.euskadi.eus/datu-pertsonalen-babesa-haben/webhabe00-edukiak/eu/

          1. oinarria. Aplikagarriak diren arauak.

            Ebazpen honetan aurreikusitakoaz gain, azaroaren 11ko 1/1997ko legegintzako dekretua onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko legearen testu bategina, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege orokorra eta abenduaren 21eko 20/2023 Legea, dirulaguntzen araubidea erregulatzekoa aplikatuko dira, aplikagarri diren neurrian.

Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma ezartzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren arabera, HABEren dirulaguntzen deialdian parte hartu ahal izateko, 2026-2027 ikasturtean euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentroek antolatutako euskara-ikastaroek bete beharko dituzten irizpideak honako hauek dira:

  1. Ikasturtearen antolaketa eta aurrez aurreko taldeen osaera.

  1. Euskaltegi eta autoikaskuntzarako zentroen ikasturtea, 2026ko urriaren 1ean hasi eta 2027ko irailaren 30ean amaituko da.

  2. Taldeen gutxieneko ikasle-kopurua, ikastaro bakoitzaren hasieran taldeak eratzeko garaian eta talde bakoitza kokatua dagoen herriaren biztanleria-kopuruaren arabera, ondorengoa izango da:

    (Ikus .PDF)

  3. Taldeak eratzeko gutxieneko ikasle-kopurua udalerriaren biztanleriaren arabera zehaztuko da, EUSTATek argitaratutako datu ofizialetan oinarrituta. Ikasturte hasieran indarrean dauden datuak hartuko dira erreferentzia gisa.

  4. Barnetegi erako ikastaroek, edozein herritan antolatuta egonik ere, 5.001-10.000 biztanleko herrietako taldeekin parekotasuna izango dute.

  5. Herri-tamainaren arabera dagokion ikasleen gutxieneko kopurura heltzen ez diren hondar-taldeak ere dirulaguntzen xede izan litezke salbuespen gisa. Era honetako hondar-taldeek euskaltegi bakoitzari dagokion II. eranskineko jarduera-unitateen aurrez aurreko talde-orduen % 15 baino gutxiago izan behar dute. Talde horietan ikasle-kopurua dagokiena baino 1 gutxiagokoa izango da.

  6. Taldeei matrikulazioaren jarraipenerako aplikazio informatikoan aipatutako gutxieneko ikasle-kopurua betetzen denean hasierako itxiera eman beharko zaie (taldea eratuta geldituko da).

  7. Irailean zehar hasi eta urriaren amaieratik aurrera luzatzen diren ikastaroak, hurrengo ikasturtekotzat hartuko dira. Ikastaro hauen iraileko orduak dirulaguntzetan onartuak izateko baldintza hau bete beharko da: diruz lagunduko diren orduak gutxieneko ikasle-kopurua bete eta hasierako itxiera ematen den egunetik ikastaroaren azken egunera artekoak izango dira.

  8. Iraila baino lehen hasi eta urritik aurrera luzatzen diren ikastaroak, bi ikasturtetan zatituko dira: irailaren 30era bitarteko orduak indarreko ikasturtera bilduko dira, eta urriaren 1etik aurrera egindako orduak hurrengo ikasturtekotzat hartuko dira.

  9. Matrikulazioaren jarraipenari dagokionez, HABEko zuzendari nagusiak ikasturtearen hasierako ebazpenaren bitartez jakinaraziko ditu urrian hasten diren ikastaroen datuak aurkezteko azken eguna, baita azarotik aurrera hasten diren ikastaroen datuak aurkezteko epeak ere.

  1. Aurrez aurreko ikasteredua.

    Aurrez aurreko ikastereduaren oinarria taldea da, gutxienez irakasle baten ardurapean, ikasgela batean, aurrez aurre eta taldeko ikasle guztiekin batera ikastaroa burutzen duen talde egonkorra, hain zuzen ere.

    Dirulaguntzaren esleipenean, deialdi honen I. eranskinaren 1.2 atalean araututako gutxieneko ikasle-kopuruak betetzen badira, taldearen ordu teorikoak eta kitapenean emandako orduak hartuko dira kontuan. Irakasleari taldean emandako orduak aitortuko zaizkio, eta taldean aritutako irakasle guztien orduen batuketa ez da izango talde horretan emandako orduen kopurua baino handiagoa.

    Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean maila bakoitzerako ezarritako erreferentziazko irakastorduen kopuruak kontuan hartuta, euskaltegiek antolatuko dituzten ikastaroek ondoren zehazten diren gutxienekoak bete beharko dituzte:

  1. Urritik ekainera bitarteko ikastaroak.

    1. Barnetegi iraunkorretako barnetegi ikastaroak: egunean 7 irakastordu gehienez eta gutxienez 80 irakastordu osatzen dituzten ikastaroak.

    2. Euskaltegietako eta barnetegi iraunkorretako kanpo ikastaroak:

      A1 mailan (A0A0 eta A1A0 abiapuntua duten taldeak), gutxienez 125 irakastordu jarraian, eta

      A2, B1, B2, C1 eta C2 mailetan, gutxienez 165 irakastordu jarraian.

  2. Udako ikastaroak, ekainetik irailera bitartekoak.

    1. Euskaltegietako eta barnetegi iraunkorretako udako kanpo ikastaroak: gutxienez 80 irakastordu era jarraituan eta zatikatu gabe.

    2. Euskaltegietako eta barnetegi iraunkorretako udako barnetegi ikastaroak: 2, 3 edo 4 astekoak eta egunean, gehienez, 8 irakastordu.

    3. Salbuespenezko ikastaro trinkoak (B1, B2, C1 eta C2 mailetan), zenbait kolektibo edo helburu zehatzetarako direnean, maila burutzeko eta trebetasun zehatzak lantzeko helburuarekin:

      1. Udako aurrez aurreko ikastaro trinkoak: gutxienez 30 irakastordu, era jarraituan eta zatikatu gabe. Ikastaro hauetako ikasle guztien abiapuntua, salbuespenik gabe, lortu nahi den mailaren aurreko azpimaila izango da, taldea eratzeko gutxieneko kopurua osatu arte.

      2. Uda-ikastaroak barnetegian: aste beteko udako barnetegiak izango dira, gutxienez 30 irakastordu, eta egunean 6 eta 8 irakastorduen arteko saioak. Ikastaro hauetako ikasle guztien abiapuntua, salbuespenik gabe, lortu nahi den mailaren aurreko azpimaila izango da, taldea eratzeko gutxieneko kopurua osatu arte.

      3. Salbuespenezko ikastaro trinko hauek ikasturtean zehar ere antolatu ahal izango dira, c.1 edo c.2 azpiataletan ezarritako baldintzak beteta, kasuan kasuko modalitatearen arabera. Honelako ikastaroak onartzeko euskaltegiak HABEko zuzendari nagusiari dagokion eskari arrazoitua helarazi beharko dio aste beteko aurreikuspenez, eta HABEren Ikuskatzailetzaren aldeko txostena jasotzea ezinbestekoa izango da.

      HABEren dirulaguntzapean onartuak izateko, c.1, c.2 eta c.3 azpiatal hauetako ikastaroek maila burutzeko eta trebetasun zehatzak lantzeko helburua izan behar dute.

  3. Maila burutzeko ikastaroak.

    Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduak ezartzen duen Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailak burutzeko helburu zuzena duten ikastaroek honako baldintzak bete beharko dituzte:

    1. A1 maila burutzeko helburua duten ikastaroak: gutxienez 60 irakastordu era jarraituan eta zatikatu gabe; taldea eratzeko gutxieneko kopurua osatu arte, ikasle guztien abiapuntua A1A0 izango da, salbuespenik gabe. A0A0 abiapuntuko talderik ez da maila burutzeko ikastarotzat hartuko.

    2. A2, B1, B2, C1 eta C2 mailak burutzeko helburua duten ikastaroek: gutxienez 120 irakastordu izan beharko dituzte, era jarraituan eta zatikatu gabe; ikasle guztien abiapuntua, taldea eratzeko gutxieneko kopurua osatu arte, lortu nahi den mailaren aurreko azpimaila izango da.

  4. Orduen zenbaketa.

    Aurreko ataletan zehaztutako aurrez aurreko ikastaro-moduluetako orduen kontaketa emandako irakastorduen araberakoa izango da, atsedenaldiak kanpo utzita.

  1. Tutorizatutako autoikaskuntza ikasteredua.

    Tutorizatutako autoikaskuntza ikastereduan oinarria ikaslea da. Dirulaguntzetarako, berriz, esleipenean ikasleak egiten duen matrikula izango da oinarria eta kitapenean atal honetako 3.2 azpiatalean zehaztutako irizpideen arabera burututakoa izango da.

    Autoikaskuntza burutzeko euskaltegiek edo autoikaskuntzarako zentroek Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) erabil ditzakete, eta ikaskuntza hiru ataletan banatuko da:

    1. Ikasleak bakarkako lana egiteko saioak.

      Atal honetan sartuko dira ikasleak bakarka egindako saioak. Halaber, euskaltegiek edo autoikaskuntzarako zentroek hala erabakiz gero, ikasleen arteko interakzioa bultzatzeko eta trebetasun zehatzak lantzeko helburuarekin taldean egindako jarduerak ere bildu ahal izango dira. Jarduera horietan parte hartzen duten ikasleei taldean emandako orduak banaka zenbatuko zaizkie. Dirulaguntzetarako kasu guztietan, bakarkako saioen orduak gehienez 3.2 azpiatalean zehaztutako irizpideen arabera hartuko dira kontuan, gehienez.

    2. Mintzamena edo ikasleen arteko interakzioa lantzeko saioak.

      Saio mota hauetan euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak ikasleak taldean elkartzeko saioak antolatzen saiatuko dira. Saio hauetan, ikasle bakoitzari parte hartu duen ordu-kopurua zenbatuko zaio. Irakasleari, berriz, saio hauetan ikasleekin emandako orduak aitortuko zaizkio. Dirulaguntzetarako, mintzamena edo ikasleen arteko interakzioa lantzeko saioetako orduak atal honetako 3.2 azpiatalean zehaztutako irizpideen arabera hartuko dira kontuan, gehienez.

    3. Tutoretza-saioak.

      Tutoretza-saioak ikasle bakoitzarekin burutzen dira. Ikasleari saio horietako orduak zenbatuko zaizkio eta irakasleari, tutoretza-saioetan ikasleekin emandako orduak. Dirulaguntzetarako, tutoretza-ordu horiek 3.2 azpiatalean ezarritako irizpideen arabera hartuko dira kontuan, gehienez.

      1. Ikastaro-moduluak.

        Euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentroek antolatu ditzaketenak:

        1. 190 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, iraupena zazpi (7) eta bederatzi (9) hilabete artekoa izango da, bakarkako lanaren, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta. Ikastaroen hasiera hilabete hauetako batean izan beharko da: urria, azaroa, abendua, urtarrila, otsaila edo martxoa. Ikastaroaren iraupenari dagokionez, hala ere, salbuespen gisa, eta behar bezala justifikatuta, euskaltegien egutegi akademikoaren antolaketaren arabera egokitu ahal izango da, betiere gutxienez 26 asteko eta gehienez 40 asteko iraupena bermatzen bada. Ikasle bakoitzak matrikula bakarra egin ahal izango du ikasturtean zehar.

        2. 75 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, hiru (3) hilabeteko iraupena izango du bakarkako lanaren, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta. Ikastaroen hasiera hilabete hauetako batean izan beharko da: urria, azaroa, abendua, urtarrila, otsaila, martxoa, apirila, maiatza, ekaina edo uztaila. Ikastaroaren iraupenari dagokionez, hala ere, salbuespen gisa, eta behar bezala justifikatuta, euskaltegien egutegi akademikoaren antolaketaren arabera egokitu ahal izango da, betiere gutxienez, 10 asteko iraupena bermatzen bada. Matrikula bakoitza 190 eskola-orduko modulu estandarraren 0,40 izango da.

        3. 25 eskola-orduko matrikula bakoitza udako ikastaro berezietarako izango da. Ikastaro hauek bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuko dira, uztailetik irailera bitartean, eta B1, B2, C1 eta C2 mailetan eskainiko dira, zenbait kolektibo edo helburu zehatzetarako denean. Matrikula bakoitza 190 eskola-orduko modulu estandarraren 0,13 gisa zenbatuko da.

          Udako autoikaskuntzako ikastaro hauek, HABEk diruz lagunduak izateko, maila burutzeko eta trebetasun zehatzak lantzeko helburua izan behar dute eta ikasleak ondoko baldintza bete behar du: ikaslearen abiapuntua, salbuespenik gabe, lortu nahi den mailaren aurreko azpimaila izango da.

        4. A1 maila lortzea helburu duten ikastaroetan 120 eskola-orduko matrikulak onartuko dira. Ikastaroek gutxienez lau (4) hilabeteko iraupena izan beharko dute eta banakako lan-saioetan, elkarrizketa-saioetan eta tutoretza-saioetan banatuta antolatuko dira. Ikastaroen hasiera-data honako hilabete hauetako batean izan beharko da: urria, azaroa, abendua, urtarrila, otsaila, martxoa, apirila, maiatza edo ekaina. Ikastaroaren iraupenari dagokionez, hala ere, salbuespen gisa, eta behar bezala justifikatuta, euskaltegien egutegi akademikoaren antolaketaren arabera egokitu ahal izango da, betiere gutxienez, 14 asteko iraupena bermatzen bada. Matrikula bakoitza 190 eskola-orduko modulu estandarreko 0,63 gisa zenbatuko da.

      2. Bestelako baldintzak.

        Ikasleak bakarlanean emandako ordutzat astean 10 ordu arteko jarduna onartuko da dirulaguntzetarako. Hortaz, diruz lagun daitezkeen gehieneko orduak honako hauen batura izango da:

        ikasleak parte hartu duen mintzamena edo ikasleen arteko elkarreragina lantzeko saioak,

        tutoretza-saioak, eta

        bakarlanean emandako orduak (betiere, asteko 10 ordura arte).

        Gainera, ikasle bakoitzaren jardueragatik diruz lagunduko diren sei (6) ordutatik batek, gutxienez, hartutako mintza ordukoa edo ikasleen arteko interakzioa lantzekoa izan beharko du. Salbuespen gisara, A1 eta A2 mailetara bitarteko jardueran diruz lagunduko diren 10 ordutatik batek, gutxienez, izan beharko du mintzakoa edo ikasleen arteko interakzioa lantzekoa.

        Mintzamen-saioak edo ikasleen arteko interakzioa lantzekoak aurrez-aurre eta euskaltegian edo autoikaskuntzarako zentroan zein IKTen bidezko bideokonferentziaz egingo dira, eta gutxienez saio bakoitzean bi ikaslek parte hartu beharko dute. Kasu bietan, aurrez aurreko edo bideokonferentziaz eginiko mintza-saioak edo ikasleen arteko interakzioa lantzekoak ikastaroaren zehar indarrean egongo diren asteko egun eta ordutegi zehatzetan burutuko dira.

        Tutoretza-saioetan, bakarlanean emandako 10 orduko, gehienez ere, 30 minutu lagunduko dira diruz. Tutoretza-saioak aurrez aurre zein IKT bidez (bideokonferentziaz) egingo dira.

        HABEko teknikariek dirulaguntzen onuradunen plataformetarako sarbidea izango dute edozein unetan, jardueren egiaztapenerako.

        Une berean hasieratik amaierara, autoikaskuntzako 40 matrikula osatzen dituzten ikasleen tutoretza oinarritzat hartuko da (astean ordubeteko mintza-saioak eta dagozkion tutoretza-saioak barne), eta horren arabera neurtuko da bakoitzaren dedikazioa.

        Halaber, autoikaskuntza-ereduan, ikasle bakoitzaren jarduna kontabilizatzerakoan (ikasle/orduak), honako jarduera motak aplikatuko dira: bakarkako jarduna, mintza-saioak eta tutoretza-saioak. Eman eta gauzatu ez diren orduak ez zaizkio ikasleari emandako ordu gisa aitortuko, eta ez dira dirulaguntzan kontabilizatuko, ezta HABEren datu-basean erregistratuko.

        IKT bidezko ikaskuntza-prozesuak bere osotasuna gorde dezan, trebetasunen arteko oreka gorde beharko da, 179/2003 Dekretuak bere 6. artikuluan esaten denari jarraituz, non gutxieneko bezala eskatzen baita «erabilitako sistemak aurrerapen egokia eta orekatua bermatzea trebetasun guztietan eta bakoitzean, mintzamena barne».

  2. Jardun biko ikasteredua.

    Jardun biko ikastereduaren oinarria taldea da, gutxienez irakasle baten ardurapean, ikasgela batean, aurrez aurre eta taldeko ikasle guztiekin batera ikastaroari dagozkion taldeko jarduerak burutzen dituen taldea, eta horrekin batera, ikasle bakoitzak bakarka burutu behar duen jardunarekin eta ikasleen tutoretza-saioekin osatzen den ikasteredua da.

  1. Dirulaguntzaren esleipena.

    Dirulaguntzaren esleipenerako, deialdi honen I. eranskinaren 1.2 atalean araututako gutxieneko ikasle-kopuruak betetzen badira, honako hauek hartuko dira kontuan:

    taldearen aurrez aurreko ordu teorikoak eta

    tutoretza-saioetako orduak, gehienez atal honetako 4.2.c) azpiataleko irizpidearen arabera.

    Kitapenean, berriz, taldearen aurrez aurreko jardunean burututako orduak eta ikasleek burututako tutoretza-saioetako orduak hartuko dira kontuan, gehienez atal honetako 4.2.c) azpiataleko irizpidearen arabera.

    Irakasleari honako hauek aitortuko zaizkio:

    batetik, taldean aurrez aurreko jardunean emandako orduak aitortuko zaizkio eta taldean aurrez aurreko jardunean aritutako irakasle guztien orduen batuketa ez da inoiz izango talde horretan emandako ordu kopurua baino handiagoa, eta

    bestetik, ikasleekin burututako tutoretza-saioetako orduak, gehienez 4.2.c) azpiataleko irizpidearen arabera.

  2. Ikastaroaren egitura eta gutxieneko iraupena.

    Jardun biko ikastereduaren baitan, HABEren dirulaguntzen barruan onartuak izan daitezen, ikastaro hauek, gutxienez hiru hilabeteko iraupena izan behar dute honako hiru jardun-motatan banatuta:

    1. Aurrez aurreko jarduna: gutxienez, 40 eta gehienez 180 irakastordu.

    2. Bakarkako jardun tutorizatua: gutxienez, aurrez aurreko jardunaren irakastorduen kopurua. Atal hau ez da diruz lagunduko.

    3. Tutoretza-saioak: aurrez aurreko jardunean emandako 10 orduko, gehienez 30 minutu lagunduko dira diruz. Tutoretza-saioak aurrez aurre edo bideokonferentziaz egin ahal izango dira.

      1. Urrutiko aurrez aurreko talde-irakaskuntza.

        Urrutiko aurrez aurreko talde-irakaskuntzaren oinarria taldea da, gutxienez irakasle baten ardurapean IKTen bidezko plataformak erabiliz taldeko ikasle guztiekin batera ikastaroa burutzen duen taldea, hain zuzen ere. Dirulaguntzaren esleipenean, deialdi honen I. eranskinaren 1.2 atalean araututako gutxieneko ikasle-kopuruak betez gero, taldearen ordu teorikoak eta kitapenean burututako orduak hartuko dira kontuan. Irakasleari taldean emandako orduak aitortuko zaizkio eta taldean aritutako irakasle guztien orduen batuketa gehienez taldean emandakoak izango dira.

      1. Ikastaro-moduluak.

        Aurrez aurreko ikastereduan onartzen diren guztiak erabili ahal izango dira.

      2. Bestelako baldintzak.

        1. Urrutiko aurrez aurreko saioetan, ikastaro-moduluaren ordu guztiak emango dira, eta ikastaldearen jarduerak ordutegi zehatzetan eta ikasle guztiekin batera burutu beharko dira. Saio horiek, gainera, eskola-egun bakoitzean, gutxienez 40 minutuko iraupena izan beharko dute.

        2. Urrutiko aurrez aurreko saioak edozein e-learning edo b-learning plataforma erabiliz (GoToWebnar, Zoom, Jitsi, Microsoft Teams, Moodle/MoodleCloud,...) egingo dira.

        3. Ebaluazioak e-learning edo b-learning plataformen bidez burutuko dira, hala nola, Google Forms, Questbase edo Socrative erabiliz.

        4. HABEko teknikariek edozein unetan plataforma horietara sarbidea izango dute, burutzen den jarduera ikusteko.

        5. Era honetan antolatuko diren ikastaldeei «70 kolektiboa» esleituko zaie «Q87» izeneko aplikazioan.

          1. Helburu zehatzetarako ikastaro bereziak.

          1. AISA ikastaroak.

            AISA ikastaroak Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailarekin lankidetzan antolatutako ikastaro bereziak dira, Immigrazioari eta Asiloari buruzko Kulturarteko Planaren esparruan kokatzen diren pertsonei zuzenduta, etorkinentzako euskara hurbiltzeko prestakuntza gisa.

            Ikastaro hauetako ikasleak, taldea eratzeko gutxieneko kopurua osatu arte, Immigrazioari eta Asiloari buruzko Kulturarteko Planaren esparruan sartzen diren pertsonak izango dira. Gutxieneko kopurua osatu ondoren, bestelako ezaugarriak dituzten ikasleak ere onartu ahal izango dira, betiere ikastaroaren izaera eta helburuekin bateragarriak badira.

            Ikastaro hauen iraupena 60 irakastordukoa izango da. Ikastaro hauen ikastaldeei «61 kolektiboa» jarriko zaie «Q87» izeneko aplikazioan.

            Euskaltegiek ikastaroak hasi baino lehen bideratu beharko dute eskaria HABEren kudeaketa-aplikazioan (Q87), dagokion eskaera-orria beteta. Ikastaroa bukatutakoan, ebaluazio-fitxa osatua igo behar dute HABEren kudeaketa-sisteman.

            Jarduera behar bezala burutu dela egiaztatu ondoren, HABEk 1.933,2 euroko matrikularen osagarria ordainduko dio euskaltegiari, ikastaro bakoitzeko.

            Gainontzeko ikastaroetan bezala, HABEko zuzendari nagusiak 2026-2027 ikasturterako ematen dituen jarraibideak osotasunean bete beharko dira, eta jarraibide horiek dagokion ebazpen bidez zehaztuko dira. Hori horrela, ikastaro bakoitzaren hasieran ikasle bakoitzari ebaluazio diagnostikoa egingo zaio abiapuntu-maila (AM) zehazteko, eta emaitzak lau trebetasunetan adieraziko dira Q87 aplikazioan. Ikastaro bakoitzaren bukaeran ikasleen lorpen-maila (LM) zehaztu beharko da Q87 aplikazioan, eta probak igo beharko dira taldea itxi aurretik.

          2. Ostalaritza eta Dendaketan ikastaroak.

            Ostalaritza programari dagokionez, ostalaritzako langileei zuzendutako ikastaro berezien bidez, bezeroarekiko harremanetan euskararen trebetasun komunikatiboak garatzea du helburu. Horrenbestez, programaren barruan sartuko dira ostatu, jatetxe eta antzeko zerbitzu-jardueretan kokatzen diren ikastaroak, betiere bezeroarekiko arreta eta komunikazioa euskaraz lantzea xede badute.

            Ikastaro hauen iraupena 60 irakastordukoa izango da. Ikastaro hauen ikastaldeei «62 kolektiboa» jarriko zaie, HABEren kudeaketa-sisteman («Q87» izeneko aplikazioan).

            Dendaketan programari dagokionez, merkataritzan eta bezeroarekiko zuzeneko arreta eskaintzen duten jarduera profesionaletan euskararen trebetasun komunikatiboak garatzea du helburu. Horrenbestez, programaren barruan sartuko dira produktuen zein zerbitzuen eskaintzari lotutako jarduerak, betiere bezeroarekiko harreman zuzena eta euskarazko komunikazioa lantzea xede badute.

            Ikastaro hauen iraupena 60 irakastordukoa izango da. Ikastaro hauen ikastaldeei «63 kolektiboa» jarriko zaie, HABEren kudeaketa-sisteman («Q87» izeneko aplikazioan).

            Ostalaritza eta Dendaketan espezializatutako ikastaro berezi hauek 60 irakastorduko iraupena izango dute. Euskaltegiek, ikastaroak hasi aurretik, eskaria bideratu beharko dute HABEren kudeaketa-aplikazioan (Q87) dagokion eskaera-orria beteta, eta ikastaroa amaitutakoan, ebaluazio-fitxa gorde beharko dute HABEren kudeaketa sisteman.

            Gainontzeko ikastaroetan bezala, HABEko zuzendari nagusiak 2026-2027 ikasturterako Ebazpenaren bidez ematen dituen jarraibideak osotasunean bete beharko dira. Hori horrela, ikastaro bakoitzaren hasieran ikasle bakoitzari ebaluazio diagnostikoa egingo zaio abiapuntu-maila (AM) zehazteko, eta emaitzak lau trebetasunetan adieraziko dira Q87 aplikazioan. Ikastaro bakoitzaren bukaeran ikasleen lorpen-maila (LM) zehaztu beharko da Q87 aplikazioan, eta probak igo beharko dira taldea itxi aurretik.

          3. Bestelako ikastaroak, euskararen sustapena eta erabileraren normalizazioa helburuarekin.

            Herri-administrazioek, erakunde pribatuek eta gizarte-eragileek, euskararen sustapena eta erabileraren normalizazioa helburu hartuta, Euskararen Plan Estrategikoarekin, Euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoarekin (AROA), LanHitz programarekin edo udal-mailako nahiz erakunde pribatu eta gizarte-eragileen plangintzekin bat datozen ikastaro bereziak sortu eta antolatu ahal izango dituzte.

            Ikastaro horien iraupena gutxienez 60 irakastordukoa izan beharko da. Ikastaro hauen ikastaldeei «81 kolektiboa» jarriko zaie, «Q87» izeneko aplikazioan.

            Kasu bakoitzean, euskaltegiek eskaera-orria beteta eta dagokion erakundearen txostena ere aurkeztu beharko dituzte HABEren kudeaketa-sisteman (Q87) horretarako dagoen atalean. Honelako ikastaroen eskariek hamar eguneko epean ezezko erantzuna jasotzen ez badute, onartuak izan direla ulertuko da.

            Gainontzeko ikastaroetan bezala, HABEko zuzendari nagusiak 2026-2027 ikasturterako Ebazpenaren bidez ematen dituen jarraibideak osotasunean bete beharko dira. Hori horrela, ikastaro bakoitzaren hasieran ikasle bakoitzari ebaluazio diagnostikoa egingo zaio abiapuntu-maila (AM) zehazteko, eta emaitzak lau trebetasunetan adieraziko dira Q87 aplikazioan. Ikastaro bakoitzaren bukaeran ikasleen lorpen-maila (LM) zehaztu beharko da Q87 aplikazioan, eta probak igo beharko dira taldea itxi aurretik.

          4. Gabonetako eta Aste Santuko ikastaro bereziak.

            1. Euskaltegietan, aurrez aurreko jardunean trebetasun zehatzak lantzeko Gabonetako eta Aste Santuko ikastaro bereziak antolatu ahal izango dira. Ikastaro horiek egunean 6 edo 8 irakastorduko saioak izango dituzte, eta gutxienez, 30 irakastorduko iraupena bete beharko dute.

            2. Barnetegietan trebetasun zehatzak lantzeko ikastaro bereziak: Gabonetako eta Aste Santuko barnetegi ikastaro bereziak antolatu ahal izango dira. Ikastaro horiek egunean 6 eta 8 irakastordu artean izango dituzte, eta gutxienez, 30 irakastorduko iraupena bete beharko dute.

              1. Ikastaro bereziak.

                Aurreko artikuluetan aurreikusitako ikastaroez gain, euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak jarritako irizpideen arabera helduen euskalduntzearen esparruan beste ikastarorik emateko asmorik badu, eskabide arrazoitua aurkez lezake HABEko zuzendari nagusiaren aurrean ikastaroa hasi baino hamabost egun lehenago.

                Ildo horretan, malgutasunaren bidez proposatutako jarduerak bat etorriko dira Eusko Jaurlaritzak 2026-2030 aldirako onartutako 2026-2030 Euskararen Plan Estrategikoarekin, Euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoan (AROA) jasotzen den bezala, helduen euskalduntzea testuinguru, behar eta kolektibo desberdinetara egokitzea sustatzen baita.

                Malgutasunaren bidez proposatutako jarduerak HABEren eskumen-esparruan kokatzeko, beharrezkoa izango da jarduera horiek ikasleen hizkuntza-gaitasuna garatzeko helburu pedagogiko esplizitua izatea, ikaskuntza-prozesuari lotuta egotea (eta ez erabilera orokorra sustatzeko ekimen ireki hutsak izatea), eta, gainera, HEOCekin bat datorren jarraipen eta ebaluazio didaktikoa bermatzea.

                HABEko Didaktika Zerbitzuak ikastaroaren helburu pedagogiko eta metodologia aztertuko du helduen euskalduntzearen sustapenari begira duen egokitasuna baloratzeko, batetik, eta bestetik, euskara-gaitasuna sustatzeko 2026-2030 Euskararen Plan Estrategikoan jasotako ardatza estrategikoaren helburuak eta ekintzak kontuan hartuz, HABEko zuzendari nagusiak ebatziko du eskariaren gainean. Erabakia ezezkoa balitz, HABEren finantzaketatik at gelditzen dela ulertuko da.

                Erabakia baiezkoa izango balitz, gainontzeko ikastaroetan bezala, HABEko zuzendari nagusiak 2026-2027 ikasturterako Ebazpenaren bidez ematen dituen jarraibideak osotasunean bete beharko dira. Hori horrela, ikastaro bakoitzaren hasieran ikasle bakoitzari ebaluazio diagnostikoa egingo zaio abiapuntu-maila (AM) zehazteko, eta emaitzak lau trebetasunetan adieraziko dira Q87 aplikazioan. Ikastaro bakoitzaren bukaeran ikasleen lorpen-maila (LM) zehaztu beharko da Q87 aplikazioan, eta probak igo beharko dira taldea itxi aurretik.

Taula honetan ageri den talde-ratioa da onartutako jarduera-unitateetan parte hartu duten ikasleen guztizko kopurua onartutako talde guztien kopuruarekin zatituz ateratzen den batez bestekoa, herri-tamainaren araberako ikasleen ponderazioa aintzat hartuta.

Euskaltegi bakoitzaren II. eranskineko talde-ratioa kalkulatzeko, 2024-2025eko datuetan oinarrituta, lehenik herri-tamainaren araberako tarte bakoitzean talde-ratioa kalkulatzen da, ikasle-kopurua talde-kopuruarekin zatituta.

Ondoren, tarte bakoitzean lortutako ratioa ponderatzen da, euskaltegi guztien multzoak herri-tarte bakoitzean duen batez besteko ikasle-proportzioaren arabera. Hau da, tarte bakoitzaren pisua euskaltegi guztien jarduerak herri-tarte horretan duen presentziaren arabera zehazten da.

Azkenik, tarte guztietan lortutako balio ponderatuen batura da euskaltegi bakoitzaren II. eranskineko talde-ratioa.

Talde-ratioa kalkulatzeko ez dira aintzat hartu helburu zehatzetarako HABEk onartutako ikastaro bereziak hau da, honako kodea dutenak: 61, 62, 63, 81, 83, 84 ezta malgutasunez onartutako ikastaroak ere.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik