Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2026ko uztailaren 22koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Barakaldon (Bizkaia) errausketa-labearen erabilera arautzeko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 150
  • Hurrenkera-zk.: 3535
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2026/07/22
  • Argitaratze-data: 2026/08/10

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2026ko apirilaren 29an, Barakaldoko Udalak eskabidea egin zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Barakaldon (Bizkaia) errausketa-labearen erabilera arautzeko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiten hasteko. Eskabidearekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen 2026ko ekainaren 5ean, eta espedientean jasota dago emaitza. Era berean, Barakaldoko Udalari jakinarazi zion hasiera eman ziola prozedurari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko web-orrian, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela behar beste judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan aurreikusitako kasuen artean dago; bertan aurreikusten da zer plan eta programek behar duten ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, zehaztu ahal izateko plan edo programak ez duela ingurumen-ondore nabarmenik ingurumen-txosten estrategikoaren arabera, edo plan edo programak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duela, ingurumenean ondore nabarmenak izan ditzakeelako.

Planak ez du esparrurik ezartzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari lotuta dauden proiektuei baimena emateko. Natura 2000 Sareko espazioei ere ez die eragiten, ezta natura-ondareari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeriak edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako araubideren bat duten espazioei ere.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan araututa dago, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdiak, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, aztertzen da ea planak ondore nabarmenak izan ditzakeen ala ez ingurumenean, eta, beraz, bete behar duen ala ez ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura, edo, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana garatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Kontuan hartu dira honako hauek: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

Lehenengoa. Barakaldon (Bizkaia) errausketa-labearen erabilera arautzeko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

  1. Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren helburua da Barakaldoko udal mugartean errausketa-labeek izan ditzaketen kokapenei buruzko berariazko araudia ezartzea.

    Indarrean dagoen Barakaldoko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak ez du esplizituki aintzat hartzen, araututako jarduketen artean, errausketa-labeen erabilera. Planak errausketa-labearen erabilera modu jasangarrian ezartzea bermatzen du, eta, atmosfera kutsa dezakeenez, herritarrak babesteko neurriak behar ditu, gaur egun udal-plangintzan jasota ez daudenak.

    Planak baldintza berezi hauek ezartzen ditu errausketa-labearen erabilera baimentzeko:

    Errausketa-labeak bizitegitarako hiri-lurzoruan baimendu gabeko jarduketak dira.

    Errausketa-labearen tximinia gutxienez 200 metroko distantziara egongo da bizitegi-lurzoruetatik (hiri-lurzorua edo urbanizagarria den kontuan hartu gabe) eta kalteberatzat jotzen diren ekipamenduetatik (hala nola hezkuntza-, osasun- eta kirol-ekipamenduak, adinekoen egoitzak, desgaitasuna duten pertsonen egoitzak eta abar).

    Adierazitako distantzia modu erradialean neurtuko da, errausketako keak kanporatzeko tximinia ardatz hartuta.

    Babes-distantzia hori Barakaldoko udalerriko lurzoruekiko neurtuko da, bai eta, beste udalerri batetik gertu errausketa-labe bat kokatu nahi izanez gero, ondoko udalerrian horrela kalifikatutako lurzoruekiko ere. Udalerri mugakide batek bere plangintzan babes-distantzia handiagoa jasotzen badu, distantzia hori aplikatu beharko da.

    Errausketa-labearen erabilera lurzoru urbanizaezinean ezarri ahal izateko, aldez aurretik ekipamendu-sistema orokor gisa jasota egon beharko du, eta ekipamendua zehatz-mehatz antolatzen duen figurak erabilera hori onargarritzat jo beharko du. Kasu horretan, aurretik adierazitako baldintzak aplikatuko dira.

    Hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian, bi kasutan ezarri ahal izango da:

    Ekipamenduaren kalifikazio orokorra eta zerbitzu orokorren kalifikazio xehatua duten lurzoruetan, garapen-plangintza xehatuak erabileraren aukera jasotzen badu, edo debekatzen ez badu.

    Jarduera ekonomikoetarako lurzoruetan, ordenantza hauetakoren bati badagozkio: 1. 2. 3. OR-7 Hirugarren sektoreko industria isolatua, OR-8 Hirugarren sektoreko industria konpaktua eta OR-9 Industria isolatua.

    Lehen azaldutako parametroak onartu ondoren, ekoizpen-lurzoruak hautatu dira errausketa-labearen jarduerarako egokitzat, zehazki Barakaldon indarrean dagoen plangintzak halakotzat mugatutakoak, eta, aldi berean, babes-eremu gisa ezarritako 200 m-ko mugatik kanpo geratzen direnak.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez erabakitzeko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:

      1. Planak edo programak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak beste plan edo programa batzuetan zer-nolako eragina duen, hierarkizatuta daudenak barne: planaren ezaugarriak kontuan hartuta, planak ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste ezein plan edo programatan. Ez da bateraezintasunik aurkitu hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

      3. Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren irizpideak barnean hartzeko: plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-irizpideak barnean hartzeko.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak zaratari, lurzoruei, urei, hondakinei eta isurketei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira.

      5. Era berean, plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia ezartzeko.

    2. Ondorioen eta eragina jasan dezakeen arearen ezaugarriak:

      Errausketa-labeak jartzeko aukeratu diren eremuak Kareaga, Burtzeña eta Zubileta industrialdeak dira, baita azalera txikiagoko beste eremu batzuk ere, Lasesarre industrialdean, Megaparken (Ibarreta Zuloko eremua) ondoan eta Beurko industrialdearen iparraldean daudenak.

      Planean aztertu beharreko esparruen artean ez dago naturagune babesturik, interes geologikoko gunerik (IGG), hezegune katalogaturik edo interes hidrogeologikoko eremurik, eta itsas-lehorreko jabari publikoan ere ez daude. Ez dira identifikatu EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekiko edo Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan jasotako EAEko interes naturalistikoko guneetako bestelako espaziorik ere.

      Iparralderago dauden eremuetan ez da ibai-ibilgurik igarotzen eta erabat urbanizatuta daude. Hegoaldean dauden eremuak Galindo eta Cadagua ibaien adarrek gurutzatzen dituzte. Ibilgu horiek aztertu beharreko eremuetatik kanpo igarotzen dira, baina haietatik oso gertu.

      Planak definitutako eremuak oso urbanizatutako eremuak dira gehienak, asfaltatutako eta eraikitako azalerak, eta industria-erabilerak dira nagusi. Urbanizatutako eremu horien artean landaredi erruderal-nitrofiloa duten lugorriak eta lorezaintzako aleak aurki daitezke. Salbuespen gisa, Kareaga industrialdean planteatutako eremuan baso misto atlantikoko eta landatutako basoetako azalera txikiak daude. Hego-ekialdeko eremuetan, berriz, belardi eta sastrakadi txikiak daude, eta baratze isolaturen bat.

      Planak aztertu beharreko eremu gehienak Galindo ibaiari eta Cadagua ibaiari lotutako uholde-arriskuko eremuetan daude, eta, batez ere, 100 eta 500 urte bitarteko errepikatze-denborako eremuak dituzte.

      Planaren eremuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten kokalekuen inbentarioko lursail ugari daude. Aztertu beharreko eremuak kutsatuta egon daitezkeen 70 kokalekuren gainean daude, hain zuzen. 48013-00003tik 48013-00206ra bitartean daude kodifikatuta.

      Planak aztertutako lurzati gehienak kalteberatasun nabarmenik gabeko edo akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun txikia duten lurretan daude, baina neurri txikiagoan bada ere, oso kalteberatasun txikia duten eremuetan ere sartzen dira.

      Planak hautatutako errausketa-labeak erabiltzeko egokiak diren eremuak industria-eremuetan daude, gehienak jada urbanizatuta daude eta ez dute landaredi naturalik. Salbuespena Cadaguaren ubidearen ondoan hego-mendebaldean dagoen sektore bat da, non urbanizazioa ez den erabatekoa izan. Premisa horretatik abiatuta, ingurumen-dokumentuak baztertu egiten du ingurumenaren alderdi naturalistikoetan inpaktu esanguratsurik eragitea.

      Eraikuntza-fasean, inpaktu nagusiak lur-mugimenduekin, zarata eta hautsen emisioekin eta hondakinen sorrerarekin lotutakoak izango dira.

      Errausketa-labearen funtzionamendu-fasean, inpaktu nagusiak airearen kutsadurarekin daude lotuta. Planak hartutako neurri nagusia da, hain zuzen ere, instalazio horiek bizitegi-eremuetatik, aisialdirako eremuetatik eta aire zabaleko aisialdirako eremuetatik urruntzea, eta industrialdeei lehentasuna ematea horiek gauzatzeko.

  3. Ebazpen honetan jarraian zehaztutako neurri babesle eta zuzentzaileak ezarri dira ingurumenean eragin daitezkeen kalte adierazgarriak prebenitzeko eta Barakaldon (Bizkaia) errausketa-labearen erabilera arautzeko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura aplikatu behar ez zaiola bermatzeko.

    Planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek ditugu:

    Planak dagoeneko jasotzen du 200 metroko gutxieneko distantzia, non ez den biztanle-gunerik edo espazio kalteberarik egongo, ez bakarrik Barakaldoko udalerriko bizitegi-guneetan eta ekipamendu kalteberetan, baizik eta udalerri mugakideetan ere. Distantzia hori udalerri mugakideei aplikatzen zaie, udalerri mugakidearen hirigintza-plangintzak distantzia edo babes-baldintza murriztaileagoak ezartzen dituenean izan ezik.

    Planaren garapenetik eratorritako proiektuen dokumentazioak justifikatu egin beharko du ezarpen zehatza bateragarria dela biztanle-guneekin, hartzaile sentikorrekin eta erabilera kalteberekin, eta, horrez gain, kontuan hartuko beharko ditu eragina izan dezaketen udalerri mugakideetako ingurumen-baldintzatzaileak.

    Planaren eremuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten kokalekuen inbentarioko lursail ugari daude. Gainera, lurzoruaren kalitate-adierazpena izapidetu beharko da, baldin eta Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitako kasuren bat gertatzen bada.

    Organo eskudunak prozedura aplikagarrien esparruan ezarritako baldintzak alde batera utzi gabe, Planaren garapenerako proiektuek bat etorri beharko dute Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudian eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialeko E.2 apartatuko uholdeen aurkako babesari buruzko araudi espezifikoan ezarritakoarekin.

    Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta hura aplikatzeko oinarrizko xedapenak ezartzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuarekin arabera, errausketa-labearen jarduera B taldean sartzen da, «09 09 01 00» kodearekin eta, beraz, baimena behar du, atmosfera kutsa dezakeen jarduera baita.

    Horregatik guztiagatik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 32. artikulua kontuan hartuta, eraikiko diren errausketa-labeek ingurumen-baimen bakarraren prozedura bete beharko dute, lege horren I.B. eranskinean jasota baitaude. Eta prozedura horren esparruan aztertuko dira xehetasunez errausketa-labeak kokaleku zehatz batean instalatzeak eragindako inpaktuak, eta ingurumena babesteko beharrezko neurriak ezarriko dira.

    Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Barakaldon (Bizkaia) errausketa-labearen erabilera arautzeko Plan Bereziak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

    Hirugarrena. Barakaldoko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

    Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

    Bosgarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren gehienez ere lau urteko epean ez bada onartzen Barakaldon (Bizkaia) errausketa-labearen erabilera arautzeko Plan Berezia. Kasu horretan, berriro abiarazi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehaztutako moduan.

    Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 22a.

    Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

    NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik