Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2026ko urtarrilaren 9koa, Trafiko zuzendariarena, 2026. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko trafikoa arautzen duten neurri bereziak ezartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 24
  • Hurrenkera-zk.: 530
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2026/01/09
  • Argitaratze-data: 2026/02/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Segurtasuna eta justizia; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Herrizaingoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuak Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onartzekoa berau 18. artikuluan ezartzen duenaren arabera, zirkulazio segurua eta arina bermatzeko beharrezkoa denean edo ingurumenarekin lotutako arrazoiak daudenean, trafiko arloko agintaritzak dauka trafikoa erregulatzeko neurri bereziak hartzeko ahalmena. Azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuak Zirkulazio Erregelamendu Orokorra onartzekoa berau, besteak beste 37. eta 39. artikuluetan, neurri horietako batzuk zehazten ditu eta horiek hartzeko prozedura arautzen du.

Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) eremuan, Trafikoko zuzendariari dagokio arestion aipatu diren neurriak hartzea, arau hauetan ezartzen denaren arabera: urriaren 15eko 3256/1982 Errege Dekretuaren eranskinaren B.1.g) atala (dekretu horren bidez transferitzen zaio Euskal Autonomia Erkidegoari trafikoari eta ibilgailuen zirkulazioari buruzko estatu-legeriaren betearazpena), eta Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 318/2024 Dekretuaren 17.3.d) artikulua.

Ebazpen honen bidez, trafikoa arautzeko neurri bereziak ezarri nahi dira, ibilgailu edo ibilgailu talde zehatz batzuetarako, egun jakinei begira, eragin berezia izan baitezakete bide-segurtasunean, mugikortasunena eta zirkulazioaren arintasunean. Egun horiek hainbat faktore kontuan hartuz aukeratu dira: esaterako, EAEko jaiegunen egutegia, asteburuak, oporren hasierako edo amaierako aldiak, jai-zubiak edo zirkulazioaren gainean eragina izan dezaketen bestelako inguruabarrak.

Hori guztia dela eta, honako hau

Lehenengoa. Zirkulazio-murrizketak.

2026. urterako, EAEn, hemen zerrendatzen diren zirkulazio-murrizketak ezartzen dira:

  1. Kirol-probak, bizikleta-martxak eta beste ekitaldi batzuk.

    Azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuaren bidez onartutako Zirkulazio Erregelamendu Orokorrak 55. artikuluan eta II. eranskinean xedatzen duenaren arabera, Trafikoko lurralde-arduradunek ez dute inolako kirol-probarik edo bestelako ekitaldirik baimenduko (lehiaketa izan ala ez izan), ezta horien aldeko txostenik emango ere, baldin eta kirol-proba edo ekitaldi horiek egiteko, ebazpen honen I. eranskinean zehaztutako egunetan eta orduetan, hiriarteko bide publikoetan, galtzadak eta bazterbideak okupatu behar badituzte.

    Salbuespen gisa, kirol-proba, bizikleta-martxa eta beste ekitaldi hauek baimendu ahal izango dira:

    Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak edo haren antzeko nazioz gaindiko organismo batek antolatutako nazioarteko ekitaldiak.

    Bi baldintza hauek batera betetzen dituztenak: irteera- edo itzulera-operazioengatik ibilgailu-intentsitate handia duten bideei ez eragitea, eta probara bertaratzeko nahiko agente egotea.

    Hauteskunde-prozesuekin batera egitekoak direnak, baldin eta boto-eskubideaz baliatu ahal izatea bermatzen bada, hauteslekuetarako sarbidea erraztuz, eta probara bertaratzeko nahiko agente badaude.

    Kirol-ekitaldien urteko egutegiaren arabera, murrizketak dauden egunetan egiteko aurreikusita dauden kirol-ekitaldiak.

  2. Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak.

  1. Salgai Arriskutsuen Nazioarteko Errepide Garraioari buruzko Akordioaren (ADR) arabera, arriskuaz ohartarazteko arauzko panel laranjak eduki behar dituzten ibilgailuek zirkulatzea debekatuta dago EAEko bide publiko guztietan, zirkulazioaren edozein noranzkotan, ondoko egun eta orduetan:

    Igande eta jaiegunetan (EAE osoan) 08:00etatik 24:00etara eta

    Jaiegunen bezperetan (EAE osoan), larunbatak ez badira, 16:00etatik 24:00etara.

    Era berean, 7.500 kg-tik gorako GMBa daukaten ibilgailuak ebazpen honen II. eranskinean jasotako zirkulazio-murrizketen menpe ere egongo dira, salbu eta murrizketa-egunak igandeak, jaiegunak edo jaiegunen bezperak (larunbatak ez direnak) badira.

  2. Aurreko puntuan ezarritako debekuetatik salbuetsita daude ebazpen honen III. eranskineko salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailuak, eranskinean xedatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

  3. Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek egin beharreko ibilbideak. Otsailaren 14ko 97/2014 Errege Dekretuak, Espainiar lurraldeko errepideetan zehar salgai arriskutsuen garraioak arautzen dituenak, 5. artikuluan ezartzen duenaren arabera eta Salgai Arriskutsuen Nazioarteko Errepide Garraioari buruzko Akordioaren (ADR) arabera, salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek ibilbide hauek erabili beharko dituzte:

    1. Amaierako erabiltzaileei edo kontsumitzaileei banatzeko egiten dituzten joan-etorrietan: Ibilbiderik egokiena erabiliko da, bide-segurtasunari zein trafikoaren arintasunari begira. Errepide arruntetan zehar ahalik eta distantziarik laburrena egingo da salgaia eman behar den lekuraino.

      Biztanle-guneetatik kanpo ingurabiderik, saihesbiderik edo biribilgunerik badago, nahitaez erabili beharko dira. Horrelako aukera bat baino gehiago izatekotan, biztanle-gunetik urrutien dagoena erabili beharko da. Hirigunean zamalanak egiteko soilik sar daiteke eta, betiere, salgaiak emateko lekutik hurbilen dagoen sarrera erabilita, salbu eta ezinbesteko kausa justifikatua bada.

    2. Beste joan-etorri batzuetan: joan-etorriaren jatorria eta helmuga Salgai Arriskutsuen Ibilbideen Sarearen SAIS barruan badaude (ebazpen honen V. eranskinean dago), salgai arriskutsuak daramatzaten ibilgailuek nahitaez erabili beharko dituzte euren ibilbidean.

      Joan-etorriaren jatorria edo helmuga (edo biak) SAISetik kanpo badaude, sare horretara martxaren noranzkoan eta hurbilen dagoen sarreratik sartzen uzten duten errepide arruntetatik egin beharko dira joan-etorriak, galtzada bakarreko bideetan egiten den ibilbidea ahalik eta laburrena izatea bermatze aldera. Arrazoi berbera dela bide, salgaien helmugatik martxaren noranzkoan eta hurbilen dagoen irteera erabiliko da SAISetik irteteko.

      Hemen aipatu diren bideez bestelakoetan ibiltzeko, baimen berezia beharko da, eta baimen hori ebazpen honen bigarren atalean xedatutakoarekin bat etorriz emango da.

      SAISetik irten daiteke gidariaren ohiko bizilekura edo handik egindako joan-etorrietan, eguneroko edo asteroko atsedenaldiak egiteko, eta ibilgailua konpontzeko edo mantentzeko lanetarako, edo garraio-enpresa dagoen lekura sartzeko, betiere ADRan zehaztutako segurtasun- eta babes-baldintzak betetzen badira. SAIS uzten den kasu hauetan, gidariaren helmuga den tokitik hurbilen dagoen irteeratik irtengo da.

  4. Aurreko puntuetan xedatutakoa ez da aplikatuko baldin eta, zama mota, kopurua edo garraio mota dela-eta, salgai arriskutsuen garraioa ADRan jasotako salbuespenetakoren baten arabera egiten bada.

  1. Salgaien garraiorako ibilgailuak edo ibilgailu-taldeak, haien gehieneko masa baimendua (GMB edo ITGMB) 7.500 kg-tik gorakoa denean.

  1. Ibilgailuaren edo ibilgailu-taldearen GMBa 7.500 kg-tik gorakoa bada, ibilgailu horiek debekatuta daukate EAEko bide publikoetatik zirkulatzea II. eranskinean jasotako egun eta orduetan.

  2. Aurreko debekua ez zaio aplikatuko ebazpen honen IV. eranskinean adierazitako salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailuen zirkulazioari.

  1. Zirkulazio-baimen osagarria behar duten ibilgailuak (haien ezaugarri teknikoengatik edo garraiatzen duten zamaren ezaugarriengatik) eta zirkulazio-baimen osagarria behar ez duten ibilgailu bereziak.

  1. Ezaugarri teknikoak edo garraiatutako zama direla-eta zirkulazio-baimen osagarria behar duten ibilgailuek debekaturik izango dute bide publikoetatik zirkulatzea, legez ezarritako gehieneko masak edo neurriak gainditzeagatik (abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuak onartutako Ibilgailuen Erregelamendu Orokorraren 14. artikulua), egun eta ordu hauetan:

    Igande eta jaiegunetan (EAE osoan) 08:00etatik 24:00etara eta

    Jaiegunen bezperetan (EAE osoan), larunbatak ez badira, 16:00etatik 24:00etara.

    Era berean, ibilgailu horiek ebazpen honen II. eranskinean jasotako zirkulazio-murrizketen menpe ere egongo dira, salbu eta murrizketa-egunak igandeak, jaiegunak edo jaiegunen bezperak (larunbatak ez direnak) badira.

  2. Zirkulazio-baimen osagarririk gabeko obra eta zerbitzuetako edo nekazaritza-makineriako ibilgailu bereziei ebazpen honen II. eranskinean jasotako murrizketak aplikatuko zaizkie.

  3. Hala ere, murrizketok ez zaizkie aplikatuko IV. eranskinean aipatzen diren salgaiak garraiatzen edo eginkizunak betetzen dituzten ibilgailuei.

  1. Murrizketa osagarriak.

  1. Ezusteko kasuetan edo aparteko gorabeheren kasuan, zirkulazioa seguruagoa edo arinagoa izateko beharrezkoa denean, trafikoaren zaintzaz eta diziplinaz arduratzen den agintaritzaren agenteek ezarriko dituzte murrizketok behar den denbora guztirako, eta, horretarako, beharrezko erabakiak hartuko dituzte. Hori guztia Zirkulazio Erregelamendu Orokorraren 37. eta 39. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

  2. Gainera, meteorologia fenomeno kaltegarriak gertatzen direnean (elurra, izotza, ikuspen eskasa behe-lainoa dela-eta, edo haize bortitza...), ibilgailu zehatz batzuei ezar dakizkiekeen zirkulazio-murriztapenak eragotzi gabe, 3.500 kilotik gorako GMBa duten kamioiek, autobusek, autobus artikulatuek eta ibilgailu-taldeek bideko eskuineko erreitik zirkulatu behar dute nahitaez. Ezin izango dituzte aurreratu, ezta aurrea hartu ere, abiadura txikiagoan zirkulatzen duten ibilgailuak, aurreko paragrafoan aipatutako 37. eta 39. artikuluetan adierazitakoaren arabera.

  1. Bideko obrak etetea.

    Trafikoaren ezaugarri bereziak direla eta, trafikoko operazio berezien egunetan eta ibilgailu asko batera mugitzen direnean, trafikoaren arintasuna eta bide-segurtasuna hobetze aldera, Trafiko Zuzendaritzak eta obren eraginpeko bideen organismo titularrak elkarrekin koordinatuko dira obrak eteteko VI. eranskinean ezarritakoaren arabera.

    Hala ere, VI. eranskinean jasotako egun eta orduetan obrak egin behar badira, bidearen organo titularrak obra horien berri eman beharko dio Trafiko Zuzendaritzari, behar bezala arrazoituta eta behar besteko aurrerapenez.

    Bigarrena. Baimen bereziak.

    Baimen bereziak bidaia bakar baterako eman ahal dira edo aldi baterako, ebazpen honetan jasotako ibilbideetatik eta murrizketa-egunetan zirkulatzeko. Baimen horiek emango dira premia nabarmena badago, aldez aurretik justifikatuta ibilbide eta aldi horietan zirkulatzea ezinbestekoa dela, Zirkulazio Erregelamendu Orokorraren 39.5 artikuluan ezarritakoarekin bat.

    Baimen berezi horietan matrikula, ibilgailuaren edo ibilgailu-taldearen ezaugarri nagusiak, garraiatzen den salgaia, egoeraren eraginpeko bideak eta garraioaren baldintzak agertuko dira.

    Hirugarrena. Zehapenak eta kautelazko neurriak.

    Ebazpen honetan dauden neurri arautzaileak ez betetzea zehatu egingo da, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera.

    Era berean, trafiko-diziplina eta -zaintza arloko ardura daukan agintaritzaren agenteek ibilgailua bidetik kendu eta agindutako lekuan gordailuan utzi ahal dute. Neurri horiek ezarri ahal dira ibilgailuak arriskua eragiten duenean edo zirkulazioa larri nahasten duenean, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen Testu Bateginaren 105. artikuluak ezartzen duenaren arabera.

    Laugarrena. Zirkulazioaren murrizketak salbuespenez kentzea.

    Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak ebazpen honetan ezarritako murrizketen eraginpeko ibilgailuei zirkulatzen utzi ahal die. Neurri hori salbuespenez hartuko da, zirkulazioaren baldintzak aintzakotzat hartuta, eta, ondorioz, jarraibide egokiak emango zaizkio Ertzaintzari.

    Neurri hori Trafiko Zuzendaritzaren webgunean argitaratuko da, eta garraiolarien elkarte nagusiei edo haien parekoei jakinaraziko zaie.

    AZKEN XEDAPEN BAKARRA. Indarrean jartzea eta indarraldia.

    Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta zortzi egun baliodunera jarriko da indarrean eta 2026. urtean egongo da indarrean. Dena den, indarraldia luzatuko da 2027. urterako trafikoa arautzeko neurri bereziak ezarriko dituen ebazpena indarrean sartu arte, salbu eta I. eta II. eranskinetako data zehatzei dagozkien murrizketen kasuan.

    Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 9a.

    Trafiko zuzendaria,

    ESTIBALIZ OLABARRI GONZALEZ.

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik