Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2026ko urtarrilaren 26koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzen duena, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak sustatuta.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 53
- Hurrenkera-zk.: 1215
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2026/01/26
- Argitaratze-data: 2026/03/18
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Ingurumena
Testu legala
2021eko azaroaren 21ean abiarazi zen Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren ingurumen-ebaluazio estrategikoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatua.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak Ebazpena eman zuen 2022ko apirilaren 22an, eta horren bidez, Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismeneko dokumentua formulatu zen.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak 2023ko apirilaren 27an emandako Aginduaren bitartez, hasiera batean onetsi zen Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 73. artikuluan ezarritakoa betez, plana eta ingurumen-azterketa estrategikoa jendaurrean jarri ziren 45 egun baliodunez. Horretarako, iragarkia jarri zen 2023ko maiatzaren 10eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (87. zk.).
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 73. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, orduko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 19. artikuluarekin bat, eta 45 eguneko epea eman zien egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten.
2025eko uztailaren 14an, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko Deskarbonizazio Zuzendaritzak eskaera osatu zuen, Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egiteko. Eskaerarekin batera, honako hauek aurkeztu zituen: batetik, behin-behinean onartutako planaren bertsioa eta ingurumen-azterketa estrategikoa biak 2024ko abendukoak, eta, bestetik, zenbait dokumentu, haien bidez jendaurreko informazioaren izapidea eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidearen inguruko azalpenak emateko.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ezartzea zer oinarrik arautu behar duten ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei eta programei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaie, bai eta haien aldaketei ere, horiek lege- edo arau-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola energiari, hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.
Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Deskarbonizazio Zuzendaritzak, bai Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, biak ala biak Eusko Jaurlaritzakoak, beharrezkoa den guztia xedatu dute aurrera eraman ahal izateko planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura: ingurumen-azterketa estrategiko bat egin behar da, eta haren irismena aurrez ezarri, kontsulta publikoen bidez eta ukitutako administrazio publikoek eta interesdunek parte hartzeko prozeduraren bitartez.
Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera (Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du dekretu horrek). Adierazpenean, ingurumenaren arloko alderdiak planaren proposamenean txertatu diren baloratzen da, eta plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu nabarmenen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
Lehenengoa. Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren ingurumen-adierazpen estrategikoa ematea, jarraian zehazten den moduan:
Euskadiko Energia Berriztagarrien LPSa osatzen duten dokumentuak.
Planak, 2024ko abendukoak, honako dokumentu hauek barne hartzen ditu:
Memoria eta hurrengo eranskina:
Aplikatzeko arauak eta eranskin hauek:
Planoak.
Antolamendu-planoak.
Informazio-planoak.
Azterketa ekonomiko finantzarioa eta jasangarritasun ekonomikoaren azterketa.
Ingurumen Azterketa Estrategikoa.
Jasangarritasun Energetikoaren Azterketa.
Nekazaritza-arloko afektazioaren ebaluazio-protokoloa NAAEP.
Aplikatzeko arauen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, arauemaileak dira, eta, beraz, II. dokumentua lotzen dute zuzenean. Aplikatzeko arauak eta III. dokumentua. Antolamendu-planoak. Bietan ezarritakoaren artean kontraesanak baldin badaude, aplikatzeko arauen dokumentuan ezarritakoa nagusituko da. Gainerako dokumentuak funtsean adierazgarriak, erreferentzialak, argitzaileak edo justifikatzaileak dira.
Ingurumen Azterketa Estrategikoak (IAE), aldi berean, honako eranskin eta gehigarri hauek ditu:
gehigarria. Abifaunaren eta kiropteroen aurretiazko azterketak parke eolikoetan.
gehigarria. Hegaztien eta kiropteroen gaineko eraginen ingurumen-jarraipena parke eolikoetan.
gehigarria. Paisaia-integrazioaren aurretiazko azterketa parke eolikoetan.
Kartografia.
Dokumentazioa honako hauekin osatzen da: jendaurreko informazioaren izapideen eta ukitutako administrazio publikoei egindako kontsulten emaitza eta 2025eko uztaileko dokumentu bat, sustatzaileak, kasu honetan Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak alegazioei eta txostenei buruz egindako gogoetekin.
Prozedura izapidetzea.
Taula honetan jasotzen dira ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozeduraren mugarri nagusiak:
(Ikus .PDF)
Jendaurreko informazioko izapideen eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egin ondoren, ingurumen-ebaluazioaren prozeduraren mugarri nagusiekin, hasierako dokumentu estrategikoarekin, irismeneko dokumentuarekin, ingurumen-azterketa estrategikoarekin eta behin-behinean onartutako LPSaren bertsioarekin lotutako dokumentazioa helbide elektroniko hauetan kontsulta daiteke:
Irismeneko dokumentua:
https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/eaed_168inet_pts_renovables/es_def/adjuntos/EAED-168INET-2022-04-25-Resolucion.pdf
Energia berriztagarrien LPSaren dokumentazioa eta bertsioak:
https://www.euskadi.eus/euskadiko-energia-berriztagarrien-lurralde-plan-sektoriala-egiteko-prozesua/web01-a2energi/eu/
Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren jendaurreko informazioko izapidean aurkeztutako alegazioei eta txostenei emandako erantzunen txostena:
https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/proceso_elaboracion_ptsere/eu_def/adjuntos/alegazioen_erantzuna_PTS_EERR.pdf
Planaren edukia: xedea, esparrua eta irismena.
Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (aurrerantzean, LPS) Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legearen laugarren xedapen gehigarria betetzeko idatzi da, eta Europako eta autonomia-erkidegoko energiaren arloko estrategia eta planetan ezarritako helburuekin bat dator. Azken maila horretan, honako erreferentzia-plan hauek aipatu behar dira:
3E2030 Euskadiko Energia Estrategia. Honako helburu hauek ditu: petrolioaren kontsumoa % 18 murriztea 2015ekoarekin alderatuta, eta azken kontsumoan berriztagarrien kuota % 21era iristea.
2050erako Klima Aldaketaren Euskadiko Estrategia. Estrategia horren helburuak dira berotegi-efektuko gasen (BEG) emisioak % 40 murriztea 2030erako eta gutxienez % 80 2050erako, 2005. urtearekin alderatuta, eta 2050. urtean azken kontsumoan berriztagarrien kuota % 40ra iristea.
Bi estrategiek helburu bera dute, hau da, petrolioarekiko eta erregai fosilekiko mendekotasuna pixkanaka murriztea, eta, horrela, klima-aldaketaren ondorioak mugatzea.
3E2030 Euskadiko Energia Estrategiak potentzia instalatuaren honako helburu hauek planteatzen ditu 2030erako:
(Ikus .PDF)
LPSak hamabost helburu estrategiko jasotzen ditu, bai sozioekonomikoak bai ingurumenekoak. Azken horien artean, honako hauek aipatu behar dira:
EAEko energia-sektorearen karbono-aztarna murriztea.
Energia berriztagarrien hedapena eta Euskadiko ingurumen- eta lurralde-balioen kontserbazioa bateragarri egitea.
Ekonomia zirkularraren kontzeptua txertatzea energia berriztagarrien garapenaren fase guztietan, diseinutik hasi eta eraispeneraino.
LPSaren lurralde-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa da. Estatuko eskumeneko itsas ingurunea aprobetxatzeko potentzialei buruzko balorazioak jasotzen ditu, baina ez du horri buruzko erregulaziorik ezartzen. Planaren antolamenduaren xede den eremua (zonakatzea) EAEko lurzoru urbanizaezina da.
Eremu materiala, berriz, planifikatu beharreko energia berriztagarrien motek osatzen dute: eguzki-energia fotovoltaikoa, eguzki-energia termikoa, energia eolikoa, energia geotermikoa, biomasa, itsas energia eta energia minihidraulikoa. Nolanahi ere, zehaztapenak lurraldean islatzen diren moduari dagokionez, LPSa eguzki-energia fotovoltaikoan eta energia eolikoan oinarritzen da nagusiki, eta, era berean, itsas energiari eta energia minihidraulikoari buruzko zehaztapenak jasotzen ditu.
LPSaren denbora-tartea edo indarraldia 20 urtekoa da, egin ditzakeen aldaketak edo berrikuspenak gorabehera.
Lurralde-irismenari dagokionez, LPSak EAEko lurzoru urbanizaezina honela kategorizatzen du:
Esklusio-eremu batzuk zehazten ditu, eta gune horietan berariaz debekatuta dago eskala handiko eta ertaineko sorkuntza eolikoko edo fotovoltaikoko instalazioak ezartzea.
Lurraldea eremuetan banatzen du, energia berriztagarriaren aprobetxamendurako gaitasunaren arabera.
Eskala handiko energia berriztagarrien instalazioak ezartzeko aukeratutako eremu optimoak edo kokapen-eremuak (AKE) identifikatzen eta mugatzen ditu. Instalazio horiek EAEko lurralde- eta hirigintza-antolamenduaren barruan sartzen dira zuzenean.
LSPak, halaber, aurreikusten du Lurralde Plan Partzialek (aurrerantzean, LPP) nahiz Hiri Antolamenduko Plan Orokorrek (aurrerantzean, HAPO) beste eremu batzuk hautatu ditzaketela eskala handi eta ertaineko energia berriztagarrien instalazioak beren antolamendu-eremuetan ezartzeko.
Memoriaren eta aplikatu beharreko arauen arabera, LPSaren lurralde-eredua ardatz hauen inguruan biltzen da:
Lurralde-plangintzaren alternatibak.
Ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitako plana egiteko alternatiben oinarriak aztertu beharreko honako bloke hauetan oinarritzen dira:
Energia berriztagarrien garapenaren agertoki potentzialei dagokienez:
0. alternatibaren baliokidea den joera-agertokia.
Aurretiazko lurralde-plangintza, berriztagarrien hedapena antolatzeko, energia berriztagarriak ezartzeko lurraldeak duen harrera-sentikortasun eta -gaitasun desberdinean oinarrituta, energia eta klimaren arloko helburu estrategikoak betetzera bideratuta. Hain zuzen, alternatiba hori aukeratu da.
Zonakatze-alternatiben artean, honako hauek aztertu dira:
1. Zonakatze orokorra: alternatiba horrek EAEko lurralde osoari eta lurzoru-kategoria guztiei harrera-gaitasuna ezartzeko ahalegina egitea dakar.
2. Lurzoru urbanizaezinean zentratutako zonakatzea, EAEko ingurumen- eta lurralde-balio garrantzitsuenak jasotzen dituena, lurzoruaren gaitasunaren arabera.
3. Lurzoru urbanizaezinean zentratutako zonakatzea eta antolamendua: lurraldearen harrera-gaitasunean oinarritzeaz gain, lehentasunezko garapen-eremuak hautatzen ditu, eta hori aukeratu du planak.
Bestalde, ikuspegizko deitutako hiru alternatiba aurreikusi dira:
3.1. Ikuspegi desarrollista, energia berriztagarrien garapen bizian oinarritutakoa, zeinean aprobetxamendu berriztagarriaren baztertutako gunetzat debeku zorrotz eta espresuak dituzten guneak hartuko diren soilik.
3.2. Ikuspegi jasangarria: energia berriztagarrien garapena bultzatzen du ikuspegi honek lurralde bakoitzaren harrera-gaitasuna eta energia berriztagarri bakoitzerako ingurumen-balioen kalteberatasun propioak ezarrita. Ikuspegi hau aukeratu da.
3.3. Ikuspegi kontserbazionista: kasu honetan, gune oso konkretu batzuetara murrizten du ikuspegi honek energia berriztagarrien garapena, ulertzen baita instalazio berriztagarrien intzidentzia ez dela ingurumen-balioen zati handi batekin bateragarria.
Teknologien eta tipologien araberako ezarpenaren alternatibak:
3.2.1 Ezarpen esklusiboa birpotentziazioarekin.
3.2.2: B.3.2.1. Energia berriztagarriak ekoizteko instalazioak.
3.2.3: B.3.2.2. Autokontsumo-instalazioak (aukeratutakoa).
Planak aztertzen du aipatutako alternatibek zein neurritan erantzuten dien helburu sozioekonomikoei eta ingurumen-helburuei. B.3.2.3 alternatiba aukeratu da. Lurralde-plangintza aktiboko agertoki bat da, eta berriztagarrien hedapena eta natura- eta lurralde-balioen kontserbazioa bateragarri egitera bideratuta dago. Garapenaren antolamendua aurreikusten da, eta, horretarako, lurralde- eta ingurumen-eragin handiena duten teknologietarako (eolikoa eta fotovoltaikoa) gaitasun handieneko eremuak hautatzen dira, ekoizpen-instalazioak, lehendik daudenak eta autokontsumoa konbinatuz.
Baztertutako zonakatze-alternatibei dagokienez, ingurumen-ebaluazio estrategikoaren ikuspegia bakarrik kontuan hartuta, B.1 edo zonakatze orokorra aipatu behar da, ingurumen-ikuspegiari dagokionez optimoa delako, beste lurzoru-kategoria batzuk jasotzen baititu, eta ez soilik lurzoru urbanizaezina; dena dela, hautatutako aukera estrategikoki ebaluatu behar da.
Instalazio eolikoak eta fotovoltaikoak tamainaren arabera kategorizatzea (14. artikulua).
Planak energia eolikoko eta fotovoltaikoko instalazioak tamainaren arabera sailkatzen ditu: handiak, ertainak eta txikiak, EAEko lurzoru urbanizaezineko eremuetan ezartzea arautzeko. Instalazio fotovoltaikoei dagokienez, kategorizazio hori egiteko azalera-atalaseak handiagoak dira Arabako Erdialdeko eremu funtzionalean gainerako eremu funtzionaletan baino.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
Bi ekoizpen-instalazio hurbil daudenean, 2 km aerosorgailuen ardatzen artean eta 1 km instalazio fotovoltaikoen eraikinen edo panelen artean, haien azalera eta potentzia batu egingo dira kategorizazioaren ondorioetarako (15. artikulua).
LPSak, halaber, sorkuntza-instalazioen barruan, ekoizpen-instalazioak eta autokontsumo-instalazioak bereizten ditu, ondoren arautzeko.
Lurraldearen zonakatzea (16-18 eta 31. artikuluak).
Adierazi den bezala, LPSak EAEko lurzoru urbanizaezina kategorizatzen du, eta honako hauek ezartzen ditu: a) Esklusio-eremuak, b) Gaitasunaren graduazio-eremuak eta c) Aukeratutako kokapen-eremuak (AKE).
Eremu horiek LPSaren antolamendu-planoetan kartografiatzen dira, izaera arauemailearekin. Ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusten den moduan, lurraldearen zonakatzea LPSaren ingurumena integratzeko neurri estrategikoetako bat da: «M02. Zonifikazio egokia ezartzea, lurraldeak instalazio berriztagarriak hartzeko duen gaitasuna deskribatuko duena, bai eta ezarpen-araubidea ere, identifikatutako harrera-ahalmenaren arabera».
1. Energia eoliko, fotovoltaiko, ozeaniko eta minihidraulikoko instalazioetarako esklusio-eremuak ingurumen-baldintzatzaileei nahiz lurralde-antolamenduari erantzuten dieten irizpideen zerrenda batean oinarrituta zehazten dira. Irizpide horiek aplikatzeko arauen II. eranskineko taulan zerrendatzen eta arautzen dira. Irizpideak honako eremu hauetan biltzen dira: naturagune babestuak, ingurune biotikoa, paisaia, kultura-ingurunea, gizarte-ingurunea, hezeguneen LPS, itsasertzeko LPS, nekazaritza eta basozaintzako LPS eta ibaien eta erreken LPS.
Arestian adierazi den moduan, esklusio-eremuak ezartzea da LPSaren ingurumena integratzeko neurri nagusietako bat (M02). Neurri horren helburua da sentikortasun handieneko eremuak babestea mota horretako instalazioak hartzeko, irizten baitzaio eremu horietan eskala ertaineko eta handiko instalazioak garatzeak arriskuan jar dezakeela ingurumen-balioen kontserbazioa. Horrenbestez, eremu horietan, eta zuhurtasun-printzipioa aplikatuta, esklusio-irizpide bat ezarri da, eta baliabidea egoteari edo ez egoteari nagusitzen zaio.
Ondorioz, esklusio-eremuetan debekatuta daude eskala handiko eta ertaineko sorkuntza eolikoko eta fotovoltaikoko instalazioak, baita itsas energiako eta minihidraulikoko instalazioak ere. Bazterketa-eremuak ez zaizkie aplikatuko ekoizpenera eta autokontsumora bideratutako eskala txikiko instalazioei.
2. Gaitasunaren graduazio-eremuak lurzoru urbanizaezineko eremuak dira, eta bi aldagai gainjartzeari zor zaie: baliabide gordina egotea eta lurraldearen ingurumen-sentikortasuna.
Aprobetxamendu eolikoaren kasuan, lehenengo faktorea zehazteko, simulazio meteorologiko bat erabili da WRF (Weather Research & Forecasting) zenbakizko iragarpenaren eredua erabiliz, oinarrizko agertoki batekin: Gamesa G132 aerosorgailuaren modeloa erabili da, 3,465 MW-koa (memorian adierazten den bezala, hautatutako teknologia urte gutxi barru gainditu daiteke), 100 metroko abatz-altuerarekin, 2.650 haize-orduren baliokide garbiak gainditzen dituzten kokalekuetan, urteko batez besteko haize-abiadura 6,22 m/s baino handiagoa izanik 100 metroko altueran.
Aprobetxamendu fotovoltaikoari dagokionez, ezaugarri egokienetatik abiatuta kategorizatu dira eremuak: % 15 baino malda txikiagoa, hego eta hego-mendebaldeko orientazioa, azpiestazioekiko edo konexio-puntuarekiko distantzia 5 km-tik beherakoa eta 2 ha-tik gorako azalera.
Azterketa hori oinarri hartuta, LPSak baliabide egokiak eta desegokiak dituzten eremuak bereizten ditu.
Ingurumen-sentikortasunaren faktorea zehazteko oinarritzat Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak energia fotovoltaiko eta eolikorako egindako ingurumen-sentikortasunaren mapak hartu dira. Lurraldea lau mailatan sailkatzen da: ingurumen-sentikortasun txikia, ertaina, handia eta maximoa.
Bi faktore horiek konbinatzeari esker, aprobetxamendu eolikorako eta fotovoltaikorako gaitasun oso txikiko, txikiko, ertaineko eta handiko eremuak sortzen dira, eskema honen arabera:
(Ikus .PDF)
3. Aukeratutako Kokapen Eremuak (AKE) identifikatu dira energia berriztagarrien aprobetxamendu maximoa izan beharko luketen eremu gisa, ekoizpena optimizatzea ahalbidetzen duen baliabide egokiko eremuetan egoteagatik.
Aprobetxamendu eolikoaren kasuan, AKEak aukeratzeko honako faktore hauek hartu dira kontuan: lurralde-gaitasun handia edo ertaina (ingurumen-sentikortasun txikia, ertaina eta handia izan behar da, baina ez maximoa); baliabide egokia eta 2 km-tik gorako lerrokadurak, lerrokaduraren alde bakoitzean 300 m-ko buffer batekin konfiguratuta.
Arabako Errioxaren kasuan, mendebaldeko eremuaren zati handi bat identifikatu da, AKEa izateko potentziala duena, baina LPSean ez zaio haren antolamenduari heldu, eta, beraz, ez da islatu antolamendu-planoetan. Planak Arabako Errioxako LPPak hori zehazki garatzea aurreikusten du.
AKEen azalera, LPSaren kartografiatik ateratako kalkuluen arabera, 6.651,6 ha ingurukoa da (66.5 km2), hau da, EAEko azaleraren % 0,92. Lurralde historikoen arabera, honako hau da banaketa:
(Ikus .PDF)
Energia eolikora bideratutako AKEak Arabako eta Bizkaiko lurralde historikoetan banatzen dira batez ere, eta, neurri txikiagoan, Gipuzkoakoan.
Aprobetxamendu fotovoltaikoaren kasuan, lurralde-gaitasun handi edo ertaineko eremuak dira, eguzki-baliabidea atzitzeko erraztasun handiagoa dutenak, dauden maldak, orientazioa eta SETrako distantzia kontuan hartuta, eta eskala handia ahokatzeko nahikoak diren azalerak, jarraituak edo etenak: 10 ha edo gehiago Araba Erdialdeko Eremu Funtzionalean, eta 5 ha edo gehiago gainerako eremu funtzionaletan.
Energia fotovoltaikoaren garapenari dagokionez, aipatu behar da Arabako Errioxaren kasuan ere mendebaldeko zati handi bat identifikatu dela, AKEa izateko potentziala duena, baina bere hedadura kontuan hartuta, ez da LPSaren eskalan antolatzen, ez da antolamendu-planoetan islatzen, eta Arabako Errioxako LPPra bidaltzen da xehetasun handiagoz garatzeko.
Energia fotovoltaikoko AKEen azalera, kartografiatik ateratako kalkuluen arabera, 3.623.23 ha ingurukoa da (36,23 km2), hots, EAEko azaleraren % 0,5. Okupatutako azalera, lurralde historikoen arabera, honako taula honetan islatzen da:
(Ikus .PDF)
Aplikatzeko arauen VII. eranskinean AKEak kode batekin identifikatzen dira, eta eremu funtzionala eta eremu bakoitzak ukitutako udalerriak adierazten dira. Fotovoltaikorako AKEen kasuan, gainera, udalerri bakoitzeko azalera hektareatan adierazten da.
LPSak aurreikusten du aukeratutako kokapen-eremuak aldatu egin daitezkeela, proiektu jakin baten ingurumen-inpaktuaren adierazpenetik eratorritako ingurumen-eskakizunetara egokitzeko. Aldaketa horrek antolamendu-planoetan mugatutako eremuak birdoitu ahal izango ditu, azaleraren % 20ra arte gehienez, betiere horrekin esklusio-eremuak inbaditzen ez badira.
LPSak, halaber, AKEak ezartzen ditu itsas energia aprobetxatzeko; EAEren eskumeneko portuetara mugatzen da. Euskadiko 21 portuetatik 12 aukeratu dira olatuen energia garatzeko eremu potentzial gisa: Getxoko kirol-portua, Plentzia (olatu-horma), Armintza, Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Lekeitio, Ondarroa, Zumaiako kirol-portua (olatu-horma), Getaria, Orioko kirol-portua (olatu-horma) eta Hondarribia. Mutrikuko portuaren kanpoko dikean olatuen energiaren instalazio esperimental bat dago gaur egun.
LPSak ez du AKErik ezartzen energia minihidraulikoko instalazioetarako. Horiek birgaitzea eta/edo birpotentziatzea besterik ez da aurreikusten, gehienez 10 MW-ko potentzia instalatura arte, baldin eta azalera edo eremu okupatua % 20tik gora handitzen ez bada eta instalazio mota horietarako esklusio-eremuetan sartzen ez bada.
Laburbilduz, LPSak honako planteamendu hau egiten du energia berriztagarri mota guztietarako:
(Ikus .PDF)
Instalazioetarako saturazio-indizea (19. artikulua).
LPSak saturazio-indize bat ezartzen du EAEko arro bisualetan instalazio eolikoak eta fotovoltaikoak ezartzeko, instalazioak gauzatuta dauden ala ez gorabehera. Indize hori orokorrean aplikatu behar da, bai eta AKEak mugatzen dituzten LPPei eta HAPOei ere. Saturazio-indize hori ezartzeari esker, oreka aurkitu nahi da lurraldeko lehen mailako baliabideak ustiatzeko moduen artean, eta, halaber, ekoizpen eolikoko eta fotovoltaikoko instalazioen paisaia-inpaktua mugatzea da asmoa. Hortaz, LPSeko ingurumena integratzeko beste neurri estrategikoetako bat da, M03a. Indize horrek balio hauek hartzen ditu:
Instalazio eolikoetarako saturazio-indizea: 1 aerosorgailu ikuspen-arroaren azaleraren 100 ha-ko; 2 aerosorgailura handitu daiteke 100 ha-ko, arroan AKE bat badago.
Instalazio fotovoltaikoetarako saturazio-indizea: ikuspen-arroaren azaleraren % 10; % 15era handitu daiteke, arroan AKE bat badago.
Saturazio-indizea ezin da aplikatu oro har AKEetan. Hala ere, lurraldearen eremu batzuetan AKEen kontzentrazioak daudela kontuan hartuta, Planak saturazio-indizea eremu horietako AKEetara zabaltzen du. Horrenbestez, % 15eko indizea aplikatzen zaio, halaber, energia eolikoko AKEei Balmaseda, Ugao-Miraballes, Ubide, Bakio eta Berastegi udalerrien inguruan, eta energia fotovoltaikoko AKEei Kanpezu, Lantarón, Barrundia eta Donemiliaga udalerrien inguruan.
EAEko eremu funtzionaletako LPPek beste erreferentzia-unitate batzuk ezar ditzakete saturazio-indizea aplikatzeko, eta, gainera, indize hori aldatu dezakete, justifikatuz gero.
Energia berriztagarrien instalazioak lurraldean ezartzea (11-33 artikuluak).
1. Autokontsumo-instalazioak (20. artikulua).
Ekoizpen-instalazioen erregulazio orokorra berbera duten arren, eskala txiki eta ertaineko autokontsumo-instalazioak zerbitzua ematen dieten eraikinen erabilera osagarritzat hartzen dira; beraz, eraikinen gainerako zerbitzu-instalazioen antzera baimenduko dira, hirigintza-plangintzak egokitu behar izan gabe.
2. Eskala handiko instalazioak (21-25 artikuluak).
Eskala handiko instalazio eolikoak eta fotovoltaikoak zuzenean ezar daitezke LPSak identifikatzen dituen AKEetan, eta ez da beharrezkoa gerora lurralde-plangintzan sartzea, ez hirigintzakoan, ez foru-aldundien interes publikoko adierazpenean, eta erabilera egokikoak direla irizten zaio, lurzoruaren antolamenduaren kategoria gorabehera.
LPPek eta hirigintza-plangintzak AKE berriak ezar ditzakete eskala handiko instalazioetarako, betiere esklusio-eremuetatik kanpo badaude eta gaitasun ertain edo handiko eremuak badira, 10. artikulutik 13. artikulura bitarteko antolamendu-kategorien araberako erabileren erregulazioa errespetatuz (I. eranskineko antolamendu-matrizea).
LPSeko AKEetatik kanpoko eskala handiko instalazioak baliabide egokia duten gaitasun handiko eta ertaineko eremuetan ezarri ahal izango dira, 10. artikulutik 13. artikulura bitartean ezarritako lurzoruaren kategoriaren araberako erabileren erregulazioa errespetatuz (I. eranskineko antolamendu-matrizea), eta, horretarako, plangintzan txertatu beharko dira, LPSaren aldaketa ez-funtsezkoaren bidez edo LPPa edo dagokion HAPOa berrikusiz edo aldatuz (25. art.). Halaber, Gobernu Kontseiluak AKE berriak onartu ahal izango ditu Interes Publiko Goreneko proiektuak badira baliabide egokia duten gaitasun handiko edo ertaineko lursailetan.
3. Eskala ertaineko instalazioak (26-28. artikuluak).
Eskala ertaineko instalazioak zuzenean ezarri ahal izango dira LPPek edo HAPOek ezarri beharreko AKEetan, gaitasun oso txikia ez duten eremuetan (hau da, gaitasun handiko, ertaineko edo txikiko eremuetan), 10. artikulutik 13. artikulura bitartean ezarritako esklusio-eremuak eta erabileren erregulazioa errespetatuz. Halaber, Gobernu Kontseiluak AKE berriak onar ditzake gaitasun handi, ertain edo txikiko lursailetan Interes Publiko Goreneko Proiektuak badira.
LPSak, halaber, eskala ertaineko instalazioak AKEetan ezartzeko aukera aurreikusten du, LPSa indarrean sartu eta urtebetera partzialki edo osorik okupatu gabe geratzen diren eskala handiko instalazioetarako; dena dela, ez du zehazten izapidetzearen zein unetan jotzen den finkatutzat aurretiazko okupazioa (28. art.).
AKEetatik kanpo eskala ertaineko instalazioak ezartzea debekatuta egongo da beti esklusio-eremuetan eta gaitasun oso txikiko eremuetan. LPSek eta HAPOek AKEak mugatu ez dituzten bitartean, AKEetatik kanpo eskala ertaineko instalazioak ezartzeko, hirigintza-araudian eta LPSaren 10. artikulutik 13. artikulura bitartekoetan ezarritako erabileren erregulazioan xedatutakoa bete beharko da (27. art.).
4. Eskala txikiko instalazioak.
LPSak lurralde osoan eskala txikiko sorkuntza-instalazioak baimentzen ditu, esklusio-eremuak barne; betiere, aplikatzeko arauen 10. artikulutik 13. artikulura bitartekoetan (I. eranskineko Ingurune Fisikoaren Antolamendu Matrizea) ezarritako lurzoru urbanizaezinaren kategoria desberdinetako erabileren erregulazioa eta lurralde- eta hirigintza-plangintzak ezarritakoa errespetatzen bada (30. art.).
Jendaurreko informazioaren izapideen eta kontsulten emaitza.
Jendaurreko informazioaren eta ukitutako administrazio publikoen eta pertsona interesdunen kontsulten fasean, guztira 4.387 idazki jaso ditu Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailean, bai partikularren eta elkarteen alegazioenak, bai ukitutako administrazio publikoen txostenak. Hona hemen horien laburpena:
Ukitutako administrazioen txostenak: 170.
Toki-administrazioak: 148.
Foru-administrazioa: 10.
Administrazio autonomikoa: 5.
Estatuko Administrazioa: 7.
Alegazioak: 4.217, horien artean:
Partikularrak: 4.153.
Energia-sektoreko enpresak: 8.
Talde politikoak: 11.
Elkarteak, talde ekologistak eta beste batzuk: 45.
Jasotako txostenen eta alegazioen kopuru handia dela eta, ingurumen-alderdi garrantzitsuenen edukia laburtzen da, baina jendaurreko informazioaren izapideen eta kontsulten emaitzaren laburpen osoagoa eskuratu daiteke, LPSaren sustatzaileak egindakoa, esteka honetan:
https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/proceso_elaboracion_ptsere/eu_def/adjuntos/alegazioen_erantzuna_PTS_EERR.pdf
Lurralde-eredua.
Aurkeztutako idazkien zati handi batek berariazko atal bat dute LPSak energia berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko zehaztutako lurralde-ereduarekiko desadostasuna adierazteko; izan ere, irizten diote instalazio handiei mesede egiten diela autokontsumoaren, banatutako sorkuntzaren eta energia-komunitateen aurrean, eta ez duela energia-kontsumoa murrizteko eta energia-efizientzia areagotzeko neurririk egituratzen.
LPSaren sustatzaileak aipatu du planak ez dakarrela ereduen arteko norgehiagokarik; aitzitik, instalazio handiak eta autokontsumoa konbinatzen dituen eredu misto bat proposatzen duela. Instalazio handiak funtsezkoak dira energia-hornidura bermatzeko, eta, aldi berean, planak autokontsumoaren lurralde-inpaktua txikiagoa izatea eta sorkuntza eta kontsumoa zuzenean konektatzeko gaitasuna edukitzea dakartza. Hau da, arau-mailan, eskala txikiko eta autokontsumoko instalazioak ezartzeko bateragarritasun-erregimen malguagoa dakar, eskala handikoenarekin alderatuta. Halaber, adierazi du LPSa lurraldea antolatzeko tresna bat dela, eta, beraz, ezin duela neurririk hartu energia-kontsumoa murrizteko, energia-komunitateak bultzatzeko edo energia-efizientzia bultzatzeko. Neurri horiek administrazio publiko guztiek ezarri behar dituzte, beren eskumenen esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legearen 5. artikuluan aurreikusten denarekin bat, eta, bereziki, toki-administrazioek ezarri behar dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko azaroaren 10eko 254/2020 Dekretuaren 40. artikuluan jasotzen den moduan. Dekretu horrek Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legea garatzen du.
Energia berriztagarrien instalazioak ezartzeko esklusio-eremuak.
Alegazio batzuek eskatzen dute esklusio-eremutzat har daitezela edo, gutxienez, ez daitezela AKEtzat sartu honako hauek: onura publikoko mendiak, sai zuriarentzako eremu kritikoen inguruko erradioak, kultura-ondasun jakin batzuk, korridore ekologikoak, funtzio anitzeko ingurumen-intereseko eremuak eta paisaia-interes bereziko eremuak, besteak beste.
Sustatzaileak argitu du LPSaren babes-neurri nagusietako bat energia berriztagarrien instalazioak jartzeko esklusio-eremuak ezartzeari buruzkoa dela (M02); hori horrela, eremu bereziki sentikorrak baztertuta geratu dira, aplikatzeko arauen II. eranskinean jasotako ingurumen- eta lurralde-irizpideen arabera. Irizten dio gainerako eremuek ez dituztela irizpide horiek betetzen, eta, beraz, ez da geratu justifikatuta horiek baztertzea.
Onura publikoko mendiei dagokienez, alegazioek horiek baztertzea proposatzen dute, berriztagarrien instalazioak ez direlako bateragarriak mendi horien babes-funtzioarekin. Sustatzaileak adierazi du instalazio eolikoek ez dutela eragozten mendiaren erabilera tradizionala (artzaintza, baso-ustiapena, herritarren aisialdia), eta onura publikokoak direla aitortzen duela sektore elektrikoaren araudiak. Hiru lurralde historikoetako mendiei buruzko foru-arauek interes publikoko obrak egitea onartzen dute onura publikoko mendietan; betiere, foru-organo eskudunak horien bateragarritasuna bermatzen eta erabilera baimentzen badu.
Zenbait txosten eta alegaziok alegatu dute sai zuria eta ugatza nekrofagoen eremu kritikoen inguruko eremu jakin batzuk baztertu behar direla, Euskal Autonomia Erkidegoan Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planaren zehaztapen hau oinarri hartuta:
Hegaztiek haize-sorgailuen eta energia ebakuatzeko lineen kontra talka egiteko arriskurik ez izateko, ahal dela, Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen interes bereziko eremuetan eta, bereziki, ugatzaren edo/eta sai zuriaren eremu kritikoen 10 km-ko inguruan ez da instalatuko zentral eolikorik.
Horri dagokionez, sustatzaileak argitu du baztertu egin direla aipatutako kudeaketa-planean definitutako interes bereziko eremuak eta elikatzeko babesguneak. Halaber, interpretatu du kudeaketa-planak ez dituela zehazki debekatzen instalazio horiek 10 km-ko erradioan, eta, beraz, uste du hegaztien gaineko eragina proiektuetan ebaluatu behar dela. Bestalde, adierazi du azken urteetan sai zuriaren populazioak gora egin duela, eta aurrerapen teknologikoak izan direla hautemate-, disuasio- eta gelditze-sistema automatikoetan, talka egiteagatiko istripuak prebenitzeko. Azkenik, sustatzailearen arabera, abifaunaren babesa jada definitutako esklusio-eremuen eta proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren bidez bermatzen da.
Kultura-ondasun jakin batzuk baztertzeko eskaera ugariei dagokienez, sustatzaileak adierazi du, eskala autonomikoan, LPSak honako hauek baztertzeko irizpide hau hartu duela: kultura-intereseko ondasunak, elementu arkeologikoak, Donejakue bidea eta Arabako Errioxako ardoaren eta mahastien kultura-paisaiatik babestutako elementuak. Sustatzailearen ustez, horri esker, babes-maila egokia bermatzen da lurralde-mailan. Kultura-ondareko elementuen babesari proiektu-mailan helduko zaio, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren bidez eta organismo eskudunek kultura-ondareari buruzko araudia aplikatuz egiten duten kontrolaren bitartez. Babestutako ondasunei dagokienez, ondasun bakoitza deklaratzeko arauek babes-ingurune bat ezartzen dute, baita babestutako elementuaren kutsadura bisuala edo akustikoa saihesteko hartu beharreko neurriak ere.
Korridore ekologikoei eta azpiegitura berdearen beste elementu batzuei dagokienez, sustatzaileak ukatu egin du orokorrean baztertzea, uste baitu eragina kasu bakoitzean proiektu-mailan ebaluatu behar dela. Adierazi du korridore horiek lurreko eremuan ezarri direla eta, ildo horretan, parke eolikoak ez direla oztopoa, eta, konektibitateari eusteko xedez, proiektuetan neurri zuzentzaileak hartzeko aukera dagoela. Nolanahi ere, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan aurreikusitakoarekin bat etorrita, LPSak, ingurune fisikoaren antolamendu-matrizearen barruan, azpiegitura berdearen korridore ekologikoak eta funtzio anitzeko interes naturaleko beste espazio batzuk gainjarritako baldintzatzailea jasotzen du, eta korridore ekologikoetan eskala handiko instalazio fotovoltaikoak debekatuta daudela ezartzen du. Horrela, dagoeneko murrizketa bat aplikatzen ariko litzateke faktore horrengan eragin potentzial handiena duten instalazioetan. Bestalde, instalazio fotovoltaikoen kasuan, lurzorua gehiago kontsumitzen dutelako eta hesiak dituztelako eta, beraz, konektibitatean eragin potentzial handiagoa dutelako, Ingurumen Azterketa Estrategikoak ezarri du, berriztagarrien instalazioen ingurumen-inpaktuari buruzko azterketen gutxieneko jarraibide eta irizpideen artean, aldez aurreko azterketa espezifiko bat egin behar dela konektibitate ekologikoari buruz indize espazial sinpleen bidez, eta, halaber, landa-lana egin eta konektibitatean eragin esanguratsurik ez izatea bermatuko duten iragazkortze-neurriak proposatu behar direla.
Paisaia-inpaktua energia berriztagarrien instalazioaren aurkako alegazioen eragozpen nagusietako gisa identifikatu da, bereziki ingurumen-, paisaia- eta kultura-balio handiko mendiguneetan kokatutako parke eolikoetan. Sustatzailea, erantzunean, paisaiaren balioaren pertzepzio subjektiboa azpimarratzen du, eta instalazioek ez dutela kalitatea erabat galtzea eragiten. Adierazi du parke eolikoek lursaila gutxi okupatzen dutela, eta balio-bizitzaren amaieran berreskuratu daitekeela. Instalazio fotovoltaikoak, ezartzeko azalera handiak behar badituzte ere, lurraren gainean gutxi jasotzen diren egiturak dira, eta paisaian integratzeko neurriak hartzea ahalbidetzen dute, inpaktu bisuala murrizteko.
Paisaiaren gaineko eragina arintzeko xedez, LPSak honako esklusio-eremu hauek ezarri ditu: 100 metroko erradioa, Euskadiko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoaren eta Inbentarioaren Aurreproiektuko paisaia-mugarrien inguruan; Arabako Errioxako ardoaren eta mahastiaren kultura-paisaiako elementu babestuak; paisaia-osagai esanguratsua duten eremuak, hala nola kultura-intereseko ondasunak eta naturagune babestuak. Halaber, ingurumen-integrazioko beste bi neurri estrategiko hartzen dira. Batetik, instalazio eoliko eta fotovoltaikoetarako arro bisualen araberako saturazio-indize bat ezartzen da (M03). Bestetik, planak Ingurumen Azterketa Estrategikoaren I. eranskinaren III. gehigarrian parke eolikoak paisaian integratzeko azterketak egiteko gida bat jasotzen du (M05).
Bestalde, ingurumenean eta natura-ondarean eskumenak dituzten ukitutako administrazio publikoek esklusio-eremuei buruz honako hau esan dute:
Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritzak beharrezkotzat jo du energia eolikorako IBAen eremua ere baztertzea, baita azpiegitura berdearen funtzio anitzeko espazioak ere, instalazio eoliko eta fotovoltaikoetarako, eta indargetze-eremuak ezartzea eremu sentikorren inguruan (Natura Sarea, biotopoak, parke naturalak, balio handiagoko interes naturaleko funtzio anitzeko espazioak, kultura-ondarea, GILak...).
IBAei dagokienez, sustatzaileak erantzun du IBAen eremu esanguratsuenak HBBE gisa eratzen direla (jada baztertuak), edo beste babes-figura batzuekin bat datozela (KBE, parke naturalak, etab.; horiek ere baztertuak); beraz, zeharka babestuta daude jada.
Instalazio fotovoltaikoei dagokienez, Arabako Foru Aldundiko Natura Ingurunearen Zuzendaritzak, bere txostenean, lursail artifizializatuak, degradatuak eta eraikinez estaliak lehenestea defendatu du, baita funtsezko korridore ekologikoak, Natura 2000 Sareko babes-eremu periferikoak eta ingurumen-sentikortasun handieneko beste eremu batzuk baztertzea ere. Arestian adierazi den moduan, sustatzaileak adierazi du ingurumen-sentikortasun (4) handieneko eremuak baztertu direla, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak egindako oinarrizko azterketak kontuan hartuta, eta ez dela AKErik planteatu sentikortasun handieneko eremuetan.
Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak jakinarazi du esklusio-irizpideak berrikusi behar direla aurreko txostenetan adierazitakoan oinarrituta (usapal europarraren banaketa-eremuak eta, oro har, fauna-espezieen interes bereziko eremuak), kartografian sartu ez diren eremuak identifikatu direlako. Sustatzaileak adierazi du ez dela hauteman instalazioen inpaktu kritikorik, usapal europarraren banaketa-eremuak baztertzea justifikatzen duenik.
Arabako Foru Aldundiko Lurralde Antolamenduaren Zerbitzuaren arabera, Arabako Errioxako LPPak baztertuak izan beharko liratekeela dioen eremuak proposatzen ditu esklusio-eremu gisa (mahasti zaharrak, Ebroren barrak eta terrazak, mendi-oinak eta 1.500 metroko perimetroa Guardiako, Gatzaga Buradon eta Labrazako monumentu-multzoen inguruan). Sustatzaileak adierazi du esklusio-proposamenak aipatzen dituen eremuak zehaztu behar direla, planean sartu ahal izateko.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasuneko Zuzendaritzak eskatu du LPPetako paisaiaren zehaztapenetan jasotako paisaia-interes bereziko eremuak baztertzeko. Instalazio fotovoltaikoen kasuan, honako hauek baztertu beharko lirateke: korridore ekologikoak eta azpiegitura berdearen funtzio anitzeko intereseko beste espazio batzuk, Gipuzkoako azpiegitura berdearen eta EAEko korridore ekologikoen biodibertsitate-erreserbak eta Arabako Lurralde Historikoko Ekologia eta Paisaia Konektibitateko Estrategia. Sustatzaileak atal honetan proposamen horiei buruz arestian adierazitako zentzuan erantzun du.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdearen Zuzendaritzak balio estrategiko handiko lurzoruak ere baztertzeko irizpidea izan daitezela eskatu du. Sustatzaileak adierazi du, balio estrategiko handiko lurzoruen kasuan, instalazio eolikoak, oro har, bateragarriak direla lurzoru horien berezko balioak babestearekin, eskala ertaineko instalazio fotovoltaikoen moduan; hori bai, Nekazaritza eta Basozaintzako LPSa aplikatzetik ateratzen denaren mende dago horiek ezartzea. Ildo horretan, ingurune fisikoaren matrizearen erabileren erregulazioak debekatu egiten ditu instalazio fotovoltaiko handiak balio estrategiko handiko lurzoruetan.
Arabako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuak eta Nekazaritza Garatzeko Zerbitzuak instalazio fotovoltaikoei dagokienez esan du, onura publikoko mendiak eta, ondorioz, luberriak baztertzeko, bai eta Arabako Errioxako basoak leheneratzeko partzuergoak ere, ingurumen-irizpide estrategikoen artean, baso-ingurune eskasei eusteko eta horiek lehengoratzeko duten balioa dela eta.
LPSaren sustatzaileak adierazi duenaren arabera, OPMak ez dira energia berriztagarriak ezartzeko esklusio-eremutzat hartu; izan ere, ez da mendiaren aprobetxamendu normalarekiko erabilera bateraezina, eta instalazio horiek legeak berariaz aitortutako onura publikoko adierazpena dute. Halaber, basoa-mendi mehatz kategorian (luberriak hor sartzen dira), Nekazaritza eta Basozaintzako LPSak onargarritzat jotzen ditu interes publikoko azpiegituren erabilerak, aldez aurretik nekazaritza eta basozaintzako jardueran sortutako eragina aztertuta eta neurri zuzentzaileak sartuta, NAAEPn jasotako baldintzetan.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak ohartarazi du katalogatutako eremu batzuen irudikapenean hutsuneak daudela, hala nola Bilboko Burdin Hesia eta Defentsa, ez baita esklusio-eremuetan sartu, eta babesteko proposatutako elementu arkeologikoak, segurtasun-arrazoiengatik. Bestalde, Donejakue Bidearen Monumentu Multzoa babesteko araubidearen arabera, Bidearen ardatzaren alde bakoitzean 30 metroko buffer batek definitutako eremua baztertu behar da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzak ondare arkeologikoa ere baztertzeko eskatu du, lurpean dagoenez eta ikusten ez denez, arreta berezia behar baitu. Larte-Erroizpe eremuaren (Elduaien, Berastegi eta Gaztelu) kasua nabarmentzen da, Protohistoriatik Erdi Arora arteko aztarnategi arkeologiko garrantzitsuak daudelako. Aranzadi Zientzia Elkarteak zentzu berean egin du aipatutako eremuaren alde.
Sustatzaileak adierazi du atzemandako akatsen zuzenketa behin-behineko onarpen-dokumentura eraman dela. Gainerakoan, atal honetan kultura-ondarerako ezarritako esklusio-irizpideei buruz arestian aipatutakoarekin bat erantzun du, eta proiektuen ondorengo ingurumen-ebaluazioari eta organo eskudunek kultura-ondarearen arloko araudia aplikatuz egiten duten kontrolari lotu zaio.
Vitoria-Gasteizko Udalak udalerriko lur guztiak energia eoliko eta fotovoltaikorako kanpoan uzteko eskatu du, HAPOk mugatutako Miñaoko parke teknologikoaren inguruko lursailak izan ezik, AKE gisa jasota. Sustatzaileak ukatu egin du proposamen hori, aipatutako lursailek ez dutelako betetzen energia eolikorako gaitasuna eta gainerako lurraldeak ez dituelako betetzen esklusio-irizpideak. Halaber, Udalak proposatu du udalerriko KBEen inguruan 100 metroko esklusio-zerrenda ezartzea energia fotovoltaikorako. Natura Sareko espazioen kasuan, sustatzaileak ez du esklusio-irizpidetzat jotzen AKE baten mugakidea izatea edo AKE batengandik hurbil egotea; horrek ez du esan nahi inola ere, ordea, horietan energia berriztagarrien instalazioak garatzeak horiek izan dezaketen ingurumen-inpaktuaren arloko kontrolei iskin egiten dienik.
Aukeratutako Kokapen Eremuak.
1. Energia eolikoa.
Ukitutako administrazio publikoek, elkarteek eta partikularrek alegazioak aurkeztu dituzte AKEekin lotuta, ingurumen-arloko edo lurralde- eta hirigintza-arloko arrazoietan oinarrituta. Hasieran onetsitako dokumentuan, jendaurrean eta kontsultagai jarri zenean, lerrokadurak kodetu gabe zeudenez, txostenek eta alegazioek ukitutako eremuetako tokiko toponimia erabiliz aipatzen dituzte AKEak.
Natura-ondarea planifikatzeko eta kudeatzeko organismo eskudunek honako hau jakinarazi dute aukeratutako kokapen-eremuei (AKE) buruz:
Arabako Natura Ingurunearen Zuzendaritzak adierazi du, batetik, honako AKE hauen mugaketa berrikusi behar dela: Ganekogorta; Motxotegi-Jarindo-Elgea (Jarindo izan ezik, faunaren gaineko afekzioagatik eta izapidetzen ari diren beste proiektu batzuekin batera inpaktu metagarria izateagatik, eta Elgeamendi izan ezik, lotura-funtzioa duelako); Azazeta·Indiagana·Iturrieta (hauek baztertuta: ekialdeko eremua, Laminoria, abifaunaren gaineko afekzioagatik, eta Entzia KBEa); Badaia-Arrato (Ganaltoko Gurutzerako hedapena mugatuz, abifaunaren eta Natura 2000 Sarearen gaineko afekzioagatik) eta Labrazako AKEa. Bestalde, honako AKE hauek erabat ezabatzeko eskatu du: Cantoblanco (Natura 2000 Sarearen, abifaunaren eta kiropteroen gaineko afekzioagatik), Bóveda-Peña Risca-Astúlez (abifaunaren eta Natura 2000 Sarearen gaineko afekzio larriagatik) eta Jaundel mendia (HBBEen arteko lotura-funtzioagatik, hegazti-aberastasunagatik eta baso autoktonoen gaineko afekzioagatik). Azken AKE hori baztertzeko proposatu dute, halaber, Lagrango Udalak eta Lotza, Baroja, Urizaharra, Lagran, Montoria, Pipaón eta Villaverdeko administrazio-batzarrek.
Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi du, Euskal Autonomia Erkidegoan Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Planaren arabera, parke eolikoak jartzea saihestu behar dela sai zuriarentzako eremu kritikoetatik 10 km baino gutxiagora, eta aurreikuspen hori kontuan hartu behar dela berriztagarrien planetan eta proiektuetan. Berariaz eskatu du Artzentales-Sopuerta-Muskiz ingurua kentzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdearen Departamentuak ere erregulazio hori aplikatzea azpimarratu du.
Horri dagokionez, LPSaren sustatzaileak adierazi du energia eolikorako esklusio-eremuetan sartu direla bai interes bereziko eremuak, bai elikatzeko babesguneak, Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planean aurreikusiak. Bestalde, proiektuetan aerosorgailuen aurka talka egiteko arriskua saihesteko neurriak hartzea egingarria dela irizten dio, instalazioak espezie horiengan duen inpaktuaren azterketa xehatuago batean oinarrituta, elementuen kokapenaren eta antolamenduaren arabera. Nolanahi ere, aplikatzeko arauetan honako zehaztapen hau sartzea proposatu du:
Energia eolikoko instalazioetarako aukeratutako kokapen-eremuetan ezin izango da aerosorgailurik instalatu kudeaketa-plana duten flora- eta fauna-espezieen kudeaketan eskumena duen foru-organoaren txostenik gabe.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdearen Zuzendaritzak nabarmendu du AKEek eta proiektuak izapidetzen ari diren eremuek (Piaspe, Miritxa eta Elgea-Urkilla parke eolikoak) muga egiten dutela eta metatu egiten direla, eta agerian jarri du LPSean proposatutako AKEak eta proiektu horien kokapena (Buruzai, Trekutz eta Eskeltzu parke eolikoen proiektuak) ez datozela bat.
Orduko Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak adierazi du AKEak behar bezala identifikatuta geratu behar direla, eta ez soilik kartografian irudikatuta.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak ohartarazi du AKE batzuek Gerra Zibileko fronteen aztarna materialei eragiten dietela (lubakitutako eremuak eta posizioak) San Pedro/Askuren inguruan, Amurrio udalerrian, Urduñarekin mugan; Aramaion eta Leintz-Gatzagan, Jarindo-Maroto-Partileku inguruan eta Krutzeta-Durakogain inguruan. Sustatzaileak kultura-ondarearen elementuei buruz lehen adierazitakoaren arabera erantzun du.
AKEen irudikapenarekin lotutako txosten eta alegazioei erantzunez, behin-behineko onespen-dokumentuan AKEak kartografian islatu dira, eremu edo poligonoen bidez, eta kode batekin identifikatu dira (Aplikatzeko arauen VII. eranskina LPSetik aukeratutako kokapen-eremuak). Hasierako onespenean AKE gisa aukeratutako lerrokaduretan oinarrituta, poligono bat mugatu da, alde bakoitzean 300 metroko buffer batekin.
Arestian aipatutako AKEez gain, administrazio publikoek, elkarteek eta partikularrek energia eolikoko AKEekin lotutako informazioa eman dute edo alegazioak egin dituzte, ebazpen honen 2. eranskineko taulan jasotzen den moduan.
2. Energia fotovoltaikoa.
Energia fotovoltaikoari dagokionez, Arabako Foru Aldundiko Natura Ingurunearen Zuzendaritzak adierazi du LPSaren proposamena funtsean desberdina dela Araba Erdialdeko LPParen Aurrerapenaren proposamenarekin alderatuta (4.500 hektarea, eta LPParen 1.800 hektarea), eta lurraldeko eremu hauek berrikusteko eskatu du: Aiara eta Urkabustaiz (korridore ekologikoen eta KBEaren eremu periferikoen gaineko afekzioagatik); Arabako Lautada (AKEen gehiegizko kontzentrazioa N2000 Sareko guneetatik hurbil), Arabako Bailarak (ingurumen-hauskortasuna orografia eta landarediagatik) eta Arabako Mendialdea (Izki eta Entzia KBE-HBBEetatik hurbil).
Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritzak jakinarazi du Urduña udalerriko Bigandi OPMan AKEa kenduko dela, baso-igel jauzkariaren ugalketa-eremuei eragin diezaiokeelako.
Alegazio horiei erantzuteko, LPSaren sustatzaileak errepikatu du aipatutako eremuetan ez dagoela AKEak eskala estrategikoan baztertzea dakarren irizpiderik, eta energia eolikorako zein fotovoltaikorako AKEak mugatzeak ez duela eskatzen eremu horiek okupatzea, proiektu-fasean ingurumenaren arloan ebaluatzen diren arte.
Nolanahi ere, kiropteroen lehentasunezko babeslekuen kartografia eguneratu ondoren, Andutz mendiari dagokion AKEa ezabatu da.
Uraren Euskal Agentziak EAEko Hezeguneen LPSeko guneak «Babes Bereziko» edo «Ingurumena hobetzeko» gune gisa identifikatu ditu, adibidez, Salburuan, baita beste hezegune batzuetako (Arreoko aintzira) beste eremu babestu batzuk ere, eta horiek ez daude grafiatuta esklusio-eremuen kartografian. Sustatzaileak gune horiek berrikusiko ditu.
Gainerako alegazioak ebazpen honen 3. eranskineko taulan jasotzen dira; nolanahi ere, taula ez da osoa.
Proposamen horiekin lotuta, energia eolikoko instalazioetarako AKEak kentzeko proposamenen kasuan adierazi duen gauza bera adierazi du sustatzaileak.
Arabako Foru Aldundiko Lurralde Antolamenduaren Zerbitzuak irizten dio ez dagoela justifikatuta Arabako Errioxako eremu funtzionalaren mendebaldean AKEak ez ezartzea eta mugaketa LPPren esku uztea, nahiz eta zati bat horretarako egokitzat identifikatu den. Sustatzaileak adierazi duenaren arabera, lurraldearen gaitasunaren, baliabide egokiaren presentziaren eta lerrokaduren baldintzak betez gero, eremu batzuk aukeratzea eta ez beste batzuk ez aukeratzea arbitrariotasun-ekintza bat izan daiteke. Hori dela eta, haren mugaketa lurralde-plangintzarekin lotzen da. Eremu funtzionalaren eskalak LPPa tresna egoki bihurtzen du lehentasunezko garapen-eremuak identifikatzeko, beste batzuen kalterako.
Kontsulta publikoko prozesuetan jasotako txostenak eta alegazioak aztertzearen eta kontuan hartzearen ondorioz, sustatzaileak aldaketa batzuk egin ditu antolamendu-xedapen eta -irizpideetan, eta erabileren eta jardueren antolamendua hobetzeko proposatutako neurrietan.
Lurzoru urbanizaezinean energia berriztagarrien instalazioen erabileraren erregulazioa (11-13. artikuluak eta antolamendu-matrizea).
Energia berriztagarrien sustatzaileek egindako alegazioak jaso dira, erabileren erregulazioaren matrizean islatutako eskakizuna murriztearen ildotik. LPSaren sustatzaileak ez ditu onartu alegazio horiek.
Vitoria-Gasteizko Udalak honako aldaketa hauek eskatu ditu erabilera-matrizean (sustatzaileak ez ditu onartu):
Eolikoen eta fotovoltaikoen eskala ertaineko instalazioak debekatzea gaitasun txikiko eremuetan; izan ere, mota horretako instalazioak ezartzea ekarriko luke, kasu askotan, sentikortasun goreneko eremuetan.
Instalazioen erabilerari bide ez ematea basozaintzako, nekazaritzako eta abeltzaintzako eta landazabaleko kategorietan.
Mendi-larreetan eskala handiko instalazio eolikoak eta fotovoltaikoak eta Araba Erdialdeko LPPko azpiegitura berdearen baldintzatzaile gainjarria debekatzea.
Euskal Nekazarien Batasunak alegatu du «Balio Estrategiko Handiko Nekazaritza eta Abeltzaintza eta Landazabala» lurzoru-kategorietan debekatutzat jotzea instalazio fotovoltaiko eta eoliko guztiak (Urduñako EH Bilduk bezala). Eta «Trantsizioko landa-paisaiaren lurzoruak» kategorian, % 20tik beherako malda duten eta makinak sar daitezkeen lurrak debekatzea.
Sustatzaileak argitu du ingurune fisikoaren antolamendu-matrizeak nekazaritzako lurzoru baliotsuenen tratamendu berezi hori jasotzen duela jada, debekatu egiten baita balio estrategiko handiko lurzoruetan eskala handiko instalazio fotovoltaikoak ezartzea, bai eta gaitasun txikiko eta oso txikiko lurzoruetan eskala handiko instalazio eolikoak ezartzea ere.
Arabako Foru Aldundiko Oreka Berdearen Zuzendaritzak proposatu du erabilerak arautzeko matrizeak gaitasun-maila guztiak islatzea, eta gai hori onartu egin da eta behin-behineko onarpen-dokumentuan sartu da. Halaber, erabileren erregulazioan akatsak identifikatu ditu, artikuluetan eta matrizean islatutakoaren artean. Gainera, sustatzaileak onartzen ez dituen proposamen hauek ere egiten ditu:
Trantsizioko landa-paisaiako lurzoruak: gaitasun ertain eta txikiko lurzoruetan, instalazio fotovoltaikoek kategoria guztietan 2 (1) izan beharko lukete, eta nekazaritzan duten eragina aztertu eta neurri zuzentzaileak hartu beharko lirateke.
Balio estrategiko handiko lurzoruak: eskala handiko instalazio eolikoak eta fotovoltaikoak debekatuta (3) egongo dira kategoria eta gaitasun guztietan.
Txosten eta alegazioen ingurumen-arloko beste alderdi batzuk.
Zenbait txosten eta alegaziotan, horien artean Arabako Foru Aldundiko Natura Ingurunearen Zuzendaritzarenean, irizten zaio ingurumen-ebaluazio estrategikoaren azterketak AKEen ingurumen-afekzioen potentzialak aztertu beharko zituzkeela, erabilera horietarako harrera-gaitasun handiena duten eremuak aukeratzeko. Halaber, alegazio batzuetan adierazi da LPSak ez dituela kontuan hartu nagusiki instalazio, bide eta linea elektrikoekin lotutako azpiegituretatik eratorritako ondorioak.
Sustatzailearen arabera, LPSaren lurralde-eskalak ez du ahalbidetzen azterketa hain zehatza egitea, LPPen bidez eremu funtzionalaren mailan egokiagoa eta egingarriagoa dela uste duelako. LPSa berriztagarrien hedapena lurraldean integratzea ahalbidetzen duen tresna da, eta ezin da proiektu bakoitzaren diseinu partikularraren xehetasunetan sartu (bideak, zangak...), aukera ugari daudelako eta xehetasun-azterketak egin behar direlako; hortaz, azpiegitura osagarri horien inpaktuaren ebaluazioa eta diseinu zehatza proiektu-fasera eraman behar dira, eta ez maila autonomikora.
Arabako Foru Aldundiko Natura Ingurunearen Zuzendaritzak beste energia-iturri batzuk ere aipatu ditu, hala nola biomasa. Zuzendaritza horren arabera, LPSak baso-jatorriko biomasaren aprobetxamenduan kudeaketa jasangarria bermatuko duten zehaztapenak ezarri beharko lituzke, eta masa edo baso autoktonoak eta basoberritzeen eremuak bereizi beharko lituzke. Horri dagokionez, sustatzaileak erantzun du baso-jatorriko biomasaren aprobetxamendua Nekazaritza eta Basozaintzako LPSari dagokiola, gai horretako lurralde-eskumen osoak baititu.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Zuzendaritzak eskatu du, parke fotovoltaikoetarako bezala, parke eolikoetarako ebakuazio-lineen distantzia mugatzea. Sustatzaileak iritzi dio energia fotovoltaikoa, gehiago banatzen denez, azpiestazio elektrikoetatik gertu (SET) kokatu daitekeela, eta, horrela, konexioen luzera murriztu. Aitzitik, energia eolikoa baliabide nahikoa duten eremu espezifikoen mende dago, eta horrek SETetatik hurbil egon behar izatea mugatzen du. Bi kasuetan, kokapena azpiestazioen egungo eskuragarritasunak baldintzatzen du.
IAEk inpaktuak ebaluatzeari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Oreka Berdearen Zuzendaritzaren arabera, ez dauka abifaunari buruzko informaziorik, eta, zehazki, hegazti migratzaileei buruzkorik. Sustatzaileak adierazi du zaila dela aztertzea; izan ere, gaur-gaurkoz ez dago aireko korridoreei buruzko kartografiarik, eta, nolanahi ere, datu global eta autonomiko gehiago behar dira, behar bezala haztatuta, aldagai horri sendotasun handiagoa emateko.
Espedientearen azterketa teknikoa.
Proposatutako ingurumen-integrazioko neurri estrategikoak.
Planaren ingurumen-integrazioko neurriak plangintza estrategikoaren mailan egituratzen dira eta prebentzio-neurri gisa eratzen dira, ingurumenaren arloko efektu negatibo potentzialek maila ez-onargarrietara ez iristeko. Neuri horiek, ondoren, LPP eta HAPOko ingurumen-ebaluazio estrategikoetan (berriztagarriak ezartzeko eremu berriak aukeratu ahal izango dituzte) eta proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan hartuko diren neurriekin osatuko dira. Ingurumen-integrazioko neurri hauek dira:
1. Instalazioen diseinuari dagozkion neurriak.
M01. Energia berriztagarrien azpiegitura-proiektuak diseinatzeko, gauzatzeko eta ustiatzeko irizpideak, neurriak eta jarraibideak ezartzea.
Berriztagarrien proiektu bat osatzen duten fase bakoitzerako neurriak ezartzen dira: diseinua, eraikuntza, martxan jartzea, ustiatzea eta eraistea, energia berriztagarrien mota desberdinetarako: eolikoa, fotovoltaikoa, itsasokoa, eguzki termikoa, biomasa, geotermia, minihidraulikoa, eta aurrekoen berrikuntza teknologikoa. Neurri hori LPSen memoriaren eranskinean jasota dago, eta orientatzailea da.
2. Berriztagarrien proiektuak kokatzeari buruzko neurriak.
M02. Zonifikazio egokia ezartzea, lurraldeak instalazio berriztagarriak hartzeko duen gaitasuna deskribatuko duena, bai eta ezarpen-araubidea ere, identifikatutako harrera-ahalmenaren arabera.
Ebazpen honen 3.3 atalean deskribatu den moduan, neurri horiek honako hauetan dautza: EAEko lurzoru urbanizaezina zonakatzea, berriztagarrien instalazioak ezartzeko duten gaitasunaren arabera, baliabidearen erabilgarritasuna eta ingurumen-sentikortasuna kontuan hartuta; ingurumen- eta lurralde-faktoreen araberako esklusio-eremuak zehaztea, eta instalazioak zuzenean ezartzeko gune hoberenak hautatzea. Honako mota hauei eragiten die: eolikoa, fotovoltaikoa, itsasokoa, minihidraulikoa eta berrikuntza teknologikoa. Neurri horiek Energia Berriztagarrien LPSaren II. dokumentuan (Aplikatzeko arauak) txertatzen dira, eta, beraz, lotesleak dira.
M03. Lurraldearen saturazio-indizea ezartzea.
Ebazpen honen 3.4 atalean deskribatu den moduan, saturazio-indize bat ezarri da, instalazio eolikoak eta fotovoltaikoak gehiegi kontzentratu ez daitezen tokiko mailan eta paisaian duten inpaktua murriztu dadin. Indize hori arau-mailan jasotzen da II. dokumentuaren (Aplikatzeko arauak) 19. artikuluan; hortaz, nahitaez bete behar da, harik eta LPPek dagokion esparruan indize hori aldatzen ez duten arte.
3. Parte-hartze publikoari buruzko neurriak.
M04. Neurri hau parte-hartze publikoko programa batean datza, eta dagoeneko egin da LPSa idazten zen aldi berean.
4. Instalazio eolikoak ezartzearen arloko paisaia-aldagaiari buruzko neurriak.
M05. Energia eolikoaren ezarpenari dagokionez paisaia-izaerako aldagaia arautzen duten jarraibideak ezartzea.
Neurri hau M03 (saturazio-indizea) neurriarekin lotuta dago, eta arro bisualen paisaia-saturazioa saihestera bideratuta dago. Printzipio orokorrak barne hartzen ditu, eta parke eolikoen paisaia-integrazioari buruzko aurretiazko azterketaren edukiarekin osatzen da. Ingurumen Azterketa Estrategikoaren I. eranskineko III. gehigarrian agertzen da, eta orientatzailea da.
5. Berriztagarrien proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko neurriak.
M06. Irismen egokia ezartzea proiektu berriztagarrien ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa osatzen duten dokumentuetarako.
Neurri honek gutxieneko edukia ezartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan izapidetzen diren energia berriztagarrien instalazioen ingurumen-inpaktuaren azterketa eta ingurumen-dokumentuetarako. Ingurumen Azterketa Estrategikoaren I. eranskinean jasotzen da. Energia berriztagarrien mota desberdinei heltzen die, eta orientatzailea da.
6. Konpentsazio-neurriak.
M07. Konpentsazio-neurriak diseinatzeko esparru bat ezartzea.
Proiektuetan hartu beharreko neurriak dira, eta, beraz, ez daude plangintza estrategikoaren inpaktua konpentsatzera bideratuta. Ildo horretan, proiektuetan hartu beharreko neurriak proposatzen dira, proiektuaren eremutik kanpo dauden guneetako lehengoratu ezin den landare-estaldurako/intereseko habitaten azalera eta mendiak konpentsatzeko, edo beste neurri batzuk, hala nola suteak prebenitzekoak, konpentsatzeko. Fauna basatiaren gaineko inpaktua konpentsatzeko, zenbait neurri proposatu dira, hala nola babeslekuak sortzea, ex situ hazteko funtsak sortzea, bazterkinak eta inbaditzaileak desagerraraztea, intereseko espezieen jarraipena egiteko programak gauzatzea, etab. Paisaia-inpaktua konpentsatzeko, begiratokiak, kartelak eta abar jartzea proposatzen da.
7. Autokontsumoa sustatzeari buruzko neurriak.
M08. Instalazio berriztagarrietarako esparru mesedegarri bat ezartzea, autokontsumorako.
Neurri hori araudiaren erabileren erregulazioaren bidez egituratzen da, eta ekoizpen-instalazioetarako baino askoz ere posibilistagoa den ezarpen-erregimen bat ezartzen da autokontsumorako instalazioetarako; hortaz, erabilera faboragarritzat edo onargarritzat hartzen da lurzoru urbanizaezinaren kategoria gehienetan (mendi-larreetan izan ezik). Neurri horrek ez dakar per se lurraldearen gaineko inpaktua arintzea, eta Energia Berriztagarrien LPSaren II. dokumentuaren I. eranskineko Ingurune Fisikoaren Antolamendu Matrizearen bidez jasotzen da modu arauemailean.
Deskribatutako neurriak gauzatzeko erantzukizunari, kostu ekonomikoari eta denbora-plangintzari dagokienez, IAEk aurreikusten du horiek gauzatzea proiektuen sustatzaileei dagokiela, bereziki hauek: M01 (proiektuen diseinua), M05 (paisaia-integrazioa), M06 (ingurumen-inpaktuaren azterketa) eta M07 (konpentsazio-neurriak). Aurrekontuari dagokionez, neurri horietako asko prebentziozkoak dira eta ez daude aurrekontu jakin batekin lotuta. Nolanahi ere, neurri horien aurrekontu zehatza eta denbora-plangintza proiektuak idazteko fasean ezarriko dira.
Ingurumen-elementu esanguratsuenak: Planaren inpaktu potentzialak eta ingurumen-integrazioko neurriak.
LPSaren helburuetako bat da jatorri fosileko erregaiak iturri berriztagarriekin ordezkatzea, eta, ondorioz, CO2 emisioak murriztea eta klima-aldaketa geldiarazten saiatzeko ekarpena egitea; horri esker, ingurumenean eragin positiboa sorrarazten da.
Ingurumen-azterketa estrategikoak (aurrerantzean, IAE) ingurumenaren gaineko afekzioak aztertzen ditu, instalazioek berek sortutakoak soilik oinarri hartuta. Adierazi den moduan, azterketan ez dira sartzen ebakuazio-, transformazio- eta konexio-instalazio osagarriak edo instalazioetarako sarbideak, honako premisa hau baitu: azterketa zehatzagoa egitea beste tresna batzuei dagokie, hala nola LPPei edo proiektuei beraiei. Nolanahi ere, ezin da alde batera utzi mota horretako instalazioekin lotutako azpiegiturak, hala nola sarbideak, ebakuazio-lineak eta azpiestazio elektrikoak, ingurumen-inpaktu handiak sortzen dituzten jarduerak direla. Jarduketa horiek ez dira arautzen LPSean, eta esklusio-eremuetan nahiz ingurumen-sentikortasun handiko eremuetan kokatu edo horietatik pasatu daitezke, eta efektu metagarriak sortu ditzakete beste instalazio eta azpiegitura batzuekin.
Inpaktuen ebaluazioa ukitutako energia-tipologien eta faktoreen araberako matrize batean laburbiltzen da, eta dagokion balorazioa egiten da, bai ondorio positiboena (kategorizatuak, bai MF oso aldekoa; F aldekoa; L arina; «+» eragin ez oso garrantzitsua maila estrategikoan), bai ondorio negatiboena («-» eragin ez oso garrantzitsua maila estrategikoan; C bateragarria; M moderatua; S larria eta C kritikoa). Eragindako faktoreen gaineko inpaktuaren balorazio orokorra egiteko, IAEn proposatutako ingurumen-integrazioko neurriak hartzen dira kontuan.
1. Lurzoruaren eta baliabide naturalen eskuragarritasuna.
Energia eolikoa.
IAEk energia eoliko bateragarrirako proposatutako antolamenduaren afekzioa baloratzen du, kontuan hartuta garapen eolikoak oso lokalizatuta daudela, ez dutela lurzoruaren kontsumo handirik eta lurzoruaren beste erabilera batzuekin bizi direla. Kalkuluen arabera, 6 MW/km2-ko okupazio-ratioa dago, eta, beraz, 105 km2 beharko lirateke Euskadiko Energia Estrategiaren 2030eko helbururako falta diren 630 MWak lortzeko, hau da, Euskadiko azaleraren % 1,45. Baloratu da zonakatzeari (M02), eskalaren araberako zehaztapenei eta proiektuak diseinatzeko jarraibideei (M01) buruz aurreikusitako neurriek bermatzen dutela eraldaketa horiek ez direla nabarmenki garrantzitsuak izango, kalitate handieneko lurzoruak zonakatze-irizpideen bidez babesten baitira. Hona hemen aplikatu beharreko integrazio-neurriak: M01, M02, M03, M07 eta M08.
Energia fotovoltaikoa.
IAEak inpaktua moderatutzat baloratzen du, natura- eta landa-lurren azalera garrantzitsuen okupazioagatik, batez ere eskala handi eta ertainaren kasuan. Hala ere, hori arindu egingo da teknologia hori lurzoru urbanizaezinetik kanpoko beste eremu batzuetan kokatzeagatik, beste erabilera batzuekin batera egoteagatik (agrovoltaikoa), instalazioen balio-bizitza amaitu ondorengo itzulgarritasunagatik eta proposatutako neurri estrategiko batzuengatik (M01, M02, M03, M07 eta M08).
Lurzoruaren eta baliabide naturalen erabilgarritasun-faktoreari dagokionez, EAEko azalerari dagokionez AKEen okupazio erlatiboak ehuneko txikia duen arren, kontuan hartu behar da kalkulu horietan ez dela islatzen AKE berrien azalera, LPSen, LPPen eta HAPOen aldaketa ez-funtsezkoen bidez sar daitezkeenak, ezta AKEetatik kanpoko proiektuekin okupatzen diren edo okupatu daitezkeen azalerak ere. Bestalde, datuetatik ondoriozta daitekeenaren arabera, AKEak lurraldeko eremu jakin batzuetan kontzentratzen dira, eta eremu horiek, potentzialki behintzat, okupazio handiagoa dute; ondorioz, baliabidea beste erabilera batzuetatik kendu behar da, batik bat nekazaritza-ekoizpenarekin lotutakoetatik. Energia fotovoltaikora bideratutako AKEen azalera Arabako Lurralde Historikoan kontzentratzen da, lurralde horretan baitago baliabide erabilgarria, honako eremu hauetan: Arabako Lautada, Santikurutze Kanpezuko eskualdea, Laminoriako harana, Añanako eskualdea eta Aiarako eskualdea, eta Arabako Errioxako eskualdean zehazteke dagoen hedadura zabal bat.
Arestian adierazi den moduan, txosten eta alegazio gehienek lurzoruak baliabide-iturri gisa duen inpaktua azpimarratzen dute (balio agrologikoa). Alegazio ugarik azpimarratu dute energia berriztagarrien LPSak laborantza-azalera murriztuko duela, eta, bereziki, ureztatzekoa, eta horrek egun dauden nekazaritza-ustiategiak kaltetuko ditu. Sustatzaileak argitu du LPSeko AKEek hartuko luketen nekazaritza-azaleraren ehunekoa txikia dela Euskadiko nekazaritza-lurzoru guztiaren aldean, eta ehuneko txiki hori erreserbatutako azalera osoa okupatuz gero lortuko litzatekeela. Halaber, berretsi du instalazio eolikoak bateragarriak direla nekazaritzako eta abeltzaintzako jardueraren garapenarekin eta instalazio fotovoltaikoekin, nahiz eta eolikoak baino lurzoru gehiago hartzen duen, teknologiak aurrera egiten duela eta nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerekin bateragarriak direla bermatzeko beharrari buruzko gero eta kontzientzia handiagoa dagoela, eta horri esker, teknologia agrovoltaikoa eta antzeko teknologiak garatzeko aukera ematen ari direla. Horrela, instalazio fotovoltaikoak ezartzea eta nekazaritza-jarduera aldi berean garatzea bateragarria izatera irits daiteke. Bestalde, Nekazaritzaren eta Basozaintzaren LPSean ezarritakoarekin bat datorren Nekazaritza-arloko afektazioaren protokoloa bat txertatu da LPSean, eta horren emaitza da ez dagoela inpaktu kritikorik.
2. Fauna, flora, landaredia eta habitatak.
Energia eolikoa.
IAEak larritzat baloratzen du fauna basatiaren gaineko ondorioa, instalazio horiek eragiten duten zuzeneko hilkortasunagatik.
Horretarako, nolanahi ere, faunaren bizi-zikloan habitataren erabilgarritasuna murriztearen faktorea eta fauna hegalari sedentario nahiz migratzailearentzako hesi-efektua gehitu beharko lirateke. Bestalde, kontuan izan behar da LPSak debekatu egiten duela instalazio horietatik 3 km baino gutxiagora simaurtegiak jartzea, eta horrek hegazti harrapari mehatxatuenen populazioen kontserbazio- eta sakabanatze-egoera lehengoratzea oztopa dezakeela, eta, lurraldean lortutako garapen-mailaren arabera, kontserbazio-egoeran eragin dezakeela edo espezie kalteberenen populazio-jaitsierak eragin ditzakeela.
Harrapariak eta beste hegazti txikiago batzuk, kiropteroak eta espezie migratzaileak dira aerosorgailuekin talka egiteko arrisku handia duten taldeak. Lurraldean berriztagarrien instalazioak hedatzearen ondorioz, populazioen banaketan, eboluzioan eta, azken finean, faunaren kontserbazio-egoeran izango den inpaktua aurreikustea eta baloratzea zaila da, bereziki mehatxu-maila handiena duten espezieena. Horren harira, garrantzi berezia dute proiektuetako espazioaren erabileraren eta faunaren hilkortasunaren jarraipen-programek. Nolanahi ere, proiektu-mailako jarraipenak ez dira nahikoak EAEko lurraldean maila globalean izango den eragina ebaluatu ahal izateko; hortaz, lurralde osoan hegazti eta kiroptero mehatxatuenen populazioen jarraipena antolatu eta berriztagarriek populazioen egoeran izango duten eragina ebaluatu beharko da, sistematikoki denboran zehar eta instalazio berriak gehitzen diren heinean.
Bestalde, aerosorgailuen disuasioko, detekzio automatikoko eta geldialdiko teknologia onenak bilatzen aurrera egin arren, haien eraginkortasuna probatzen jarraitu behar da, eta beharrezkoa da aerosorgailuekin istripuak izatea prebenitzeko teknika erabilgarri onenei buruz ados jartzea.
Floraren edo landarediaren gaineko afekzioa moderatua da lurralde-mailan. Hala ere, kontuan izan behar da instalazio eolikoak mendi-eremuetan daudela, baso-estaldura zabala dutenak, eta, isurialde mediterraneoaren kasuan, batez ere bertakoak eta eskualde-interesekoak diren masak dituztenak, bai eta Batasunaren intereseko beste habitat batzuen banaketa-eremuetan ere (harkaitzak, larreak, txilardiak, zohikaztegiak, etab.). Habitat horietako batzuk lehentasunezkoak edo eskasak dira edo desagertzeko arriskuan daude, eta mehatxatutako flora-populazioak dituzte. Hortaz, proiektuen inpaktua larria eta, are gehiago, kritikoa izatera iritsi daiteke lurraldeko zenbait eremutan.
Energia fotovoltaikoa.
Energia fotovoltaikoaren IAEk biodibertsitatearen gaineko afekzioa bateragarritzat jotzen du, iraunkortasun handikoa, baina intzidentzia puntuala eta eraldaketa txikia duena, kontuan hartuta interes bereziko eremuen kokapena, beren izaeragatik, normalean ez datorrela bat teknologia honetarako potentziala duten eremuekin. Hala ere, proiektuen diseinuaren eta azken kokapenaren arabera, berriztagarrien beste teknologia batzuk eraikitzearekin ondorio metagarriak eta/edo sinergikoak agertu daitezkeela irizten zaio.
Hala ere, kontuan hartu behar da, adierazi den moduan, baliabide erabilgarria duten eremuak eta, beraz, AKEak Arabako Lurralde Historikoko eremu jakin batzuetan kontzentratzen direla, eta eragin larria izan dezaketela mehatxatutako estepako hegaztien populazioetan, kontserbazio-egoera txarra dutelako, eta haien habitat egokiak zereal-laboreak, zuhaixka-eremuak eta sastraka-eremuak direlako, non parke fotovoltaikoak jartzen diren. Mirotz urdina, espezie mehatxatuen EAEko katalogoko espezie kaltebera, isurialde mediterraneoko zenbait gunetan banatzen da.
Gune horiek eta erriberako habitat naturalek usapal europarra banatzeko eta ugaltzeko eremua eratzen dute. Espezie hori galtzeko arriskuan dago, eta autonomia-erkidego honetan onartutako kudeaketa-plana du.
Bestalde, hegaztiek instalazioaren hesiarekin eta oro har panel fotovoltaikoekin talka egiteko arriskua dago.
Bi energia moten inpaktua baloratzeko, IAEk aplikatu beharrekotzat hartu ditu M01 (diseinu-irizpideak), M02 (gaitasunaren araberako zonakatzea), M03 (saturazio-indizea), M06 (IAEren edukiak) eta M07 (konpentsazio-neurrien esparrua) neurri estrategikoak.
3. Natura 2000 Sarea eta eremu babestu batzuk.
Energia eolikoa.
IAEk energia eolikoaren inpaktua moderatutzat jotzen du; izan ere, lurraldean inpaktu globala izatea espero bada ere, M02 neurriak (zonakatzea), eremu babestuak esklusio-eremutzat hartzen dituenak, eremu horien gaineko zuzeneko inpaktuak saihestea du xede; zeharkako afekzioak, berriz, proposatutako diseinu-jarraibideen aplikatzeari (M01) eta IAEren eranskinean (M06) proposatutako ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko azterketen irismenari esker minimizatzen dira. Hala ere, proiektuen diseinuaren eta azken kokapenaren arabera, berriztagarrien beste teknologia batzuk eraikitzearekin ondorio metagarriak eta/edo sinergikoak agertu daitezkeela irizten zaio.
Energia fotovoltaikoa.
Energia fotovoltaikoaren kasuan, inpaktu hori bateragarritzat jo da, kontuan hartuta, halaber, proposatutako zonakatzeak saihestu egiten duela eremu horiekin gainjartzea, eskala ertain eta handiko instalazioen zuzeneko inpaktuak ezabatuz, eta eremu horiei zeharka eragiteko probabilitatea txikiagoa dela.
Horrenbestez, energia eolikoa da Natura 2000 Sareko funtsezko elementuetan zeharkako inpaktuak izateko arrisku handiena izan dezakeena, haren mugetatik kanpo lekualdatzeko gaitasunarekin bere bizi-zikloan zehar, nagusiki talkengatiko zuzeneko heriotzen, habitataren galeraren eta degradazioaren eta/edo hesi-efektuaren ondorioz.
Beraz, kontu handiz ibili behar da eremu horien inguruan eta, bereziki, HBBEen inguruan. AKE batzuk espazio babestuetatik oso gertu edo haien arteko konexio-eremuetan daude. Hortaz, gutxienez eremu horien babes-eremu periferikoak baztertu beharko liratekeela irizten zaio, eta proiektu eolikoek horietatik ahalik eta gehien urruntzeko irizpidea hartu beharko luketela.
4. Konektibitatea.
Energia eolikoa.
Inpaktua moderatutzat kalifikatu da, iraunkortasun handiarekin, instalazio eolikoen balio-bizitzarekin lotuta, proiektu mota hori garatzen den eremu jakinetara mugatuta, eremu horiek fauna igarotzeko korridore ekologikoak osatzen dituzten mendilerro-eremuak izan ohi baitira. Espazio babestuak baztertuta daude; beraz, afekzioa espazioen arteko korridoreetara mugatuko litzateke eta espezie hegalariekin lotuta egongo litzateke, espezie horientzat aerosorgailuen lerrokadurak lekualdatzeko hesitzat hartzen baitira; ez da hori gertatzen, ordea, lurreko espezieekin. Beste proiektu eoliko batzuekin aireko konektibitatearen gaineko ondorio metagarriak edo sinergikoak egon daitezke. Neurri hauek aplikatu behar dira: M01 (proiektuak diseinatzeko irizpideak), M02 (zonakatze egokia), M03 (saturazio-indizea), M06 (IAEen irismena) eta M07 (konpentsazio-neurrien esparrua).
Energia fotovoltaikoa.
IAEren arabera, neurri moderatuko inpaktu negatiboa egongo da, instalazioen bizitza erabilgarriari lotutako aldi baterako iraunkortasun handiarekin. Batetik, balioetsi da instalazio fotovoltaikoek hesi bat izaten dutela, lurreko espezieentzako konektibitatea mugatzen duena, eta hesi-efektu hori garrantzitsua izan daiteke eskala handi eta ertainean. Bestalde, azterketak kontuan hartzen du naturagune babestuak, eskala ertain eta handiko garapen fotovoltaikotik kanpo daudela, eta, beraz, eragina espazioen arteko korridoreetara mugatuko litzatekeela. Hala ere, kontuan hartu behar da erdiguneen kanpoaldeko eremuek betetzen dutela, hain zuzen ere, faunarentzako lotura-korridorearen eta sakabanatzearen funtzioa, eta, horretan datza, hain justu, daukaten balio ekologikoa.
Gainerakoari dagokionez, IAEk aurreikusten du lurreko korridoreen gaineko inpaktua proposatutako neurri estrategikoekin arindu ahal izango dela, hala nola zonakatzearekin (M02) edo proiektuak diseinatzeko jarraibideekin (M01), hesia iragazkortzea edo korridore berdeak ezartzea iradokitzen baitute.
5. Paisaia.
Energia eolikoa.
IAEk inpaktua moderatutzat jotzen du, instalazio eolikoen bizitza erabilgarriari lotutako aldi baterako iraunkortasun handiarekin, horrelako proiektuak garatzen diren eremu zehatzetara mugatutako espazio partzialarekin. Eraldaketa nabarmena da, proiektu eolikoak mendilerroetako posizio nagusietan kokatzen baitira. Bertan, altuera handiko aerosorgailuen bistaratzea nabarmentzen da. Berriztagarrien beste proiektu batzuekin, hala nola eskala ertain eta handiko instalazio fotovoltaikoekin eta proiektu eolikoen beren artean, paisaiaren gaineko ondorio metagarriak edo sinergikoak egon daitezke.
IAEn egindako inpaktuaren balorazioari dagokionez, larritzat jo beharko litzatekeela uste da, ez moderatutzat. Balorazio hori honako honi zor zaio: parke eoliko batek tamaina handiko aerosorgailuekin gailurren lerroan sortutako intrusio bisuala eta inpaktu hori zuzentzeko aukera eskasak inpaktu larritzat hartu behar izatea. Aprobetxamendu eolikorako leku mesedegarrienak paisaia-balio bereziko paisaiekin bat etorri ohi dira, eta, beraz, lurralde-antolamenduko tresnek eta beste inbentario batzuek katalogatu ohi dituzte. Gainera, instalazio horien eraikuntzak eta horiekin lotutako azpiegiturek (bideak, ebakuazio-lineak, ebaketa-zentroak eta azpiestazio elektrikoak) eragindako aldaketa geomorfologikoak ere kontuan hartu behar dira; izan ere, aldaketa horiek, kasu gehienetan, lur-erauzketen eta betelanen lur-mugimendu handiak egitea dakarte, eta horiek ere distantzia handietatik ere ikus daitezke. Proiektuak metatzeagatik mendi-gailurreriak eraldatzeak atalase kritikoetara irits daiteke.
Energia fotovoltaikoa.
IAEk inpaktu negatibo moderatua, aldi baterako iraunkortasun handiarekin, horrelako proiektuak garatzen diren eremu zehatzetara mugatutako espazioarekin. Eraldaketa nabarmena; izan ere, eskala ertain eta handiko proiektu fotovoltaikoek, tokian bertan kokatutakoek, intrusio bisual bat eragin dezakete nekazaritzako matrize nagusi bat duen paisaia batean. Kasu honetan, proposatutako neurri estrategikoek asko arintzen dute eraldaketa, batez ere saturazio-indizeak (M03), arroen ikusmena agortzea eta instalazio fotovoltaikoen gehiegizko kontzentrazioak ekiditea ahalbidetuko baitu, aipatutako ikuspen-arroaren gehiegizko saturazioa eraginez.
Bi instalazio-motetarako paisaiaren gaineko inpaktua arintzea hartu da kontuan, arro bisualetan proposatutako saturazio-indizeagatik (M03), zonakatzeagatik (M02) eta ingurumen-inpaktua ebaluatzeko azterketengatik (M06), bai eta gutxienez 500 m-ko erradioa ezartzeagatik ere biztanleguneetara eta paisaia-mugarrietara (100 m). Halaber, neurri hauek aplikatu behar dira: M01 (proiektuen diseinua), M05 (paisaia-integrazioko irizpideak) eta M07 (konpentsazio-neurrien esparrua).
6. Kultura-ondarea.
IAEk iritzi dio instalazio eoliko eta fotovoltaikoen maila estrategikoko ondorioak eskasak direla, zonakatzeari buruzko arintze-neurriak eta kultura-ondasunak baztertzeko irizpideak kontuan hartuta (M02). Nolanahi ere, kontuan izan behar da instalazioak dauden lurzoru urbanizaezineko eremuetan kokaleku zaharrak, ustezko zona arkeologikoak eta balio kultural immateriala duten eremuak egon ohi direla maiz. Horren harira, adierazi behar da planak paisaia-mugarrietarako 100 metroko distantzia bakarrik ezarri duela esklusio-irizpide gisa, eta gehienak eraikitako kultura-ondarearen elementu apartekoekin bat datozela, eta, gainera, mugarri horien eragin-eremuan gertatzen da hori, eta, beraz, ez da nahikoa horien babesa bermatzeko.
7. Hidrologia.
Uren kalitateari dagokionez, IAEk ez du hauteman instalazio eolikoek eta fotovoltaikoek maila estrategikoan afekzio nabarmenik dutenik, eta bateragarritzat jo du minihidraulikoak eta dagokion berritzeak eta handitzeak kalitatean eta morfologian duten inpaktua. Inpaktu negatiboa, oso txikia eta bateragarria da uren kalitatean eraikuntza- eta ustiapen-faseari lotuta; izan ere, teknologia hori instalatzeko parametro fisiko-kimikoak aldatu daitezke. Dena dela, eraldaketa eskasa dela uste da, aurreikusitako garapen eskasagatik, puntuala delako eta ez duelako espero daitekeen ondorio metagarri edo sinergikorik.
Faktore hidromorfologikoari dagokionez, energia minihidraulikoaren inpaktua negatibotzat kalifikatzen da, tamaina txikikoa eta bateragarria, ustiapen-fasearekin lotuta, dinamika naturala aldatzen baitu, urak presatuta eta emariak desbideratuta. Gainera, eraldaketa eskastzat hartzen da, aurreikusitako garapen eskasagatik, puntuala delako eta ez duelako espero daitekeen ondorio metagarri edo sinergikorik.
Planak horrelako instalazio berririk aurreikusten ez duela kontuan hartzen bada, LPSak uraren kalitatean, ibilguen aldaketa hidromorfologikoan, konektibitatean eta fauna basatian izango duen inpaktua bateragarritzat jotzeko aukera dago. Nolanahi ere, erabiltzen ez diren instalazioak birgaitzeak eta daudenak handitzeak afekzio moderatuak edo larriak izan ditzakete aipatutako faktoreengan, bai eta beste instalazio batzuekiko ondorio metagarri eta sinergikoak ere, gaur egun jada erabilera horrek presio handia egiten duen sare hidrografikoko tarteetan.
Dena dela, LPSak honako hauek ezartzen ditu: esklusio-irizpide gehien mota horretako instalazioetarako (M02), proiektuak diseinatzeko irizpideak (M01) eta ingurumen-inpaktuaren azterketen irismena (M06).
8. Klima-aldaketa/Atmosfera/Zarata.
IAEk energia berriztagarrien teknologia guztien inpaktua oso positibotzat kalifikatzen du; izan ere, energia sortzeko eredua aldatzeko eraldaketa globala da, eta onura handiak eragiten ditu klima-aldaketaren aurka borrokatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoan energiaren sektorearen karbono-aztarna nabarmen murrizteko. Euskal Autonomia Erkidego osoan iraunkortasun eta eragin global handia du, energia-eredua nabarmen aldatzen delako, eta horrek eragina duelako arlo guztietan eta energiaren sektorean oro har. Inpaktu positiboak direnez, ez da berariazko neurririk behar.
Energia eolikoari dagokionez, 2030erako 783 MW-ko potentzia objektiboa kontuan hartuta, parkeen ezarpen berriak 14 milioi tona CO2 baino gehiago murriztea eragin dezake, instalazioen 25 urteko balio-bizitza aintzat hartuta.
Energia fotovoltaikoari dagokionez, 2030erako 293 MW-ko potentzial objektiboa kontuan hartuta, fotovoltaikoaren ezarpen berriak 2,5 milioi tona CO2 baliokide baino gehiagoko murrizketa eragin dezake, instalazioen balio-bizitza 25 urtekoa dela kontuan hartuta.
Zaratari dagokionez, inpaktu negatibo bateragarritzat kalifikatzen da, behin-behinekotasun nabarmenagatik eta maila estrategikoan ingurumen-eraldaketa urriagatik, diseinu-jarraibideetan (M01) proposatutako arintze-neurriak eta biztanleguneen eta balio handieneko naturaguneen inguruko 500 metroko esklusio-irizpidearen aplikazioa kontuan hartuta (M02). Proiektuen diseinuaren eta azken kokapenaren arabera, berriztagarrien beste teknologia batzuekin ondorio metagarriak eta/edo sinergikoak agertu daitezkeela irizten zaio.
Hala ere, kontuan izan behar da M01 neurrian proposatutako jarraibideak obra-faseari dagozkiola, eta fase horretan faunari eragin dakiokeela nagusiki, batez ere ugalketa-garaian, baina ez daudela ustiapen-fasean adierazita. Inpaktua bateragarri gisa bermatu ahal izateko, instalazio eolikoetatik biztanleguneetara dagoen distantzia handitu beharko litzatekeela irizten zaio, biztanle-dentsitate txikiagoa duten beste autonomia-erkidego batzuetan kilometro batekoa baita. Nolanahi ere, lurzoru urbanizaezinean kokatutako etxebizitzak eta beste eraikin sentikor batzuk ez lituzke babestuko LPSak ezarritako biztanleguneetarako 500 metroko distantziak. Hortaz, nolanahi ere, kalitate akustikoko helburuak betetzen direla bermatu behar da proiektuen lokalizazio- eta diseinu-fasean.
9. Bizi-kalitatea eta osasuna.
IAEk bi instalazio-mota horien inpaktua positibo eta garrantzitsutzat jotzen du maila estrategikoan, airearen kalitatea etengabe hobetu delako, kontuan hartuta maila estrategikoan beharrezkoak diren ingurumen-integrazioko neurriak hartu direla zaratak herritarrei eragindako eragozpenei lotutako beste inpaktu negatibo esanguratsu batzuk saihesteko. Erregai fosilak ordeztuko dituzten beste energia berriztagarri batzuk sartzean inpaktu metagarria eta sinergikoa izango duela uste da. Inpaktu positiboak direnez, ez da ingurumen-integrazioko berariazko neurririk behar.
Balorazio horri dagokionez, irizten zaio inpaktua bateragarria eta moderatua izan behar dela, positiboa ordez. Ez dira beste faktore batzuk haztatu, hala nola herritarren bizi-kalitatearen aldaketa oro har, mendiak aisialdirako eta naturarekin harremanetan egoteko erabiltzen baitituzte, ezta balio kulturala eta landa-biztanleriaren sosegua ere, inguruan izatera ohituta dauden ingurunea eta paisaia aldatuta ikusiko dutela kontuan hartuta. Bestalde, adierazi den moduan, irizpide gisa ezarritako 500 metroko distantziak ez ditu babesten lurzoru urbanizaezinean isolatuta kokatu daitezkeen etxebizitza eta beste eraikin sentikor batzuk. Halaber, linea elektrikoak nukleoetatik hurbil igaro daitezke, eta lurraldeko eremu jakin batzuetan metatu.
Baliabidearen erabilgarritasuna EAEko isurialde mediterraneoan eta lurraldeko eskualde jakin batzuetan kontzentratzen da; beraz, landa-paisaiaren eta gune horietako lurralde-ereduaren eraldaketa ekarriko du. Instalazio fotovoltaikoen kasuan, saturazio-indizeak ezarri arren, instalazio horiek zenbait eskualderen eta biztanlegune jakin batzuen inguruan metatu daitezke.
10. Inpaktuaren balorazio orokorra.
Laburbilduz, IAEk ondorioztatzen du ingurumen-inpaktu negatibo gehien eragiten dituzten teknologiak eolikoa eta fotovoltaikoa direla, baina ez dela iristen inola ere lurralde-mailako inpaktu kritikora.
Eolikoak eragindako faktore nagusiak, EAEko lurralde-mailan balorazio moderatua dutenak, honako hauek dira: Natura 2000 Sareko espazioetan eta beste espazio babestu batzuetan, dibertsitate biologikoan, hesi-efektuagatik konektibitatean, paisaian eta baliabideen kontsumoan eta sortutako hondakinen kudeaketan izan dezakeen eragina. Aldiz, azterketak oso aldekotzat baloratzen du klima-aldaketaren aurkako borrokan, independentzia energetikoan eta lurralde-ereduaren birmoldaketan egiten duen ekarpena, eta enpleguaren, eredu ekonomikoaren, bizi-kalitatearen eta osasunaren aldekoa dela irizten dio.
Energia fotovoltaikoaren inpaktua eolikoarena baino txikiagoa da oro har. Inpaktu negatibo nagusien artean, ondorio moderatutzat baloratu dira lurzoruaren erabilgarritasuna, hesi-efektua, paisaia-inpaktua, baliabideen kontsumoa eta hondakinen kudeaketa, eta, bateragarri gisa, besteak beste, naturagune babestuei (baztertutako eremuak dira) eta biodibertsitateari eragitea. IAEk irizten dio teknologia horren inpaktua aldekoa dela atmosferaren kalitatean, bizi-kalitatean, osasunean, enpleguan eta ekonomian, eta oso aldekoa karbono-aztarnari eta lurralde-ereduaren birmoldaketari dagokienez.
Gainerako teknologiei dagokienez, ez da atzeman inpaktu moderaturik edo larririk, LPSean maila estrategikoan aurreikusitako garapen eskasa kontuan hartuta.
Balorazio horri dagokionez, 5. atal honetan adierazitakoari eutsi behar zaio.
Nolanahi ere, adierazi behar da planak gaitasuna ematen diela LPPei eta HAPOei instalazio handi eta ertainetarako beste AKE batzuk ezartzeko, LPSak proposatutakoez gain; hortaz, nolabaiteko ziurgabetasun-tarte bat planteatzen da lurraldean energia berriztagarriak garatzeko plangintzaren ingurumen-inpaktu globala ebaluatzean. Testuinguru horretan, LPSaren garapena gainbegiratzeko eta jarraitzeko neurriek ingurumenaren ikuspegitik garrantzi berezia dutela irizten zaio.
LPSaren jarraipen-neurriak.
Euskal Autonomia Erkidego osoan zenbait adierazle orokor ezarri dira, eta horien jarraipena egitea LPSaren organo sustatzaileari dagokio, kasu honetan, energiaren arloko sail eskudunari, beste administrazio batzuek kudeaketa-eremuaren barruan adierazle horiek garatzeko aukera gorabehera. IAEk aurreikusten du adierazleetan ezarritako parametroen atalaseak, hala badagokio, arlo bakoitzeko organismo eskudunak finkatu beharko dituela. Hona hemen adierazleak:
Ingurune abiotikoari buruzko adierazleak:
KPI-I01. Energia sortzeko berotegi-efektuko gasen emisioak, tipologiaren arabera eta guztira. CO2 baliokideen Kt gisa eta urteko aldizkakotasunarekin neurtuta.
KPI-I02. Energia berriztagarrien ahalmen instalatua, potentzia instalatuaren MW gisa eta urteko aldizkakotasunarekin neurtuta.
KPI-I03. Ekoizpen elektriko berriztagarria, Gwh gisa neurtuta, topologiaren arabera eta urteko aldizkakotasunarekin.
KPI-I04. Energia-instalazioek iturri berriztagarrien bidez okupatutako azalera, hektareatan neurtuta urtero, lurzoruaren kategoriaren eta eskalaren arabera eta instalazio osagarri guztiak barne hartuta.
KPI-I05. Osagaien birziklatze- edo berreskuragarritasun-tasa, berrindartu edo desegin ondoren, 10 urtean behin material bakoitzaren %-tan neurtuta.
Ingurune biotikoari buruzko adierazleak:
KPI-I06. Energia elektrikoa iturri berriztagarrien bidez ekoizteko instalazioek okupatutako intereseko habitaten azalera, hektareatan eta urtean behin neurtuta. Landaredi-unitate bakoitzeko eta Batasunaren, lehentasunaren eta eskualdearen intereseko habitat-mota bakoitzeko egingo da kalkulua, EUNIS kodeari erreferentzia eginez. Sortze-instalazio eta instalazio osagarri guztiak sartzen dira (adibidez, banaketa, sarbideak eta abar), kalkulatzeko. Okupatutako azalera hori erlatibizatu egingo da EAEko, lurralde historikoko eta eremu funtzionaleko lurzoru-mota bakoitzaren azalera osoan.
KPI-I07. Leheneratutako landare-azalera, hektareatan eta urtean behin neurtuta, landaredi-unitatearen eta Batasunaren, lehentasunaren eta eskualdearen intereseko habitat-motaren arabera, EUNIS kodeari erreferentzia eginez. Benetan leheneratutako azalera bakarrik hartuko da kontuan, Ingurumena Zaintzeko Planetatik aparteko kapitulu batean ezarri beharko dena.
KPI-I08. Parke eolikoetan istripua izan duten hegaztien eta kiropteroen kopurua, honela neurtuta: espezie-ale kop./instalatutako MW. Adierazle horri lotuta, ingurumeneko organo eskudunarekin koordinatuta garatuko da: Aerosorgailu eta aireko linea elektriko gatazkatsuak gelditzeko protokoloa, hegaztien eta saguzarren hilkortasunaren datu-basea parke eolikoetan, eta hegaztien eta kiropteroen hilkortasunaren jarraipena egiteko aplikazio mugikorra, arestian aipatutako datu-basera konektatua.
KPI-I09. Naturagune babestuen azalera okupatua (instalazio txikiak), hektareatan eta urtean behin neurtuta, instalazio osagarriak ere kontuan hartuta. Okupatutako azalera hori erlatibizatu egingo da EAEko, lurralde historikoko eta eremu funtzionaleko lurzoru-mota bakoitzaren azalera osoan.
Ingurune sozioekonomikoari buruzko adierazleak.
KPI-I10. Okupatutako azalera, nekazaritza eta basozaintzako LPSeko lurzoruaren sailkapenaren arabera, balio agrologiko handiko lurzorua bereziki kontuan hartuta, hektareatan eta urtean behin neurtuta. Okupatutako azalera hori erlatibizatu egingo da EAEko, lurralde historikoko eta eremu funtzionaleko lurzoru-mota bakoitzaren azalera osoan.
KPI-I11. Instalazio berriztagarrietatik eratorritako zuzeneko diru-sarrera ekonomikoak, urtean behin honela neurtuta: euro/udalerria.
KPI-I12. Instalazio berriztagarrien paisaia-pertzepzioari buruzko inkestak, bi urtean behin.
KPI-I13. Ikuspen-arroaren okupazioa instalazio berriztagarrien bidez, hektareatan (fotovoltaikoa) eta aerosorgailuen kopuruan (eolikoa) eta urtean behin neurtuta.
KPI-I14. Autokontsumorako instalazioen kopurua, potentzia instalatuaren bitartez, urtean behin.
KPI-I15. Istripu larrien/hondamendien kopurua, urtero erregistratutako istripu-kopuruaren bitartez.
LPSean sartu beharreko ingurumen-zehaztapenak eta -neurriak.
Neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta segimenduzkoak indarreko araudiaren arabera hartuko dira, bai hurrengo apartatuetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusitakoaren arabera ere bai. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 26. artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 74. artikuluan ezarritakoaren arabera, ebazpen honetako zehaztapenak eta neurriak azkenean onartuko den planean sartu beharko dira.
Bazterketa-eremuei buruzko neurriak.
Ebazpen honen esparruan egindako LPSaren zonakatzearen berrikuspen teknikoa egiteko, «Udalplan Euskadiko udalerrien antolamenduaren kartografia» dokumentuko lurzoru urbanizaezinaren eremua hartu da erreferentziatzat, 2024ko ekainaren 3an eguneratua. Ildo horretan, uste da beharrezkoa dela idatzizko dokumentazioak antolamenduaren xede den eremua xehatzea, eta baztertzen diren lurzoru-motak eta lurzoru urbanizaezina zehazteko erabilitako oinarri kartografikoa adieraztea.
Testua kartografiari gainetik nagusitzen bada ere, azken horretan islatzen dira planaren zehaztapenak, eta, beraz, zehaztapen horiek aplikatzeko erreferentzia geografikoa da. Energia eoliko, fotovoltaiko, ozeaniko eta minihidraulikorako esklusio-eremuen kartografia aplikatzeko arauen II. eranskineko taulan jasotako irizpideetan oinarrituta dago; hortaz, dagokien elkarrekikotasunari eutsi beharko diote.
Ingurumen-sentikortasun handieneko eremuak benetan baztertzen direla bermatzeko, II. eranskineko taula (egitura eta edukia) eta kartografia berrikusiko dira, eta, hala badagokio, birformulatu egingo dira, halako moldez, non eskala handiko eta ertaineko instalazioak debekatuta geratuko baitiren jarraian zerrendatzen diren eremuetan (tipologia zehazten ez denean, horiei guztiak aipatzen direla ulertu behar da).
Bestalde, taula horretan «ez baztertua» (zuriz) eta «ez aplikagarria» (grafia desberdinarekin) irizpideak bereiztea gomendatzen da.
Kontuan hartu beharreko irizpide-multzoak:
Naturagune babestuak.
Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legean araututako naturagune babestuek multzo bat osatzen dute irizpide gisa, eta LPSak araubide bera ezartzen die energia-mota guztietarako, ozeanikorako izan ezik. Bazterketa-eremuak osatuko dituzten figura hauek biltzen ditu:
Parke naturalak (Aiako Harria, Pagoeta, Aralar, Aizkorri-Aratz, Gorbeia, Urkiola, Armañon, Valderejo eta Izki).
Paisaia natural babestua (figura hori ez da taulan islatu): Deba-Zumaia itsasertzeko tartea eta Añanako diapiroa, Meatzaldea, Inurritza eta Gaztelugatxe.
Itxina natura-monumentua (Gorbeiako parke naturalean barnean) eta zuhaitz bereziak.
Guardiako aintzirak natura-erreserba eta Leitzaran ibaia.
Era berean, itsasertzeko naturagune babestuetan (Deba-Zumaia itsasertzeko tartea eta Inurritza) ere baztertu egin behar dira energia ozeanikoaren arloko instalazioak; hori kartografian eta II. eranskineko bazterketen taulan jaso behar da.
Natura 2000 Sareko eremuei dagokienez, energia eolikoari eta fotovoltaikoari buruzko kartografia berrikusi behar da, honako hauek baztertzeko: Gasteizko Mendiak KBEaren eremu osoa (eremu hori otsailaren 11ko 35/2025 Dekretuaren bidez zabaldu da berriki), Txingudi KBE/HBBEa, Jaizkibel KBEa, Ihuda ibaia KBEa, Urdaibaiko itsasertzak eta padurak KBEa, Urdaibaiko ibai-sarea KBEa eta Arkamu-Gibillo-Arrastaria KBEa.
Nazioarteko tresnek babestutako eremuak:
Urdaibaiko Biosfera Erreserba, T4.IS sistemako eremuak izan ezik. Bereziki, kartografia osoa berrikusi behar da Urdaibaiko itsasertzak eta padurak KBEaren eta Urdaibaiko ibai-sarea KBEaren eremu osoa baztertzeko.
Unescoren geoparkea. Halaber, itsas energiaren instalazioak baztertu behar dira.
Ramsar hezeguneak, horietako batzuk erabat edo zati batean gainjartzen batira hezeguneen LPSeko I. eta II. multzoetako hezeguneekin eta Natura 2000 Sareko espazioekin: Txingudi, Mundaka-Gernika itsasadarra, Salburua, Caicedo Yuso lakua eta Guardiako aintzirak, baita Uribarri urtegiaren adarrak ere. Kartografia berrikusi behar da, aipatutako eremu guztiak baztertzeko.
Halaber, energia eolikoari dagokionez, esklusio-irizpidetzat hartuko dira naturagune babestuak eta Natura 2000 Sareko espazioak babesteko eremu periferikoak, Energia Berriztagarrien LPSa indarrean jarri aurretik eraikita zeuden edo ustiatzen ari diren instalazioen eremuak izan ezik.
Instalazio eolikoei dagokienez, baztertu egingo da kilometro bateko zerrenda, Urdaibaiko itsasadarra, Gorobel mendilerroa, Salburua, Arabako hegoaldeko mendilerroak, Izki, Valderejo eta Txingudi HBBEen eta Uribarri urtegiaren adarrak nazioarteko garrantziko Ramsar hezegunearen mugatik neurtuta.
Martxoaren 17ko 34/2015 Dekretuaren (ingurune hidrikoari lotuta dauden kontserbazio bereziko eremuetarako KBE eta hegaztien babes bereziko eremuetarako BBE arau orokorrak onartzen dituena) A.2 erregulazioaren arabera, zerbitzu ez-linealen instalazio teknikoak, A eta B motakoak, debekatuta daude 50 metroko zerrendan ibaietako eta hezeguneetako KBEen bi ertzetan, eta 200 metroko zerrendan ES2110011 Zadorraren sistemako urtegiak KBEaren inguruan. Hortaz, KBE/KBBE horien inguruko lursail-zerrendak baztertu egin beharko dira energia fotovoltaikorako distantzia horiek lortu arte. Energia eolikoari dagokionez, distantzia horiek esklusio-irizpide gisa arestian aipatutako babes-eremu periferikoan sartuta daude.
Ingurumen-interesa duten beste espazio batzuk.
Naturagune babestuen atalean kategoria horretakoak ez diren beste figura batzuk sartu dira, eta beste multzo batean jaso behar dira. LPSak antzeko tratamendua ematen die figura horiei, energia minihidraulikorako bakarrik baztertzen baitira. Honako hauek dira: LAGen Azpiegitura Berdea, Azpiegitura Berdea Biodibertsitate Erreserbak, EAEko Korridore Ekologikoen Sarea, Arabako Lurralde Historikoko Ekologia eta Paisaia Konektatzeko Estrategia Korridore ekologikoak, habitat, flora eta faunaren mikroerreserbak eta Geologia Interesdun Lekuak.
Hezeguneen LPSak I. eta II. multzoetan katalogatu eta antolatutako hezeguneen eremuaren irizpideari dagokionez (osorik edo zati batean babestutako guneekin bat datoz) eta Txingudiko Plan Bereziaren eremuari dagokionez, atal honetan nahiz hezeguneen LPSari buruzkoan sar daitezke, baina eremu osotik baztertuta geratu behar dute. Hezegune horiek osorik edo zati batean gainjartzen dira aurrekoekin, Natura 2000 Sareko eremuekin, naturagune babestuekin edo beste antolamendu-figura batzuekin (Txingudiko Plan Berezia eta plan hidrologikoetako eremu babestuen erregistroa). Baztertu egingo da espazio berean dauden babes-figura guztien gainjartzea hartzen duen eremua. Zehazki, kartografia berrikusi behar da I. multzoko hezeguneen eremu guztiak baztertzeko (Urdaibaiko padura, Inurritzako padura, Arrizuloko zohikaztegiak eta Bernedoko beste istinga batzuk), baita II. multzoko hezeguneen eremu osoa ere.
Azaleko urak babestea eta uholde-arriskua.
Apartatu honetan sartzea gomendatzen da plan hidrologikoek eta uholde-arriskua prebenitzeko eta kudeatzeko planek antolatutako eremuak. Honako eremu hauek baztertuko dira:
Lehentasunezko fluxu-eremua. Bazterketa-irizpide honi buruzko kartografia berrikusi behar da energia eolikoari eta fotovoltaikoari dagokionez.
100 urteko errepikatze-denbora duten uholde-eremuak (eolikoa), taulan energia eolikoa eta minihidraulikoa baztertzeko irizpide gisa ezarri direnak. Kasu honetan, kartografia hori berrikusiko da.
Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa. Bazterketa-irizpide horren kartografia berrikusiko da.
Plan hidrologikoetako eremu babestuen erregistroa. Energia eolikoko eta fotovoltaikoko instalazioak eta zentral minihidrauliko berriak baztertuko dira, LPSean honako eremu hauetan araututa dauden moduan:
Giza kontsumorako bilketak (50 metroko bufferra). Bilketei buruzko kartografia berrikusiko da.
Ibai-erreserba naturalak eta natura- eta ingurumen-intereseko tarteak. Kartografia hori berrikusiko da, bereziki, figura horretan sartuta dagoen Santa Engrazia ibaiaren tartea.
Hezeguneak. Bazterketa-irizpide hau sartuko da taulan, orain ez baita agertzen. Eremu horietan sartzen dira Ramsar hezeguneak (aurreko atal batean aipatu dira) eta Hezeguneen Inbentario Nazionalean sartutako hezeguneak, Estatuko Hezeguneen Inbentarioa arautzen duen martxoaren 12ko 435/2004 Errege Dekretuaren arabera. Plan hidrologikoetako eremu babestuen erregistroan, gainera, garrantzitsutzat jotako beste hezegune batzuk ere sartzen dira, hainbat iturritatik datozenak eta dagoeneko aipatu diren eremuekin osorik edo zati batean gainjar daitezkeenak.
Ingurune biotikoa.
Honako eremu hauek baztertu behar dira:
Flora basatiaren espezieak kudeatzeko planetako interes bereziko eremuak.
Mehatxatutako flora-espezieak berreskuratzeko eremuak.
Fauna basati mehatxatuaren espezieak kudeatzeko planetako interes bereziko eremuak. Bisoi europarraren (Mustela lutreola) kudeaketa-planeko interes bereziko eremuak berrikusiko dira, lurralde historikoetako kudeaketa-planak onartzen dituen foru-aginduetan ezarritakoak.
Instalazio fotovoltaikoak baztertzeko irizpidetzat hartuko dira usapal europarra (Streptopelia turtur) kudeatzeko planeko interes bereziko eremuak eta 1. eta 2. mailako lehentasunezko esku-hartze eremuak.
EAEn hegazti nekrofagoak kudeatzeko baterako planaren eranskinean ageri diren interes bereziko eremuak eta elikadurarako babes-eremuak (eolikoak). Eremu horiek berrikusi beharko dira kartografian.
LPSak energia-iturri guztietarako aplikatzen dituen (banaketa zabalekoak izan ezik: 6210, 6220 eta 6230) Batasunaren lehentasunezko intereseko habitatei (BIH*) buruzko esklusio-irizpideari dagokionez, kartografia berrikusi behar da, eta, bereziki, honako eremu hauek: 4040* Erica vagansen kostako txilardi lehorrak, 91E0* Baso alubialak: Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsi eta 9180* Tilio-Acerion espeziea duten malda, lur-jausi edo amildegietako basoak.
Energia eolikoaren kasuan, kiropteroen lehentasunezko babeslekuen inguruan gutxienez kilometro bateko prebentzio-eremu bat baztertuko da. Babesleku horiek «Euskal Autonomia Erkidegoan lurpeko babeslekuetan eta eraikinetan bizi diren kiropteroak kudeatzeko baterako plana» izeneko dokumentu teknikoan identifikatuta daude, eta dokumentu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek sinatu zuten.
Paisaia.
Euskal Autonomia Erkidegoko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoaren Aurreproiektuko paisaia-mugarrien inguruko esklusio-eremua gutxienez 200 metroko distantziara handituko da. Distantzia honela kalkulatuko da: ondasunaren edo, baldin badago, haren inguruko babes-mugatik sorkuntza-instalazioko edozein elementutaraino. Gehienak kultura-ondareko elementu apartekoak dira; hortaz, inguru hurbilenean ikusmen-kutsadura saihestu behar da, kultura-ondarearen arloko araudia aplikatuz beste segurtasun-distantzia batzuk ezarri behar izatea gorabehera. Distantzia horiek handitu egin ahal izango dira proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren esparruan.
Kultura-ondarea.
Baztertuta geratuko dira hauek:
Kultura-ondareko elementuak. Bazterketa-eremu horien kartografia berrikusi behar da elementu arkeologikoen eremu mugatuei dagokienez.
30 metroko afekzio-eremua Donejakue bidearen bi aldeetan, urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzekoa) ezarria. Kartografia berrikusiko da.
Arabako Errioxako ardoaren eta mahastiaren kultura-paisaiaren adierazpen-arauan babestu eta mugatutako elementuak.
Lasaitasun publikoa.
Biztanle-guneen inguruko esklusio-eremuak aztertzeko, Udalplanen GeoEuskadiren geruzak hartu dira oinarri kartografiko gisa, bizitegi- eta industria-lurzoruari eta ekipamendu eta espazio libreetako sistema orokorrei dagokienak.
LPSak instalazio fotovoltaiko eta eolikoetarako biztanleguneen inguruko 500 metro bazterketa-irizpide bera ezarri du, baina horiek eragin handiagoa dute emisio akustikoen, itzal-efektuaren eta gaueko argiztapenaren ondoriozko lasaitasun publikoan. Horri dagokionez, proposatzen da LPSaren Memoriaren I. eranskineko «Energia berriztagarriko proiektuak diseinatzeko, gauzatzeko eta ustiatzeko jarraibideak» dokumentuan gomendio bat sartzea aerosorgailuak biztanleguneetatik ahalik eta gehien urruntzeko, eta, ahal bada, haiekiko kilometro bateko distantzia errespetatzea. Nolanahi ere, LPSean ezarritako 500 metroko distantzia handitu egin ahal izango da proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren esparruan.
Biztanle-guneen inguruko esklusio-zerrenda hirien perimetroan ere ezarri behar da, eta, beraz, Bilbao, Donostia eta Vitoria-Gasteizko hiriguneak eta beste biztanlegune handi batzuk berrikusiko dira.
Hezeguneen Lurralde Plan Sektoriala.
atalean aipatutakoari lotu behar zaio. Hezeguneen, LPSak II. multzoko hezeguneak zonakatzen eta antolatzen dituenez eta horiek osorik baztertuta geratu direnez, lurzoru-kategorien araberako esklusio-irizpidea ezabatu behar da. Horrenbestez, ez da beharrezkoa akuiferoen kalteberatasunari buruzko baldintza kategoria jakin batzuetarako. Bestalde, baso-aprobetxamendu intentsiborako kategoria ez da existitzen hezeguneen LPSean.
Itsasertza Babesteko eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala.
Hondartzak erabiltzeko eremuak, taulan arautzea beharrezkoa ez den arren, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren parte direnez, baztertu egin behar dira instalazio-mota guztietarako.
EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana.
Ibaien eta erreken LPSari dagokionez, haren zehaztapenen edukia eta irismena kontuan hartuta (urbanizazio- eta eraikuntza-erretiroak ezartzea, osagai hidrauliko, urbanistiko eta ingurumenekoen arabera), irizten zaio taularen erregulazioa nekez islatu daitekeela LPSaren esklusio-eremuen kartografian, eta, beraz, egokiagoa dela araudiaren bidez lotzea ibaien eta erreken LPSaren erregulazioek eta demarkazio hidrografikoen plan hidrologikoek ibilgu, erribera eta ibaiertzetan jarduteko ezartzen dutenarekin.
Itsas energia.
LPSak itsas energia aprobetxatzeko eremu egokiak aukeratu ditu EAEren titulartasuneko 21 portuetatik 12tan. Urbanizatu gabeko lurraldearen gainerakoa baztertuta geratuko da instalazio-mota horietarako. Horrenbestez, gomendatzen da LPSak instalazio-mota horietarako AKEen mapa bat jasotzea eta esklusio-eremuen mapa ezabatzea.
Dena den, itsas energiarako esklusio-eremuen mapari eutsiz gero, mapa horretan itsasertzean artifizializatu gabeko lurzoru urbanizaezin guztia baztertu behar da, kostaldeko zati jakin batzuk bakarrik baztertu ordez, energia horretarako antolamendu-planoetan agertzen den moduan. Itsasertzeko frontearen zati handiena babes bereziko eremutzat hartzen da itsasertzeko LPSean. Bestalde, sentikortasun maximoko eremutzat hartzen dira, Batasunaren lehentasunezko intereseko habitatak edo habitat oso hauskorrak dituztelako: 4040* Erica vagansen kostako txilardi lehorrak eta labar, duna eta paduretako habitatak) eta habitat horiekin lotutako flora eta fauna mehatxatuen populazioak dituztelako. EAEren eskumeneko 21 portuetako 12 AKEetan instalazioak ezarriz gero, mota horretako AKE berriak beste portu batzuetara edo kostaldeko egitura artifizialetara mugatu beharko lirateke, LPSa aldatuta.
Aplikatzeko arauetan berariaz adierazten ez bada ere, ondorioztatzen da LPSak ez dituela arautu zentral hidroelektrikoak edo ponpaketa itzulgarria dutenak, edo debekatuta daudela, gainerako zentral hidroelektrikoen antzera. Era berean, ez da instalazio fotovoltaiko flotatzaileei buruzko erregulaziorik ezarri, LPSaren memorian etorkizuneko garapenen ikuspegitik aztertzen direnak. Memorian edo araudian alderdi horiek argitzea komeni da.
Aukeratutako kokapen-eremuei buruzko zehaztapenak.
1. Oro har, ebazpen honen 6.1 ataleko irizpideen arabera baztertutako eremuekin bat datozen AKEak kenduko dira.
2. Zehazki, honako AKE hauek kenduko dira:
Naturagune babestuak eta Natura 2000 Sareko espazioak babesteko eremu periferikoetan dauden AKE eolikoak, Energia Berriztagarrien LPSa indarrean jarri aurretik eraikita zeuden edo ustiatzen ari diren instalazioen eremuak izan ezik.
HBBEetatik eta Uribarri urtegiaren adarrak Ramsar hezegunetik kilometro batera baino gutxiagora dauden AKE eolikoak (HBBEetan sartuta daude, halaber, Mundaka-Gernika itsasadarreko nazioarteko garrantziko Ramsar hezeguneak, Txingudi eta Salburua).
Kiropteroen lehentasunezko babeslekuen inguruan kilometro bateko erradioan dauden AKE eolikoak.
Martxoaren 17ko 34/2015 Dekretuaren (ingurune hidrikoari lotuta dauden kontserbazio bereziko eremuetarako KBE eta hegaztien babes bereziko eremuetarako BBE arau orokorrak onartzen dituena) arau orokorrak onartzen dituena A.2 erregulazioaren esparruko AKE fotovoltaikoak, ingurune hidrikoari lotuta daudenak (50 metro ibai eta hezeguneetarako eta 200 metro Zadorraren sistemako urtegiak KBErako). Instalazio eolikoei dagokienez, distantzia horiek zehaztutako eremua arestian aipatutako naturagune babestuak eta Natura 2000 Sareko espazioak babesteko eremu periferikoan sartuta dago.
Usapal europarra (Streptopelia turtur) kudeatzeko planeko interes bereziko eremuekin eta 1. eta 2. mailako lehentasunezko esku-hartze eremuekin bat datozen AKE fotovoltaikoak.
Aplikatzeko gainerako arauei buruzko neurriak.
Jarraian, LPSaren aplikatzeko arauak aldatzea dakarten ingurumeneko prebentzio-neurriak jasotzen dira. Arauen idazketaren aldaketak ebazpen honen 1. eranskinean jaso dira.
1. M03a, lurraldearen saturazio-indizea ezartzeari buruzkoa (19. artikulua), prebentzio-neurri egokitzat hartzen da zenbait eremutan ebakuazio-instalazio eta -linea gehiegi ez kontzentratzeko eta ukitutako paisaiaren eta populazioen lasaitasunaren gaineko inpaktua mugatzeko.
2. Saturazio-indizea aplikatzeko instalazioak zein unetan zenbatzen diren zehaztuko da (19. artikuluaren 1. eta 6. atalak). Aurretiazko administrazio-baimena erreferentziatzat hartzea proposatzen da.
3. AKEak zuzenean ezartzeari buruzko 21.1 artikuluak berariaz jaso behar du proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko baldintza, eta honela idatziko da: «14. artikuluko a) eta b) lerrokadetan definitutako eskala handiko instalazioak garrantzitsutzat jotzen dira EAEko baliabide berriztagarrien aprobetxamendu energetikorako, eta zuzenean ezarri ahal izango dira aukeratutako kokapen-eremuetan (AKE), baldin eta ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena lortzen badute».
4. LPSaren AKEetan aerosorgailuak instalatzeko flora eta fauna basatia kudeatzeko foru-organo eskudunaren aurretiazko txostena edukitzearen betebeharra, 21.6 artikuluan ezarritakoa, AKE guztiei aplikatu behar zaie, baita LPPek eta HAPOek hartzen dituztenei ere, baita AKEetatik kanpo ezarri beharreko proiektuei ere. Gainera, eragina jasan dezaketen gune babestuak kudeatzeko organo eskudunaren aurretiazko txostena eduki beharko da, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46.6 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Betebehar hori instalazio fotovoltaikoei ere aplikatu behar zaie, kontuan hartuta estepako hegaztietan eta, oro har, abifaunan eragin dezaketela, bereziki energia airetik ebakuatzen bada.
Nolanahi ere, natura-ondarea kudeatzeko foru-organo eskudunen txostenak nahitaezkoak izango dira Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37.2 artikulua aplikatzeko.
Hortaz, ebazpen honen I. eranskinean adierazitako apartatuaren idazketa hartuko da.
5. AKEetan eskala ertaineko instalazioak ezartzeko (26. artikulua), LPP, HAPO edo Gobernu Kontseiluaren erabakiaren bidez, eskala handikoak ezartzeko baldintza berberetan egin behar da, hau da, aldeko baliabidea eta gaitasun ertaina edo altua duten eremuetan (sentikortasun txikia, ertaina edo handia izatea dakar), eta baztertu egin behar dira oso gaitasun txikiko eremuak eta sentikortasun maximoko gaitasun txikiko eremuak.
6. Era berean, LPSak, LPPak edo HAPOk aukeratutako kokapen-eremuetatik kanpo eskala ertaineko instalazioak ezartzea debekatuta egon behar da sentikortasun maximoko gaitasun txikiko eremuetan eta gaitasun oso txikikoetan (27. artikulua).
7. Zati batean edo osorik okupatu gabe gera daitezkeen eskala handiko instalazioen AKEetan eskala ertaineko instalazioak onartzeko LPSa indarrean jartzen denetik urtebeteko epeari dagokionez, epe hori luzatzea gomendatzen da, eta, gutxienez, AKE bat zati batean okupatutzat hartzen den unea ezartzea (adibidez, aurretiazko administrazio-baimenarekin).
8. 27.2 artikuluaren idazketa berrikusiko da, AKEetatik kanpo sustatzen diren proiektuak LPPek edo HAPOek mugatu ondoren zer egoeratan geratzen diren argitzeko.
9. LAGen 17. artikuluaren 7. apartatuko linea elektrikoetarako preskripzio tekniko osagarriak nahikoa orokorrak dira edozein lurzoru-kategoriari aplikatzeko, eta ez soilik babes bereziko kategoriari; hortaz, LPSak antolamendu-kategoria guztietara zabaldu beharko luke haien aplikazioa (11. artikulua).
10. Honako aldaketa hauek egingo dira lurzoru urbanizaezineko erabileren erregulazioan (11. eta 12. artikuluak eta I. eranskina Energia berriztagarrietarako lurzoru urbanizaezina antolatzeko matrizea).
LPSaren antolamendu-eremua lurzoru urbanizaezina da; beraz, ez da arautzen edo sustatzen mota horretako instalazioen ezarpenik lursail urbanizatu edo artifizializatuetan, non erabilera faboratua izango bailitzatekeen (1). Lurralde-antolamenduko beste tresna batzuetan jasotzen den moduan (hezeguneak, nekazaritza eta basozaintza edo itsasertza), «faboratutako erabilera zona batean nagusi dena eta ikuspegi funtzional eta fisikotik karakterizatzen duena da». Energia sortzeko instalazioak edozein modalitatetan ezartzea ez litzateke erabilera faboratutzat (1) hartu behar lurzoru urbanizaezinean; horrenbestez, horren ordez, erabilera «onargarria (2)» jartzea gomendatzen da, lurzoru-kategoria horretan debekatuta ez dauden erabileretarako lurzoruaren arloko araudian jasotzen den moduan. Erabilera onargarri gisa arautzeak ez dakar, inola ere, hori ezartzeko murrizketa handiagorik. Aplikatzeko arauen I. eranskineko 6., 11., 23. eta 24. artikuluen eta ingurune fisikoaren matrizearen terminologia doitzea gomendatzen da, lurzoru urbanizaezinaren bokazioa eta harrera-gaitasuna kontuan hartuta.
Nekazaritza eta Basozaintzako LPSaren baso-kategoriak ez ditu bereizten baso autoktonoak eta espezie aloktonoko ekoizpen-basoak (beren egungo erabileragatik eta, batzuetan, erabilera-bokazioaren arrazoiengatik arriskuak, arroen babesa eta abar zuhaitz-estaldura izateko bokazio argia daukaten lurrak sartzen dira hemen. Baso autoktonoak natura-interes handia izateagatik eta espezie aloktonoen landaketak hemen, radiata pinua aipatu behar dugu, daukan hedaduragatik sartzen dira hemen. Basozaintza erabilerako zona guztiak kategoria bakar batean sartzen dira, kategoria horretan ekoizpen- eta babes-funtzioak elkarri lotuta daudelako).
Matrizeak bereizketa hori egin behar du, instalazio fotovoltaiko handi eta ertainak (ekoizpena eta autokontsumoa) debekatuta egon daitezen baso autoktonoen baso-kategoriarako gaitasun-mota guztietan. Ohar bat gehitu daiteke baso-masak kontuan hartzeko irizpidearekin, hala nola 0,5 hektarea baino gehiagoko azalera dutenak.
Eskala ertaineko ekoizpen eolikoko eta fotovoltaikoko instalazioak debekatuta (3) daudela agertu behar da sentikortasun maximoko gaitasun txikiko eremuetan, edo gutxienez baso autoktonoak, nekazaritza eta abeltzaintza, landazabala eta azaleko urak dituzten baso-kategorietan.
«Uholde-eremuak» baldintzatzaile gainjarriaren kategorian adieraziko da edozein motatako instalazioak debekatuta egongo direla lehentasunezko fluxu-eremuan, esklusio-irizpidea errespetatuz.
Eskala ertaineko ekoizpen-instalazioak debekatuta geratu behar dira, baita eskala handikoak ere, azaleko urak babesteko kategorian, gaitasun-mota guztietarako.
«Ingurumen-balioengatik babestutako guneak eta Urdaibaiko Biosfera Erreserba» baztertu egin dira instalazio-mota guztietarako. Horrenbestez, gainjarritako baldintza horri dagokionez, instalazio eoliko eta fotovoltaiko handi eta ertainek debekatuta egon behar dute gaitasun-mota guztietarako.
Biomasa-instalazio handiak jarduera ekonomikoetarako lurzoruetan kokatuko dira nagusiki. Nolanahi ere, instalazio horiek debekatuta egongo dira (3) honako lurzoru-kategoria hauetan: babes berezia, babes bereziko eremuetara eboluzionatzea xede duen ingurumena hobetzekoa, basoa, mendi-larreak, azaleko uren babesa, uholde-eremuak eta espazio babestuak.
11. Azkenik, 14. artikuluan, instalazio eolikoen eta fotovoltaikoen kategorizazioari buruzkoan, «eta»/«edo» juntagailuen erabilera berrikustea gomendatzen da, bat ez etortze bat atzeman baita eskala desberdinetan.
LPSeko garatzen ari diren berriztagarrien instalazioen proiektuei buruzko neurriak.
LPSak proposatzen dituen ingurumen-integrazioko neurriak dena den aplikatuko dira. Horren harira, nahitaezkoak diren M02 (lurraldearen zonakatzea), M03 (saturazio-indizea) eta M08 (autokontsumorako instalazioen erregulazioa) neurriez gain, honako hauek ere aplikatu beharko dira, horien idazketan finkatutako irismenarekin: M01 (instalazioak diseinatzeko jarraibideak), M05 (paisaia-integrazioko jarraibideak), M06 (ingurumen-inpaktuaren azterketen edukia) eta M07 (konpentsazio-neurriak ezartzeko esparrua).
1. Instalazioak diseinatzeko jarraibideak (LPSaren memoriaren eranskina).
Instalazio eolikoen bideragarritasuna kalkulatzeko, sustatzaileek kontuan hartuko dute kiropteroen jarduera handieneko garai eta ordutegietan aerosorgailuen abioa 5 m/s ingurura murriztu daitekeela.
LPSa aplikatzeko arauen 21.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, instalazio eolikoen, fotovoltaikoen eta biomasakoen kokalekua aukeratzeari buruzko atal bat sartuko da, sarbide- eta konexio-puntuari dagokionez instalazioa kokatzeko aukera desberdinak aztertzeko, honako alderdi hauek kontuan hartuta:
1. Ezar daitezkeen eremuen sentikortasunaz gain, kontuan hartuko dira esklusio-eremuekiko eta ingurumen-sentikortasun handiko beste espazio batzuekiko distantzia (espazio babestuak, migrazio-ibilbideak, espezie babestuen habiak egiteko, elikatzeko edo babesteko lurraldeak, paisaia apartekoak, hezeguneak, kultura-ondarea, etab.), baita biztanleguneekiko distantzia ere.
2. Halaber, kokalekua aukeratzeko, honako hauek baloratuko dira: irisgarritasuna (lur-mugimenduak eta landarediaren gaineko afekzioa minimizatzeko), sarbide- eta konexio-puntuarekiko distantzia (linea elektrikoen luzera murrizteko horien trazadura lurpekoa izango da nagusiki), eta ebakuazioa lehendik dauden lineen bidez edo linea elektrikoak kontzentratuta dituzten korridoreen bidez egiteko aukera ere.
. Instalazio eolikoen diseinuan, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, besteak beste:
1. Aerosorgailuen eta biztanleguneen artean kilometro bateko distantzia izateko ahalegina egingo da, lasaitasun publikoa bermatzeko.
2. Aerosorgailuen eta inguruko baso-masen artean 200 metroko distantzia gordeko da, kiropteroentzako babes-neurri gisa.
Ebakuazio-lineak lurpean proiektatuko dira nagusiki, edo lehendik dauden beste linea batzuekin trinkotuta, bereziki instalazio fotovoltaikoen proiektuetan.
2. Ingurumen-inpaktuaren azterketen edukia (IAEren I. eranskina).
Instalazio eoliko eta fotovoltaikoen proiektuen ingurumen-inpaktuaren azterketen edukia ingurumen-organoak horretarako argitaratutako gidetan eta proiektuen irismeneko dokumentuetan ezarritakoarekin bat etorriko da, eta nahitaezkoa izango da ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaien parke eoliko eta fotovoltaikoen proiektuetarako. Nolanahi ere, LPSeko ingurumen-integrazioko neurriak, proiektuen ingurumen-inpaktuaren azterketaren edukiari buruzkoak, nahitaezkoak izango dira, bereziki, M05 (paisaia-integrazioko irizpideak) eta M06 (berriztagarrien proiektuen ingurumen-inpaktuaren azterketen edukia), ingurumen-azterketa estrategikoaren I. eranskineko gehigarriak barne. Gehigarri horietan, abifaunari eta kiropteroei buruzko aurretiazko azterketen edukia eta fauna hegalariaren gaineko afekzioaren jarraipena ezartzen dira, eta horiek ere nahitaezkoak izango dira, ingurumen-organoak giden eta protokoloen bidez irismeneko dokumentuetan eta proiektuen ingurumen-inpaktuaren adierazpenetan ezarritakoaren kontrakoa esaten ez badute.
Ingurumen-inpaktuaren azterketek LPSean ezarritako kokapen-irizpideak betetzen direla justifikatzen duen atal eta kartografia bat izan beharko dute (esklusio-eremua, lurraldearen gaitasuna, ingurumen-sentikortasuna, gune, kultura-intereseko ondasun eta paisaia-mugarriekiko distantziak eta LPSaren gainerako zehaztapenak).
Berriztagarrien ingurumen-inpaktuaren azterketek LPSaren jarraipen-adierazleei buruzko datuak eman beharko dituzte, eta datu horien informazio-iturriak proiektuak eurak izango dira. Datuak eraikuntza-proiektuarekin eguneratuko dira, eta, hala badagokio, instalazioaren eraikuntza amaitu ondoren.
Etxebizitza, bizitegi, ospitale, hezkuntza edo kulturako erabileretara bideratutako eraikinetatik kilometro batera baino gutxiagora dauden parke eolikoen proiektuetan, ingurumen-inpaktuaren azterketak azterketa akustiko bat izan beharko du.
I. eranskina. Ingurumen-inpaktuaren azterketen edukia. B atalarekin (Aukeren azterketa) lotuta. Aukeretan kontuan hartu beharreko alderdien artean, instalazioaren kokapenari buruzko alternatibak ere sartuko dira, aplikatzeko arauen 21.4 artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta, bai eta energiaren lurpeko ebakuazioaren aukera ere.
I. eranskina. Ingurumen-inpaktuaren azterketen edukia. E atalarekin (Proiektuei oro har aplikatu beharreko babes- eta zuzenketa-neurriak) lotuta, honako neurri hauek sartuko dira:
1. Basoetako landare-biomasaren ustiapena foru-aldundietako mendien arloko organo eskudunen ikuskaritzapean egingo da, bai baso-labore energetikoei dagokienez, bai energia-xedeetarako aprobetxamendu nagusitzat biomasa ez duten baso-azaleretan egiten diren baso-aprobetxamendu eta -tratamenduen ondoriozko produktu, azpiproduktu eta hondakinei dagokienez.
2. Zentral hidroelektrikoen proiektuek uraren arloan indarrean dagoen araudian ezarritako oztopoak iragazkortzeko eta konektibitatea lortzeko neurriak hartuko dituzte.
3. Proiektuek beharrezkoak diren prebentzio- eta zuzenketa-neurriak hartuko dituzte jarduketa-eremuaren dinamika hidrologikoa ez dela nabarmen aldatuko bermatzeko, bai lurzorua iragazgaiztearen ondorioz ura areagotzeari dagokionez, bai fluxuaren zeharkako obrak egitearekin lotutako arroen kontzentrazioari dagokionez, ibilguen morfologia errespetatuz eta une oro azaleko eta lurpeko uren kalitatea ziurtatuz, uren kutsadura edo degradazioa eragotziz.
4. Plangintza 89/2014 Dekretuaren (Arabako Errioxako (Araba) ardoaren eta mahastien paisaia kulturala kultur ondasun, monumentu-multzo kategoriarekin, kalifikatzeko dena) babes-araubidera egokitzen ez den bitartean, monumentu-multzo horretako udalerrietan energia berriztagarriak instalatzeko proiektu orok aldeko txostena izan beharko du eta kultura-ondarearen arloko foru-organo eskudunak baimendu beharko du.
5. Kultura-ondare babestuaren elementu puntualei (mugatu gabeak) eragin diezaieketen proiektuek, esklusio-eremuetakoak ez badira, ondasuna deklaratzeko xedapenetan ezarritako babes-eremu eta -arauak aplikatuko dituzte.
6. Ustezko zona arkeologikoei eragin diezaieketen proiektuek, obrak egin aurretik, adituen egindako prospekzio arkeologikoak izan beharko dituzte.
7. Proiektuek bermatu beharko dute, etxebizitza, bizitegi, ospitale, hezkuntza edo kulturako erabileretara bideratutako eremuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko 1. zatian (A eta B taulak) ezarritako kalitate akustikoko helburuak betetzen direla. Arestian adierazi den moduan, etxebizitza, bizitegi, ospitale, hezkuntza edo kulturara bideratutako eraikinetatik kilometro batera baino gutxiagora dauden parke eolikoen proiektuetan, ingurumen-inpaktuaren azterketak azterketa akustiko bat izan beharko du nahitaez, baita proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren esparruan hala eskatzen den kasuetan ere.
3. Abifaunaren aurretiazko azterketak (IAEren I. eranskinaren I. gehigarriaren 1. eta 2. apartatuak).
1. apartatua (Ohar orokorrak). Parke eolikoaren poligonaletik kanpoko behaketa-puntu edo trantsektu bat edo batzuk aukeratuko dira, horiek aldatzeko edo handitzeko datuak eskuragarri izateko. Puntu bakoitzean gutxienez 30 minutuz behatuko da.
2.B) apartatua (Espazioaren eguneko erabilera). Funtsezko espezieen habitata hautatzea. Presentzia erregularra duten espezie migratzaileak ere kontuan hartuko dira.
2.B) apartatua (Espazioaren eguneko erabilera). Aireko espazioaren erabilerari buruzko informazioa. Honako datu hauek gehituko dira: espeziea, ale-kopurua, hegaldi-ibilbidea (gailurra, mendi-hegala, lerrokadurarekiko gurutzaketa edo paralelismoa, migrazioa, etab.) eta hegaldi-mota. Egindako ohar guztiak formatu digitalean erregistratuko dira .xls luzapeneko fitxategi batean.
2.E) apartatua (Babes bereziko guneak). KBEak ere aipatuko dira, hegaztiak eta kiropteroak kontserbatzeko xede diren elementuak eta espazio horietako funtsezko elementuak baitira.
4. Kiropteroen aurretiazko azterketak (IAEren I. eranskinaren I. gehigarriaren 4. apartatua).
4.A) apartatua (Aztertutako eremuko saguzarren inbentarioa). 5 km-ko erradioan kiropteroen lehentasunezko babeslekuak identifikatzeko aurreikuspena jasoko da.
4.D) apartatua (Habitata). Kiropteroentzako habitat egokien mapan ur-ibilguak edo -masak, larre naturalak, zuhaitz-mugak, zuhaitz-hesiak eta baso edo zuhaiztiak kartografiatuko dira, baita baso-espezieentzako babeslekuak ere. Halaber, hertsiki kabernikolak ez diren espezieentzako beste babesleku batzuk ere hartuko dira kontuan, baita putzuak, harkaitzak, zubiak eta eraikin bereziak/abandonatuak edo eragozpen gutxirekin aleak har ditzaketenak ere.
4.H) apartatua (Neurri zuzentzaileak).
1. Kiropteroentzako neurri zuzentzaileen artean, kiropteroentzako jarduera handieneko garai eta eguneko orduetan abio-abiadura 5 m/s-ra murrizteko neurri orokorra sartuko da. Proiektuen sustatzaileek neurri hori kontuan hartu beharko dute instalazioaren errendimenduaren kalkuluetan. Ingurumen-inpaktuaren azterketan neurri horren salbuespena proposatuz gero, proiektuak eragiten duen espazioan dauden kiroptero-populazioen karakterizazioari buruzko azterketa publikoetan eta espezie-talde horrek espazioan duen erabilerari buruzko urteko azterketako datuetan oinarrituta justifikatu beharko da.
2. Arestian adierazi den moduan, kiropteroak babesteko neurri gisa, aerosorgailuak zuhaitz-masa hostoerorkorrekiko 200 metroko distantziara egongo dira.
5. Fauna hegalarien gaineko afekzioen ingurumen-jarraipena (IAEren I. eranskineko II. gehigarria).
1.1.A) apartatua (Jarraipenaren maiztasuna). Parke eolikoetako hegaztien eta kiropteroen hilkortasunaren jarraipena instalazioaren balio-bizitza osora hedatuko da, beharrezkoa bada, aerosorgailu gatazkatsuen protokoloa aplikatzeko. Laginketaren maiztasuna murriztea edo sinplifikatzea ingurumen-ebaluazioaren arloko ingurumen-organo eskudunak onartu beharko du 10 eta 3 urtetik aurrera, hurrenez hurren, Euskadiko Administrazio Orokorreko eta foru-aldundietako natura-ondarearen arloko organo eskudunekin lankidetzan.
1.1.B) apartatua (Jarraipena egiteko teknikak). Aurreikuspen hauek sartuko dira:
1. Hilkortasunaren laginketarako transektuek 5 metroko tartea izango dute elkarren artean.
2. Hilkortasunaren jarraipen-programak mapa bat izango du, landarediaren trinkotasunak edo irisgarritasunik ezak laginketak egitea zailtzen edo eragozten duten guneekin, zenbatetsitako hilkortasunaren kalkuluan dagozkion zuzenketak egiteko.
3. Hilkortasunaren jarraipenaz arduratzen diren pertsonek GPS gailuak eduki beharko dituzte, laginketa-jardunaldien trackak grabatzeko.
4. Egun batean aztertu beharreko aerosorgailuen kopurua zehazteko, ingurumen-inpaktuaren azterketak aerosorgailu bakoitzaren transektuetan ibiltzeko behar izan den denbora kalkulatuko du, laginketarako definitutako eremuan egindako ibilbidearen luzeraren arabera. Horretarako, ibilbidea egiteko 2 km/h-ko abiadura hartuko da erreferentziatzat, eta horri lerrokaduran edo lerrokaduretan zehar aerosorgailuen artean lekualdatzeko behar den denbora gehituko zaio. Aurreikuspen horrek lanaldi bakoitzeko 15 aerosorgailuren prospekzioa egitea aurreikusten duen orokorra ordezkatuko du.
6. apartatua (Neurri gehigarriak / Aerosorgailu gatazkatsuak). Parke eolikoen proiektu guztiek aerosorgailuen detekzio- eta gelditze-sistemak izan beharko dituzte abifaunarentzat arriskutsuak diren egoeren aurrean, dela behatzaileen dela sistema automatikoen bidez. Sustatzaileek proiekturako proposatutako detekzio- eta gelditze-sistemaren eraginkortasuna justifikatu beharko dute, honako hauek aurkeztuta: literatura zientifikoaren erreferentziak, hura aplikatzea baliozkotzen duten arauak edo protokoloak eta, hala badagokio, sustatzaile beraren edo beste baten beste parke eoliko batzuetako hilkortasunaren jarraipen-datuak.
6. Paisaia-integrazioko aurretiazko azterketak (IAEren I. eranskineko III. gehigarria).
Paisaiaren karakterizazioan, azterketa-eremua paisaiaren katalogoetan sartzeari eta LPPetako paisaiaren zehaztapenetan kategorizatzeari buruzko informazioa sartuko da.
Paisaiaren hauskortasuna baloratzeko, halaber, kontuan hartuko da eszenaren hondoa, eta, bereziki, aerosorgailuak ikusmen-horizontean sartzeak eragin ditzakeen paisaia apartekoak.
Proiektu eoliko eta fotovoltaikoen paisaia-integrazioko azterketetan simulazioak edo fotomuntaketak jasoko dira, bai instalazioenak, bai linea elektrikoenak.
LPSaren jarraipenari buruzko zehaztapenak.
1. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 51. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, organo substantiboak LPSa aplikatzeak edo gauzatzeak ingurumenean dituen ondorioen jarraipena egin beharko du, besteak beste, aurreikusi gabeko ondorio kaltegarriak azkar identifikatzeko eta horiek saihesteko neurri egokiak hartu ahal izateko.
2. LPSean aurreikusitako jarraipen-adierazleek arduraduna eta datuak lortzeko iturria zehaztuko dituzte.
3. Adierazleak kalkulatzeko, Estatuak baimendutako instalazioak ere kontuan hartuko dira.
4. Oinarrizko aurreproiektu edo proiektuetako eta dagozkien ingurumen-inpaktuaren azterketetako adierazleak kalkulatzeko datuak eguneratu egin beharko dira, hala badagokio, eraikuntza-proiektuarekin, eta, nolanahi ere, obrak amaitu ondoren.
5. LPSaren antolamendu-mapei dagozkien geruza kartografikoak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko arau kartografikoetara egokituko dira, ondoren Geoeuskadi atarian argitaratzeko. Bazterketa-eremuei buruzko kartografiak ikur bat izatea gomendatzen da, eremu horietan aplikatu beharreko irizpideei buruzko informazioarekin.
6. LPSak aurreikusten du eskala handiko AKE berriak gehitu ahal izango direla, LPSaren aldaketa ez-funtsezkoaren bidez, eta eskala handiko eta ertaineko AKE berriak, LPPak eta HAPOak berrikusiz edo aldatuz, edo Gobernu Kontseiluaren bidez. Halaber, aurreikusten du ingurumen- eta lurralde-araudian oinarritutako esklusio-irizpideak betetzen dituzten eremu berriak onartzean, horiek automatikoki esklusio-eremuen parte izatera igaroko direla. Hortaz, planoak etengabe eguneratuko dira, AKE guztiak islatzeko, eta irisgarriak izango dira publiko orokorrarentzat, oro har, GeoEuskadiren bisorean eta zerbitzu-atarian.
7. LPSak aurreikusten du LPPek beste saturazio-indize batzuk ezar ditzaketela, baita horiek aplikatzeko erreferentzia-eremua ere. Horrenbestez, kasu bakoitzean zehaztutako lurralde-eremuetan aplikatu beharreko indizeei buruzko informazioa (dagokion LPPak zehaztutako eremuak edo ikuspen-arroak) bildu eta eguneratu egingo da, eta, era berean, publiko orokorrarentzako eskuragarri egongo da.
8. Aplikazio kartografiko bat garatuko da proiektuen izapidetzearen egoera irudikatzeko, dela Estatuaren dela autonomia-erkidegoaren eskumenekoak izan. Kartografiak aerosorgailuen, plataformen, ebakuazio-lineen, sarbideen, ebaketa-zentroen eta azpiestazio elektrikoen kokapena islatuko du. Horien diseinuan, besteak beste, LPSean ezarritako adierazleak (proiektuak dituzte iturri) kalkulatzeko beharrezkoak diren eremuak hartuko dira kontuan. Eguneratze hori beharrezkoa da saturazio-atalaseak aplikatzeko eta proiektuen ingurumen-inpaktuaren azterketek beren afekzio-eremuan izapidetzen ari diren beste proiektu batzuekiko ondorio metagarri eta sinergikoak baloratu ahal izateko.
9. KPI I08 adierazleak aurreikusten duen moduan, datu-base bat egingo da berriztagarrien proiektuen jarraipen-programaren ondoriozko hilkortasun-datuak biltzeko.
10. Honako adierazle hauek gehituko dira:
Potentzia instalatua, energia-moten helburu estrategikoen arabera. Urtekoa.
Energia berriztagarriek okupatutako LPPetako paisaia katalogatuen edo interes berezikoen azalera, motaren eta lurralde-eskalaren arabera. Urtekoa.
AKEen barruko eta kanpoko instalazioen kopurua eta azalera, moten arabera. Urtekoa.
Bigarrena. Bi urteko gehieneko epea ezartzea, Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarotakoan, Plana ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondorerik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den erabakitzen ingurumen-adierazpen estrategikoaren indarraldia luzatzea. Hori guztia, Ingurumen-ebaluazioari buruzko otsailaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 74. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Hirugarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Industria, Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketa Sailaren Deskarbonizazio Zuzendaritzari.
Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 26a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)